Zelan iraun ezagutzaren gizartean

Aurrekoan Daniel Innerarity filosofoa izan zen HUHEZIn, eta bertan hitzaldi bat eman zuen: Zelan iraun ezagutzaren gizartean. Izugarri gustatu zitzaidan Innerarity, bere hitz egiteko modua, umorez zipriztindua, umiltasuna eta argitasuna. Uste dut han izan ginen gehienok gustura irten ginela hitzalditik.

Hona ekarriko ditut berak aipatutako bost estrategia, irauteko ezagutzaren gizartean:

  1. Kudeatu zeri eman arreta. Ez garenez gai bi gauza batera atenditzeko, arreta oso baliabide urria baita, kudeatu behar dugu ondo zeri eskaini arreta, zer informazio aukeratu.
  2. Suntsitu informazioa. Ahaztea iaiotasun bat da, oso baliagarria ezagutzaren gizartean, eta ahazturak bereiztu egiten ditu pertsona eta makina. Erreminduak ez du ahazten, eta erremintzen garenean, makina bihurtzen gara. Ikasi behar dugu paperontzia ganoraz erabiltzen, informazioa buru argiz bereizten. Gizarteak eskatzen ditu pertsonak, jakingo dutenak zer ez den jakin behar.
  3. Pentsatu zeure kabuz. Horrek prestakuntza eskatzen du. Gure gizartea topikoz betea da, eta faltan sentizen da jende xaloa, bere kabuz pentsatuko duena, eta eten egingo dituena topikoak.
  4. Elkarlana. Gure ingurua ondo antolatzea modu bat da mundua sinplifikatzeko. Edo hori egiten dugu, edo larregiko lanaren atzaparretan eroriko gara. Horretarako, ezinbestekoa da sistemak sortzea konfiantzan oinarrituak.
  5. Laburra izan. Beharrezkoa da laburtzeko ahalmena, gauzen gunera iristekoa. Euskal enpresarioek konpetentzia hauek eskatzen dituzte batez ere: ahalmena nork bere burua adierazteko eta sintetizatzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

8. probintzia, 23. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 23. saioa. 2008ko otsailaren 24an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Saio honetan, honako gai hauek jorratu ditugu:

  • Euskal blogarien erantzuna 5 urte bete direnean Egunkaria itxi zela.
  • Elkarrizketa Josu Mendikuteri.
  • Zertaz hitz egin den euskal blogosferan.
  • Bi blog aipagarri: Karrajua eta Bidasoatik.

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Miren, Xalbador ikastegira

Egun hauetan Miren alaba Iparraldean dabilkigu, Xalbador ikastegian, Kanbon. Hiru eguneko egonaldia egiten ari dira han Elorrioko Institutuko neskak, lehen urtekoak.

Eskola orduetatik kanpo, gure seme-alabak hangoen etxeetan bizi izango dira. Trukean, apirilean, hango neska-mutikoak etorriko dira Elorriora, eta berdin egingo dute. Hori da modu bat, Euskal Herria egiteko, bai horixe.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 3 iruzkin

Egunkaria 5 urte itxita

Egunkaria 5 urte itxita

Bart gauean kode puska bat itsatsi nuen Faroan, gaur hemen sartzen denak ikus dezan goiko mezu hau, baina nik neuk ikusi ez dudanez —beharbada ez ditut gauzak ondo egin—, erabaki dut kartelaren argazkia hona ekartzea.

Eta horrekin batera, nire elkartasunik beroena azaldu nahi diet Euskaldunon Egunkariako inputatu guztiei. Besarkada handi bat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Imprimatur digitala

Imprimatur hitza latinetik dator, eta inprimatzeko baimena esan nahi du. Eliza Katolikoak emandako baimen ofiziala izaten zen, liburu bat edo aldizkari bat argitaratu aurretik, zentsuratzaileak ondo ziurtatuta dokumentuak ez zuela errakuntzarik edo ezer kaltegarririk fedearentzat. Modu bat zen, jakina, adierazpen askatasuna kontrolatzeko.

Orain, berriz, imprimatur digitalaz hasi gara hitz egiten, John Walker programatzaileak 2003an idatzitako artikulu baten ondorioz, The Digital Imprimatur: How big brother and big media can put the Internet genie back in the bottle / Imprimatur Digitala: Zelan Anaia Handiak eta hedabide handiek sar dezaketen Interneteko jenioa berriz ere botilan.

Agintearen azken ahaleginez ari da artikulua, mugatzeko adierazpen askatasuna Interneten. Ezkorra da, baina interesgarria.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

8. probintzia, 22. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 22. saioa. 2008ko otsailaren 17an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Saio honetan, honako gai hauek jorratu ditugu:

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Obama eta Clinton, bi aurpegi

Bistan da Hillary Clinton eta Barak Obama hautagaiek arreta handia piztu dutela nonahi, baina begi bistakoa da, halaber, bakoitzak oso gauza desberdinak iradokitzen dituela.

Orain urtebete ia, iragan martxoan, Phil de Vellis gazteak bideo bat sortu zuen, Hillary 1984, eta hor egileak hautagaiaren tik autoritarioa jarri zuen agerian. Une hartan, bideo horrek min handia egin zion Hillary-ri, bistaratzen baitzuen hautagaiaren alde iluna.

Urtarrilaren 8an, berriz, Will.i.am Black Eye Peas taldeko liderrak hunkituta entzun zituen Barak Obamaren hitzak New Hampshireko barne hauteskundeak galdu ondoren, itxaropenez beteak baitziren. Hori zela-eta, Will.i.am-ek bideo bat sortu zuen, Yes We Can, non jasotzen baita, eta indartzen, itxaropen hura, Obamak hedaturikoa.

Obamak sekulako ahalmena du itxaropena pizteko, jendea inspiratzeko, gero eta jende gehiagok ikusten baitu bera hautagairik onena aldaketa ziurtatzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Kontrola gaindituta

Atzo Galdakaon izan nintzen, ospitalean, eta han ikusi nuen Jesus Ojanguren medikua. Odol analisiak egin eta ondo miatuta, esan zidan oso ondo nagoela, sei hilabete barru joateko berriro ere. Bitartean, segitzen dut Prednisona kortikoidea jaisten, poliki-poliki.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 6 iruzkin

Eta hileta zibila nahi dugunok?

Ez dut presarik, baina hiltzen naizenean hileta zibila nahi dut neuretzat. Hala ere, Elorrion —eta herri askotan, Eibarren izan ezik, beharbada—, ez dago azpiegiturarik horrelako zeremoniak txukun egiteko.

Zerbait egin beharko dugu egoera konpontzeko. Udalarekin hitz egin, eta baita ehorztetxeekin ere, lehenengoak lekuren bat presta dezan horretarako, eta bigarrenek eskain ditzaten gutxieneko zerbitzuak eta azpiegiturak, nahi duenak hileta zibila izan dezan.

Zuen herrietan zelan dago kontu hau? Eskertuko nituzke zuen iritziak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Amaren errautsak

Tia Balen errautsak botatzen

Atzo amaren errautsak zabaldu genituen Esteñibar baserrian, Elorrion, zehatzago esateko, intxaurrondo gazte baten ondoan, eguerdian bertan sartu genuena, eta olibondo gazte baten inguruan, orain dela gutxi sartutakoa. Amak izugarri maite zituen Esteñibar eta hango inguruak. Horregatik aukeratu genuen leku hura beretzat.

Lehenago, beste intxaurrondo bat egon zen hor, ihartu bitartean itzal ona eman zigun, eta amak estimatzen zuen. Arbola sartu berriak ere berdin egingo du, heldu bezain laster.

Senitartekoak eta lagunak elkartu ginen Esteñibarren, ekitaldi xume bat egiteko, tartean tia Juanita eta tia Balen, ama zenaren ahizpak, eurak izan ziren zaharrenak han, eta baita Paula txikia ere, gure arteko gazteena. Bukatzeko, abestu genuen Xabier Letek Xalbadorri eskainitako abestia, amari abesti hori bereziki gustatzen zitzaion-eta. Egun gogoangarria.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 2 iruzkin