Chariots of Fire: atzera begira

Atzo amaitu nuen Chariots of Fire filma euskaratzen, eta Azpitituluak.com webgunera igo nituen azpidatziak. Niretzat, ez da edozein film Chariots of Fire. 1982an AEBetan nintzela, Boisen, berau izan zen ingelesez ikusi nuen lehen filma. Orduko hartan ez nuen zipitzik ere ulertu, artean hasi berria bainintzen ingelesa ikasten, baina liluratuta geratu nintzen irudiekin eta musikarekin. Zine aretotik irtendakoan, agindu nion neure buruari ingelesa ikasi bezain laster, berriz ikusiko nuela.

Urtebete eta erdi geroago, liburua erosi eta irakurri egin nuen, eta orduan bai, ulertu egin nuen, nahiz eta hura ere ingelesez zegoen. Harrezkero, hainbat aldiz ikusi dut pelikula, gaztelaniaz zein ingelesez. Eta ez naiz nekatzen. Musikari dagokionez, askotan entzun dut Vangelisek idatzitako hots banda, etxean eta lasterketetan, eta entzunaz batera, burura datozkit filma ireki eta ixten duten irudiak, non lasterkari gazteak hondartzan entrenatzen diren.

Filma euskaratu bitartean, aukera izan dut berau patxada eta zehaztasun handiagorekin ikusteko. Oraindik ere film duina iruditu zait, ingelesek hain ondo egiten dituzten horietakoa. Gogora ekartzen dit aspaldiko atletismoaren xarma eta gogortasuna. Lan hau bereziki oparitu nahi diet Bego emazteari, Eugenio Astigarragari eta Juan Martin Elexpururi, 2007an nire azken lasterketan lagundu baitzidaten. Bejondeizuela!

Bideo osagarriak

2012ko Olinpiar Jokoak Londresen jokatu zirela-eta, Chariots of Fire bolo-bolo ibili zen berriro Bretainia Handian. Horra bi bideo, ordukoak:

 

Kategoriak Azpitituluak | Etiketak , , , , | Iruzkin 1

Oilartzaindia

Euskararen egunean jakin genuen Gramatika batzordeak dimisioa aurkeztu zuela Euskaltzaindian. Biharamonean, berriz, Hiztegi batzordeko buruak ere gauza bera egin zuela, beste haiekin elkartasunez. Geroztik, hainbat arrazoi plazaratu dira han eta hemen dimisioak azaltzeko. Bateratsu, Twitter-en traola bat agertu zen, #Oilartzaindia, aproposa egoera esplikatzeko: oilar asko dago euskal akademiaren oilategian, eta krisi honek oilar jokoa dirudi.

Matxinada eta krisi hau gertatu izan balitz orain 30 urte, arazoa larria izango zen, artean euskararen batasuna finkatu barik zegoelako. Gaur, ostera, batasunaren lanik handienak eginda daude. Ez dugu Euskaltzaindiaren premiarik euskaraz bizi eta lan egiteko.

Ez dakit zehatz-mehatz zer gertatzen den Euskaltzaindian, eta, egia esatera, gogora datorkit Clark Gable-k Gone with the wind pelikularen bukaeran Vivien Leigh-ri esandakoa: “Frankly, my dear, I don’t give a damn”, alegia, bost axola zaidala Euskaltzaindiaren korridoreetan nork nori zer nolako labankada sartu dion. Halako batean, konponduko dira.

Kategoriak euskara | Etiketak , , , , , | 2 iruzkin

Anai-arrebekin, egun pasa

Aranzabaldarrak

Bost anai-arreba gara, bi neska (zaharrena eta gazteena) eta hiru mutil. Mondragoen jaio ginen, Musakola auzoan, baina bakoitzak leku batean egin du bizimodua. Atzo, berriz, Elorrion elkartu ginen, bertan Buzkantz Jaia egiten zela aitzakia hartuta. Egun ederra igaro genuen, eguerdian odolosteak probatzen, eta gero elkarrekin bazkaltzen.

Mikel koinatuak atera zigun argazkia, Casajara etxearen aurrean, errebonbiloari konpainia egiten. Ezkerretik eskuinera: Ramon, Fatima, Begoña, Juan eta Joxe.

Kategoriak Familia | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Play Music probatzen

Atzo kontu bat ireki nuen Play Music zerbitzuan, hau ere Googlena. Telefonoan baneukan izen bereko aplikazioa, baina atzo arte, kasurik ere ez. Atzo, berriz, bideo bat ikusi nuen, zelan entzun musika telebistan Chromebook baten bidez, eta nik, telebista ahaztu eta, ez eduki arren ordenagailu mota hori, erabaki nuen probatu egingo nuela nire Chrome nabigatzailean, nire iMac barruan.

Behin Play Music aplikazioa Chromen instalatuta, aplikazioak berak aukera eman zidan bide estandarra edo ordainpekoa hautatzeko, baina bigarren honetan lehen hilabetea doan eskainita, proba gisa. Eta erosi egin nuen lehen hilabetea, 0 euro ordainduta. Ez dakit zergatik, Googlek eskatzen du eragiketa hau ordenagailuan egitea, ez telefonoan.

Aurreko guztia eginda, Ruper Ordorika idatzi nuen bilatzailean, eta Ruperren disko guztiak agertu zitzaizkidan. “Hautsi da Anphora” aukeratu, eta Ruperren lehen diskoa entzuten hasi nintzen. Gero Mikel Laboa, Manel, Yo-Yo Ma, Ken Zazpi, Itzahk Perlman eta abar etorri dira. iMac-ean oso ondo entzuten da musika hau, primeran. Android telefonoan ere, aktibatu egin nuen aplikazioa, eta hor ere musika piloa eskura, nahiz eta entzun, ez den hain ondo egiten, ez bada entzungailuekin.

Hilabete honetan erabili egingo dut Play Music zerbitzua, aprobetxatuta doan daukadala zerbitzu osoa. Hala ere, atzo bertan Google Play dendaren mezu bat jaso nuen postan, esanez urtarrilaren 2an kontrakorik ez badut esaten, luzatu egingo didatela, automatikoki, harpidetza, eta, orduan bai, ordaindu beharko dut, 9,99 euro. Hori ikusita, ohar bat idatzi dut nire egutegian, abenduaren 30ean harpidetza amaitzeko.

Nik Play Music erabili dut proba egiteko. Berdin-berdin egin daiteke Spotify, Pandora, Cloud Player edo iTunes zerbitzuetan. Uste dut denak antzera dabiltzala.

Kategoriak Musika | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Arrasate Press, 25 urte geroago

ArrasatePress-650
Ilustrazioa: Goio Arana
Gaurko egunez, orain 25 urte, Arrasate Press astekariaren lehen alea kaleratu zen. Orduan abiatu zen euskarazko prentsa lokala. Gaur egun Arrasate Press-ik ez dago, 2000 ezkero Arrasate Press eta Debagoieneko beste agerkari lokalak proiektu handiago batean bateratu baitziren, Goiena. Hala ere, orain hogeita bost urte ereindako haziari esker, euskarazko hedabide lokalek eremu propioa irabazi dute, eta adoretsu ari dira etorkizunari aurre egiten. Interesa ere piztu dute euskarazko tokiko hedabideek. Horren froga, urte hauetan horren inguruan sortu den bibliografia oparoa, gaur Sustatuk dakarren moduan.

Urte hartan, 1988, gerora arrastoa utzi duten beste gertakari batzuk izan ziren hemen eta munduan: Bernardo Atxagak Obabakoak plazaratu zuen, Iruñean Euskalerria Irratia jaio zen, eta Andoaingo Udalak Rikardo Arregi euskal kazetaritza saria sortu zuen. Munduan perestroikaren haizeak harrotu ziren Sobiet Batasunean, Iran eta Iraken arteko gerra amaitu zen, milioi bat hildakorekin, sute batek Chiado auzoa kiskali zuen, Lisboan, eta Roy Orbison abeslari estatubatuarra hil zen.

1988an  ni Bergarako Udal Euskaltegian nenbilen, irakasle. Eta han nintzela, Jesus Garmendiaren deia jaso nuen (berau zen orduan AEDko lehendakaria), ea joango nintzen Mondragoera bilera batera. Lau kide deitu gintuzten, eta laurok egin genuen bilera, AEDren egoitzan: Jose Mari Eraña (behin behineko idazkaria Arrasateko Udalean), Joxe Felix Diaz de Tuesta (Euskara teknikaria Arrasateko Udalean), Iñaki Mendiguren (itzultzailea) eta ni. Batez beste 35 urte inguru genituen.

Bilera hartan Jose Mari Erañak eta Joxe Felix Diaz de Tuestak azaldu zuten asmo bat zerabiltela buruan, Arrasaten aldizkari lokal bat egiteko, herrian informazio asko sortzen baitzen, inon agertzen ez zena gero. Kontua da bilera amaieran denok ere esan genuela baietz, egingo genuela ahalegin bat aldizkari bat sortzeko.

Beste nonbaiten kontatu dugu zelako lanak egin genituen aldizkaria plazaratu aurretik. Kontua da esprint gogorra jota, 1988ko abenduaren 2an, ostirala, lehen Arrasate Press kaleratu genuela, doako aldizkari xume bat, herriko euskaldunek harriduraz eta pozez hartu zutena (eszeptizismoarekin ere bai, esango nuke nik, zenbat iraungo ote zuen inbentoak), ez baitzuten horrelakorik espero inondik inora ere.

Urte gogorrak izan ziren proiektu sustatzaileontzat eta bertan lanean hasi ziren kazetari, makegatile eta komertzialarentzat, denontzat ere esperimentu berria baitzen eta martxan ari baikinen ikasten, baina dedikazioaren puruz, proiektua aurrera atera zen.

Arrasate Press-en arrakasta ikusita —berehala iritsi baitzen astean 7.000 ale zabaltzera, bertan eta inguruko herrietan—, lan handia egin genuen berri ona zabaltzen Euskal Herriko euskaltzaleen artean, eta hurrengo urteetan benetako loraldia ikusi genuen, Euskal Herriko bazter askotan herri aldizkari asko sortu baitziren, gehienak ere Arrasate Press-en ereduari jarraituta.

Arrasate Press-en atzetik Arrasate Telebista etorri zen, hura ere komunikazio proiektu beraren barruan, eta euskarazko lehen talde multimedia sortu zen: Arko (Arrasate Komunikabideak). Arrasate Press-ek kazetaritza sariak irabazi zituen (Jon Anduezak, adibidez, Rikardo Arregi saria irabazita), eta nazioartearen aitortza, Goio Aranak egindako diseinuen kalitateagatik.

Aurreko milurtea amaitzear zegoela, berriz, Mikel Irizarrek eta Estepan Plazaolak lideratuta, Debagoieneko herri hedabideek (tartean Arrasate Press) mugimendu ausarta egin zuten, euskarazko hedabide lokalen iraupena ziurtatzeko, batu egin baitziren eskualde mailako proiektu batean: Goiena. Era horretan, gaur egun ez dago Arrasate Press-ik, bertako hedabideek, euskara elkarteek eta udalek ulertu baitzuten goragoko maila batera iristeko, itzali beharra zegoela ordura arteko proiektuak (Arrasate Press, Berrigara, Aretxagazeta, Arrasate Telebista…). Emaitza izan da gaur egun euskarazko hedabideak tinko daudela errotuta Debagoienean.

Arrasate Press-ik ez dago. Hala ere, aldian behin egin ohi dugun moduan, aurten ere elkartuko gara 1988ko bilera hartako kideak, bazkari bat egin, eta elkarren berri izateko. Gaur egun 60 urte ditugu batez beste taldean, zuhurragoak gara, baina gustuz egingo dugu topa orduan hasitako abenturagatik.

Kategoriak Hedabideak | Etiketak , , , , , | 7 iruzkin

Azken baltsa Evarentzat

Joan egin zaigu Eva Agirre, baina atzo ezusteko oparia utzi zigun bere hiletetara joan ginenoi. Hileta elizkizunaren ostean, haren hilkutxa Elorrioko elizaren ate nagusiko eskailera buruan zegoela, Evaren Elorrioko dantzakideak balts bat dantzatzen hasi ziren, euskal herri musikan oinarritua. Binaka hasi ziren, baltsaren soseguaz, bikote bakoitzak lore zuri bat eskuetan.

Une zirraragarria izan zen, erabat hunkigarria, bizitzaren eta maitasunaren aldarria hemen geratu garenontzat. Gura barik, Eva eta Andoni bera ikusi nituen dantzatzen, eurek ere lore bat eskuetan, irribarretsu. Bestela zinean soilik ikusten ditugun flash horietako bat izan zen, eta pentsatu nuen Evak horixe oparitu nahi izan zigula: “segi bizitzen, pozik eta elkar maitatuz!”. Orduan jakin nuenez, hil aurretik Evak berak eskatu baitzien dantza ikaskideei bera hildakoan balts bat dantzatzeko herriko plazan.

Eskailera buruan, hildakoaren ondoan, Andoni senarra, Elene, Sabina eta Bitor seme-alabak, familiartekoak eta bertan bildutakoak. Denak ezin hunkituago. Eskerrik asko, Eva!

Kategoriak heriotza | Etiketak , , , , , , | 6 iruzkin

Zehaztapena

Egun hauetan artegatasunez irakurri eta entzun dut Espainiako zenbait hedabidetan “La terrorista Inés del Río sale de prisión…”. Lerroburuok okerrak iruditu zaizkit, baina ez dut asmatu nire buruan zergatia ganoraz formulatzen.

Gaur, berriz, Berria egunkariaren 15. orrialdean aurkitu dut zergatia ezin hobeto esanda, Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiaren ahotan:

“Ines del Rio dagoeneko ez da terrorista, 26 urteko kondena bete eta gizartearekin kunplitu duelako”.

Esaldi hori berdin aplika dakieke Parot doktrina bidegabe ezarri zitzaielako egun hauetan Espainiako espetxeetatik irtengo diren preso komunei ere. Dagoeneko ez dira bortxatzaileak edo hiltzaileak, behin kondena beteta, gizartearekin kunplitu dutelako.

Kategoriak Hedabideak | Etiketak , , , , , | 2 iruzkin

Breaking Bad forever

Bart gauean Breaking Bad telesailaren azken atala ikusi genuen, azken urteko atzena. Jarraipenik ez. Ohi bezala, etxeko txoritokian jarri ginen Bego eta biok, iMac handiaren aurrean, ikusteko telesail zoragarri baten amaiera. Eta bukaera ere halakoxea izan zen, bikaina.

Azken urteotan hiru telesail ikusi ditugu osorik, telebistaren urrezko aro honetan: The Sopranos, The Wire eta Breaking Bad, zein baino zein hobea. Mila esker Vince Gilligan gidoigileari, talde osoari, eta, bereziki, Aitor Arregi eta Goio Arana lagunei, telesail hau ere gomendatzeagatik. Plazer handia izan da.

Kategoriak Telebista | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Mahats batzea 2013

P1040141

Urriaren 12a berezia izan da aurten, egun horretan egin genuen-eta, atzo, mahats batzea Esteñibar baserrian, Elorrion. Eta bertan ospatu genuen Bego emaztearen urtebetetzea. Beste mahasti batzuetan legez, mahatsa ez zegoen asko, aurten urte kaskarra izan baita txakolinerako, baina umorea eta musika ugari izan genituen.

Jende mordoa elkartu ginen goizean Esteñibarren, artean termometroak 5ºC markatzen zuela, baina goizeko hotzak eguzki zoragarriari egin zion leku, eta eguraldi paregabea izan genuen. Iazkoaren erdia jaso genuen, hor nonbait, horixe pena. Baina penak gutxi iraun zuen.

Hiru mahai ipini behar izan genituen, bat luzea oso, eta besteak nahiko, bestela ez ginen-eta denok sartzen. Bazkaldu, umorea onean. Gero, berriz, hainbat musika saio izan genituen, gaztetxoek eskusoinuarekin eskainitakoa eta helduek eskusoinu, dultzaina, atabala, txirula eta biolinarekin. Kanturik ere ez zen falta izan.

  • Argazki guztiak Flickr-en dituzue ikusgai.
Kategoriak Esteñibar | Etiketak , , , , , , , , , | Utzi iruzkina

Bizitza, etenda

The New York Times egunkariak blog interesgarri bat dauka, Life Interrupted, eta bertan 20 urteko neska batek, Suleika Jaouad, idazten du bere minbiziaz, Suleikak leuzemia izan baitu, eta hezur muinaren transplantea behar izan zuen minbizia gainditzeko.

Suleikaren bloga oso pertsonala da, eta bertan gazte newyorktarrak denetik idazten du, eta ondo: minbizia, kimioa, maitasuna, lagunartea, antzutasuna, publikotasuna, heriotza… Ikusita blogak izan duen oihartzuna, NYT egunkariak bideo sail bat sortu du izen berarekin, irudietan erakusteko Suleikaren bilakaera. Bata zein besteak oso interesgarriak dira. Elkarren osagarri.

Kategoriak Minbizia | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina