Zigarrola blues

Orain hogeita lau urte, 1989ko martxoaren 31n, seguruenik gutun gutxi geneukalako aste hartarako, eskutitz bat idatzi nuen Arrasate Press aldizkariaren 12. zenbakirako: “Zigarrola blues”. “J.A.M” izenpetu nuen, alegia, Joxe Aranzabal Mendizabal.

Gutunak atentzioa eman dio beste auzokide bati, Sergio Azkarate Goienako euskara zuzentzaileari, eta Interneten jarri du. Bertan Zigarrola edo Musakola auzoari buruz hitz egiten dut, gu Arrasateko auzo hartan jaio baiginen. Seguru nago gaur beste modu batean idatziko nuela gutuna, baina bere horretan ekarriko dut hona. Mila esker, Sergio!

– – – – – – – –

“Zahartzen ari gara, eta horrek ez ei dauka bueltarik. Eguneroko jardunean ez zait horrela iruditzen, baina azken bolada honetan Zigarrolatik zehar pasatzen naizen bakoitzean, saihesbidea dela, eta dabiltzan obrek eraginda-edo, haurtzaroko irudiak eta oroimenak pilatzen zaizkit, sekula santan berriro ikusiko ez dudan mundukoak bailiran.

“Axerikua [baserriaren] ostean erretako lehen zigarroak, Ideales horiak txarto ez banabil, Axerikuako zelaian harrapatutako kirkilak, Arrueneko Juliren eskerroneko “mertxi” ozena, Aldekoa baserriko atarian egoten zen Lambretta grisa, Kataideko Bitxoriren sagar gozoak eta Olatxo bera, joan egin dira, hondeatzeko makinen altzairuzko atzaparrek suntsituta.

“Aurretiaz beste batzuk joan ziren, auzoan izan genituen futbol zelaiak, esate baterako: S. Lorentzo etxeetan zegoena, Kiroldegikoa eta Roneokoa. Antoñari ere aspalditxo heldu zitzaion ordua, Bidekurtzeri moduan.

“Ez litzaidake posible izango nire haurtzaroa margotzea izen horien zertzeladarik gabe. Nire lobari, berriz, guztiz ezezagunak egiten zaizkio. Beharbada Zigarrola zaharraren blues tristea kantatzeko tenorea izango da, aurrerapenaren izenean, jakina.

Kategoriak Arrasate Press | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Asteburua Baigorrin

Irulegi_bisita_8
Gure ama hil zenean, anai-arrebok erabaki genuen noizean behin elkartu egingo ginela bidaia baten aitzakian, handik aurrera desagertzeko arriskua ikusten genuen-eta ordura arte gurasoek eskainitako elementu lotzailea. Ildo horretan, asteburu honetan egin dugu azken elkarretaratzea, Baigorrira egindako bidaia baten bueltan.

Eguraldia gorabehera, asteburu zoragarria izan da. Ostatu hartu dugu Manexenea hotelean, Baigorritik lau bat kilometrora, Urdoze auzoan. Eta bertan etxekotzat hartu gaituzte Alain, Amelie eta Arñok. Ahobatez esan dugu Manexenea erabat gomendagarria dela Iparraldea hobeto ezagutu nahi duten guztientzat.

Horrezaz gain, asteburuak une azpimarragarriak izan ditu guretzat: ostiralean Bidarrai herrira egin genuen bisita laburra, denok ere prendatuta geratu baiginen herriaren eta inguruen edertasunaz. Baita larunbat goizean Michel Bergouignanek eskaini zigun bisita gidatua ere, Irulegi sormarkako hainbat mahasti ikusgarritan barrena. Urepelen Koseinea jatetxean egin genuen bazkaria ere, ez ahazteko modukoa izan zen, lekuagatik, jakiengatik eta bertako jabeengatik. Ezin aipatu barik utzi Erramun Martikorena artzain kantaria, bere baserrian hartu baigintuen patxada ederrean irakurtzen ari zela. Eta, azkenik baina ez azkena, igandean Elizondon egin genuen bazkaria, Santxotena jatetxean.

Mila esker Eneko Bidegain lankide eta lagunari bidaia honetarako emandako aholkuengatik, denak ere balio handikoak izan baitira. Hona hemen asteburuko argazki gehiago.

Kategoriak Familia | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Afflicted, film izugarria

Apirilaren 4an Afflicted filma estreinatuko da, Nahigabetuta, eta hona ekarri dut, film horren zuzendarietako bat Clif Prowse delako, orain hogeita hamaika urte Vancouverren zaindu nuen umeetako bat —bestea David zen, Clif-en anaia txikia, gaur egun Japandroids musika taldeko kidea.

Clif Prowse eta Derek Lee lagunak dira bizitza errealean. Bien artean idatzi zuten gidoia Afflicted filma egiteko, eta bertan biak dira protagonista nagusiak. Afflicted thriller ikaragarri bat da, eta kontatzen du bi lagun zelan hasten diren munduari bira egiten elkarrekin. Dena grabatzen hasten dira, eguneroko ikus-entzunezko bat egiteko, baina gauzak okertu egingo zaizkie, Parisen neska eder bat ezagutzen dutenean, euretariko bat larri eta nahigabetuta utziko baitu.

Film honek hainbat sari irabazi ditu: Filmik onena, Gidoirik onena eta Zuzendaririk onena izu kategorian Fantastic Fest zinemaldian. Halaber, hainbat hainbat aipamen jaso ditu Toronto eta Sitgesko zinemaldietan.

Kategoriak Zinea | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Detektibe bat Mississippin

Philip Marlowe detektibea berpiztuko ote duten irakurtzen ari nintzela, gogora etorri zait behin guk ere ezagutu genuela detektibe bat. 1985eko irailean Bego eta biok AEBak zeharkatzen ari ginen beste lagun batzuekin batera, eta New Orleans hirira ailegatuta, erabaki genuen probatu nahi genuela gurpil-bapore horietako bat, Mark Twain idazleak hainbestetan aipatutakoak bere eleberrietan.

Ontziaren gainaldean gindoazela, gizon txiki bat hurbildu zitzaigun. Esan zigun detektibe pribatua zela, eta argazki bat erakutsi zigun, ea gizon hura ikusi genuen. Guk, ezetz. Azaldu zigun emakume batek kontratatu zuela, baina ez dut gogoratzen zertarako. Bost bat minutu egin zituen gurekin berbetan, eta gero alde egin zuen, beste batzuei galdetzera. Gizon arrunta zen, antzik bakoa Philip Marlowe edo Humphrey Bogart-ekin, baina bazekien jendea tratatzen.

Kategoriak albistea | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Alkateak irratian

Gustura entzun dut Euskadi Irratian Maite Artola kazetariak zelan hitz egiten zuen Euskal Herriko hiru alkaterekin, oker ez banago Agoitz, Zamudio eta Zumarragakoak, hizpide zutela azken aldian euren herrietan agertu diren pintadak. Gustura entzun dut, euskaraz ari zirelako, natural eta ondo, eta hitz egiten ari zirela, euren hitzetan ez dudalako sumatu alderdikeria arrastorik, gure politikariengan nahiko gauza arraroa gaur egun.

Kategoriak Irratia | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Julian Aranzabal, Arrasate Press aldizkarian

Julian_Aranzabal

Sergio Azkarate lagunari esker, berak hartu du ardura hasierako Arrasate Press aldizkariaren zenbait lan sarean jartzekoa, webean ikusi dut badela elkarrizketa bat, 1989ko otsailaren 24an Estepan Plazaolak eta Jesus Mari Garaik gure aitari aldizkarian bertan (12. zenbakian) eta “Famauen ahotik” atalean egindakoa, horrela titulatuta: “Soñue joten auzoko jaixetan eta bodetan ibiltten gitzuan gehixen bat”. Atal hartan atera ziren elkarrizketa guztiak bezala, hau ere Mondragoeko euskaran dago idatzita, hitanoa erabilita.

Elkarrizketan bertan aitak dioenez, bere kasa ikasi zuen soinua jotzen, “entzunde eta hola”, eta hor irakasle izan zuen tio Bixente, gure amandrearen anaia, berau Zaloña baserrikoa, Aretxabaletan. Goiko argazkian erdian agertzen da tio Bixente, bere bi ilobarekin: Julian ezkerrean eta Felix eskuinean. Aitak 15 urterekin egin zuen debuta, Udala auzoan, Arrasaten bertan, eta Aramaiotik San Prudentziora bitarteko auzo eta herrietan ibiltzen zen. Osaba Felix, bestetik, goi mailako soinujolea izan zen.

Hona hemen Estepanek eta Jesus Marik Arrasate Press-en egindako elkarrizketa, hitzez hitz ekarria:

Ikesi zelan?

Ikesi… ikesi neure konture ein naixuan, entzunde eta hola. Gero lanien hasi nitzenien, hemen Zerrajeran, apopillo egon nitzuan ezkondu arte eta orduen ibili nitzuan bandako diretoriaz solfeo apurtxo bat ikesten, bañe gero be gehixen bat geure kasa. Orduen soinujoleik egon be etxauan oin beste ta nok erakutsik pe ez.

Eta ze fiesta-modu izeten zan?

Auzoko jaixetan eta bodetan ibiltten gitzuan gehixen bat. Jaixetako gorabehera guztiekin mutillek arregletan zittuan. Orduen tabernaik pe ez gaurko moduen ta eruen ardaue ta botie ibiltten juen bueltaka. Akaberan kontuek ein, danen artien pagau ta aurrera.

Bodetan be sarri. Baserrixen bertan eitten zittuan ta bi egun be iguel jan ta eran majo eindde. Orduen gainera mutil kuadrilliek hartu soñujolie eta nobixa bille jueteko ohitturie jauan.

Eta juen-etorrixek…?

Ahal zan lekuen bizikletan eta bestela oñez. Tokau izen jatek anaie eta bi soñu Bergatik Atxabaltaraño eruen bierra. Bañe… hala be pozik bizikletie euenien.

Behin pasau jatan Aramaixon soñue jo-ta nobixie be baneukan ta hari be lagundu ein bier ta bizikletiaz zer ein ez nekixela. Han etorri jatan Atxabaltako lagun bat, berak eruengo euela ta Atxabaltan izango nauela. Neska-laguntzen Gellaoraño jauna, allegau nok Atxabaltara ta ez bizikleta ta ez demonio, oñez Mondraura.

Itxurie harek pe harrapau juan norbait besartien ta, ni ta nire bizikleta kontuok ahaztu.

Eta abariekin eta, zela?

Trabaik ipintten ez euienak be bazittuan bañe bai beste batzuk gogor hartu be. Behin pasau jakuan, Arkarazoko jaixek ziela ta hartu juau juateko abixue, itxurie abariek jakin jok nunbaittetik, hartu mutillen bat edo beste ta dana zangaz jositte etxuan ba itxi dantzalekuoi. Han akabau zuan gure funtziñue.

Arientzakue be okerra zuan horretan, ha soñue eta juergie euenien sufriruten egoten zuan, ordue allegau ta dantzan ebitzen neska-mutilekana juen heldu besotik eta etxera bieldu be iguel…

Kategoriak Familia | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Julian Aranzabal, in memoriam

Julian-Felix (1)

Gaurko egunez, orain 100 urte, jaio zen gure aita Aguleta baserrian, Angiozarren, artean Elgetako auzoa. Julian 1914ko otsailaren 17an jaio zen, hiru hilabete falta zirela Sarajevo aldean Lehen Mundu Gerra pizteko.

Hamabost urte zituela, Mondragoera egin zuen, Unión Cerrajera fabrikan lan egitera. Erretiroa hartu arte, hantxe egin zuen lan, ajustadore. Gaztetan, soinua jotzen ikasi, eta, lanorduetatik kanpo, soinujole ibili zen inguruetan, erromeriaz erromeria. Gerra Zibila, berriz, soldadutzan harrapatu zuen, Burgosen.

Urte batzuk geroago Paula Mendizabal ezagutu zuen, berau Uritte baserrikoa, Eskoriatzan, eta harekin ezkondu zen. Bost seme-alaba izan zituzten, denak Arrasaten bertan jaioak, Musakola auzoan. Gauza asko gustatzen zitzaizkion (Athletic, Enrike Zelaia, zezenak, pilota, txirrindularitza…), baina, denen gainetik, mendia. Ahal zuen guztietan, mendira egiten zuen, eta, sasoia izanez gero, perretxikoak batzen zituen, gero banatu edo etxean jateko.

Gizon lasaia zen, umore onekoa eta kristaua, nahiz eta gaztetan arazoak izan zituen abade bat baino gehiagorekin, soinujolea izateagatik. 1998an hil zen, Mondragoeko Ospitalean, 84 urte zituela. Argazkian Julian eta Felix anaiak agertzen dira, Guardian, urtero bertan igarotzen baitzuten hilabete, abuztuan.

Kategoriak Familia | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Breaking the Code


Orain bi urte ez nekien nor zen Alan Turing. Bere jaiotzaren mendeurrena zela-eta, hainbat erreportaje irakurri nituen, eta izoztuta geratu nintzen jakin nuenean ni jaio nintzenean, 1952an, epaile batek kondenatu zuela Alan Turing kastrazio kimikora, baldin ez bazuen nahi espetxera joan. Izan ere, Alan Turing matematikari famatua, informatikaren aitzindarietako bat eta gerrako heroia homosexuala zen, eta garai hartan Britainia Handian jende dezente zegoen hemen gure artean Sebastian kardinalak bezala uste zuena gay izatea gabezia bat dela. Eta tratatu egin daitekeela.

Omenaldi txiki bat egin nahi izan diot Alan Turing handiari, eta euskaratu egin dut Breaking the Code filma, 1996an BBCk telebistarako egin zuen pelikula. Bertan Turing-en biografia kontatzen da. Orain bertsio originalean ikus dezakezue, euskarazko azpitituluekin.

Kategoriak Azpitituluak | Etiketak , , , , | Iruzkin 1

Blog plataforma berriak

Egun hauetan blog plataforma biren berri izan dut: Ghost eta Medium. Biek azpimarratzen dute argitaratzeko erabilerraztasuna eta malgutasuna, WordPress moduko plataformak konplikatuegi bihurtu direla iritzita. Ados nagoenez iritzi horrekin, biak probatu nahi izan ditut, ikusteko nondik nora doan blogen kontu hori.

Ghost

Ikusi nuenean Ghost plataformaren bideoa, erakargarria egin zitzaidan, batetik software libreaz eginda dagoelako, eta bestetik, benetan erabilerraza ematen duelako. Horregatik, kontu bat sortu nuen, baina ez nuen aurrera egin, nork bere zerbitzaria erabil ezean, kobratu egiten duelako. Hor bukatu zen nire ahalegina.

Medium

Honek ez zeukan bideorik erakusteko zelan dabilen, baina erraz egin nuen aurrera bloga sortu bitartean. Medium plataformako sortzaileak Twitter-eko sortzaileak direnez, nork bere Twitter kontuarekin egin behar du bat, Medium-en kontu bat izateko. Hortaz, kasu honetan bloga Joxe Aranzabal da, Twitter erabiltzailea, eta ez dauka izenik (Faroa, Gizakom…). Izena, berriz, artikulu bakoitzak izango du, beronen izenburuarekin. Behin kontua irekita, oso erraza da bloga betetzea: berak eskatzen dizu argazki bat jartzea eta testua sartzea. Argazki nagusia oso handia da, eta ikusgarria egiten da, nik sortutako adibidean bezala. Ondorengo argazkiak hainbat formatutan jar daitezke + zeinua agertzen den tokietan (paragrafo bakoitzaren ondoren, nahi izate aldera), eta klik bat nahikoa da argazkiaren formatua hautatazeko. Testua lantzea ere sekula baino errazagoa da, horretarako nahikoa baita testu zati bat aukeratzea.

Behin artikulua argitaratuta, Medium-ek aukera ematen du bildumak sortzeko (Collections, ingelesez), edo artikulu hori bilduma jakin batean sartzeko. Nik aproba egin dut, eta Travel experiences bildumara bidali. Hala ere, pentsatzen dut ez dutela onartuko, nirea euskaraz dagoelako idatzita. Hortaz, horrelako kasuetan uste dut onena litzatekeela bilduma berri bat sortzea, izenburua euskaraz duela.

Asko gustatu zait Medium-en estetika, minimalista izanda ere, oso dotorea delako. Letratipoa ere dotorea dauka, egokia irakurtzeko.

Kategoriak Blogak | Etiketak , , , , , | Iruzkin 1

Bihar-etziko termostatoa

Orain sei urte eta erdi, 2007an, lehen iPhone hura ikusi nuenean bezala, gaur ere jakin izan dut zelakoak izango diren bihar-etziko termostatoak. Horretarako nahikoa izan dut Nest izeneko termostatoa ikustea, albiste batean irakurri ondoren atzo Googlek Nest Labs enpresa erosi zuela, aipatu termostatoaren egilea. Orain sei urte eta erdi legez, gaur ere esan dut: ordua zen!

Bospasei urte izango dira gurean termostato bat jarri genuela, etxeko tenperatura automatikoki erregulatzeko. Hala ere, iPhone aurreko telefono aurreratuak nola, termostato hau ere zaila da erabiltzeko, instrukzio konplikatuak ditu eta ez da bat ere intuitiboa. Horregatik, behin baino gehiagotan amorrarazi gaitu etxekook.

Gaur goizean, berriz, lehen aipatutako albistea irakurtzen ari nintzela, zelan Googlek erosi duen Nest Labs, enpresa horren webgunera jo dut, ikusminak jota. Eta, hara: hortxe agertu zait Nest termostatoa, eta aho zabalik geratu naiz, hain da-eta erakargarria.

Ezaugarriak

Batetik, oso itxura polita dauka Nest termostatoak. Bestetik, oso erraza ematen du ezartzeko eta erabiltzeko. Hauek dira berorren ezaugarririk behinenak:

  • Ikasi egiten du. Hau izango da ezaugarririk inportanteena, guk erabili ahala, termostatoa ikasiz joango da zeintzuk diren etxekoon ohiturak eta noiz zer tenperaturak nahi izaten ditugun.
  • Erakutsi egiten du zelan aurreratu energia, hosto berde bat irudikatuta.
  • Urrunetik programa daiteke, telefonoa erabilita.
  • Sentsoreek neurtzen dute tenperatura, hezetasuna, argitasuna, etab.
  • Wi-fi bidez konektatzen da Internetera.
  • Bateria litiozkoa du, eta birkargatu egin daiteke.
  • Hiru hizkuntzatan dago: ingelesa, frantsesa eta gaztelania.
  • Bi urteko garantia du.
  • Farenheit nahiz Celsius erabil dezake tenperatura neurtzeko, erabiltzaileak zelan nahi duen.

Eragozpenak

Nest termostato hau nahiko berria da, eta oraindik badu zer hobeturik. Gaur gaurkoz, eragozpen hauek ikusten zaizkio:

  • Garestia da: 249$.
  • Ez da saltzen Europan, nahiz eta zenbait jendek erabiltzen duen han-hemenka. Oraingoz AEBetan eta Kanadan eros eta erabil daiteke bere ezaugarri guztiekin.
  • Ez dabil 240V konexioekin.
  • Europan ezaugarri asko ezin dira erabili, batez ere Internet bidezkoak. Zenbait erabiltzaile europarrek orri honetan utzi dute beren iritzia Nest termostatoaren gainean.

Laburbilduz. Oraindik goiz izan daiteke horrelako termostato bat erosi eta erabiltzeko, baina gutxienez badakigu aurrerantzean zelakoak izango diren guk nahi ditugun termostatoak. Eta termostatoez ari garela, badaezpada, horra hitz horren definizioa euskaraz:

  • Termostato: iz. (1977) Aparailu bat tenperatura automatikoki erregulatzen duena, edo gailu bat aktibatzen duena tenperaturak maila jakin bat iristen duenean.
Kategoriak Teknologia | Etiketak , , , , | Iruzkin 1