Inside Out, aldrebes samarra

INSIDE-OUT-18

Aitortu behar dut Pixar estudioen zalea naizela. Faktoria horretako film asko ikusi ditut, eta horietako zenbaiten azpidatziak ere euskaratu egin ditut. Ilusio horrekin, eta entzundako kritika onak zelanbait hauspotuta, aurrekoan Inside Out filma ikusi nuen, Barrukoz kanpora, euskaraz jarrita.

Penaz eta dolorez, ez nintzen konforme jaiki. Katramilatuegia aurkitu nuen filma, konplexuegia. Hainbeste, non une batean arreta joan egin zitzaidan. Gainera, bertan agertzen diren gizakien eta berauek manejatzen dituzten umoreen arteko harremana trabatu samarra ikusi nuen.

Oker ibil naiteke, baina ez dakit umeek zenbateraino gozatuko duten Inside Out. Nire ustez, ezin da alderatu Toy Story trilogiarekin edo Finding Nemo harekin.

Seguru nago baten bat animatuko dela Pixarren azken film horren azpidatziak euskaratzera. Ikusiak ikusita, nik ez daukat adorerik.

Kategoriak Zinea | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Lourdes Gabarain, lasterkari aitzindaria

Gabarain

Izan zen agerpen moduko bat. Sareko prentsa gainbegiratzen ari nintzela, El Confidencial agerkarian sartu, eta Lourdes Gabarain lasterkari tolosarraren gaineko artikulu bat ikusi nuen. Nire oroimenaren txoko ezkutu batean, banuen neska haren berri, baina ia erabat ahaztua nuen. Bai, nik 1979an, hor nonbait, eman banituen lehen pausoak arineketan, ordurako neska hura bazebilen han eta hemen lasterka.

Argazkia ezagun egin zitzaidan, eta poza ekarri zidan, bertan Lourdesek gaztetasuna, poza, indarra eta zalutasuna transmititzen baititu. Eta nortasuna. Irakurri nuenean behin ikusle bati, gizonezkoa bera, zaplasteko bat eman ziola, burla egiten hasi zitzaiolako bere bularrak zirela-eta, pentsatu nuen garai hartan horrelako zenbat agoantatu beharko zituen.

Erreportajeak lasterkariaren bigarren argazki bat ere badakar, oso bestelakoa, bertan Lourdes Gabarain agertzen baita, gaur egun den bezalakoa. Eta hor poztasunerako tarte gutxi dago, emakumearen aurpegiak agerian erakusten baititu bizitzak eman dizkion zartadak, horietako bat ETAk bere lagun bat hil izana, Lourdesen alaba baten aita.

Horregatik, erreportajea gazi-gozoa egin zitzaidan. Lerro hauen bidez, omenaldia egin nahi diot lasterkari aitzindari honi, gaur egun Euskal Herriko errepide eta mendiak betetzen dituzten neska lasterkarien bide-erakusleari, Lourdes Gabarain. Bejondeizula!

Kategoriak Kirola | Etiketak , , , , , , , | Utzi iruzkina

Ulysses, idazteko

Gaur egun Ulysses aplikazioa erabiltzen dut idazteko. Jon Salaberri liburua berau erabilita idatzi nuen. Nire blogeko artikuluak ere hortxe idazten ditut. Baita Azpitituluak.com webgunean idazten ditudan laburpen motzak ere, film baten azpidatziak euskaratzen dudan bakoitzean.

Batez ere iMac ordenagailuan idazten dut, baina iPadean ere erabili dut. Biak zoragarri daude lotuta iClouden bidez. Orain iPhonean ere erabil daiteke, baina nik ez daukat horrelakorik.

Ulysses aplikazioak markdown berezi bat erabiltzen du, oso erraza, eta, horri esker, hor idazten dudana hainbat formatutan esporta daiteke, di-da batean: HTML, Docx, PDF, epub eta testu hutsa.

Ulysses zoragarria da idazlanak antolatzeko, zuzentzeko eta helburuak kontrolatzeko. Mac-erako bertsioak 45 euro inguru balio du, baina doan proba daiteke hilabetez (erabili bako egunek ez dute kontatzen).

Hala ere, Ulysses aplikazioak arazo bat du: gaur egun Mac eta iOS sistemetan bakarrik dabil, alegia, Applen esparruan.

Kategoriak Idazkuntza | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Citizen Kane, gaurkoa eta betikoa

CitizenKane_Mac

Aspaldi nuen Citizen Kane film mitikoaren berri, baina orain gutxi arte, ikusi barik nuen. Inoizko film onenen zerrenda gehienetan egon arren, ez nuen ikusita.

Orain bizpahiru aste, ostera, erabaki nuen klasiko horren azpitituluak euskaratzea, eta horren aitzakian ikusi dut.

Eta ez naiz damutzen hori erabaki izana, Citizen Kane film aparta iruditu zait-eta, ez besteen esanak errepikatzeagatik, baizik era horrela iruditu zaidalako.

Filmaren eragina

Filma ikusi eta berrikusi ahala, ohartu naiz Citizen Kane horrek eragin sakona utzi duela zinemagintzan.

Gogoratu naiz Zelig filmaz, ikusi dudanean Charles Foster Kane Hitlerren ondoan. Gogora etorri zait lehen Macintosh ordenagailuaren iragarki mitikoa —Ridley Scott zuzendariak egina gazte zenean—, ikusi dudanean Kane hautagaiaren mitina eta koreografia. Eta oroitu naiz Leonardo Di Caprio aktoreaz The Aviator filmean izugarri gogorarazten zidan-eta Welles-Kane.

Donald Trump gogoan

Trump-Kane

Citizen Kane 1941ean egin zen, Donald Trump jaio baino bost urte lehenago, baina filma ikusi ahala, behin eta berriro etorri zait gaur egungo hautagai errepublikanoaren irudia gogora, bera ere Charles Foster Kane bezalakoa baita: harroa, aberatsa, demagogoa eta berekoia.

Banekien film hori idazterakoan Mankiewicz eta Welles gidoigileek nagusiki William Randolph Hearts komunikazio-magnatea izan zutela gogoan, baina gura barik etortzen zitzaidan gogora hautagai errepublikanoa, seguruenik bere harrokeriagatik.

Nekea eta poza

Uste baino gehiago kostatu zait Citizen Kane euskaratzea, filmak uste baino testu gehiago baitauka, trinkoa gainera. Hala ere, gustura geratu naiz filmarekin, eta azpitituluekin egindako lanarekin.

Kategoriak Zinea | Etiketak , , , , , , | Iruzkin 1

Elurra mara-mara

Iragarrita zegoen, eta, hala ere, ezusteko atsegina izan zen Kanpazar mendatean gora gentozela elurra mara-mara ikustea.

Gaueko 23:20ak ziren, eta Ormaiztegitik bueltan gentozen, han erakusketa eder bat ikusita bertako industrializazioaz. Behin lagunak agurtuta, autoan sartu ginen afrontuaren erdian. Deskarga igoten, lehen elur malutak, baina elur bustikoak. Gidariak abisatu zigun: Kanpazarren, elurra.

Eta halaxe gertatu zen. Saratik gora elurra mara-mara ari zuen, halako eran non bazterrak ere zuri baitzeuden. Argi luzeak ipinita, elur sinfonia bat zirudien, deserosoa gidariarentzat, baina ezin ederragoa beste hirurontzat. Kanpazar gainean, 1ºC eta elurra jausi eta jausi. Elorrio aldera jaisten ere, ekin eta ekin, ia Iguria auzora iritsi arte. Han, elurra euri bihurtu zen.

Oraindik ere, bart gaueko sinfonia burutik kendu ezinik nabil. Nahi ere ez, jakina.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Azken gutuna

GrossmanAurreko egun batean, Durangon nintzela, altxor txiki bat aurkitu nuen Hitz liburu-dendan: Azken gutuna eta beste, Vassili Grossman idazlearena. Liburu txikia da, 75 orrialdekoa, eta Erein argitaletxeak 2005ean plazaratu zuen Oroimenean barrena bilduman.

Liburuak hiru lan ditu: Azken gutuna, Ikonnikoven gutuna eta Ama Birjina Sixtotarra. Hirurak Felipe Juaristik ederki euskaratuak.

Azken gutuna horixe da, naziek hil behar duten ama batek seme bakarrari idazten dion azken gutuna. Hunkigarria gutxi esatea da, erabat astintzen zaitu-eta kontakizunak. Antza denez, oinarrituta dago Vassili Grossman-en amaren kasuan, naziek hil baitzuten ghetto batean, semea gerra-berriemaile ari zenean Armada Gorriarekin.

Ikonnikoven gutuna, berriz, bestelakoa da. Bertan egileak bere ikuspegia azaltzen du ongia eta ontasuna bereizteko orduan. Egileak gizakiaren ontasunean sinesten du:

Gizabanako batek beste gizabanako baten aurrean erakusten duen ontasun hau lekukorik gabeko ontasuna da, ideologiarik gabeko ontasun txikia. Pentsamendurik gabeko ontasuna. Gizon-emakumeen ontasuna, erlijioaz edo giza ongiaz kanpo dagoena.

Ama Birjina Sixtotarra saio labur bat da Rafael Sanzio pintore errenazentistaren koadro baten inguruan, zeina Armada Gorriak Dresdengo museotik eraman baitzuen Moskura. Koadroak iradokitzen dio gizatasuna dela gizakiaren altxorrik preziatuena.

Kategoriak Liburuak | Etiketak , , , , , , | Iruzkin 1

Minbizia desmitifikatzen

Cancer

Bere azken liburuan, Zu, Anjel Lertxundi aurrez aurre mintzatzen zaio minbiziari, hikaz, ahalik eta tratamendu baxuena emanda, apurtu nahi du-eta minbizi hitzari urteen poderioz eman zaion aura beldurgarria.

“Hi eta ni, aurrez aurre. Nire begiokin ikusi nahi haut hire gorotzetan”. Horrela hasten zaio hitz egiten 109. orrialdean. Eta aurrerago: “Desmitifikatu egin nahi haut, hire izen madarikatuari oihartzun apokaliptikorik eman gabe mintzatu nahi diat hitaz. Minbizia haiz, parasito totala, naturak eman duen akainik alferrena”.

Liburua irakurri ahala, ondorengo izen eta adjektibo azpimarratu nituen, egileak minbiziari eskainiak:

  • Putakumea.
  • Sator madarikatua.
  • Sasikume handi sekulakoa.
  • Bitxo.
  • Zerri apote nazkagarria.
  • Piztia.
  • Parasito totala.
  • Akainik alferrena.
  • Koldar putakume hori.
  • Zerri horrek.
  • Madarikatu horrek.
  • Hiltzailea.
  • Kriminal anker sadikoa.
  • Zomorroa.

Gaur denez Minbiziaren Kontrako Nazioarteko Eguna, beude izen eta adjektibo horiek Anjel Lertxundik gaixotasuna desmitifikatzeko egin duen ekarpen seinalatu gisa.

Kategoriak Minbizia | Etiketak , , , , | Iruzkin 1

Argia saria Azpitituluak.com proiektuari

Argia4

2015eko Argia saridunak. (Argia)

Atzo egun berezia izan nuen, Usurbilen izan nintzen-eta, Luistxo Fernandez lagunarekin batera, Argia saria jasotzen Azpitituluak.com proiektuarentzat.

Azpitituluak.com Luistxo Fernandezen proiektu pertsonala da, orain zortzi bat urte sortua, eta bertan jasotzen joan da han eta hemen euskaratu diren azpidatziak, horietako ez gutxi Azpitituluak.com webgunerako propio eginak.

Ni Goio Arana lagunak sartu ninduen hor, berak erakutsi zidan-eta zelan egin, zehatz-mehatz, euskarazko azpidatziak. Harrezkero 29 film eta dokumental euskaratu ditut, azkena, The Martian.

Eroso egiten zait Azpitituluak.com proiektuan lan egitea, ez baitaukat inongo obligaziorik bertan ezer egiteko: nahi eta ahal dudanean, euskaratzen jartzen naiz; ezin dudanean, berriz, jai-larai.

Eskerrak emateko orduan —esan liteke hauxe dela nire onespen-hitzaldia, baina ez; hori Luistxok egin zuen atzo—, eskertu nahi dut lehenik eta behin Argia aldizkaria, proiektu hori balioan jartzeagatik. Bigarrenik, eskerrik asko Goio Arana lagunari, berak sartu zidan-eta grina proiektu honekiko. Ez dut ahaztu nahi Luistxo Fernandez bera, proiektu hau hain ondo eramatearren. Eta, azkenik baina ez azkena, Euskalbar proiektua egiten dutenei, sarean gure esku jartzeagatik hiztegi piloa, niri oso ondo datozkit-eta pelikulak euskaratzeko orduan.

Postdata. Ezusteko atsegina izan zen atzo, ikusi nuenean saridunen artean Kepa Matxain ikasle ohia, Hiru Damatxo taldekideekin batera, ikus-entzunezko saria jaso baitzuen, Gure bazka elkarrizketa sortagatik. Bejondeizuela!

Kategoriak Zinea | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Elizak Debagoienean bereganatutakoa

S.Isidro

San Isidro eliza, Musakola auzoan, Arrasaten.

Joan den ostiralean Berria egunkariak erreportaje interesgarria ekarri zuen, bertan azalduta azken aldian Eliza katolikoak 1.612 ondasun bereganatu dituela Hego Euskal Herrian, tartean elizak, futbol-zelaiak, plazoletak, ermitak, etxeak, hilerriak, ortuak, basoak eta lursailak.

132 ondasun Debagoienean

Debagoiena ez da salbuespena izan, eta Berria-k emandako datuen arabera, bertan Elizak 132 ondasun bereganatu ditu, horrela banatuta:

  • Leintz-Gatzagan (4 ondasun): Eliza (1986), bi ermita (1986) eta santutegia (1986).
  • Eskoriatzan (45): Etxea (1981), bi eliza (1981), ermita (1981), etxea (1982), bi baratza (1982), etxea (1988), bi baratza (1982), plaza (1984), futbol zelaia (1984), ermita (1984), bi lursail (1984), bost eliza (1986), bi etxe (1986), baratza (1986), bi lursail (1986), bost ermita (1986), bi hilerri (1986), hiru baso (1986), eliza (1988) bi baratza (1988), bi etxe (1988), lursaila (1988), hilerria (1988) eta hiru ermita (1988).
  • Aretxabaletan (16): Bi ermita (1981), baratza bat (1981), bost eliza (1986), lau hilerri (1986), bi ermita (1986), aretoa (1986) eta etxea (1989).
  • Arrasaten (21): Eliza (1983), bost eliza (1986), bederatzi lursail (1986), bi hilerri (1986), etxea (1986), baratza (1986) eta bi ermita (1986).
  • Bergaran (18): Bi eliza (1981), plazoleta (1981), etxea (1981), ermita (1981), bi lursail (1981), eliza (1986), ermita (1984), hilerria (1984), eliza (1985), bi ermita 1985), eliza (1987), hiru ermita (1993) eta ermita (2007).
  • Elgetan (1): Eliza (1983).
  • Antzuolan (6): Bi eliza (1985) eta lau ermita (1985).
  • Oñatin (21): Lau eliza (1986), 11 ermita (1986) eta sei santutxo (1986).

Bereganatze hauek guztiak egin ziren Jose Maria Setien Gipuzkoako gotzaina zela (1979 – 2000). Berria-k dioenez, “Nahiz eta ondasunak herri bakoitzeko parrokiaren izenean agertzen diren kasu gehienetan, Setien bera ageri da paperetan parrokiaren buru”. Debagoienaren kasuan, atentzioa ematen du Eskoriatzak, non bertako abadeak 45 ondasun erregistratu zituen.

Elizak legez bereganatu zituen ondasun horiek, Francok 1946an eta Aznarrek 1998an egindako bi lege baliatuta, baina etika eta lotsa handirik erakutsi barik. Ondasun horiek guztiak tokian tokiko herritarrek sortu eta konponduak dira, historian barrena euren poltsikoetatik ordainduta. Nik dakidala, kasu horietan ez da ezelango dohantzarik gertatu. Alegia, udalek edo herritarrek ez diotela eman Elizari herriarena zena, bazik eta Elizak hartu egin du, aprobetxatuta lege horiek hor zeudela.

Teknikoki, immatrikulazioa esaten zaio Elizak egindakoari. Euskara garbian, lapurreta zuria.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Zu eta gu

Captura de pantalla 2016-01-21 a las 16.04.12

“Bizitza maite diat, horregatik ari nauk heriotzaz”. Egileak lagun bati esandako esaldi horrek definitzen du Anjel Lertxundi idazlearen azken lana, Zu, non kontatzen baita egilearen emaztea —egileak Zu izendatuko du liburuan zehar— zelan gaixotu den, pankreako minbiziak jota, eta familia osoak, baina bereziki senar-emazteek, zelan bizi izan duten gaixoaldia.

Egileak “Ars Vivendi” bat partekatu nahi izan du Zu-rekin, eta baita gu guziokin ere. Horretarako, uztartu egin ditu Zu-rekin batera bizi izandako gorabeherak eta literatura unibertsaleko idazle askok egindako hausnarketak, gehienak gaixotasunaz eta heriotzaz. Baina berak ere aprobetxatu egin du bere ikuspegia azaltzeko, gai askoren inguruan: seminarioa, fedea, jainkoa, kazetaritza, eutanasia, artistaren miseria, isiltasun kosmikoa…

Eta liburuaren erdi-erdian, Zu, egilearen emazte eta ameskidea, minbiziak jota, eta protagonista bihurtuta. Emazteak badaki senarra oharrak hartzen ari dela, eta badaki material horrekin liburu bat egingo duela. Berak ere animatu egin du hori egitera, biak bat datozelako “hil artean bizi” egin behar dela, ahalik eta modurik duin eta alaienean.

Familia-esperientzia gogor bat baliatuta, Anjel Lertxundik liburu zoragarria egin du. Ez dakit asko salduko den —hori beste kontu bat da, askotan gai hauek espantua eragiten baitigute—, baina uste dut euskal literatuaren gailurretako bat izango dela.

Nik oso gustura irakurri dut, eta emozio puntu batekin. Erabat gomendagarria.

Kategoriak Liburuak | Etiketak , , , , , | Iruzkin 1