Flipe galanta CSSen kontura

Sarri sartzen naiz Igor Leturiaren blogean, e-gor blog, baina inoiz ez naiz sartu saltseatzera horko botoietan. Atzo Gari Araolazak erakutsi zidan nolako ahalmena duen blog horrek itxuraz aldatzeko, di-da batean, eta edukirik bat ere galdu gabe.

Igorren blogean sartu, eta eskuin aldean badu ataltxo bat, “itxura aldatu” deritzona. Hor zerrenda bat dator, “aldatu” botoiaren ondoan, eta edozein aukeratzen baduzue, eta gero botoian klik egin, ikusiko duzue nola blogak hartzen duen beste itxura bat, baina edukiak hor daudela. 26 aldiz egin ahal duzue aproba, 26 aukera eskaintzen baititu, denak diferenteak. Aupa zu, Igor!

Hori guztia CSSei esker. Eta zer dira CSS dontsuak? CSS ingelesez da Cascading Style Sheets, hau da, Estilo Orriak Kateka. Teknologia horri esker, sortu ahal ditugu webguneak zehaztasun askoz ere handiagoarekin. Dagoeneko hainbat eta hainbat liburu irten dira teknologia hori azaltzeko. Emaitzak, behintzat, ikusgarriak ditu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Martutene gogoan

Ziega1

Martutene gora eta Martutene behera, hasi paper zaharren artean bilatzen, eta aurkitu dut nire marrazki bat orain hogeita zortzi urte nire ziegari egina, espetxean sartu nindutenean.

Garaia aldizkarian nenbilen orduan, ikasketak amaitu eta gutxira. Frankismoaren azken urteak ziren, nahiz eta Franco ordurako hilda egon. Artikulu bat idatzi nuen, “Mondragón, la Guardia Civil a saco”, non kontatzen bainituen Goardia Zibilak Arrasateko Gurea zineman egindako gehiegikeriak, zinematokia jendez beteta zegoela Errobi taldeari entzuten. Ima Ezkiaga lankideak beste bat idatzi zuen, eta hark ere salatzen zituen Goardia Zibilak Villabona inguruan egindako gehiegikeriak. Goardia Zibilak biok salatu eta auzitegi militar batek espetxera bidali gintuen.

Astebete egin genuen Martuteneko espetxean, lehen hiru egunak bakarturik gela batean. Egun haietan nahi adina denbora izan-eta, gela marraztu eta bi liburu irakurri nituen: Zalakain el aventurero, Pio Barojarena,ío_Baroja eta Hiru gizon bakarka, Bitoriano Gandiagarena. Hantxe ezagutu nituen, halaber, ETA pm-ko zenbait kide, eta baita Komando Autonomoetako beste bat. Baita kontrabandista eskoziar bat eta nire herriko gizon bat, zeinak urteak zaramatzan preso bere emaztea hiltzen saiatzeagatik.

Orduko espetxea zaharra zen, oso. Beraz, ez dut pentsatu ere egin nahi nola egongo den gaur egun.

Ziega2

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Noizko pilota estandarrak?

Atzo pilota partida bat ikusi nuen telebistan, Aimar Olaizola eta Titin III pilotariek jokatu zutena. Eta aspaldiko arazo bat agertu zitzaigun berriro: pilotak erabakigarriak izan daitezke.

Tenisean, beisbolean edo mahaiko tenisean ez bezala, non denek jokatzen baitute pilota estandarrekin, hau da, pisu eta testura berdinekoekin, euskal pilotan jokalariek aukeratu egiten dute bakoitzak bere gustuko pilotak: batzuek astunak eta motelak, besteek arinak eta biziak…

Kontua da nork zer pilota aukeratzen duen, partidak kolore bat edo beste har dezakeela, atzo gertatu zen bezala. Bote biziko pilota izan zuen bitartean, Titinek egurra eman zion Olaizolari, 11-3. Aldiz, honek pilota aldatu zuenean, 12 tanto egin zituen segidan.

Euskal pilotak arazo hori konpontzen ez duen bitartean, ez du sinesgarritasunik irabaziko, enpresek nahi erara manejatzen dituzte-eta partidak, ia-ia erabakitzeraino nork irabazi.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Epaiketarik ez!

Gaur aztertuko da Espainiako Auzitegi Nazionalean Egunkaria auziko zazpi auzipetuek aurkeztutako helegitea. Hori dela eta, elkartasuna erakutsi nahi diet auzipetuei, eta ozen eskatu blog xume honetatik bakean utz ditzatela, epaiketa horrek ez baitu ez hankarik ez bururik. Eta zuei —Martxelo, Joan Mari, Pello, Iñaki, Xabier biak eta Txema— besarkada handi bat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Idaztea bizitzea da

Egun hauetan liburu bat irakurri dut, “José Luis Sampedro”:http://www.clubcultura.com/clubliteratura/clubescritores/sampedro/home.htm idazlearen azkena, Escribir es vivir, eta iruditu zait zoragarria, edonori gomendatzeko modukoa.

Nire urtebetetzean oparitu zidaten, aurretik adirerazi bainuen liburu hori erosteko gogoa, izan ere, egun batzuk lehenago liburu dendan nengoela, liburua esku artean hartu eta esaldi hau irakurri nuen:
No he venido aquí a hacer retórica, ni literatura… he venido aquí a VIVIR, a vivir cuando se me está acabando la vida y, por tanto, a disfrutarla más.

Esaldi horrek harrapatu egin ninduen, eta orduan erabaki nuen irakurri egin behar nuela liburua. Eta halaxe esan inguruan. Arima errukigarri batek entzun, eta oparitu. Bihotz-bihotzetik eskertzen diot, bitxi bat erregalatu zidan-eta.

Goiko hitzak Santanderren esan zituen José Luis Sampedrok, 2003ko udan, ni ere Santanderren nengoela, hezur-muinaren transplantea egiten. Bost egunez, beste horrenbeste hitzaldi eman zituen Sampedrok orduan bere lanari buruz, Egilea eta bere lana zikloaren barruan. Liburuak orduko hitz haiek jasotzen ditu, idazlearen bigarren emazteak idatziak, Olga Lucas idazleak:
Aquí cuento yo mi vida, pero es narrada con palabras de Olga Lucas, que son mías aun siendo suyas.

Gizon berezi bat aurkitu dut liburu honetan: erabatekoa, maitemindua idazkuntzarekin bezainbeste gizateriarekin, bizkorra eta polifazetikoa. Liburuan zehar, gainera, arrasto ugari eskaintzen ditu nola idazten duen eta zelan lantzen dituen liburuak. Bitxi bat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 5 iruzkin

Blogak hizpide

Hizpide aldizkariak artikulu bat argitaratu du blogen gainean: Weblog-ak: euskararen ikas-irakaskuntzarako tresna berriak. Eta hor egileek diote blogak erreminta egokiak izan daitezkeela bigarren hizkuntza ikasten ari direnentzat.

Agurne Aizpitartek eta Natxo Guillének sinatzen dute artikulua, eta berau dator Hizpide aldizkariaren 59. zenbakian. Artikulua idatzita dago euskara irakasleei begira, Hizpide Habe erakundeak argitaratzen baitu, eta, horregatik, oinarrizko informazioa eskaintzen du blogen gainean, baina ondo hornitua, lotura mordoa eskainita artikuluan aurrera egin ahala.

Blogak zer diren azaltzen du artikuluak lehendabizi, definizio bat ematen du, eta gero esplikatzen du nola sortu ziren eta zer bilakaera izan duten gaur egun arte. Blog motak erakusten ditu gero, eta berauen egitura azaldu.

Azken atala irakaskuntza arloko blogei eskaintzen die. Hainbat blog aipatzen ditu ikasle eta irakasleentzat eredu, eta, azkenik, hainbat ideia ematen ditu nola erabili blogak hizkuntza geletan, eta nola ebaluatu blogetan egindako lanak.

Edublogak

Artikulua interesgarria da, eta irakurterraza, hizkeraz eta luzeraz (12 orrialde). Tamalez, ez dugu aurkitzerik izan beronen bertsio elektronikoa, zuek hara bideratzeko, orduan bai, irakurri ahala, klik egin hemen eta klik han, askoz ere dinamikoagoa izango bailitzateke.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 4 iruzkin

Emakumea erditzen

Dena ez da zaborra telebistan. Ale ederrik ere ikus daiteke egongelako pantailan. Aurreko batean, ostiralean uste dut izan zela, cuatro ikusten ari ginela, emakume bat erditzen ikusi genuen. Miren gurekin zegoen, eta berarentzat harrigarria izan zen benetan. Shock bat. “Horrela jaiotzen dira umeak? Ba nik ez dut umerik edukiko”, esan zuen.

Dokumentalaren lau momentuk batez ere harritu zuten Miren:

  1. Erreparatu zuenean emakumearen alua gero eta gehiago zabaltzen zela.
  2. Ikusi zuenean nola irten zen haurraren burua lehendabizi eta gorputza gero.
  3. Begiratu zuenean haur jaio berriak zuen kolore morea.
  4. Bistaratzerakoan nola ateratzen zioten plazenta emakume erditu berriari.

Gauza asko oso denbora laburrean. Gu ondoan gintuen, azaldu zitekeena azaltzen, eta lasaitzen, ikusten ari zen ikuskizun harrigarriaren aurrean. “Inoiz ikusi izan duzu Pelo, pico, pata saioan behi bat erditzen, ezta? Bada hori berdina da, baina pertsonekin”.

Erreportajeak aurrera egin ahala, Miren lasaituz joan zen, orduan beste modu batean ikusten baitzuen haurra: gurasoen besoetan, amamaren musua jasotzen, bere ahizparena…, ordurako jaioberria gure arteko bat gehiago zen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Urduñan

Asteburu honetan Urduñan izan gara, hotel-bainuetxe batean. Gutizia bat izan da, Begoren eta bion urtebetetzeak ospatzeko. Gau bakarra egin dugu, baina pozik itzuli gara, paraje ederrak sumatu ditugu-eta inguru hartan.

Gasteiz aldetik iritsi ginen “Urduñara,”:http://www.euskalnet.net/kmendibil/orduna_principal.html euripean eta behe lainoak lagunduta. Hala ere, ordeka zoragarriak sumatu genituen inguruan. Hotela eraikin izugarri handia da, neoklasikoa, eta herriko plazan dago. Garai batean aduana hor zegoen, eta bertan kobratzen zitzaien zerga Gaztelatik Bizkaira sartzen ziren jeneroei. Oraindik ere atentzioa ematen du eraikinaren handiak.

Gaur egun hotela eta bainuetxea da behialako aduana. Gure neskek esan zuten bainuetxe gisa ez zela beste munduko ezer, beraiek hartu baitzuten bainua. Hotel bezala, berriz, nota hobea jaso zuen. Hala ere, gau eskasa igaro genuen, kalean sekulako oihuak entzuten ziren, gazte talde bat alboko arkupeetan aterpetu baitzen gauari aurre egiteko.

Bi ostera labur egin genituen Urduñan zehar, biak euripean: bat larunbat gauean, afaldu aurretik, eta bestea hoteletik irtendakoan, beribilera bidean. Herri ederra begitandu zitzaigun Urduña, denboraren joanean apur bat baztertuta geratu baldin bada ere Euskal Herriko komunikabide nagusietatik. Ez dakit zergatik, baina iruditzen zait itzuliko garela paraje haietara, eguraldi hobearekin ere zoragarria izango da eta.

Saiatu ginen Interneten bidez informazioa jasotzen eta erreserba egiten, baina ezin. Aduana hotela, horrela deitzen baita Urduñako hotela, kate baten barruan dago Aisia Hotelak, baina hor sareko kontuak ez dira iristen ezta eskaparate huts izatera ere.

Interneten, eskas

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Tesirako gaia: Aurki.com

Aldatu egin dut nire doktore tesiaren aztergaia: euskal blogosfera barik, Aurki.com agregatzailea aztertuko dut, besteak beste Aurki.com delako gaur egun euskal blogosferaren ispilurik osoena.

Atzo bukatu genuen doktorego ikastaroaren lehen atala, arau metodologikoei dagokiena, eta hor etengabe aritu gara ikerkuntza proiektuak zehazten.

Ikusita nola lan egiten den doktore tesiarekin, iruditu zitzaidan hasieran aurkeztu nuen aztergaia, euskal blogosfera, zabalegia zela. Ohartu nintzen, halaber, jendeari izugarri kostatzen zitzaiola ulertzea zer den euskal blogosfera. Eta orduan pentsatu nuen, Aitor Zuberogoitia lankidearekin nengoela —bera izango da nire tesi zuzendaria hasiera honetan—, Aurki.com dela modurik egokiena irudikatzeko gaur egungo euskal blogosfera. Horratx aldaketaren zergatia.

Zergatik aldatu

Blogak izugarri ari dira hazten sortu zirenetik: iragan urriaren erdian 19,6 milioi blog zeuden munduan. Azken hiru urteotan bost halakotu egin da blogosfera. Euskal blogosfera ere, bere txikian, hazi egin da nabarmen, batez ere azken urtean.

Aurki.com

Hazkunde horrek oparotasuna dakar informazioaren ikuspegitik, inoiz ez bezalako oparotasuna eta aukera. Aitzitik, oparotasun hori pozoi bihur daiteke irakurlearentzat, gehiegizkoa den neurrian. Horra hor infoxikazioa hitz berria: intoxikazioa, informazio gehiegiak eragina.

Agregatzaileek, baina, lagun diezagukete informazio hori kudeatzen. Izan ere Bloglines eta Aurki.com bezalako agregatzaileek erabat aldatu dute irakurleok nola kudeatzen dugun informazioa Interneten.

Nire tesiaren helburua da zehaztea zer eragin izan duen Aurki.com agregatzaileak euskarazko prentsa elektronikoaren irakurleok nola kudeatzen dugun informazioa.

Helburua eta hipotesiak

Hiru helburu zehatz ere baditut, eta horiekin lotuta, beste horrenbeste hipotesi antolatu ditut, lanaren abiapuntu:

  1. Aurki.com agregatzailearen erabiltzaileek denbora gutxiago behar izaten dute informazio gehiagora iristeko.
  2. Aurki.com agregatzailearen erabiltzaileek errazago saihesten dute infoxikazio arriskua.
  3. Gaur egun, Aurki.com da Interneten argitaraturiko euskarazko prentsaren ispilurik osoena.

    Hauxe dut, oraingoz, punturik makalena hasierako lan honetan, baina gaingiroki aurreratuko dut nondik nora abiatuko dudan ikerkuntza lana.

Metodologia

  1. Agregatzaileak aztertuko ditut, eta zer eragin izan duten.
  2. Aztertuko dut euskarazko prentsa elektronikoaren egoera Aurki.com agertu aurretik.
  3. Aurki.com agregatzailea aztertuko dut.
  4. Ondorioak aterako ditut.

Ikusi duzuenez, aldatu egin dut hasierako asmoa. Mugatu egin dut gaia, eta aldatu ikerlanaren ikuspegia. Euskal blogosferak hor segitzen du, baina orain Aurki.com agregatzailearen leiarretik aztertuko dut. Hala ere, oraindik buelta asko ematen ari natzaio gaiari, eta, nork daki, baliteke aurrerago berriz aldatzea ikuspegia. Ez ikaratu hori gertatzen bada, ikasten ari naiz-eta nola egin ikerkuntza lana.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 3 iruzkin

Ibon Sarasola, berriro Interneten

Gustura irakurri nuen Ibon Sarasola berriro hasiko zela idazten Erabili.com-en, garai batean egin zuen moduan, astean behin. Oraingoan, baina, Ibonek aintzat hartu beharko luke Erramun Gerrikagoitiak Erabili.com-en egin dion proposamena, alegia, erantzun diezaiela irakurleek bere artikuluei egindako oharrei.

Ni bat nator Erramunekin, Internet elkarrizketarako plaza paregabea baita. Horrela denok irabaziko genuke, Ibonek berak (nahiz eta agian nekagarria ere gerta dakiokeen berari) eta irakurleok. Ea animatzen den, Ibonek oso estilo egokia baitu Interneterako: labur idazten du, eta zehatz. Eta ez zaio piperrik falta, edozein eztabaida hornitzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin