Tesirako gaia: Aurki.com

Aldatu egin dut nire doktore tesiaren aztergaia: euskal blogosfera barik, Aurki.com agregatzailea aztertuko dut, besteak beste Aurki.com delako gaur egun euskal blogosferaren ispilurik osoena.

Atzo bukatu genuen doktorego ikastaroaren lehen atala, arau metodologikoei dagokiena, eta hor etengabe aritu gara ikerkuntza proiektuak zehazten.

Ikusita nola lan egiten den doktore tesiarekin, iruditu zitzaidan hasieran aurkeztu nuen aztergaia, euskal blogosfera, zabalegia zela. Ohartu nintzen, halaber, jendeari izugarri kostatzen zitzaiola ulertzea zer den euskal blogosfera. Eta orduan pentsatu nuen, Aitor Zuberogoitia lankidearekin nengoela —bera izango da nire tesi zuzendaria hasiera honetan—, Aurki.com dela modurik egokiena irudikatzeko gaur egungo euskal blogosfera. Horratx aldaketaren zergatia.

Zergatik aldatu

Blogak izugarri ari dira hazten sortu zirenetik: iragan urriaren erdian 19,6 milioi blog zeuden munduan. Azken hiru urteotan bost halakotu egin da blogosfera. Euskal blogosfera ere, bere txikian, hazi egin da nabarmen, batez ere azken urtean.

Aurki.com

Hazkunde horrek oparotasuna dakar informazioaren ikuspegitik, inoiz ez bezalako oparotasuna eta aukera. Aitzitik, oparotasun hori pozoi bihur daiteke irakurlearentzat, gehiegizkoa den neurrian. Horra hor infoxikazioa hitz berria: intoxikazioa, informazio gehiegiak eragina.

Agregatzaileek, baina, lagun diezagukete informazio hori kudeatzen. Izan ere Bloglines eta Aurki.com bezalako agregatzaileek erabat aldatu dute irakurleok nola kudeatzen dugun informazioa Interneten.

Nire tesiaren helburua da zehaztea zer eragin izan duen Aurki.com agregatzaileak euskarazko prentsa elektronikoaren irakurleok nola kudeatzen dugun informazioa.

Helburua eta hipotesiak

Hiru helburu zehatz ere baditut, eta horiekin lotuta, beste horrenbeste hipotesi antolatu ditut, lanaren abiapuntu:

  1. Aurki.com agregatzailearen erabiltzaileek denbora gutxiago behar izaten dute informazio gehiagora iristeko.
  2. Aurki.com agregatzailearen erabiltzaileek errazago saihesten dute infoxikazio arriskua.
  3. Gaur egun, Aurki.com da Interneten argitaraturiko euskarazko prentsaren ispilurik osoena.

    Hauxe dut, oraingoz, punturik makalena hasierako lan honetan, baina gaingiroki aurreratuko dut nondik nora abiatuko dudan ikerkuntza lana.

Metodologia

  1. Agregatzaileak aztertuko ditut, eta zer eragin izan duten.
  2. Aztertuko dut euskarazko prentsa elektronikoaren egoera Aurki.com agertu aurretik.
  3. Aurki.com agregatzailea aztertuko dut.
  4. Ondorioak aterako ditut.

Ikusi duzuenez, aldatu egin dut hasierako asmoa. Mugatu egin dut gaia, eta aldatu ikerlanaren ikuspegia. Euskal blogosferak hor segitzen du, baina orain Aurki.com agregatzailearen leiarretik aztertuko dut. Hala ere, oraindik buelta asko ematen ari natzaio gaiari, eta, nork daki, baliteke aurrerago berriz aldatzea ikuspegia. Ez ikaratu hori gertatzen bada, ikasten ari naiz-eta nola egin ikerkuntza lana.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

3 erantzun Tesirako gaia: Aurki.com-ri

  1. egilea: Luistxo

    Aurkik ondare digitalarekin eta artxibo nazional batekin izan lezakeen erlazio ustez inposibleaz hitz egin behar dut datorren astean biltzar batean Bilbon. Nire erdarazko blogean komentatu dut.

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, Luistxo! Seguru nago erlazio inposible hori oso interesgarria izango dela. Ondo segi.

  3. Interesgarria zeure tesirako gaia Joxe! “Amaituta” daukazunean irakurtzea gustatuko litzaidake. Zorte on!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude