Agur Hire liburu dendari

Gaur du azken eguna Hire liburu dendak Arrasaten. Hori dela eta, atzo hatxe izan nintzen, eta hiru liburu eraman nituen, hango lagunen oroigarri:

Pilarrek dendaren zigilua ipini zidan ale bakoitzean, eta bere sinadura, nik horrela eskatuta. Oparitu ere oparitu zizkidan, berak horrela nahita. Eskerrik asko opariagatik, eta eskerrik asko urte luze hauetan eskainitako maitasunagatik. Faltan sentituko zaituztet.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Faxa

Atzo fax bat bidali nuen aspaldiko partez. Hiru urte izango ziren, bai, ukitu ere ez nuela egiten tramankulua, nahiz eta ordenagailuaren ondoan daukadan. Iruditu zitzaidan aspaldiko teknologia bat erabiltzen ari nintzela.

Mirenek-eta partida bat irabazten duten bakoitzean, fax bat bidali behar izaten da Bizkaiko Saskibaloi Federaziora. Eta nola aurten Bego den gure taldeko ordezkaria, bada guri tokatu hori egitea.

1995ean-edo erosi nuen faxa etxerako, eta bizpahiru urtez erruz erabili nuen. Orduan begitandu zitzaidan sekulako asmakizuna. Ordea, posta elektronikoa erabiltzen hasi nintzenetik, erabat baztertu nuen, izan ere, posta elektronikoak zaharkituta utzi zuen faxa. Federaziokoak, baina, oraindik ez bide dira horretaz jabetu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

BBBilbo

Atzo bilkura eguna genuen euskal blogariok Kafe Antzokian, Bilbon. Irratia.com-ek bost urte bete dituela-eta B&B 2.0 antolatu zuten irratiko lagunek. Joateko asmoa nuen, baina bezperan katarroa hartu nuen, eta atzo ia egun osoa ohean igaro.

Arratsaldeko 20:30ak inguruan, hala ere, txoritokira igo, eta bisita bat egin nuen hainbat blogetan: Sustatu, Gaztelumendi,org, Prospektiba eta e-gor, besteak beste, jo eta ke ari ziren, bilkuraren berri ematen. Hirugarrenaren zain geratuko naiz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Elorriok, irabazi

Aznenean gure neskatilek irabazi egin dute saskibaloian. Elorrio kt3k 29-23 irabazi dio Lauxeta Ikastola B taldeari. Amaitutakoan, Josu Blancok atera die argazki hau. Hortxe daude denak, Rocio eta Leti entrenatzaileekin batera.

Zutik ezkerretik hasita, Itsaso, Irune, Altea, Ziortza, Ane, Rocio, Elene, Miren A., Miren S. eta Leti. Belauniko ezkerretik hasita, Katxa, Leire, Irati, Ainhoa, Maddalen eta Edurne.

Zorionak neskak, eta eutsi goiari!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Círculo de Lectores

Atzo Xabier Mendiguren Elizegik deitu zidan, Elkar argitaletxeko editoreak. Esan zidanez, “Círculo de Lectores”:http://www.circulo.es/Contenido/Libros/Libros.asp elkarteak nire liburua aukeratu du bere aldizkarian eskaintzeko Euskal Herriko irakurleei. Antza denez, aldizkariak orrialde bat izaten du euskarazko liburuen berri emateko, eta hor joango omen da nirea, hurrengo alean.

Poztu nintzen, hori albiste ona delako liburuarentzat, horrela, seguruenik, gehiago zabalduko baita.

Hala ere, gauza batek eman zidan atentzioa: liburuaren azalpenetan ezabatu egin omen dituzte, erabat, Interneti buruzko azalpenak, irakurleak nahastuko omen direlakoan aipamen horiek irakurriz gero. Merkadotekniaren legeak izango ote dira?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 5 iruzkin

Aldatu izena Goienkariari

Goiena komunikazio taldeak oso esperimentu interesgarria abiatu du. Aprobetxaturik datorren urtetik aurrera Goienkariak edizio bakarra izango duela eta birdiseinatu behar dela goitik behera, Goienak erabaki du blog bat sortzea, Goienkaria berritzen, eta hor azaltzea birdiseinuaren gorabeherak. Nik badut proposamen bat birdiseinu taldearentzat, dakidan arren inposiblea dela.

Goio Arana diseinatzaile saritua eta Eneko Azkarate Goienkariako zuzendaria Irizar etxeko sotoan sartu dira, Goienkariaren egoitzan, Bergaran bertan, eta handik ematen ari zaizkigu beren lanaren berri: astekariaren historia, zergatik edizio bakarra, “aukeratutako tipografiak,” etab.

Nik inoiz ez dut aukerarik izan horrelako birdiseinu bat “zuzenean” jarraitzeko, eta iruditzen zait Euskal Herrian inork ez duela horrelako oportunitaterik izan, nik dakidala, gure artean sekula ez baita horrelako ezer irekian egin. Eta eskertzen diot Goienari, eta bereziki Goiori eta Enekori, aukera hori eskaini digutelako. Sinestuta nago aitzindari bihurtu direla birdiseinu kontuetan.

Nola bloga sortu duten irakurleekin elkar eragiteko, eta haien feedbacka jasotzeko, aprobetxatu nahi dut aukera proposamen bat egiteko, nahiz eta badakidan ez dutela onartuko: kendu Goienkaria izena, eta sortu beste bat.

Aldatu izena

Urte hauetan konturatu naiz Debagoienean inork gutxik ikasi duela Goienkaria izena esaten: Arrasaten batzuek Arrasate Press deitzen diote oraindik, beste batzuek Goiena, zenbaitek Goienaren periodikue, baina gutxik erabiltzen dute Goienkaria. Beraz, astekari bat dugu merkatuan, zeinaren 20.000 ale baino gehiago banatzen baitira astero Debagoienean, eta, hala ere, jendeak ez daki haren izena esaten.

Ez dakit zergatik gertatzen den hori. Akaso euskaraz gaizki eratuta dagoelako? Besterik gabe ez duelako arrakastarik izan? Jakin ez. Kontua da Goienkaria izenak ez duela arrakastarik izan.

Horregatik, eta aprobetxaturik birdiseinuak aldaketa handiak ekarriko dituela, ez bakarrik itxuran, baizik eta baita astekaria nola antolatzen den ere, proposatzen dut izena aldatzea. Orain da momentua izen egokiagoa aukeratu eta astekariari bultzada handiagoa emateko, denok jakin dezagun, pentsatu beharrik gabe ere, zein den gure astekariaren izena. Amen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 9 iruzkin

Flipe galanta CSSen kontura

Sarri sartzen naiz Igor Leturiaren blogean, e-gor blog, baina inoiz ez naiz sartu saltseatzera horko botoietan. Atzo Gari Araolazak erakutsi zidan nolako ahalmena duen blog horrek itxuraz aldatzeko, di-da batean, eta edukirik bat ere galdu gabe.

Igorren blogean sartu, eta eskuin aldean badu ataltxo bat, “itxura aldatu” deritzona. Hor zerrenda bat dator, “aldatu” botoiaren ondoan, eta edozein aukeratzen baduzue, eta gero botoian klik egin, ikusiko duzue nola blogak hartzen duen beste itxura bat, baina edukiak hor daudela. 26 aldiz egin ahal duzue aproba, 26 aukera eskaintzen baititu, denak diferenteak. Aupa zu, Igor!

Hori guztia CSSei esker. Eta zer dira CSS dontsuak? CSS ingelesez da Cascading Style Sheets, hau da, Estilo Orriak Kateka. Teknologia horri esker, sortu ahal ditugu webguneak zehaztasun askoz ere handiagoarekin. Dagoeneko hainbat eta hainbat liburu irten dira teknologia hori azaltzeko. Emaitzak, behintzat, ikusgarriak ditu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Martutene gogoan

Ziega1

Martutene gora eta Martutene behera, hasi paper zaharren artean bilatzen, eta aurkitu dut nire marrazki bat orain hogeita zortzi urte nire ziegari egina, espetxean sartu nindutenean.

Garaia aldizkarian nenbilen orduan, ikasketak amaitu eta gutxira. Frankismoaren azken urteak ziren, nahiz eta Franco ordurako hilda egon. Artikulu bat idatzi nuen, “Mondragón, la Guardia Civil a saco”, non kontatzen bainituen Goardia Zibilak Arrasateko Gurea zineman egindako gehiegikeriak, zinematokia jendez beteta zegoela Errobi taldeari entzuten. Ima Ezkiaga lankideak beste bat idatzi zuen, eta hark ere salatzen zituen Goardia Zibilak Villabona inguruan egindako gehiegikeriak. Goardia Zibilak biok salatu eta auzitegi militar batek espetxera bidali gintuen.

Astebete egin genuen Martuteneko espetxean, lehen hiru egunak bakarturik gela batean. Egun haietan nahi adina denbora izan-eta, gela marraztu eta bi liburu irakurri nituen: Zalakain el aventurero, Pio Barojarena,ío_Baroja eta Hiru gizon bakarka, Bitoriano Gandiagarena. Hantxe ezagutu nituen, halaber, ETA pm-ko zenbait kide, eta baita Komando Autonomoetako beste bat. Baita kontrabandista eskoziar bat eta nire herriko gizon bat, zeinak urteak zaramatzan preso bere emaztea hiltzen saiatzeagatik.

Orduko espetxea zaharra zen, oso. Beraz, ez dut pentsatu ere egin nahi nola egongo den gaur egun.

Ziega2

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Noizko pilota estandarrak?

Atzo pilota partida bat ikusi nuen telebistan, Aimar Olaizola eta Titin III pilotariek jokatu zutena. Eta aspaldiko arazo bat agertu zitzaigun berriro: pilotak erabakigarriak izan daitezke.

Tenisean, beisbolean edo mahaiko tenisean ez bezala, non denek jokatzen baitute pilota estandarrekin, hau da, pisu eta testura berdinekoekin, euskal pilotan jokalariek aukeratu egiten dute bakoitzak bere gustuko pilotak: batzuek astunak eta motelak, besteek arinak eta biziak…

Kontua da nork zer pilota aukeratzen duen, partidak kolore bat edo beste har dezakeela, atzo gertatu zen bezala. Bote biziko pilota izan zuen bitartean, Titinek egurra eman zion Olaizolari, 11-3. Aldiz, honek pilota aldatu zuenean, 12 tanto egin zituen segidan.

Euskal pilotak arazo hori konpontzen ez duen bitartean, ez du sinesgarritasunik irabaziko, enpresek nahi erara manejatzen dituzte-eta partidak, ia-ia erabakitzeraino nork irabazi.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Epaiketarik ez!

Gaur aztertuko da Espainiako Auzitegi Nazionalean Egunkaria auziko zazpi auzipetuek aurkeztutako helegitea. Hori dela eta, elkartasuna erakutsi nahi diet auzipetuei, eta ozen eskatu blog xume honetatik bakean utz ditzatela, epaiketa horrek ez baitu ez hankarik ez bururik. Eta zuei —Martxelo, Joan Mari, Pello, Iñaki, Xabier biak eta Txema— besarkada handi bat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin