Jakin aldizkariak, mende erdi

Jakin aldizkariak 50 urte bete ditu, mende erdia. Nik lau urte nituela sortu zuen seminarista talde batek Arantzazun. Gorabehera dezente izan zituen, batez ere hasieran, baina sekulako eragina izan du euskal kulturan. Eta nigan ere bai.

Denetik ikusi du Jakin aldizkariak urte horietan. Joan Mari Torrealdaik honela azaldu ditu urte hauek, azken alean:
Bide luzea 1956tik 2006ra doan bidea! Mundu oso bat ikusi du aldatzen: ciclostila eta interneta, Francoren autarkia eta amerikarren glogalizazioa, zentsura eta informazio gehiegizkoaren desinformazioa, maisu pentsalarien garaia eta adituen garaia, euskararen debekua eta euskararen ofizialkidetasuna, ideologien loraldia eta desideologiaren basamortua. Lagun batek dioenez, azken 50 urteotan gehiago aldatu omen da mundua aurreko 500etan baino.

Zenbakiek ere ez dute gezurrik esaten: 196 zenbaki, 27.000 gora orrialde, 2.300 lan baino gehiago (tartean bat nirea, Herri aldizkari baten tajuketa, 1992an argitaratua) eta milatik gora lankide. Bada zerbait. Hala ere, kontsulta moduan erabili izan dut Jakin batez ere. Edozein gairen inguruan informazioa behar nuenean, Jakinera jotzen nuen.

Berrogeita hamarren urteurrena ospatzeko, Jakinek berritu egin ditu bai aldizkaria, baita webgunea ere. Azken honek aukera eskaintzen du aspaldiko aleak arakatzeko, PDF formatuan ditu-eta gordeta.

Nire partetik, zorionik beroenak Jakin egin duten eta egiten duten guztiei. Harro egon daitezke egindako lanarekin. Eutsi goiari!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Debarroa

XX. mende hondarrean gure lurraldean aldatu egin zen paraje hura izendatzeko modua. Ordua arte Deba Garaia eta Deba Behea erabili genituen, baina harrezkero, Debagoiena (Leintz Gatzagatik Osintxura) eta Debabarrena (Osintxu-Eibartik Debaraino). Oraindik orain Euskaltzaindiak berretsi egin ditu garai hartako aholkuak.

Egun hauetan Euskaltzaindiaren Euskera aldizkaria jaso dut, eta Onomastika atalean horren berri ematen du, euskal akademiak Gipuzkoako herri izendegia aurkeztu duela-eta. Akademiak Debarroa hobetsi du Deba Ibarra izenaren kaltetan, Deba ibaiak bustitzen dituen lurrei deitzeko. Eta, antza denez, ez du ontzat jotzen eskualde osoari Deba bailara deitzea.

Badaezpada deitu diot Sergio Azkarateri, bera baita euskara zuzentzailea Goiena Komunikazio taldean, eta hark ere berretsi egin dit Euskaltzaindiaren erabakia, beraiek ere horrela erabiltzen dute izen multzo hori. Xuxeni ere egin diot kontsulta, baina hor gorriz agertzen zaizkit Debagoiena, Debabarrena eta Debarroa, hirurak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

101 vascos y medio

Egun hauetan irakurri dut Mitxel Ezquiaga kazetariaren azken liburua, 101 vascos y medio. Alberdania argitaletxeari gaztelaniaz irakurri diodan lehen liburua. Liburuak 101 vascos y medio du izenburua, baina izan zitekeen 101 donostiarras y medio, liburuan agertzen diren pertsona gehienak agertzen baitira Donostiarekin duten harremanagatik.

Mitxel Ezquiaga Donostian jaio zen, nahiz eta Tolosan ere sustrai sakonak dituen. Hori dela eta, tolosar mordoa aurkezten ditu liburu honetan, Donostian lekututako tolosarrak. Hori da Gipuzkoa Mitxel Ezquiagarentzat. Inoiz Goierriraino iristen bada, “Gipuzkoa sakona” deitzen dio horri. Debarroko eta Urolako alerik apenas agertzen den.

Inork ez ditu liburu honetan aurkituko Alberto Iñurrategi, Jabier Retegi, Jose Mari Velez de Mendizabal, Jesus Catania, Jon Sarasua, Josean Sagastizabal, Jesus Mari Lazkano, Juan Martin Elexpuru, Luistxo Fernandez, Juanito San Martin, Felipe Juaristi edo Pello Zabala, besteak beste. Jakina, berak aukeratzen du noren gainean idatzi, baina argigarria da batzuek nola ulertzen duten Gipuzkoa.

Bestela, liburua nahiko gustura irakurri dut, eta argi dago pertsonaia horien gainean bezainbat bere buruaz idazten digula Mitxelek. Ez da txiripa: denetan artikulurik onena azkena iruditu zait, bere buruaz idatzi duena. “Soy timido, pero escribo de mí porque soy el hombre que mejor conozco” dio, eta arrazoi osoz. Alde horretatik, eta neurria ere hartua diolako artikuluen luze-laburrari, blogari ona izan liteke Mitxel Ezquiaga.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Elkarlana

Atzo egun berezia izan zen Mondragon Unibertsitatean: arratsaldeko 17:00etan, webgune berria estreinatu genuen. Beta bertsio bat, osatu gabea, baina lan eta neke askoren ondorio. Orain hiru aste hasi ginenean lanean, helburu estu bat ipini genuen mahai gainean: martxoaren 13rako zerbait egon behar zen sarean, ikasleak garai horretan hasten baitira pentsatzen zein unibertsitatetan ikasiko duten hurrengo ikasturtean. Bi enpresak egin dute lan hori, eta, egia esan, bikain portatu dira, aintzat hartuta inoiz elkarrekin lan egin gabeak zirela, eta kultura oso bestelakoetan edaten dutela.

Beharbada hori izan da elementurik deigarriena esperientzia honetan, nola konpondu diren Vocento Mediatrader eta CodeSyntax proiektu horren lehen aldia di-da batean egiteko. Batzuk Zamudion, besteak Eibarren, erakutsi digute ohitura, teknologia eta enpresa kulturen gainetik, gizakiok balio dugula elkarlanerako, baldin eta borondaterik badago horretarako. Eta emaitza begi bistan dago, webgune sinplea, argia eta erabilerraza.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Camino

Egun hauetan, Writely programan ezin sarturik nenbilela-eta, Camino nabigatzaile berria jaitsi dut Mozilla Fundaziotik, ohar batek esaten baitzidan Caminorekin ondo sartuko nintzela sareko testu prozesadorean. Nire harridurarako, erabateko nabigatzaile bat aurkitu dut, erabilerraza, dotorea, eta bizkorra.

Mozilla Fundazioak egin du Camino, Mac sistema eragilearentzat, eta, egia esan, oso nabigatzaile ona da. Safarin dauzkadan laster-markak inportatu ditut eta nabigatzailearen barran atondu, txukun-txukun. Esperientzia atsegina izan da niretzat, trakets samarra bainaiz horrelako gauzetarako, baina Caminorekin erraz egin dut dena.

Mac erabiltzailerik baldin badago zuen artean, kontuan hartu Camino, alternatiba bikaina baita Safarirentzat. Une hauetan, nabigatzaile hauek dauzkat instalatuta: Safari, Camino, Firefox, Opera eta IE. Aurrerantzean, lehen biak erabiliko ditut gehien, baina Camino izango da besterik ezeko nabigatzailea nire ordenagailuan, alegia, mezu batean klik egiten badut lotura batean, Camino irekiko zait, eta ez Safari, orain arte bezala.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Bilduma interesgarria

Egun hauetan liburu bat erosi dut Amazon liburu dendan, baina Peachpit Press argitaletxeak kaleratua: Creating Keynote Presentations with iWork. Erosi nuen ikasi nahi dudalako Keynote erabiltzen, programa bat Apple enpresak aurkezpenak egiteko egina, eta pare bat egunean liburua irakurri eta programan saltseatu ondoren, pozik geratu naiz erosketarekin.

Liburua bilduma erakargarri batean dator, Visual QuickProject, zeinek antolatzen baititu liburuak proiektu baten inguruan, grafiko eta azalpen oso argiekin. Hori dena koloretan. Liburu txikiak dira —erosi dudanak 146 orrialde ditu—, eta xehetasun tekniko gutxi dakar, inor ez itotzeko. Hona hemen bildumako beste izenburu zenbait.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Ospitalea eta zezen plaza

Nire gelatik bi ikuskizun nituen nabarmen: Santanderko badia eta zezen plaza. Lehena alderik alde agertzen zitzaidan. Bigarrena, bideaz bestaldean. Valdecillako ospitalean egin nuen denboran, hantxe egongo ziren, eguneroko ikuskizun. Jaiak ziren Santanderren, eta, lehen egunetan, gela normal batean nengoela, entzun egiten ziren jendearen txaloak eta orruak, besteak beste Jesulin de Ubriquek toreatzen baitzuen han. Hemen duzue hango argazki bat, satelitez egina, eta Tagzanian gordea.

Sorry, your browser doesn’t support iframes.

Oraindik gogoan dut: lehen gauean anbulantzien ulu etengabeak harritu ninduen. Bazirudien Kantabriako gaixo eta kolpatu guztiak Valdecillako ospital hartara ekartzen zituztela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Luzamenduak

Egun batez, konpainia on batean, euskaldunik baizen ez zen lekuan nengoela, ekarri zuen solasak, izan zen perpausa, ez zuela deusek ere hainbat kalte egiten herri honen etorkizunerako, eta ez osasunerako ere, nola bakea geroko uzteak, egunetik egunera, biharretik biharrera luzatzeak.

Ia bi urte joan dira PPko gobernuak hauteskundeak galdu zituenetik Madrilen, 1.000 egun pasatxo ETAk ez duela inor hil. Zerbait aldatu da, baina lehengoan segitzen dugu, zeren ETAk ez du inor hil, baina bai bonbak ipini eta estortsio gutunak bidali. Hildakoak, ordea, espetxeetan gertatu dira, oraindik argitu gabe nola.

Badirudi sokatiran ari direla batzuk eta besteak (espetxe zigorrak luzatu, kale borroka piztu, egurra manifestariei, greba eguna, aspaldi entzun gabeko zipaio iraina berriro…), baina baten batek larregi teinka dezake soka, eta dena pikutara joan.

Baldin egin balitz Euskal Herrian hainbat ahalegin, nola egin baita Irlandan, hango hura bezain itxaropentsu izanen zen hemen egoera ere, eta baldin hala ez bada, euskaldunek berek ere badute falta, ez soilik Madrilek.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Tio Felix

Larunbatean hil zen Felix Aranzabal, Angiozarko Itsua, guretzat tio Felix, aitaren anaia baitzen. Umetan nire heroietako bat zen tio Felix. Urtero pare bat aldiz ikusiko genuen elkar, maiatzaren 15ean, sanisidroetan —orduan gurean egiten zuen lo—, eta abuztuaren 24an, sanbartolometan, Aguleta baserrian, Angiozarren.

Haren etorrera festa seinale izaten zen gurean. Sozietatean, kioskoan eta baita kalean zehar ere, berak ipiniko zuen musika. Askotan, gainera, bertsolariak izaten zituen inguruan, haiek ere festa girotzen. Alaia zen, baina gainerako guztiok uju eta aja genbiltzan bitartean, bera lanean zintzo demonio.

Gozo hitz egiten zigun beti, eta beti euskaraz. Sasoi batean, ni euskara ia erabat galduta nuela, etxetik alde egin nuen behin baino gehiagotan —agurtu, eta ospa kalera—, lotsatuta berarekin ezin nuelako euskaraz egin. Geroago, euskara berreskuratuta, berriro gozatu nuen haren elkarrizketaz.

Fernando, Peli eta Aitor gure lehengusuei, eta beren familiei, besarkada handi bat. Gugan bego.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Dopina eta iluntasuna

Atzo Euskadi Irratian entzuna, eta herenegun Radio Euskadin, Kaiku taldeko txirrindulari bati gertatutakoaz: “Ritxi Serranok ez zuen gainditu osasun azterketa”, eta, horregatik, Murtziako itzulia jokatu ezinik geratu da. Noski, eufemismo bat zen, eta beste zerbait ezkutatzen zuen.

Albistea landu bitartean, behin eta berriro errepikatu zuten: “Ritxi Serranok ez zuen gainditu osasun azterketa”, bat ere aipatu barik zertan ez zuen gainditu zorioneko osasun azterketa.

Horrela esanda, pentsa zitekeen Ritxi Serrano gripeak jota zegoela edo sukar handia zuela edo… esatariek aipatu nahi ez zutena, eta Berria egunkariak garbi asko zekarrena, alegia, Ritxi Serranok gainditu egin zuela hematokrito tasa bere odolean, eta hori, gehienetan, gertatzen dela kirolariak EPO edo antzeko zerbait hartzen duenean, hau da, dopatzen denean.

Zertara dator hain ilun hitz egitea dopin kontuak tartean direnean? Akaso Kaiku enpresak EITBn publizitatean gastatzen duen diruagatik?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1