Debarroa

XX. mende hondarrean gure lurraldean aldatu egin zen paraje hura izendatzeko modua. Ordua arte Deba Garaia eta Deba Behea erabili genituen, baina harrezkero, Debagoiena (Leintz Gatzagatik Osintxura) eta Debabarrena (Osintxu-Eibartik Debaraino). Oraindik orain Euskaltzaindiak berretsi egin ditu garai hartako aholkuak.

Egun hauetan Euskaltzaindiaren Euskera aldizkaria jaso dut, eta Onomastika atalean horren berri ematen du, euskal akademiak Gipuzkoako herri izendegia aurkeztu duela-eta. Akademiak Debarroa hobetsi du Deba Ibarra izenaren kaltetan, Deba ibaiak bustitzen dituen lurrei deitzeko. Eta, antza denez, ez du ontzat jotzen eskualde osoari Deba bailara deitzea.

Badaezpada deitu diot Sergio Azkarateri, bera baita euskara zuzentzailea Goiena Komunikazio taldean, eta hark ere berretsi egin dit Euskaltzaindiaren erabakia, beraiek ere horrela erabiltzen dute izen multzo hori. Xuxeni ere egin diot kontsulta, baina hor gorriz agertzen zaizkit Debagoiena, Debabarrena eta Debarroa, hirurak.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

2 Responses to Debarroa

  1. egilea: ibai

    Beste toponimo bat da nik ulertzen ez dudana. Leintz ibarrari “Leintz Bailara” deitzen zaio. Eta ez dut ulertzen zergatik:

    Arrasaten Leintzibar izeneko kalea dago, Aretxabaleta eta OƱatin Ibarra futbolzelaiak, Aramaioko herri nagusia Ibarra da, Eskoriatzan Ibarraundi museoa dugu…

    Zergatik “bailara” eta ez “ibarra”? Valle de Leniz itzultzerakoan valle-tik bailara-ra aldaketa txikiagoa delako?

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    > Zergatik “bailara” eta ez “ibarra”? Valle de Leniz itzultzerakoan valle-tik bailara-ra aldaketa txikiagoa delako?

    Iruditzen zait, baietz. Hemendik aurrera, berriz, Goienkariaren eraginez, baliteke ibarra gehiagotan erabiltzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude