Lila Downs

Aurtengo Musikaire jaialdiak amaiera ezin hobea izan du: Lila Downs abeslari mexikarra. Elorrioko plaza mukuru bete zen, eta, bi orduz giro berezia sortu zen gure artean. Aurretik ez nuen ezagutzen Lila Downs, baina izugarri gustatu zitzaidan: emakume indartsua ikusi nuen, sentiberatasun handikoa eta nortasun sendokoa. Abeslari moduan ere, aparta, bere taldea bezalakoa. Jaialdi gogoangarria. (Argazkia: Jose Felix Diaz de Tuesta).

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Atarikoen bazkaria

Atzo gauen Lila Downs abeslari mexikarraren kantaldi zoragarria gozatu eta gero, gaur bazkaria egin dugu Berrio-Otxoa 41eko auzotarrok, guztira 12 lagunek. “Aitor Larrañagak”:http://enezerak.blogspot.com/ prestatu du bazkaria, ezin hobeto. Besteok ohore egin diogu mahai gainean ipinitakoari, eta ezin hobeto igaro dugu. Eskerrik asko, Aitor, Bego eta Miren!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Orixeren gutunak

Atzo, Gasteizen nengoela, liburudenda batean sartu eta liburu berri bat ikusi nuen: Orixe. Gutunak (1917-1961), Paulo eta Ibai Iztuetak prestatua. Esku artean hartu, eta, ustegabean, Orixek Telesforo Monzoni idatzitako gutun baten hasiera hau irakurri nuen:
Etsai leiala: Olaxe, olaxe! Etsaiak aurpegiz. Ederki elkartu zera nere etsairik aundienarekin, ark prantsesez diona zuk euskeraz esateko. Orixen esan oi dana, zuek bai, biok kaka zulo batetik egiten duzutela!

Orixeren diplomazia goren graduan. Hori irakurri bezain laster erabaki nuen erostea, eta gaur horrekin nabil. Harrituta nago, hala ere, zenbat gutun idatzi zituen Orixek gaztelaniaz, baita euskaraz ondo zekien jendeari ere.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Spam inbasioa

Nola edo hala aurre egin behar azken egunotako spam inbasioari —egun batean 945 erantzun itsatsi zitzaizkidan Faroan, denak spam nazkagarria—, CodeSyntax eta Goiena.net enpresek hesi bat ipini diete intrusoei, bere blogetan sartzen direnei. Hori dela eta, hemendik aurrera, blog honetan erantzun bat utzi nahi duzuenen guztiok galdera bati erantzun beharko diozue erantzuna argitaratu aurretik: “zenbat dira 2 + 3?” Galdera mezuaren testu azpian aurkituko duzue.

Horrekin, seguru nago traba handia ezarriko diegula spamgileei. Horien robotek asmatuz gero trikimailua, aldatu besterik ez legoke bai galdera eta baita erantzuna ere. Arazorik bazenute, jakinarazi, mesedez, kontaktu orrian mezu bat bidalita, eskuineko zutabean, faroaren azpian.

Beste batzuek ere izan dute arazo antzekorik, Karrajua blogak esate baterako, eta horrek ere antzeko trikimailu bat erabili du spama geldiarazteko, captchak direlakoak. Berak bezala, nik ere espero dut trikimailua dela-eta ezer interesgarririk ez galtzea erantzunetan.

Bi egunean, traba hori ezarri dugunetik, desagertu egin dira, ia, spamak erantzunetan. Hala ere, oraindik geratzen beste spam batzuk, tracbacketan itsasten direnak. Horientzat CodeSyntaxek badu beste erremedio bat, baina a posteriori. Eskerrik asko, beraz, Goienari eta CodeSyntaxi, egindako lan onagatik.

Tracbakck zaborra

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 6 iruzkin

Omenaldia Fernandori

Larunbat arratsaldean Eibarren izan nintzen, beste jende askorekin batera, Fernando Muniozgureni egindako omenaldian. Ekitaldi ederra izan zen, Eibarko lagunek batez ere, eta Euskal Herriko euskaltzale askok egindakoa. Igartzen da eibartarrak ohituta daudela horrelako omenaldiak egiten, frankismo garaian ere hileta zibilak egiten baitziren han. Gainera, leku aproposa dute horretarako, Txantxa Zelaiko auditorioa. Gainerako herrietan ere izendatu beharko genituzke leku batzuk horretarako, gero eta gehiagok nahi dugu-eta hil ondokoak elizatik kanpo egin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Agerkari digitalak, Euskadi Irratiaren arabera

Euskadi Irratiak gero eta gehiago jotzen du agerkari digitaletara, batez ere berauetan agertzen diren izenburuak irakurtzeko (albistegietan) eta aipamenak egiteko (bestelako irratsaioetan), baina agerkari digital horiek bakarrik dira paperezko edizioak dituzten egunkarienak. Agerkari digital hutsak, digital moduan sortu zirenak paperezko edizio barik, Sustatu esate baterako, aipatu ere ez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Gu bai sektarioak!

Francoren kontra ez ginen hobeto bizi. Diktadoreak biltzen gintuen, despota hura egotzi nahi genuelako agintetik, baina elkarri mokoka ibiltzen ginen, zein abertzaleago edo zein iraultzaileago, eta gaitzetsi egiten genituen gure iritzietatik kanpo zihardutenak. Ni ere saltsa horietan ibili nintzen, eta ez nago bat ere harro egindakoaz.

Joan den ostiralean lagun batzuk etorri zitzaizkigun Gernikatik gurekin afaldu eta Musikairek antolatutako jaialdiaz gozatzera. Batek goraintziak eman zizkidan unibertsitate garaian nirekin ibilitako lagun baten partetik. Deustuko Unibertsitatean ikasi genuen elkarrekin, eta elkarrekin aritu ginen Euskal Kultur Mintegian, unibertsitatean bertan euskara eta euskal kultura bultzatu guran.

Azaldu nion Gernikako lagunari garai hartan gure arteko liskarrak etengabeak zirela Euskal Kultur Mintegian. Haiek Aresti ekarri nahi bazuten, guk ezetz, espainolista hutsa zelako. Berdin Oskorrirekin, antzeko arrazoiengatik. Kasu horietan gu ginen puruetan puruenak.

Gaur atzera begiratzen dut, eta lotsatu egiten naiz. Tartean aukera izan dut Aresti hobeto ezagutzeko eta Oskorriren ibilbideaz gozatzeko, eta zortea izan dut tratatzeko Alderdi Komunista, EMK nahiz LKI alderdietan ibilitako zenbait lagun, eta konturatu naiz zein oker genbiltzan eta zein erraz kondenatzen genuen jendea, nahiz eta haiek guk beste edo gehiago maite zuten gure herria.

Hala eta guztiz ere, gure arteko harremana inoiz ez da eten, oso noiz behinkakoa izatera iritsi bada ere. Batzuetan nahikoa izan da batak besteari goraintziak helaraztea, oraingoan bezala. Eskerrak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Fernando gogoan

Minbiziak eraman du Fernando Muniozguren, argazkian Koldo Zuazorekin eta Juan Manuel Etxebarriarekin batera. Orain urtebete-edo berarekin elkartu nintzen Zarautzen. Elkarrekin bazkaldu genuen, eta orduan esan zidan buruan ebakuntza eginda, laster hasiko zela tratamenduan, aurre egiteko minbiziari. Oso baikor eta sendo aurkitu nuen orduan. Orduko elkarrizeta haren ondorioz Fernandok blog bat sortu zuen, Hau ta hori ta bestia, joik buruakin postia eta hor, tarteka, utzi dizkigu bere hausnarketak. Azkena martxoaren 6an idatzita.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

ETAren hautsa

Erosi bezain laster, eskuetatik kendu ezinik ibili naiz Joseba Zulaika ikertzailearen azken liburua, hain egin zait interesgarria eta originala. Nire uste apalean ETAren hautsa da azken urteotan euskaraz idatzi den saiorik onena, distiratsuena eta gaurkoena.

“Kristo, Lenin edo ETArekin identifikatzeak hondamendi hutsa gertatu zitzaiguneko belaunaldikoak gara gu”, dio Joseba Zulaikak liburuan, eta egia esan, hortik abiatu da egilea aztertzeko Euskal Herriaren egoera ETAk su-eten iraunkorra aldarrikatu zuenetik.

Euskal nazionalismoa aztertzen du Joseba Zulaikak, eta horretarako hainbat sinbolo baliatzen ditu, hala nola, Lauaxeta, Txabi Etxebarrieta, Ernest Lluch, Telmo Zarra eta Jokin Gorostidi, besteak beste. Noski, ETAren bilakaera du aztergai, eta horretarako pentsalari, idazle, poeta eta kantari mordo batez profitatzen da. Zenbait kasutan, ur sakonetan sartu denean, kostata egin dut igeri —eta horretan uste dut baduela zerikusirik euskara zenbaitetan gordinak—, baina beti egin dut aurrera, gaiak berak, eta Josebaren begiradak harrapatuta.

Idazle trebea denez gero, egileak oso ondo txertatu ditu liburuan azken orduko gertakari esanguratsuak: ETAren su-etena, Zarra futbolariaren heriotza, Judaren ebangelioa eta Jokin Gorostidiren heriotza, denak azken hirui hilabeteotan gertatuak. Horiek, baina, zelofan dotorea eta gaur-gaurkoak dira janzteko aldamio sendo eta zindo bat, liburu honen nondik norakoak oinarri sendoetan bermatzen baitira, gertakari puntualetatik harago.

Gaurkotasun handikoa

Baikortasun erabatekoa dario liburuari, nahiz eta zenbaiti gogorra egingo zaion azken zatia, non Josebak proposatzen duen Euskal Herriaren pizkunde bat, hirugarrena, hasierako ETAren planteamenduetan oinarritua. Horretan ausarta izan da, oso, nola ausarta izan baita euskal nazionalismoaren disekzioa egiterakoan, gupidarik gabe batzuetan, maitasunez askotan eta ironiak zipriztindua.

Klase politikoa derrigortuta dago liburu hau irakurtzera, baita kazetariak, tertulianoak, irakasleok, presoak, ikasleak eta gure herria maite duten guztiak. Ezinbesteko irakurketa uda honetarako.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Google Analytics

Atzo ikastaro batean izan nintzen Gasteizen, nola atera etekinik handiena Google Analytics programari. Bost orduko saioa izan zen, Multiplica enpresako bi lagunek emanda, Araba Enpresa Digitala erakundearen babespean. Burua datuz beteta, baina gustura itzuli nintzen, Google Analytics aparta baita.

Nik interesa dut programa horretan, berau erabiliko dugulako neurtzeko zer trafiko dabilen Mondragon Unibertsitatearen webgune berrian. Hala ere, atzoko entzule gehienak informatikariak ziren, eta ikastaroaren zati handi bat haiei zuzendu zitzaien.

Banuen programa horren berri azalekoa, baina harrituta itzuli nintzen zelako posibilitateak eskaintzen dituen webgune bateko trafikoa jakin eta horren arabera neurriak hartzeko erakundearen marketinean eta webgunearen diseinuan edo kudeaketan. Orain apunteak berriro irakurri, eta batez ere programan saltseatu egin behar dut, ikasitakoa ahantzi ez eta programa ganora apur batez erabiltzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin