ETAren hautsa

Erosi bezain laster, eskuetatik kendu ezinik ibili naiz Joseba Zulaika ikertzailearen azken liburua, hain egin zait interesgarria eta originala. Nire uste apalean ETAren hautsa da azken urteotan euskaraz idatzi den saiorik onena, distiratsuena eta gaurkoena.

“Kristo, Lenin edo ETArekin identifikatzeak hondamendi hutsa gertatu zitzaiguneko belaunaldikoak gara gu”, dio Joseba Zulaikak liburuan, eta egia esan, hortik abiatu da egilea aztertzeko Euskal Herriaren egoera ETAk su-eten iraunkorra aldarrikatu zuenetik.

Euskal nazionalismoa aztertzen du Joseba Zulaikak, eta horretarako hainbat sinbolo baliatzen ditu, hala nola, Lauaxeta, Txabi Etxebarrieta, Ernest Lluch, Telmo Zarra eta Jokin Gorostidi, besteak beste. Noski, ETAren bilakaera du aztergai, eta horretarako pentsalari, idazle, poeta eta kantari mordo batez profitatzen da. Zenbait kasutan, ur sakonetan sartu denean, kostata egin dut igeri —eta horretan uste dut baduela zerikusirik euskara zenbaitetan gordinak—, baina beti egin dut aurrera, gaiak berak, eta Josebaren begiradak harrapatuta.

Idazle trebea denez gero, egileak oso ondo txertatu ditu liburuan azken orduko gertakari esanguratsuak: ETAren su-etena, Zarra futbolariaren heriotza, Judaren ebangelioa eta Jokin Gorostidiren heriotza, denak azken hirui hilabeteotan gertatuak. Horiek, baina, zelofan dotorea eta gaur-gaurkoak dira janzteko aldamio sendo eta zindo bat, liburu honen nondik norakoak oinarri sendoetan bermatzen baitira, gertakari puntualetatik harago.

Gaurkotasun handikoa

Baikortasun erabatekoa dario liburuari, nahiz eta zenbaiti gogorra egingo zaion azken zatia, non Josebak proposatzen duen Euskal Herriaren pizkunde bat, hirugarrena, hasierako ETAren planteamenduetan oinarritua. Horretan ausarta izan da, oso, nola ausarta izan baita euskal nazionalismoaren disekzioa egiterakoan, gupidarik gabe batzuetan, maitasunez askotan eta ironiak zipriztindua.

Klase politikoa derrigortuta dago liburu hau irakurtzera, baita kazetariak, tertulianoak, irakasleok, presoak, ikasleak eta gure herria maite duten guztiak. Ezinbesteko irakurketa uda honetarako.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

4 Responses to ETAren hautsa

  1. egilea: patxi lurra

    “Klase politikoa derrigortuta dago liburu hau irakurtzera, baita kazetariak, tertulianoak, irakasleok, presoak, ikasleak eta gure herria maite duten guztiak. Ezinbesteko irakurketa uda honetarako.”

    “ETAren hautsa” best-seller bilakatuz gero, Arzalluz edo Otegiren inguruan gazteleraz idatzitako liburu bi horiek legez, oso seinale ona izango zan euskaradunondako. Heldutasun seinale izango zan, euskal hiztun praktikanteen kopurua handitzen doianaren seinale.

    Obrigado gomendioagaitik, Joxe.

  2. egilea: iturri

    Liburua irakurtzeko gomendioa eman zidan lagun batek eta zure mezu hau irakurri ondoren, ea aste bukaeran erosten dudan.

    Eskerrik asko.

  3. egilea: patxi lurra

    Neuri gehiago kostau egin jat liburua irakurtzea, eta batzuetan kontu filosofikoetan galdu egin naz. Baina mezua argia eta garbia da, eta literatura erreferentziekin gozatu dot, besteak beste. Oso saio potentea, zalantza barik, eta lehen argitalpena euskarazkoa izatea sekulako luxua da. Agortu behar zan gaztelerazkoa atara aurretik eta irakurrienen zerrenda haietan agertu, erdaldunei jakinmina piztearren, tartean.

    Beste aukera bat da euskarazko produktu kalitatezkoen aurrean euskaldunen jarrera aztertzekoa. Hamaikagarrena.

  4. egilea: morrosko

    Joxean, zer diren gauzak, niri su-etenaren etenean suertatu zait liburuaren azkenetara heltzea. Ikaragarria, orrialdeak pasa ahala, argi izpi bat topatzen nion egunotako desoreka beltzari. Amaitu berritan, aholkatzea besterik ez zait geratzen, kontzeptu asko eta asko guztiz interesgarriak begitandu zaizkit: errepikapena, pizkundea, hondakinak, errautsak, … Ikaragarri..  

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude