Tostoia 2.0

Atzo ireki zen modu ofizialean 2008-2009 ikasturtea
Mondragon Unibertsitatean. Ekitaldia hasi orduko ikusi nuenez luze joko
zuela, mapa kontzeptual bat egiten hasi nintzen gure departamenduan
sortu berri dugun Glosategiaren inguruan: zertarako, zabalkundea, barne
sustapena, erabilerak, etab. Konturatu orduko, estrategia oso bat nuen
antolatuta.

Txosten akademikora iritsi ginenean, arretaz entzun
nion David Sanchez lankideari, Web 2.0 izan baitzuen hizpide, nahiz eta
berak beste modu batean izendatu zuen: “2.0 enpresa: atomoetatik eta
bit-etatik harantzago”. Ondo egon zen David, baina ez dakit
zenbateraino ulertu zioten hango askok.

Berriro nire mapan
murgilduta nengoela, Iosu Zabala errektorearen hitzek asaldatu
ninduten. Natibo digitalez eta etorkin digitalez hasi zen hitz egiten,
eta bien artean dauden aldeez. Harritu egin nintzen, uda honetan asko
irakurri dudalako gai horren inguruan, Marc Prenskyk behin eta berriro
aipatzen baititu kontzeptu horiek bere azken liburuan. Geroago,
Mendeberri 2.0 ere aipatu zuen errektoreak, argi du-eta Mendeberri
egitasmo pedagogikoari erantsi nahi dizkiola Web 2.0 teknologiak, hauek
partehartzea eta partekatzea baitakarte.

Eskerrak ordurako nire
mapa kontzeptuala ia amaitua nuen, zeren orduan Juan Jose Ibarretxeren
txanda etorri zen, eta lehendakariak ez zigun atsedenik eman.
Spielbergen filmetan nola, ezustekotik ezustekora eraman gintuen:
Zapaterori egurra eman zion, “latigo”, gainera, nire lagun batek esaten
duen moduan; nazioarteko finantza sistemari ere, egurra; zer esanik ez
Europako Batasunari, bere politika ekonomikoagatik. Lo zeudenak esnatu
egin ziren, eta aspertuak, piztu. Adrenalina jaisteko, berriz, bukaeran
musika klasikoa.

Zenbait lankideri ez zitzaien ondo iruditu
Ibarretxeren portaera, unibertsitate ekitaldi batean hitz egin zuelako.
Niri, berriz, berdin dit, denek baliatzen baitituzte horrelako
ekitaldiak beren espitxak egiteko. Hori bai, denok bat etorri ginen:
ekitaldia tostoi galanta izan zen, bi ordu eta erdiko tostoia. Eskerrak
nik ere aprobetxatu nuela mapa kontzeptual txukun bat egiteko. Orain,
MindMeisterrera pasatuko dut, txukun-txukun, eta gero saiatu horko
apunte guztiak gauzatzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 3 iruzkin

Euskal Herria Erasmus ikasleen begietan

Komunikazioan ditugun Erasmus ikasle biak hasiak dira praktikak egiten eitb24 zerbitzuan. Han egingo dituzten lanen artean, bat izango da hainbat erreportaje idaztea Euskal Herriaren gainean. Eta, dagoeneko, idatzi dute lehena. Tieme Hermans mutil herberehetarrak Maritxu Kajoi aukeratu du gaitzat. Saskia Kamphuis neska herberehetarrak, ostera, pintxoak, gure tabernetan hain ugari ikusten direnak. Biek ala biek, ederto idazten dute, ingelesez noski.

Denbora gehiago eramango balute gure artean, ohartuko lirateke euskaltzale belaunaldi bat joaten ari zaigula. Gotzon Garate, kasu. Edo Juan San Martin. Atzo bertan, etxera joan eta, telebista piztu nuenean, hantxe ikusi nuen Joxe Mari Iriondo Juan San Martin elkarrizketatzen, aspalditxo egindako saio batean. Eta orduan pentsatu nuen zenbat jende joan zaigula azken aldi honetan: Luis Villasante, Juan Mari Lekuona, Lourdes Iriondo…

Ekaitza, ekaitza…
Aitortu behar dut harritu egin nintzela irakurri nuenean Sarah Palin presindenteordegai estatubatuarrak esan zuela Barack Obama terroristen laguna dela, etab. CBS telebista kateko analista baten iritzian, hemendik eta azaro bitartean, errepublikanoak saiatuko dira Obamaren irudia ahalik eta gehien zikintzen, jakina baita kanpaina gordin eta itsusi jartzen denean jendeak erantzuten duela abstenituz, eta hain zuzen, horixe nahi omen dute errepublikanoek, bozketa egunean ahalik eta jende gehien gera dadin etxean, parte hartze handiak demokratei egiten dielako mesede.

Hauteskunde kanpainan ez ezik, telefonoen merkatuan ere ekaitza agertu zen atzo, Blackberry konpainiak Storm telefonoa aurkeztu baitzuen, telefono bat ukipen pantaila bat duena, iPhonek bezala. Iragan Gabonetan ez bezala —orduan iPhone zen bakarra ukipen pantailarekin— aurtengoetan bospasei telefono izango dira ezaugarri horietakoak: iPhone, Samsung Sprint, G1, Nokia 5800 XPressMusic eta Blackberry Storm, besteak beste. Geroz eta garbiago dut ordenagailu eramangarrien baliabide gero eta gehiago sartuko direla aparailu horietan, eta berandu baino lehen, horrelako batekin ibiliko garela batetik bestera, erabat konektatuta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Jendetzaren jakituria

Googlek aldatu egin du informazioa bilatzeko modua. Orain, Page Rank
formula dela-eta informazio esanguratsua da beste batzuentzat
informazio esanguratsua dena. Bestela esanda, webgune bat edo web orri
bat esanguratsuak izango dira, baldin eta jende askok loturak egiten
baditu gune horietara, ustez informazio interesgarria dutelako.

Hamar urte daramagu informazioa horrela bilatzen, Google orain 10 urte
jaio baitzen, baina esan daiteke informazioa bilatzeko modu hori hedatu
egin zaigula erosteko orduan ere. Fagor hozkailu bat erosi nahi badut
–edo Bosch, AEG zein Zanussi–, niretzat ez da nahikoa marka horren
webgunera joan eta han esaten zaizkidan marabillak irakurtzea, hozkailua
enkargatzeko. Areago, informazio hori susmagarria egingo zait,
kontrastea falta zaiolako. Niretzat askoz ere esanguratsuagoa izango da
www.erosihozkailua.com bezalako webgune batean sartu, eta han
irakurtzea zenbait erosle anonimoren iritziak erosi dituzten hozkailuen
gainean. Haiek oso pozik baldin badaude Fagor hozkailuarekin, niretzat
hori izango da faktore erabakigarri bat. Ostera, txarto hitz egiten
badute Fagorrez, horrenak egin du niretzat.

James Surowiecki adituak deitzen dio The Wisdom of Crowds, jendetzaren jakituria. Eta egia da. Uda honetan Londresera joan aurretik, erabaki
genuen zer hoteletara joango ginen, hainbat faktore kontuan hartuta:
kokapena, prezioa, zerbitzuak eta beste erabiltzaileen iritziak; dena
Interneten jasoa. Googlek aldatu egin du informazioa bilatzeko modua ez ezik, baita gauzak erostekoa ere.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

ETBn ere, filmak jatorrizko bertsioan

Joan den ostirala ezkero, ETB2n ere ikus ditzaket filmak jatorrizko bertsioan, Lurreko Telebista Digitala erabilita. Bezperan idatzi nuen ETBn ezin nituela filmak jatorrizko bertsioan ikusi. Ostiralean, berriz, etxera iritsi, telebista piztu, eta Paul Newman aktore hil berriaren film bat ikusi nuen ingelesez, The towering inferno. Ezusteko atsegina, inola ere, nahiz eta filma ez zen beste mundukoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Euskal blogosferaz Legazpin

Atzo arratsaldean Legazpin izan nintzen, mahai inguru batean,
ZingiZango euskara elkarteak gonbidatuta, euskal blogosferaz hitz
egiten, Luistxo Fernandez eta Haritz Rodriguezekin batera. Aurretik
banuen Haritzen berri, baina atzo ezagutu nuen aurrez aurre: gaztea da,
patxada handikoa, eta gauzak oso argi ditu. Moderatzaile lanetan,
berriz, Asier Iriondo.

Hamabost bat lagun izan ziren mahai ingurua entzuten. Gure partetik,
errepaso bat eman genion euskal blogosferari –arazorekin, baina euskal
blogosfera badabil; euskal blogariak dira euskaraz idazten dutenak;
inoiz baino gehiago idazten da euskaraz…–, Luistxok hainbat aholku
eman zien antolatzaileei ZingiZangoko blog plataforma sustatzeko, berak
Sustatun eta Eibar.org-en erabili dituen ebanjelizazio lanak hain
zuzen, eta bukaeran, Luistxok berak aipatu egin zuen atzerriko filmak
azpidazteko kontua,
gai bat bere arreta jaso duena azken aldi honetan.
Ez dut zalantza izpirik: Luistxo da gure arteko ebanjelaririk
bizkorrena: atzo ere, oso ondo saldu zuen azpidatzien kontua, hain ondo
ze Patxitrapero blogariaren anaia batek, entzuleen artean zegoena, konpromisoa
hartu zuen urtean gutxienez bi film azpititulatzeko.

Hots aldizkaria gogoan
Etxera bidean, pena hartu nuen ez nuelako Hots aldizkaria aipatu. Hots
aldizkaria orain 25 urte sortu zen Legazpin, sei urte iraun zuen
hilabetekari moduan, eta benetan aitzindaria izan zen euskal aldizkari
lokalen panoraman, zeren sei urte haietan, aldizkariaz gain, produktu
asko atera baitzituzten: literatura aldizkari bat, hainbat urtekari,
ale bereziak jaietan, etab., etab.

Aldizkaria bere azkenetan zela –1988ko abenduan desagertu zen,
Arrasate Press jaio zen urte eta hil berean–, ezagutu genuen Elena,
Hots aldizkariko sortzailetariko bat, zeinak Germanekin batera Gertu
inprimategia
sortu berria zuen, eta hari entzunda jakin genuen Hots
aldizkariaren eta hark egindako lan guztien berri. Horrengatik ausartu
ginen gu ere urtekaria eta jaietako ale bereziak egiten. Beraz, Hots
aldizkaria desagertu egin zen, baina utzi zuen arrastoa Arrasate
Pressen eta, horren bitartez, euskarazko aldizkari lokalen artean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 2 iruzkin

ETBren jokaera murriztailea

Etxean Lurreko Telebista Digitala dugunetik, kanal gehienetan aukera dugu filmak jatorrizko hizkuntzan entzuteko. Salbu Euskal Telebistan. Ez lehen kanalak, ez eta bigarrenak ere, inoiz ez dute eskaintzen aukera hori. Zergatik ote?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

Glosategia Komunikazioaren gainean

Glosategiaren logoa
Hona hemen beste glosategi bat, Glosategia Komunikazioaren gainean, aurrekoa baino askoz ere osoagoa, izan ere, Tipografiaren gainekoa hemen txertatuta baitago. Glosategi honen edukiak irekiak dira.

Mondragon Unibertsitatearen Huhezi fakultateko irakasle talde batek egin dugu glosategi hau, Informazioa eta Komunikazioa departamendukoak, eta hor jasoko ditugu jakintza arlo horretan gehien erabiltzen diren hitzak, atal hauetan banatuta:

  • Diseinua
  • Ikus-entzunezkoak
  • Informatika
  • Internet
  • Kazetaritza
  • Komunikazioa
  • Komunikazio korporatiboa
  • Tipografia

Glosategi bat izan arren, oso erraza da bertan nabigatzea, wiki hau hiztegi baten moduan antolatuta baitago, alfabetoaren hurrenkeran, eta erabiltzaileak orri guztietan izango baitu aukera nahi duen letran klik egiteko.

Uste dugu glosategi hau baliabide interesgarria izango dela Komunikazioaren inguruan dabiltzan irakasle, ikasle zein profesionalentzat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Welcome back!

Atzo lehendabizikoz, eskola eman nuen ingelesez. Nire aurrean 30 ikasle
inguru, denak euskaldunak, eta beste bi Erasmus egitasmokoak,
Herberehetatik etorritakoak. Gaia: Digital Journalism, kazetaritza
digitala. Ikasgelan sartu aurretik, beldur nintzan nigatik –mailarik
emango ote nuen–, eta ikasleengatik –eurek ere maila nahikorik izango
ote zuten. Baina pozik irten nintzen emaitzarekin.

Hasierako barreen ostean –neska-mutil gehienak ikasle izan nituen iaz
Web 2.0 irakasgaian, eta bitxia egiten zitzaien niri ingelesez
entzutea–, arretaz hasi ziren entzuten eta erantzuten. Tarte batean,
geure burua aurkeztu genuen banan-banan, Erasmus ikasleek hasita. Ikusi
behar zenuten zelako arretaz entzun zituzten gure ikasleek haiek
esandako hitzak. Ondoren baina, gure ikasleek ere ganoraz aurkeztu
zuten beren burua. Gogo handia zuten, antza, lehenbailehen
adiskidetzeko Erasmus ikasleekin, eta uste dut lortu zutela.

Behin azalpenak entzunda, ikastaroaren nondik-norakoak, denak jarri
ziren lanean atzo hementxe bertan iragarritako ariketan. Oraindik ere,
deitzen nautenean zalantzaren bat argitzeko, zenbaiti euskaraz hitz
egitea irteten zaio, baina, oro har, gogo onez hartu zuten gure
unibertsitatearen konpromisoa irakaskuntza hiru hizkuntzatan egiteko:
euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Ariketa bat ikasleentzat

View Larger Map

Gaur hasiko naiz Digital Journalism ikasgaia ematen Ikus-entzunezko Komunikazioaren bigarren mailan, tartean Erasmus ikasleak ere ditugula. Ariketa bat prestatu diet dibertimento moduan: ikasle bakoitzak azaldu beharko du bere herria, Google Maps erabilita, zehazkiago esanda, Mymaps aplikazioa erabilita.

Behin eginda mapa, ikasle bakoitzak azaldu beharko du, ingelesez, zelakoa den bere herria, eta zer esperientzia bizi izan dituen bertan. Ariketa horrek erakutsiko die baliabide hau erabiltzen, mapa digitala, eta balioko du taldea trinkotzeko, hortik aurrera, hobeto ezagutuko dute-eta elkar.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Gaixotasunak jakinarazi, bai ala ez?

Sergey Brin Google enpresako sortzailetariko batek jakinarazi berri du LRRK2 genearen mutazio bat daramala, eta horrek, seguruenik, ekarriko diola probabilitate gehiago Parkinson gaitza hartzeko. Aditu asko zur eta lur geratu dira, asmatu ezinik Brinek zergatik egin duen publiko kontu hori.

Allen Salkin kazetariak izan lezake erantzuna. The New York Times egunkariko lankide bati adierazi dionez, orain dela gutxi, Sergey Brinek esan zion DNA kodeak irekiak izan beharko liratekeela, software libreak bezala, era horretan erremedioak askoz ere bizkorrago iritsiko bailirateke, jende askok hartuko luke-eta parte iradokizunak egiten.

“Publiko egingo banu, jende askok begiratuko luke informazio horretan, eta lehenago jakingo nuke jakin beharrekoa, niretzat gorde izan banu baino”, esan omen zion Sergey Brinek Allen Salkini, DNAren gainean hitz egiten ari zela. Pentsatzekoa da, orain egin duenak baduela zerikusia jarrera horrekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina