Tostoia 2.0

Atzo ireki zen modu ofizialean 2008-2009 ikasturtea
Mondragon Unibertsitatean. Ekitaldia hasi orduko ikusi nuenez luze joko
zuela, mapa kontzeptual bat egiten hasi nintzen gure departamenduan
sortu berri dugun Glosategiaren inguruan: zertarako, zabalkundea, barne
sustapena, erabilerak, etab. Konturatu orduko, estrategia oso bat nuen
antolatuta.

Txosten akademikora iritsi ginenean, arretaz entzun
nion David Sanchez lankideari, Web 2.0 izan baitzuen hizpide, nahiz eta
berak beste modu batean izendatu zuen: “2.0 enpresa: atomoetatik eta
bit-etatik harantzago”. Ondo egon zen David, baina ez dakit
zenbateraino ulertu zioten hango askok.

Berriro nire mapan
murgilduta nengoela, Iosu Zabala errektorearen hitzek asaldatu
ninduten. Natibo digitalez eta etorkin digitalez hasi zen hitz egiten,
eta bien artean dauden aldeez. Harritu egin nintzen, uda honetan asko
irakurri dudalako gai horren inguruan, Marc Prenskyk behin eta berriro
aipatzen baititu kontzeptu horiek bere azken liburuan. Geroago,
Mendeberri 2.0 ere aipatu zuen errektoreak, argi du-eta Mendeberri
egitasmo pedagogikoari erantsi nahi dizkiola Web 2.0 teknologiak, hauek
partehartzea eta partekatzea baitakarte.

Eskerrak ordurako nire
mapa kontzeptuala ia amaitua nuen, zeren orduan Juan Jose Ibarretxeren
txanda etorri zen, eta lehendakariak ez zigun atsedenik eman.
Spielbergen filmetan nola, ezustekotik ezustekora eraman gintuen:
Zapaterori egurra eman zion, “latigo”, gainera, nire lagun batek esaten
duen moduan; nazioarteko finantza sistemari ere, egurra; zer esanik ez
Europako Batasunari, bere politika ekonomikoagatik. Lo zeudenak esnatu
egin ziren, eta aspertuak, piztu. Adrenalina jaisteko, berriz, bukaeran
musika klasikoa.

Zenbait lankideri ez zitzaien ondo iruditu
Ibarretxeren portaera, unibertsitate ekitaldi batean hitz egin zuelako.
Niri, berriz, berdin dit, denek baliatzen baitituzte horrelako
ekitaldiak beren espitxak egiteko. Hori bai, denok bat etorri ginen:
ekitaldia tostoi galanta izan zen, bi ordu eta erdiko tostoia. Eskerrak
nik ere aprobetxatu nuela mapa kontzeptual txukun bat egiteko. Orain,
MindMeisterrera pasatuko dut, txukun-txukun, eta gero saiatu horko
apunte guztiak gauzatzen.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

3 erantzun Tostoia 2.0-ri

  1. Kaixo Joxe, eskerrikasko zure interesagatik. Ea egunen batean elkartzen garen gauza guzti hauetaz hitz egiteko lasaitasunakin

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, Mikel! Hitzaldi hori, Steve Jobsek emandakoa, hainbat aldiz ikusi dut, eta oso ona da, nahiz eta bera modu bitxi horretan jantzita agertu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude