2025eko lehen apunteak

Izan zitekeen “Pretty Woman” punky bat. Baina ez. Filma hasten denean, pentsatzen duzu: hara! millonetis bat eta prostituta bat maiteminak jota. Baina ez. Hortxe amaitzen da antza, Anora ez delako Pretty Woman. Niretzat hobea da, nahiz eta ez eduki, hark bezala, bi izar distirante, musika-banda hiper-ezaguna eta Hollywood markako amaiera. Kaotikoagoa da, baina interesgarriagoa.

VilaWeb eta gure Miren, urte berekoak. Horrek esan nahi du 2025 honetan katalanezko agerkari digitalak beteko dituela 30 urte. Meritu itzela du, Herrialde Katalanetan zabalduta baitago, nahiz eta instituzio publikoetatik bat ere dirurik jaso ez. Harpidedunek eusten diote hedabide elektroniko honi, eta horrek bermatzen du haren independentzia. Ni ere bertako harpideduna naiz, eta berau erabiltzen dut egunean egoteko eta nire katalana hobetzeko.

ETB2, ETB1 puteatzen. Modu finagoan ere esan zitekeen: “Beste behin, Euskal Telebistaren bigarren kateak kontraprogramatu egin du etxe beraren lehen katea, euskarazkoa”. Baina ez nago florituretarako. Gabon zaharreko festa amaitu bezain laster, arrebaren etxetik gurera etorri gara. Oheratu aurretik baina, erabaki dugu telebista ikustea, infusio bero bat edan bitartean. Euskal Telebistaren lehen katea jarri dugu: talde mexikar bat mariatxiak kantatzen ari da. Bigarrenera pasatu, eta, hara: Bilboko Orkestra Sinfonikoa euskal abeslari askori laguntzen, BECen. Hori ikusten geratu gara. Euskal Irrati Telebistak horrela segitzen badu, euskarazko katea pikutara joango da, etxe bereko gaztelaniazkoak ito egingo duelako.

Nesken ziklo-krosa, gustagarri. Aurten hainbat lasterketaren laburpenak ikusi ditut, ziklo-krosaren denboraldia une gorenera iristen ari baita. Eta esan behar dut dezente interesgarriagoak aurkitu ditudala nesken lasterketak, mutilenak baino. Aurten nesken tropelean lau txirrindulari daude besteen gainetik: Lucinda Brand eta Ceylin del Carmen Alvarado munduko txapeldun ohiak eta Puck Pieterse eta Fem van Empel munduko txapelduna. Azken bi hauek ikustea plazer hutsa da, duten sasoia eta teknikarengatik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

2024ko azken egunak

Badaukazue libururik haurrentzat? Ez diogu liburu-saltzaileari esplikatzen Einar txikiak, suediarra izanik ere, ama euskalduna duela. Eta haurrari euskara ere irakatsi nahi dion amari ondo etorriko litzaiokeela euskal liburutegi txiki bat edukitzea, gauero Einarri ipuinen bat kontatzeko, euskaraz. Azkenean, bi liburu aukeratu ditugu: Gianni Rodariren klasiko bat, eta berriago bat, kolore bizietakoa. Hori izango da gure olentzero aurten Einarrentzat, bi liburu, laster berarekin batera Suediara hegan egingo dutenak.

Truelove seriea ikusi dugu. Gustura ikusi ere, ongi egina dagoelako —BBCren zigilua, beste behin—, eta gaiak hurbiletik ukitzen gaituelako seguruenik, adinagatik batez ere. Aspaldiko adiskide jubilatu talde batek zin egiten dute hil berri den lagun baten hiletetan euretariko baten bat gaixotasun larri batek jotzen badu, eta horrela eskatuz gero, besteek lagunduko diotela hiltzen. Eta berehala iristen zaie lehen laguntza-deia… Polizia-serie moduan ondo dago, eta mahai gainean jartzen duen gaia, heriotz lagundua, baita ere. Eskerrak gurean zaintza paliatiboak ondo dabiltzala eta eutanasia-legea onartua dugula.

Urteak dira ez naizela sartu harategi batean. Eta sartu naizenean, panorama bitxia aurkitu dut bertan: harakin gazte bat bere mobilean erakusten, harro, alaba jaio berriaren argazkia hiru emakumeri. Harakina bakarrik dago mostradorearen atzean, eta berriro hasi da lanean. Orduan, beste albo batetik, emakume edadetuago batek esan dio erakusteko berari ere alabaren aurpegia, abandonatua duela han ezkina batean. Eta hara doa harakina, prestu, mobila poltsikotik aterata. Zazpi bezero gaude itxaroten. Harakin koitadua bakarrik dago, eta denetik egin behar du: nota hartu, fileteak kontuz ebagi…, eta, gainera, dindirrina du, marrantatuta dago-eta, antza. Hogeita bost minutu pasatuta, nire txanda: hiru odoloste dauzkat eskatuta, Begoren izenean. Begiratzen du koaderno batean, eta esaten dit: ez, bada arratsaldean etorri beharko zara, makina bat izorratu zait, eta ezin izan dut egin… Jiratu egin naiz, eta kanporako bidea hartu dut, haserre berarekin eta haserre nirekin, lehenago ez galdetzeagatik.

Ikusi nahi nuen, eta ikusi dut: Gladiator II. Orain hogeita lau urte Gladiator filma ikusi nuenean, zur eta lur geratu nintzen, mutikotan hain gustura ikusitako peplum haietako bat berriz ikusi nuelako, baina aurrekoak baino dezente hobeto eginda. Zuzendaritza, antzezpena, girotzea, musika…, dena zen primerakoa. Horregatik, aurten, Ridley Scott-ek film haren segida kaleratu duenean, esan nuen hori ere ikusi nahi nuela. Eta ikusi dut. Baina lehena baino pobreagoa iruditu zait. Gehiegi saiatu dira oraingo Lucius hau orduko Maximus haren kalkoa izan dadin, keinuetan, borroka egiteko moduan, etab. Gainera, Paul Mescal eta Pedro Pascal ez dira Russell Crowe eta Joaquin Phoenix, esate baterako, eta igarri egiten da.

“Ya sabes qué es un hirukote? Un trio”. Bilbotik gatoz autobusez, eta, bat-batean, Durangon igo den gizon bat telefonoz hasi da hitz egiten, urbi et orbi balebil moduan, denok entzuteko moduan. Ozen ari da esaten ez dela fidatzen ezkutatzen diren marikekin, gero, aukerarik txikiena dutenean, por culo ematen dizutelako. Aurreko batean, bere colega batek gonbidatu zuela festa batera, eta, une batean proposatu ziola “hirukote” bat egitea beste bi gizonekin, eta, berak ezetz, nahiago duela “hirukote” bat egin, baina bi emakumerekin. Busa Apatamonasteriora iritsi eta hortxe amaitu da telefono-deia, gizona hantxe jaitsi da-eta. Elorriora bidean, gazte batzuen komentarioak, telefonoko gizonak esandakoen inguruan. Flipatzen ari dira, besteok bezala.

Kategoriak Oroimenak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Kepa Anabitarte, argitara

Eneko Bidegain eta bere azken liburua.

Hiru egunean irentsi dut liburu hau, Kepa Anabitarte. Bitzitza bat herriari eskainia, Eneko Bidegain irakasleak idatzia Pamiela argitaletxean. Aitortu behar dut bi pizgarri nituela liburua irakurtzeko: batetik, Eneko laguna dut; bestetik, gazteagoa nintzenean, eta aldi batez, neu ere ibili nintzen ELA-MSE mugimenduan eta gero ESB alderdian. Aldi berean baina, banuen prebentzio moduko bat liburua esku artean hartu nuenean. 

Baina irakurtzen hasi, eta gero eta erosoago sentitu naiz. Batetik, egileak dokumentazio-lan ikaragarria egin duelako. Esango nuke, zenbait pertsonarekin egin dituen elkarrizketez gain, dauden Lan Deya guztiak irakurri dituela, ELA sindikatuaren agerkari ofiziala, baita Iparla guztiak, Orreaga iritzi-taldearen agerkaria, eta bibliografian dakartzan liburuak. Bestetik, oso ondo antolatu dituelako elementu horiek guztiak denboran zehar. Eta, hirugarrenik, oso ondo idatzita dagoelako.

Lan honetan Eneko Bidegainek fokopean jarri du euskaldun askorentzat ilunpetan egon den euskal sindikalismoaren eta borroka politikoaren adar bat: frankismo garaian ELA sindikatu historikotik eratorritako fakzioak, hala nola, ELA, ELA-MSE, ELA-Leioa, ESB alderdi politikoa eta gaur egungo Orreaga iritzi-taldea.

Talde ia horietan guztietan bi pertsona nagusitu ziren denen gainetik: Kepa Anabitarte akzio-gizona, “Eladio” ezizena zeramana, eta Iñaki Aginaga ideologoa, orduan gure artean “Bonzoa” deitzen genuena. Eta bi horien inguruan, nagusiki, bilbatu du egileak kontakizuna, ahaztu barik Joseba Ariznabarretaren ekarpen ideologikoa. Esan behar dut, diferentziak diferentzia, liburua amaitu dudanean, hurbilago sentitu ditudala bertako orrialdeetan agertzen diren militante asko eta asko, batzuk ezagunak eta beste batzuk ez horrenbeste.

Azkenik, baina ez azkena, Bidegainek euskararen plazara ekarri du abertzaletasunaren talde, azpitalde eta korronte horiek orain arte nagusiki gaztelaniaz landu duten pentsamendu politikoa. Liburu hau leitzen dutenek hobeto ezagutuko dute iritzi-korronte hori, Benito Lertxundik,Jose Anjel Irigaraik eta Pako Aristik, besteak beste, erreferentziatzat hartu izan dutena.

Kategoriak Liburuak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Red Bay, orain 40 urte

Bego eta Idoia Saddle uharteko indusketak bisitatzen, Red Bay herrian, Kanadan (1984)

Atzo nire berbalagun katalanari pantaila bidez esplikatzen ari nintzaiola zer den eta non dagoen Red Bay, eta zergatik den esanguratsua euskaldunontzat, konturatu nintzen dagoeneko berrogei urte pasatu direla gu han izan ginenetik. Eta horrek ekarri nau blog hau berriro bisitatzera, apirila ezkero ez dut-eta bertan ezer idatzi.

1984

Orain berrogei urte Bego eta biok Kanadan ginen, Ottawan, bertako familia batzuekin bizitzen eta ingelesa ikasten. Uda hartan Idoia etorri zitzaigun bisitan, Begoren ahizpa, eta, hori zela-eta, abuztuan hamabost egun opor hartu eta Red Bay aldera egin genuen, Labradorrera, ikusteko XVI. mendeko euskal baleazaleen aztarnak. Hilabete pare bat lehenago National Geographic aldizkarian irakurri nuen erreportaje bat Red Bayren inguruan, eta hura bisitatzeko gogoa erne zitzaigun.

Auto bat alokatu genuen, eta hantxe abiatu ginen, kanpin denda batekin, turismoa egiten Quebec, New Brunswick, Nova Scotia eta Ternuan zehar, batzuetan autoz, beste batzuetan ferryz. Bidean zehar, euskaldunen aspaldiko aztarnak ikusi genituen, batez ere toponimian: Escuminac, Ile de Basques, Port-aux-Basques, Port-aux-Choix (Portutxoa)…

Red Bay

Halako batean, Ternuatik Labradorrera beste ferry bat hartuta, Red Bayrantz jo genenuen, garai hartan bide mortu bat. Baina iritsi ginen, eta berehala antzeman genituen Parks Canada erakundeko arkeologo-taldea, eta eurengana hurbildu ginen. Gure buruak aurkeztu, bisitari euskaldun moduan, eta aldean generaman ikurriña bat oparitu genion arkeologo-taldeko buruari, Robert Grenierri. Hark pozarren hartu zuen ikurriña, eta gonbita egin zigun euren etxe prefabrikatu batean ostatu hartzeko, han egingo genituen egunetan euren gonbidatuak izango ginen-eta. Gainera, eurekin batera beste euskaldun bat zegoen, Manu Izagirre, murgilari donostiarra, zeina haiei laguntzen ari baitzen.

Marinel euskaldunen hezurrak

Biharamunean, Saddle uhartea bisitatu genuen, eta indusketen berri eman ziguten. Hunkigarriena izan zen Saddle uhartean marinel euskaldunen hilerri moduko bat topatzea. Guk lau urte generaman Euskal Herritik kanpo, eta han aurkitzea gure zenbait herkideren hezurrak, jakinda heriotz gogorra izan zutela gainera (lan-istripua, gaixotasuna, hotza…), eta etxetik urrun…, ni, behintzat, hunkitu egin nintzen. 142 gorpuzki aurkitu zituzten hantxe bertan, XVI. eta XVII. mendeetan hildakoak.

Gero Grenierrek eta Izagirrek azaldu ziguten non zegoen San Juan galeoia hondoratua, eta non beste txalupa bat, eta zer metodologia segitzen ari ziren hura ondo kartografiatzeko: galeoiaren aztarna osoak urpean ondo mapeatu ondoren, piezaz pieza ari ziren ateratzen, kanpoan neurtu, tratatu, fotografiatzeko…, eta berriro urpean jartzeko.

Aukera eman ziguten, gainera, bisitatzeko beste eraikin prefabrikatu batean zeukaten biltegi-museoa, non gordetzen zituzten galeoian aurkitutako objektuak: pitxerrak, edalontziak, etab.

Hiru bat egun izan ziren, zoragarriak. Agur esateko orduan, gure bihotzen zatitxo bat hantxe geratu zen. 

Wikipedian

Gaur egun Red Bay izenak artikulu ederra dauka euskarazko Wikipedian, eta, gure pozerako, guk orduan ateratako zenbait argazki hantxe ikus daitezke, lekua eta testuingurua hobeto ulertzeko.

Begorekin eta Idoiarekin, Escuminac herriko parke batean, Red Bay-ra bidean (1984)
Kategoriak Bidaiak, Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Gogoangarria, ez historikoa

Gabarra, Guggenheim museoaren ondoan (Etxeko pantailan hartutako irudia, ETB)

Bistan da gabarrak atzo egin zuen ibilbidearen inguruan milioi pertsona inguru batzea ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. Zelan ikusi zuen festa hura “real-zale akastun” honek?

Aurrez esplikatuko dut zer den komatxo arteko hori. Sergi Pàmies idazle katalanak aspalditxo idatzi zuen liburu bat, Confessions d’un culer defectuós (Barça-zale akastun baten aitorpenak), non esplikatzen zuen barçaren jarraitzaile arraroa zela bera, Real Madril ere miresten zuelako, haurtzaroaren zati bat Parisen bizi izanaren ondorioak. Horren arabera, ni real-zale akastuna izango naiz, edo herrena, Athletic Bilbao ere maite dudalako. Zelan ez dut maitatuko gure aita athletic-zalea bazen, nire anaia bezala, eta are hurbilago orain, nire emaztea eta alaba? Hala ere, susmoa dut ez Realari ez eta Bilbori ez zaizkiela zale akastunak interesatzen, baina hori beste kontu bat da.

Orain bai, hasiko naiz esplikatzen “real-zale akastun” honek zelan ikusi zuen atzoko festa, ospakizunaren alde argiak eta ilunak seinalatuta.

ARGIAK

  • Athleticen afizioak bertute handi bat du: final bat jokatu behar duenean, festa aldez aurretik hasten da antolatzen. Finala galduz gero, triste geratuko dira, baina ondo pasatu izanaren satifakzioarekin. Barçaren zaleak, esate baterako, diferenteak dira: irabaztera doaz, eta irabaziz gero bakarrik ospatuko dute; bestela, drama izugarria.
  • Atzo Athleticek lortu zuen jarraitzaile-belaunaldien arteko komunio moduko bat, klubarentzat preziorik ez duena, atzoko ekitaldia bizi guztian gogoratzen den horietakoa baita zaleentzat, baita futbolaz interesaturik ez dagoen jende askoren artean ere.
  • Gabarraren ingurko mobida munduko teleberri askotan agertu zen atzo iluntzean eta gaur goizean, irudi zoragarriz hornituta. Era horretara, Bilbok lortu du bere irudia nazioartean proiektatzea, era positiboan pentsatzen dut. Horrek ere ez du preziorik.
  • Ez zen ezbehar seriorik gertatu. Ez da gutxi milioi bat lagun inguru bildu duen mobida batean.

ILUNAK

  • Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak pozez kantari apuntatu ziren festatzarrera, baina higiene kontuan etxeko lanak egin barik. Gaur Bilbo handian txiza usain nazkagarria egongo da, atzo jende askok eta askok kalean egin baitzuen txiza, inork ez zuelako ipini festa handietan jartzen diren komun mugikor horietakorik.
  • Eta higienea aipatu dugula, ikusi beharra zegoen zein zikin geratu ziren erreka-bazterrak behin gabarra pasatuta eta jendea joanda. Suspentso kolektibo ikaragarria. Lekutan geratzen dira futbol-mundiala ikustera joan ziren japoniarrak, partida bukatutakoan eurek sortutako zikin guztiak jasotzen zituztenak!
  • Athleticek 40 urte behar izan baditu gabarra hirugarrenez ateratzeko, izan da klubak horrela nahi izan duelako. XXI. mendean Athleticeko neskek bost bat trofeo irabazi dituzte, liga eta kopa artean, baina klubaren zuzendaritzek erabaki zuten horiek ez zutela merezi gabarra ateratzerik. Badakizu, neskak…
  • ETBko kazetariek azpimarratu egin zuten, behin eta berriro, 40 urteko matraka hori, eurek ere estaltzen zutela klubak neskekin izandako jarrera. Bestetik, jasanezina egin zitzaidan bertako esatariek zenbat aldiz esan zuten “historiko” hitza atzokoa izendatzeko. Nik, berriz, uste dut askoz ere berba egokiagoa dela “egun gogoangarria” esatea, hiperbole hutsaletan sartu barik.
  • Testosterona gehiegi egon zen, eta euskara gutxiegi, salbu eta Asier Villalibreren kasuan.
  • Ez dago gauza estupidoagorik hala-holan dagoen futbolista bati mikro bat jartzea baino, audientzia monumental baten aurrean. Futbol jokalariek futbolean egiten dakite, baina publikoan hitz egiten eta kantatzen… Eta Euskal Telebistak kontuan hartu beharko luke hori, eta jakin noiz eman emanaldia bukatutzat.
Kategoriak Futbola | Etiketak , , , , | 2 iruzkin

Hogeita hamar urte berandu

Maria Ubarretxena eta Imanol Pradales, proiektua aurkezten.

Poztu naiz hogeita hamar urte berandu etorri den albisteagatik, alegia, azkenean egingo dela Kanpazarko tunela, eta, horrekin batera, amaituko dela 1993an iragarritako Beasain-Durango errepidea. Poztu naiz, baina ez dut ospatuko, albisteak nekatuta harrapatu nau-eta.

Nekatuta, jatorrizko albistea iragarri zenetik, kontaezinezko aldiz zeharkatu behar izan dudalako Kanpazar, etxetik lanera eta lanetik etxera, beste milaka gidarirekin batera, euripean edo eguzki galdatan, gauez edo egunez, bakarrik edo kamioi askoren atzean, Kanpazarrek alde bietan dituen gune arriskutsuak gaindituta.

Nekatuta, Kanpazarko tunela ahanzturaren putzuan eduki duten bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak milioiak eta milioiak xahutu dituelako alferrik Supersur autopistan, inork gutxik darabilen komunikazio-bide supergarestia.

Nekatuta, albiste hau iritsi zaigulako AHTren lanak uzten ari direnean Elorrioko paraje ezinago ederrak zulatuta eta porlanean itota, hiru zubibidek zeharkatuta eta inguruak urratuta.

Eta nekatuta, joan den asteko albiste hau iritsi zaigulako agintean dagoen alderdiaren lehendakarigaia boto premian dagoenean, bereziki Durangaldean eta Debagoienean, eta susmoa dudalako Kanpazarko tunela izango dela lehendakarigai horrek kapelatik aterako duen azkenetako untxia, inguruotako bizilagunok eman diezaiogun botoa.

Poztu naiz, bai, baina ez dut ospatuko.

Kategoriak Ekonomia | Etiketak , , , , | 2 iruzkin

Memoria galtzen dugunean

Augusto Gongora eta Paulina Urrutia, euren etxean.

Atzo La memoria infinita dokumentala ikusi genuen Elorrion, Txilen egindakoa eta herrialde horretan erakutsi diren dokumentaletan, inoizko ikusiena. Txileko bikote ezagun baten historia kontatzen du, Augusto Gongora kazetaria eta Paulina Urrutia aktorearena, baina batez gizona Alzheimer gaixotasunak jotzen duenetik.

Dokumentala tristea da, bertatik bertara erakusten baitu Alzheimerrak zelako hondamendia eragiten duen harrapatzen dituen pertsonengan eta berauen ingurukoen artean. Baina aukera ematen digu Alzheimerra hobeto ulertzeko, eta ikasteko. Horregatik, nire eskerrik sentikorrenak protagonistei, biluztu direlako guk kontzientzia har dezagun gaixotasunaren aurrean.

Dokumentalak aurrera egin ahala, bestalde, behin baino gehiagotan pentsatu nuen zein emakume berezia den Paulina Urrutia, sekulako sentiberatasuna eta maitasuna erakusten baititu bere senarraren gaixoaldian.

Emanaldia amaitutakoan pentsatu nuen zein zortekodunak garen paraje hauetan, aukera baitugu, egoera muturreko horietara iritsi aurretik, nahi duenak behintzat, eutanasia erabiltzeko. Neu naiz horietako bat.

Amaitzeko, biziki gomendatzen dizuet dokumental hau ikustea, merezi du.

Kategoriak Zinea | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Udalatx, ura eta atxa

Eñaut Iturbe, Nahiara Corcuera eta Iban Ayesa. (Argazkia: Goiena)

Atzo Udalatx, ura eta atxa dokumentala ikusi nuen Elorrion, Arriola antzokia lepo zegoela. Banuen ilusioa hura ikusteko, alde batetik, trailerreko irudiak oso onak direlako, baina baita Iban Ayesa izan duelako zuzendari, aspaldi Arrasate Telebistan lankide izan nuen mondragoetarra. Justu sarreran agurtu nuen Iban, pozik ausartu delako inguru hauetako gehienontzat ikono bat denarekin, Udalatx.

Emaitza oso ona da, egileak ez baitira mugatu irudi ederrak josten. Hamar bat ataletan, esplikatu digute, beste horrenbeste adituren ahotsetan, zein izan den Udalatxen bilakaera, nondik datorren, zelan eragin duen ingurukoon bizitzetan eta zein egoeratan dagoen gaur egun. Pare bat interbentzio kenduta, zeinak gehiago ziruditen irakurtzeko testuak eta ez esatekoak, aditu gehienek ondo bete zuten egin beharrekoa.

Eta hori guztia irudi zoragarriz lagunduta, eta kontalariak sortutako gidoi sendo baten laguntzarekin: Udalatx bizirik dago, aterpe ematen die flora eta fauna ugariari, baina hondatzen ari gara —ez da kasualitatea bosgarren atalak krak! izena eramatea, harrobiaren ustiaketari eskainitakoa.

Zorionak eman nahi dizkiot Udalatx, ura eta atxa egin duen talde osoari, eta baita Besaide mendizale elkarteari ere, berak bultzatu du-eta bai dokumentala eta baita haren inguruko liburua ere. Lan zoragarria egin dute, balioko duena Udalatx inguruko bizilagunok kontzientzia har dezagun zaindu behar dugula inguru hori.

Kategoriak Zinea | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Papillon, erakusketa

Fatima arrebarekin, Hondarribian. (Argazkia: Bego Larrañaga)

Atzo Hondarribiara joan, eta osteratxo bat egin genuen iraganera. Bertako Arma plazan erakusketa bat dago —Papillon. Hondarribiko istorio bat—, zeinak gogoratzen duen orain mende erdi zelan grabatu zen Hondarribiko kaleetan Papillon filma, bi aktore handirekin: Steve McQueen eta Dustin Hoffman. Eta joan ginen, gutako bik, Fatima arrebak eta biok, errodaje hartan hartu genuelako parte, estra moduan. [Papillon bertsio originalean ikusi nahi duenak, euskarazko azpitituluekin, hementxe dauka aukera.]

ERAKUSKETA

Erakusketa bera Turismo bulegoan dago, bigarren solairuan. Bertan, filmaren pasarte batzuk ikus daitezke pantaila handi batean, ez derrigorrean Hondarribian grabatutakoak. Hormetan, berriz, pelikularen produktorak utzitako argazki ofizialak daude, grabazio-egun haietan egindakoak. Baita azalpen argigarriak, garai hura hobeto ulertzeko, eta mahai batzuetan, txutxumutxuak, batez ere Steve McQueen eta Ali McGraw aktoreek grabazio garaian bizi izan zuten erromantzeaz.

Erakusketa apala iruditu zitzaigun, oinarrizko informazioa baino eskaintzen duena. Hala ere, pozik geratu ginen, guretzat aitzakia ona izan baitzen inguru zoragarri hura bisitatzeko, halako egun ederrarekin, gainera.

ERRODAJE EGUN HAIEK

1973ko otsailean Fatima arreba eta biok Donostian genbiltzan apopilo, EUTGn Filosofia eta Letrak ikasi bitartean. Halako batean, zabaldu zen berria Hondarribian pelikula bat grabatu behar zutela, aktore famatuekin, eta estrak behar zirela. Printzipioz, bost egun izango ziren, polito ordainduta. Eta diru barik genbiltzanez, eta jakinminak bultzatuta, izena eman genuen gu ere figurante izateko.

Donostiatik hiruzpalau autobusetan batzen gintuzten oso goiz, Gros auzoan dagoen gasolindegi txiki batean, Zurriola hiribidean, eta hantxe joaten ginen, erdi lo, errodaje lekuraino.

Lehen egunean erabaki ziren bakoitzak beteko zuen rola eta jantziko zuen arropa. Niri lehen egunetan soldadu frantsez jantzia eman zidaten. Fatimari, garaiko neska baten jantzia.

Errodaje-egunak luzeak izan ziren, baina politak, guretzat dena zen-eta berria. Gainera, aukera genuen ikusteko zelan egiten zen zinea barrutik, bide batez garaiko izarren bat edo beste ikusita.

OROIMEN-TANTAK

  • Franklin J. Schaffner. Berau zen filmeko zuzendaria. Gogoratzen dut gizon handia zela, ingelesa baino ez zuena egiten. Laguntzaile-talde bat zeukan, gehienak espainiarrak, haren aginduak edo proposamenak betetzen zituztenak. Oso talde eraginkorra iruditu zitzaidan, kaos hartan ordena jartzen baitzuten.
  • Steve McQueen. Behin baino ez nuen ikusi, eliza eta Arma-plaza ondoan estra pilo baten artean pasatzen ari zela, excuse me eta excuse me esanez, oso adeitsu. Mundu guztiak hitz egiten zuen berari buruz, baina nik apenas ikusi nuen.
Steve McQueen, Papillon, San Pedro kalean errodatzen, Hondarribian.
  • Dustin Hoffman. Egun batean gure inguruan suertatu zitzaigun, oso apala, adeitsua. Gu hari begira denbora guztian, eta oso profesionala iruditu zitzaigun, harrituta zelan txertatzen zen preso-estra saldo hartan, bat gehiago ematearren.
  • Anne Byrne. Dustinen emazteak rol txiki bat izan zuen filmean. Orduan emakume oso guapa iruditu zitzaidan. Goiz batean, hotz dezente egiten zuen, eta bera Arma plazan zain eta zain, hotzitu egin zen, antza, eta baten batek gomendatu zion aterpe hartzeko harategi batean, Kale nagusia eta Arma plaza artean zegoena (atzo lokala itxita zegoen, behin betiko itxura guztien arabera), eta hara kafesne beroa eraman ziotela, dena harakinaren oniritziarekin, noski.
  • Greba errodajean. Ikusita errodaje-egunak oso luzeak zirela, laugarren egunean-edo greba egin genuen, diru gehiago eskatzeko. Hiruzpalau orduz, hor nonbait, errodajea etenda egon zen. Baten batek deskubritu zuen polizia nazional batzuk , garai hartako grisak, estra moduan ari zirela lanean, eta grebak iraun bitartean haiek ez zekiten non sartu, garai hartan greba guztiak legez kanpokoak ziren-eta. Halako batean, produktorak onartu zuen soldata-igoera, eta errodajeak aurrera egin zuen.
  • Argazkia. Nik eduki nituen bi argazki, lagun batzuek egindakoak errodajean. Batean bospasei lagun agertzen ginen (nahiz eta irudia oso lausotua dudan), eta bigarrenean bi lagun agertzen ginen: Rikardo Moraza dendari jantzita eta ni, soldadu frantsez moduan. Zoritxarrez, galduak ditut argazkiok. Fatimaren argazkirik ez dugu izan. Gogoan dugu, hori bai, egun batean Arma plazako balkoi batean egotea suertatu zitzaiola denbora luzez.
Kategoriak Zinea | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Erreportajea Irulegiko eskuaz

Oraindik ez gara joan Irulegira, bertan ikustera iaz zorioneko egin gintuen esku hura eta berau agertu zen herriska. Urtebete pasatu da zorioneko eskua agertu zenetik, baina gu, kieto.

Hala ere, larunbatean Teknopolis saioak, zeinak laster 25 urte beteko dituen, erreportaje bikaina eskaini zigun Aranzadi Zientzia Elkartea Irulegin egiten ari den lanaren inguruan. Berau ikusita, datorren urtean egingo dugun bisita askoz ere emankorra izango da, ziur nago.

Zuek ere, ahal baduzue ikusi erreportajea, oso ondo eginda dago-eta.

Kategoriak Zientzia | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina