Zer esan minbiziari, aukera izanez gero?

Livestrong fundazioak —Lance Armstrong txirrindulariak sortua minbiziari aurre egiteko— bideo ikusgarria sortu du, non gaixo pilo batek aurrez aurre hitz egiten dion minbiziari, hau entzuten balego bezala. Denetik deitzen diote: hiltzaile, patetiko, galtzaile, koldar, triste, kakanarru…

Ariketa interesgarria. Norbera akojonatu ordez, prestatu borrokarako, gaixoaldia horixe baita, borroka luzea. Eta borroka horretan, oso inportantea da gaixoaren jarrera. Utikan!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Teknologiaren erabilera baldarrak aztergai

Joan den astean kasu bat ipini nien nire ikasleei Web 2.0 ikasgaian, aztertzeko teknologiaren zenbait erabilera etikaren ikuspegitik.

Estasi bat
“Ginak 20 urte ditu, eta mutil laguna dauka, Gianni. Ingeniaritza ikasten ari da Gianni, ikasle ona da, eta azken aldi honetan hirira joanda dago, Milanera, Diseinu Industriala ikastera. Hori dela-eta, denboraldi luzeak egiten dituzte elkar ikusi barik. Halako batean, Gianni apur bat pizteko, eta berataz ahantz ez dadin, Ginak erabaki du opari berezia egingo diola, bat-bateko horietakoa. Film labur bat bidaliko dio, bideoz grabatuta, eta film horretan Gina bera izango da protagonista.

Esan eta egin. Bere logelako atea itxi, arropa erantzi, eskuko telefonoa hartu, eta grabatzeari ekin dio, masturbatzen den bitartean. Lehenengo, jarrera bat. Gero, beste bat. Barietate apur bat eskaini nahi dio Gianniri. Horrela, hainbat grabazio egin ditu, eta denak gordeta utzi ditu telefonoan. Egun horretan bertan, Ginak afaria du, eta lagunekin doa tabernazulo batera, halaxe geratu baitziren koadrillako lagunak egun batzuk lehenago. Behin afalduta, tragoak hartzen hasi dira tabernaz taberna, eta etxeratu denean, konturatu da telefonoa galdu duela.

Ettorek aurkitu du telefonoa, ardandegiko mahai batean. Ettorek ere 20 urte ditu, eta izugarri gustatzen zaizkio telefonoak. Eskuetan hartu, eta saltseatzen hasi da. ‘Ostia! Neska bat masturbatzen…!’. Koadrillako guztiak gainera amildu zaizkio, bideoa ikustera. Uju eta aja hasi dira, neskaren mugimendu bakoitzari oihu lizunak erantsita. Taldeko bik, gainera, ezagutu egin dute neska: “bai, San Briattore kalean bizi da, eta asteburuetan lan egiten du Piccola dantzalekuan!”. Neska itzuli aurretik, alde egin dute tabernatik, telefonoan dagoen altxorra ikusi nahi dutelako, osorik. Gaua iraungi orduko, bideo guztiak ikusi dituzte, ez dira oso luzeak, eta partekatzen hasi dira, telefonoen blutootha erabilita. Behin hori eginda, Ettorek erabaki du itzuli egingo diola telefonoa Ginari, bere etxeko buzoian utzita.

Pare bat astean, 15 eta 30 urte arteko gazte guztiek ikusi dituzte bideoak. Herrian ez da beste ezertaz hitz egiten. Asteburuetan, jende oldeak hasi dira joaten Piccolara, Ginak lan egiten duen dantzalekura. Denek estasi bat eskatzen diote maltzurki, edari nahasketa bat, aldi berean argi uzteko ikusi dituztela irudiak. Gina lur jota dago, baina erabaki du aurre egingo diola egoerari, ezin baitu lana utzi, behar du dantzalekuko dirua aurrera egiteko. Hala ere, egunetik egunera, gero eta jasangaitzago egiten zaio egoera. Halako batean, erabakitzen du salaketa jarriko duela Carabinierien komisaldegian. Carabinieriak lanean hasi dira, eta berehala antzeman ditu Ettore eta bere lagunak. Hauek, banan-banan doaz komisaldegira, deklarazioa egitera. Gazte horien blutoothari jarraituz, carabinieriek jende gehiago antzeman dute, telefonoetan arrastoak baitaude nork nori bidali dion bideoa.

Hala ere, Ginak ezin du gehiago, eta erabaki du lana uztea. Aldi batez, Milanera joango da, eta hantxe bizi izango da Giannirekin batera. Bere bizimodua erabat aldatu da. Herrian oraindik ikus daitezke haren bideoak, baina ez lehen bezain erraz, carabinieriak hasi direnetik ikerketa egiten, asko jaitsi baita eskaria”.

Erantzunak ikasgelan
Hor amaitu zen kasua. Lehenik bakarka landu genuen testua, gero taldeka eta, azkenik, talde osoan. Ikasle gehienek mutilaren jarrera kritikatu zuten, burugabe jokatu eta min handia egin ziolako neskari, horren bizimodua ia hondatzeraino. Aipatu ere egin zuten horrelako portaerak errazago ulertzen direla mutilak koadrillan dabiltzanean.

Eskola amaituta, pentsatu nuen gai horrek —teknologiaren erabilera baldarrak— denbora eta saio gehiago beharko dituela, ikasleek barnera dezaten zenbait jarrera ez direla bat ere onargarriak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Amazon, nire bigarren liburu denda

Atzo sei liburu erosi nituen Amazon liburu denda birtualean. Aspalditxo nituen liburuok begiz jota, eta erabaki nuen denak batera erostea, garraio kostuak merkatzeko. Hauek dira:

Amazonen saltseatzen, konturatu nintzen atal bat eskaintzen duela, Your Media Library, eta hor gorde eta sailkatzen dituela norberak Amazonen erositako liburuak. Begiratu, eta ikusi nuen dagoeneko 29 liburu erosi ditudala hor.

Amazonen erostea eroso egiten zait: behin sartu nituen nire kontu korrontearen zenbakia eta gainerako xehetasunak, eta, hortik aurrera, libururen bat erosi nahi dudan bakoitzean, nahikoa dut klik bat egitea, berriro zenbakirik sartzen ibili barik. Gainera, Amazonek txukun-txukun esaten dit zer erosi dudan, zer egoeratan dagoen nire eskaria, noiz jasoko ditudan liburuok, etab.

Garbi daukat, nire eskuetara iristen denean liburu irakurgailu dezente bat, gero eta liburu gehiago erosiko dudala Interneten.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

Iritsi da karapaixoa

Garizuman, karapaixoa
Atzo Fatima etorri zen, arreba, eta Mirenentzat karapaixoa ekarri zigun, Arizmendi ikastolan egina. Gurean karapaixoa berezia baita, botila bat ardo ireki genuen, arrautzak frijitu, eta armonia ederrean jan genuen. Afari berezia, inondik ere, urtean gutxitan gertatzen den horietakoa.

Karapaixoa da ogi berezia, triangelu formakoa, eta ertz bakoitzean arrautza egosi bana ditu txertatuta. Erdian, berriz, txorizoa. Garizuman egiten da, eta, Debagoienean behintzat, ohitura da aitapontekoak eta amapontekoak beren besoetakoei oparitzekoa. Gurean beti karapaixoa esan izan zaio. Elgetan, berriz, garipaua. Eta Durangaldean, mokotza.

Gure kasuan, Fatima ez da Mirenen amapontekoa —Miren ez dago bataiatuta—, baina ama Paula hil ondoren, nahi izan du ohiturari eutsi, eta berak oparitzen die orain karapaixoa familiako gaztetxoei. Zure osasunean eta gure gizenean, Fatima! (Argazkian: Bego, Miren eta Zanna)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Hamar atsotitz gustuko

Betidanik erakarri naute esaera zaharrek, atsotitzek. Hainbeste, non garai batean, orain 30 bat urte, Eskola Politeknikoan nenbilela irakasle, Mondragoen, zerrenda luze bat bildu, eta Zakilixuten zenbait komikirekin apaindu bainituen, hark ere atsotitz piloa erabiltzen baitzituen.

Orduko zerrenda hari begira, hamar esaera zahar aukeratu ditut, gustuko ditudalako:

  • Etxeko anderea nongo, gure aireak hango
  • Apaizak azken hitza bere
  • Haurrak hazi, nekeak hasi
  • Ororen nahiz, oro gal
  • Puta semea, on bada benturaz, gaizto bada sorkuraz
  • Lan lasterra, lan alferra
  • Pilotan eta emakumearekin, kontuz faltarekin
  • Itsusi guztiak ederzale
  • Hobea, maiz, onaren etsai
  • Hil hadi, goratuko haute

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Retweet

Aurreko batean irakurri nion twitterlari bati kokoteraino zegoela retweetak jasotzen, hau da, norbaitek beste norbaiten mezua gustatu, eta bere horretan aipatzen duenean, aurretik RT jarrita. Hori dela-eta, apenas egin dudan errebote modu hori, inor ez mintzeko.

Orain, berriz, sartu naizenean Twitalyzer webgunean, horrek esan dit ez naizela bat ere eskuzabala Twitter-en, bertan ez baitut erabiltzen retweet-ik. Horrela jakin dut retweet egitea ona izan daitekeela, zelanbaiteko errekonozimendutzat hartzen delako besteek egindako lan onarekiko.

Eroriz-eroriz ikasten baita oinez, horrela nabil ni Twitteren, poliki-poliki ikasten.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

Emakumeen oraina, argazkietan

Dantzariak
Herenegun Emakumearen eguna zela-eta, Joxe Felix Diaz de Tuesta lagunak begiratu egin zuen bere Flickr kontuan zenbat argazki ote zituen “emakumeak” etiketarekin. Harri eta zur geratu zen, 2.500 argazkietatik, 566 baititu etiketa hori dutenak.

Omenaldi gisa, 65 argazki aukeratu zituen, denak emakumeak dituztenak protagonista, eta horiekin bilduma bat egin. Bilduma ederra. Berauek ikusita, Joxefek horrela dio Atauri bere blogean:

  • Argazkiok ikusita (emakumearen kondizioa eta status soziala jasotzeko asmorik eduki gabe ateratako argazkiak dira) begi bistakoa da zer nolako bilakaera izan duen emakumearen estatus sozialak gizartean ni jaio nintzenetik hona: argazkiok jasotzen dituzten jarduera horietatik gehienak debekatuta zeuzkan emakumeak orain mende erdi. Ikaragarria, benetan!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Futbolari aberatsak eta berezko hautespena

Orain laupabost urte izango dira, Xabier Bengoetxea Realeko jokalari oihari entzun nion Huheziko ikasleei esaten zein gogorra den futbolarien bizimodua, igandero azterketa publikoa egiten baitzaie, eta astelehenero epaiketa, hedabide guztietan.

Atzo, berriz, John Carlin kazetari britainiarrari irakurri nion artikulu bat El País egunkarian, eta iruditu zitzaidan Xabier Bengoetxeak zirriborratutako haria berriz agertzen zela, beste testuinguru batean. Paragrafo bat:

  • Futbol jokalariak askoz ere fidelago hezurmamitzen du merkatu askea bankariak baino. Gaur egun urtean milioitik gora euro irabazten duten mila jokalarien artean dagoen jokalaria hor dago berezko hautespen nekeza igarota. Milioika haurrek egiten dute amets futbol profesionalean jokatuko dutela, eta milioika geratzen dira bidean. Gailurrera iristeko, supergizaki baten ezaugarriak bildu behar dira: talentua, indar fisikoa, ausardia, jarraikitasuna eta are adimena eta irudimena ere. Berdin dio nor den norberaren aita, edo zer lagun dituen. Ez eta pobre edo aberats jaio ote den. Bankariekin ez bezala, eta are gainerako bizibideekin (kazetariak eta idazleak kanpoan utzi barik), futbolean irabazteko, oso ona izan beharra dago, eta kito.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Atxagaren oihartzuna hedabideetan

Bernardo Atxaga bada nor Euskal Herrian. Atzo bere azken eleberria aurkeztu zuen Donostian, Zazpi etxe Frantzian. Hori dela-eta, gaur sei egunkarik lehen orria eskaini diote idazleari: Berria, Deia, DV, Gara, Noticias de Gipuzkoa eta Noticias de Alava. Horietatik lauk, gainera, argazki nagusia eman diote, eta beste batek bigarren mailako argazkia.

Hori guztia lehen plaman. Horrezaz gain, barruko orrietan ere leku zabala eskaini diote egunkariek; Berriak, esate baterako, bi orrialde. Kontuan hartu barik atzo telebistek eta irratiek, baita Sustatuk ere, albisteari eman zioten lekua.

Atxaga fenomeno soziologiko bihurtu da gure artean. Zerbait esaten duenean, entzun egiten zaio.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Craigslist al da munduko putetxerik handiena?

Zenbait prostitutak dio Craigslist “ezinbestekoa dela beren segurtasun fisikoa bermatzeko”, prostitutek galbahe moduan erabiltzen baitute sareko iragarki zerbitzua (bertan lanak, etxebizitzak, autoak, etab. iragartzen dira), eta, horri esker, ez dutela putazainen beharrik.

Txikagoko Cook konterriko sheriffak, ostera, uste du Craigslist dela AEBetako prostituzio iturririk handiena, eta horregatik, auzipetu egin du sareko zerbitzua.

Zer esango luke Tom Dart jaunak —hori baita sheriffaren izena— DV, El Correo eta beste egunkari errespetagarrien zerbitzu erotikoak ikusiko balitu?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1