Londres kartoizkoa da

Irakurri berri dut Unai Elorriaga idazlearen azken eleberria, Londres kartoizkoa da. Egia esan, nahasita samar utzi nau. Ondo hasi nintzen berau irakurtzen, hari nagusiari jarraika:

  • Arratsaldero igotzen da Phineas, bere lagunekin, hamazazpigarren teilatura, handik bakarrik ikusten baitira herriko bi sarrerak batera: errepidea eta tren-geltokia. Itxaroten daude, izan ere, uda honetan iritsi beharko lukeen norbaiten zain…

Halako batean baina, beste istorio bat agertzen da, zerikusirik ez duena hari nagusiarekin, nahiz eta berau ere erakargarria egiten den. Amaieran, ordea, ezusteko jauzi batez, hari biek bat egiten dute. Eta ni, txundituta: eta hau zertara dator?

Azken artifizioak lekuz kanpo utzi nau, bistan da. Ezin erabakirik nago egilearen jenialtasuna izan ote den ala laprastada. Zuetariko inork irakurri du?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 6 iruzkin

Leonard Cohen

XX. mendean izan nuen Leonard Cohen abeslariaren berri lehendabizi, 70. hamarraldian, Begoña arreba Irlandatik itzuli zenean. Zinta bat ekarri zigun, zuri-beltzean, Songs of Love and Hate, gerora klasiko bihurtu zena gure etxean, behin eta berriro entzuten baikenuen. Harrezkero, Leonard Cohen nire unibertsoaren zati esanguratsua izan da, abeslari moduan eta poeta gisa.

Hala ere, joan den ostegunean ez nintzen joan Barakaldora bera ikustera. Aste barruan kostatu egiten zait etxetik mugitzea, jakinda biharamunean lanera joan beharra dudala. Ostiralean baina, ederki astindu nuen Spotify bere musika entzuteko. Beti bezain gustura.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Gero baino harago

Gero irakurtzea ez da erraza. Noiz edo behin, aurkitzen dut pasarte interesgarriren bat bertan, baina dotrinak berehala gogaitzen nau, liburuari sermoi usaina baitario ia lerro guztietan. Hori dela-eta, sekula ez dut osorik irakurri Axularren lan gorena. Ezin izan dut. Horren ordez, konformatzen naiz noiz edo behin berau esku artean hartzen, eta, horrelakoetan, hasten naiz irakurtzen gogoak ematen didan orrialdean, bost edo hamar minutuz, gehienez jota.

Azken aldi honetan, ostera, nahi dudanean zerbait irakurri euskara klasikoan, batez ere gogoan izateko euskal klasikoek zelan erabiltzen zituzten testu antolatzaileak-eta, Joan Mari Irigoienengana jotzen dut, haren Lur bat haratago liburura. Bertako orrietan ez dago sermoi kutsurik, hori du alde.

Berau irakurrita, konturatzen naiz zein bestelakoa den Interneten darabilgun estiloa, askoz ere zuzenagoa eta arinagoa. Guztiarekin ere, bai prosa ederra Joan Marik darabilena liburu horretan!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

The Twitter Book

Vancouverren geundela erosi nuen liburu hau, The Twitter Book, eta hegazkinean irakurri nuen —ez harritu, Vancouvertik Bartzelonarako bidaiak ia hamaika ordu irauten baitu—, interes handiz irakurri ere. Zalantza barik, hauxe da Twitter-en gainean orain artean aurkitu dudan libururik onena.

Gida praktiko bat da, Tim O’Really eta Sarah Milstein adituek idatzia, baina oso berezia, antolatuta baitago sei atal handitan:

  1. Hasi.
  2. Entzun ondo.
  3. Piztu elkarrizketa interesgarriak.
  4. Partekatu informazioa eta ideiak.
  5. Erakutsi zeure burua.
  6. Twitter negozioetarako: kontuan hartzekoak eta ideiak.

Azalpenak, beti ere eskuin orrialdeetan idatziak, erraz ulertzen dira, alde batetik oso garbi idatzita daudelako, eta, bestetik, ezker orrialdeetan, adibideak dituztelako argigarri.

Irakasleak baldin bazarete, edo nahi baduzue ondo ikasi zelan erabili Twitter, gogoan izan liburu hau.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Arrasate, lan eta lo?

Lau ikasle ditut Erasmus programaren barruan Komunikazioa ikasten ari direnak, eta laurak Bergaran bizi dira irailaren hasiera ezkero. Atzo esan zidatenez, oso gustura bizi dira Bergaran. Are gehiago: Bergara gustukoago dute Mondragoe baino, han giro hobea bizi dutelako.

Pozten naiz Bergaragatik, baina kezka piztu zait nire jaioterriarengatik, iaz ere hainbat Erasmus ikaslek adierazi baitzidaten ez zeudela gustura Mondragoen, bertan giro eskasa aurkitzen zutela-eta.

Zer gertatzen ari da Mondragoen? Mondragoetarrak ekintzaile apartak izan dira, Mondragoen sortu zen Euskal Herriko kooperatiba mugimendua, baina beste inon zerbitzuek eta aisiak garrantzia hartzen duten neurrian, Arrasate atzera geratzen ari da, herri triste bihurtzen ari zaigu, lo-hiri bat, nahiz eta bertan dagoen Mondragon Unibertsitatearen fakultaterik handiena. Inork ez dio erremediorik jarriko gainbeherari?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 6 iruzkin

Sopranotarrak

Azken hil honetan The Sopranos telesaila ikusten ari naiz etxean, eta, egia esan behar badut, izugarri ari naiz gozatzen. Trama gustatzen zait, baina baita hari nagusiaren inguruan dauden xehetasun txikiak ere. Oso ondo dago eginda.

Aurretik ideiarik ere ez nuen telesail horren inguruan, baina Aitor Arregik esan zidan oso ona zela, eta merezi zuela ikustea —inguruan zinezale handiak izatearen abantailak.

Halako batean, aprobetxatuta fakultatean zeudela lehen urteko atal guztiak, hartu egin nuen sorta osoa. Abuztuan ikusi nuen osorik, azken astean. Orain bigarren urtekoak ikusten nabil, hauek Aitorrek berak utzita. Ikusten baduzue, ez zarete damutuko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

Zahartzaro bionikoa

“Zahartzean begietako bista laburtzen da, belarrietan gorreria egiten da, belaunetan hezueria jartzen da, indarra gutxitzen da, apetitua galtzen da, loa joaten da, ikara etortzen da, larrua zimurtzen da, ilea urdintzen da, burua karsoiltzen da, hatsa kirasten da”.

Zahartzaroa ez bide da pagotxa. Axularrek bazekien, hitz horiek idatzi zituenean urte dezente baitzituen. Hala ere, Sarako erretoreak ez zuen gizon eta emakume bionikoaren berri: bihotzean taupagailua duena, belaunburua altzairuzkoa, gibela beste inorena eta mesanotxean kaxa bat biagra edo partxeak menopausiarako. Eta hala ere, zahartzaroa beti zahartzaro.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Will Richardson pedagogoa

Bere liburua irakurri ondoren —“Blogs, Wikis, Podcasts and Other Powerful Web Tools for Classrooms”—, erabaki nuen sarrera bat eskainiko niola Wikipedian, euskaraz, nahi nuen-eta beste irakasle euskaldunek ere Will Richardson pedagogo amerikarraren berri izatea, bere hausnarketak oso interesgarriak baitira, zelan erabili teknologia berriak irakaskuntzan.

Will Richardsonek blog bat dauka, Weblogged, eta hor zortzi urte darama idazten Irakurri/Idatzi Sareari buruz. Bestetik, aholkularitza lana egiten du, PLPnetwork erakundearen bidez. Hitzaldiak ematen ditu nonahi, eta saio bereziak egiten ditu irakasleak prestatzeko. Twitter-en ere badu kontu bat.

Irakasleak baldin bazarete, eta interesa baldin baduzue zelan uztartu irakaskuntza eta teknologia berriak, kontuan izan Will Richardson, merezi du-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Erasmus ikasleekin txangoan

Erasmus ikasleak Goronaetan, Aretxabaletan
Atzo goizean txangoa egin genuen Erasmus ikasleekin. Beribilak hartu, eta erakutsi genizkien zenbait leku eder, bestela ikusiko ez lituzkeenak: Urkuluko urtegia (hantxe atera genuen argazki hau, atzean Goronaeta auzoa dagoela), Udala auzoa, Barajuen, Untzilla (bi hauek Aramaion) eta Apotzaga.

Giro paregabea izan genuen txangoan zehar, nahiz eta zerua hodeituta egon eguerdia arte: ez bero, ez hotz. Eurak gustura bueltatu ziren, eta gu ere bai.

Ikusi Txangoa Erasmus ikasleekin mapa handiago batean

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Etxe hutsean

Gustura irakurri dut Etxe hutsean, Karlos Linazasoro idazlearen azken liburua. Aita eta ama hil zitzaizkion ia batera, eta bere haurtzaroko etxera joan zenean, hutsik aurkitu zuen: ez aitarik eta ez amarik; hori bai, oroimenak bor-bor. Horrek eraman du liburua sentimenduz idaztera, eta, nirekin behintzat, konektatu du bere poesia.

Denboran bateratsu hil zitzaigun guri ere ama, baina handik gutxira hasi ginen haren etxea hustutzen, saldu beharra genuen-eta. Gaur egun etxe hura, gure haurtzarokoa, ez da gurea. Oroimenak geratzen zaizkigu, neba-arrebon artean partekatzen ditugunak, orduko zenbait argazki, liburu eta objekturekin batera.

Akaso horrek ere bultzatu ninduen Karlos Linazasororen liburua erostera, baina ez zen izan motibo bakarra, Eldarnioak atera zuenean, bere lehen liburua, prendatuta geratu bainintzen haren idazkerarekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina