Kubrick proiektua

Horrela deitu diot, Kubrick proiektua, Covid-19 pandemiaren garaian, urrian edo, neure buruari jarri nion eginbehar bati. Eginbehar horrek bi atal zituen. Lehena, euskarara ekartzea Stanley Kubrick zine-zuzendari estatubatuarraren filmen artean euskaratzeko falta ziren pelikulak. Bigarrena, orraztea nik euskaratutako lehen bi filmak, azpitituluak euskaratzen hasi nintzenean itzuli nituenak (The Shining eta Paths of Glory).

Hasteko, Kubrick-en filmografia osatu behar nuen, eta horretan Jabier Larrañaga koinatuak lagundu zidan, 1968 inguruan 2001: A Space Odissey filma ulertzen lagundu zidan berberak. Izatez, proiektu hau osatzeko lana berari eskainita dago, orduan eta gero zinea maitatzen erakutsi didalako.

Kubricken filmografia

Hauek dira Stanley Kubrickek fikzioan zuzendu zituen film luzeak:

Euskaratu beharrekoak

Proiektua zirriborratu nuenean, Kubricken bost film zeuden euskaratuta:

  • Paths of Glory, nik euskaratuta.
  • Spartacus, Luistxo Fernandezek euskaratuta.
  • 2001: A Space Odissey, Jatsu Argaratek euskaratuta.
  • A Clockwork Orange, Filmazpitek euskaratuta.
  • The Shining, nik euskaratuta.

Hortaz, kontuan izanda Kubrickek 13 film luze zuzendu zituela, bi lan nituen: falta ziren zortziak euskaratzea eta hasieran egin nituen haiek orraztea.

Lan luzea eta gozoa izan da Kubrick berriro bisitatzea, itzuli ahala berau patxadaz ikustea. Denetan lehena egin zait arraroena, Fear and Desire, eta baita apalena; opera prima moduan ez zen izan marabilla bat, nire ustez. Baina beste guztiekin, oso gustura ibili naiz.

Orraztu beharrekoak

The Shining eta Paths of Glory orrazterakoan, konturatu naiz bazutela zer zuzendua. Ez naiz profesionala, eta badakit haiek askoz hobeto egingo luketela, baina saiatu naiz Ana Morales itzultzailearen gomendioak ahalik eta ondoen jarraitzen, erabilgarriak dira-eta oso.

Hortaz, Azpitituluak.eus plataformak The Shining eta Paths of Glory filmen zuzendutako bertsioak dakartza orain, Luistxoren kortesiaz.

Zine zaleak, profitatu

Euskal Herrian zine zale asko dago, eta horietatik ez dira gutxi eskertzen dutenak zinea bertsio originalean ikustea, euskarazko azpidatziekin. Horiek aukera dute orain Kubricken filmografia osoa berbisitatzeko, euskaraz dagoela aprobetxatuta.

Zine-klubek ere ziklo oso bat antola dezakete, Stanley Kubricki eskainita, premisa horiekin: bertsio originalean, euskarazko azpidatziekin.

Stanley Kubrickek merezi du, sekulako arrastoa utzi du-eta mundu guztiko zineman, eta baita gure arteko askoren artean ere.

Kartela

Aurrekoetan bezala,oraingoan ere Goio Arana lagunari eskatu nion poster bat egiteko Kubrick proiektuaz. Eta Goiok —bide batez, esan dezadan Goiok berak erakutsi zidala zelan itzuli azpidatziak— kartel zoragarri hau oparitu digu. Mila esker, Goio!

Kategoriak Zinea | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Ainara neskatila afro-kanadarra eta liburuak

Kanadako Telebista Publikoan (CBC) izan dut Ainara Marin-Alleyne neskatila afro-kanadarraren berri, urtarrilaren 1ean eman zuen-eta The National albistegiak haren berri. Lehendabizi haren izenak eman zidan atentzioa, Ainara, euskalduna delako, baina gero albistearen mamiak berak.

Kontua da Ainara Marin-Alleynek 11 urte dituela, eta aurkitu berri duela misio bat bere bizitzan: dibertsitatea erakusten duten liburuak bilatu eta zabaltzea. Horregatik titulatu zuen albistegiak horrela: “Neskatila beltz baten misioa: liburuak bilatzea, dibertsitate handiagoa erakusten dutenak”.

Albisteak azaltzen zuenez, hasiera batean Ainarak nahiago zuela telebista liburuak baino. Halako batean baina, hasi zen irakurtzen, baina iruditzen zitzaion liburuetan jende gutxi agertzen zela bere kolorekoa edo gutxiengoetakoa. Horregatik, hasi zen bilatzen liburuak, hobeto ispilatuko zituztenak minoriak.

Bilatu, aurkitu eta komentatu, hori hasi zen egiten Instagramen sortu zuen txokoan: “ainarasbookshelf” / “Ainararen liburu-apalategia”. Bertan gomendatzen duen liburu bakoitzean, pertsonaia nagusiak dira beltzak, kolorekoak edo indigenak. “Ni bezalako jendea da hor agertzen dena”. Iritzia ematen du liburuen inguruan, eta, askotan, elkarrizketau egiten ditu idazleak eta ilustratzaileak. Horretan aitak ere laguntzen dio.

Halako arrakasta lortu du, zeren Hamilton hiriko liburutegi publikoak, berau Ontario probintzian, izendatu baitu Ainara bibliotekari gazte egoiliarra. Gaur egun dibertsitatea erakusten duten liburuak Hamiltongo liburutegiko bildumaren %20 dira, eta Ainararen betebeharra izango da kopuru hori handitzea.

Txalotzekoa Ainara gaztearen grina, dibertsitatea zabaltzeko haur eta gazte literaturan, eta txalotzekoa Hamilton hiriko liburutegiak neskatilarengan jarri duen konfiantza.

Kategoriak Liburuak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Etsiak jota ETBren albistegiekin

Covid-19 gaixo bat buruz behera ZIU zainketa intentsiboetako unitate batean.

Etsigarria izan da asteburu honetan Euskal Telebistaren zenbait albistegi ikustea, batez ere ostiral eta larunbatekoak. Kontuan hartuta pandemia baten erdian gaudela, ETBk gai bat izan du nagusi berriak ematerakoan: zein larria den ostalaritzaren egoera. Justifikatu beharra zegoen, antza, Eusko Jaurlaritzak zergatik lasaitu dituen ostalaritzaren inguruko neurriak, osasunari dagozkion parametroak txarrak izan arren, Alemaniak dituenak baino ia lau aldiz okerragoak.

Horrela, ematen zuen ostalaritzak sostengatzen duela herri hau, eta ostalaritza dela pandemiako sufritzaile nagusia eta bakarra. Medikuen sufrimenduaz, erizainen sufrimenduaz, ospitale eta anbulatorioetako profesionalen sufrimenduaz, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan dauden gaixoen sufrimenduaz, ospitaleetan eta etxeetan konfinatuta dauden gaixoen sufrimenduaz, arrastorik ere ez albistegietan.

Dudarik ez dago ostalaritzako profesionalak eta langileak gorriak pasatzen ari direla pandemia honetan, baina ez dira bakarrak. Jende asko dago sufritzen, alde askotan, eta Euskal Telebistako albistegiek ez dute beste horien sufrimenduaren berri ematen hain nabarmen. Eta horrek ondorioak ditu pandemia modu batean edo bestean ikusteko orduan.

INFANTILIZATU PANDEMIA

Beste herrialde batzuetako telebista publikoek —Kanadakoak, esate baterako— ez dute eragozpenik Covid-19 pandemiaren aurpegi itsusia erakusteko. Horrela, albistegietan erakutsi dituzte erreportaje batzuk, non ikusten den kazetari bat eta kameralaria ZIUetan sartzen, eta, mediku batek gidatuta, erakutsi duten zelan bizi diren han daudenak, haien zaintzaileak eta ingurukoak. Gure telebista publikoak nahiago izan du gu infantilizatu, pandemiaren alde zatarra ezkutatuta.

Gurean ondorengo gaiak gutxi ikusiko ditugu albiste moduan tratatuta, eta, ikustekotan, oso aldian behin:

  • Adituen iritziak egunero jendearen edo kazetarien galderei erantzuten. Felix Zubiak Euskadi Irratian igandero egiten duena, baina egunero bi-hiru medikuk hitz eginda. Orain arte ikusitakoagatik, ematen du ETBko zuzendaritzak ez duela nahi albistegietan protagonismorik eman osasunaren adituei.
  • Hildakoak numero bihurtu ditugu. Kanadako albistegiak sarri erakusten ditu hildako bizpahiruren kasuak: izen-deiturak, argazkiak eta historia laburra. Era horretan, ikusleak barneratu egiten du pandemia honek hil egiten duela, eta, zenbaitetan, hildakoak gu bezalakoak direla.
  • Ospitaletako profesionalek zelan egiten duten lana: medikuek, erizainek, garbitzaileek… Lehen olatuan txalo egiten genien; orain, ez txalorik, ez eta kasurik ere. Ez dakigu zelan dauden, zenbat hil diren, zenbat kutsatu, estresak jota dauden, zer eskatzen duten. Gauza asko ez dakigu.
  • Gaixoek zelan bizi duten gaixotasuna. Ospitalean daudela, seguru badaudela gaixoak onartuko luketenak kamera aurrean hitz egitea, euren egoera esplikatzeko. Gaixotasun hau desberdina da, eta ikusleoi ondo letorkiguke gaixoen bizipenen berri izatea.
  • Osatu direnak zelan bizi dira? Utzi die ondoriorik SARS-CoV-2 birusak? Zelako arazoak dituzte? Osakidetza zer egiten ari da horien bizimodua hobetze aldera? Zeintzuk dira birusaren epe luzeko ondorioak? Birikak, memoria, mugimendua, antsietatea… Zelan ulertu behar ditugu? 
  • Zaharren etxeetan zelan bizi izan zuten lehen olatua? Eta bigarrena? Hobeto prestatuta daude orain? Zer neurri hartu dituzte zaharrak babesteko? Bertako langileak pozik dabiltza? Eta egoiliarrak?
  • Telelana. Zenbateraino zabaldu da? Zenbait enpresak zergatik ipintzen dituzte oztopoak telelana egin dezaketen enplegatuek etxetik lan egin dezaten? Zeintzuk dira telelanaren arazoak?
  • Etxeak eta pandemia. Zenbateraino aldatuko dira etxeen diseinuak pandemia honen ostean?
  • Radar COVID eta beste aplikazioak, pandemiari aurre egitekoak. Zenbat daude gure esku? Zenbat jaitsi dira EAEn, Nafarroan eta Iparraldean? Zergatik jende askok ez du nahi aplikaziorik jaisterik? Ondo esplikatu da horrelako app baten premia?
  • Txertoa. Seguruak dira? Zergatik? Nola antolatuko da hura zabaltzeko logistika? Zer ezaugarri ditu txerto bakoitzak? Transplantatuek hartu ahal izango dute? Behin hartuta, firin-faran ibil gaitezke, ala oraindik neurriak hartu beharko ditugu? Hauek eta beste galdera batzuk ondo esplikatu beharko dira txertoa bera iritsi aurretik ere, bestela jende asko haserre bizian jarriko da, askok uste baitute behin txertoa hartuta, kito babes neurriak.
  • Negazionistak eta eszeptikoak. Zergatik daude hainbeste negazionista edo eszeptiko txertoaren inguruan?

Iragan ostiral eta larunbatean Gaur Egun eta Teleberrialbistegiek anplifikatu egin dute pandemiak ostaralitzan eragin dituen kalteak, eta isildu beste kolektibo askotan eragiten dituenak. Igandean ez dut gogorik izan telebistaren aurrean jartzeko.

Halako batean, unibertsitate bateko norbaitek (berdin unibertsitatekoa ez bada ere) aztertu beharko du zer rol jokatu duten ETBren albistegiek pandemia garaian.

Kategoriak Telebista | Etiketak , | 6 iruzkin

Hondar ahoak eta euskalkiak

Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoy, Hondar ahoak telesailean.

Orain astebete, Neskamearen ipuina egun batez alboratu, eta Hondar ahoak ikusten jarri ginen. Ezusteko atsegina izan zen, alde guztietatik. Hala ere, ikusitakoan Iñaki Beraetxe, Josean Bengoetxea eta Sara Cozar, besteak beste, bizkaieraz hitz egiten, komentatu genuen horrek ekarriko zuela soka Euskal Herrian.

Eta horrela izan da. Whatssap talde batean, ia denak oso pozik agertu ziren telesail berriarekin, azpimarratuta zelako berrikuntzak zekartzan. Batek, berriz, behin aitortuta zein gustura ikusi zuen, “baina” bat atera zion telesailari: euskalkiaren erabilera ez zela sinesgarria; bera bizkaitarra izanda, aktore haien euskarak txirriatu egiten zuela. Erantzun egin nion, eta hona ekarriko dut erantzuna, mezuaren jasotzailea aipatu barik:

“Lagun estimatua, Hondar ahoak telesailaren inguruan bat gatoz oso produktu ona dela, eta, kapitulu bakarra ikusita, nabarmendu egin dela gutxik bezala.

Euskalkiaren erabileran, ostera, ez nator bat zurekin. Out of Africa pelikulan, Meryl Streep aktore amerikarrak idazle daniar bat antzeztu zuen, Karen Blixen, eta daniarrek erabiltzen duten ingelesa mimetizatzen zuen. Zuk uste duzu mundu guztiko ikusleoi asko inporta zitzaigula Meryl Streepek zenbateraino mimetizatzen zuen ondo Jutlandiako bizilagunen ahoskera, hangoak baitziren Blixen andrearen leinukoak? Niri, eta niri bezala askori, nahikoa zitzaigun antzematea oinarrizkoa: Karen Blixen daniarra zen, eta ingeles hitz egiterakoan, bazuen azentu bat, daniar gehienek izaten dutenaren antzekoa. Eta iruditu zitzaigun horretan ere, Meryl Streep-ek lan bikaina egin zuela.

Euskarari dagokionez, berriz, tikis-mikis jartzen gara, eta ni lehena. Aitzitik, uste dut hobe dugula zine-zuzendariez edo gidoigileez hitz egiten dugunean, sukaldariez pentsatzea. Haiek erabiltzen dituzte hizkuntza-baliabideak, nola sukaldariek erabiltzen dituzten espezieak eta belarrak: ‘kolorea’ eta ‘zaporea’ emateko azken produktuari, film bat izan edo plater bat.

Alde horretatik, uste dut Koldo Almandozek-eta oso lan ona egin zutela. Ez zen erraza, zeren ondarrutarrez barra-barra eginez gero, gehienok ez genukeen ulertuko. Irtenbidea izan zen pare bat pertsonaia batuaz hitz egiten, beste pare bat ondarrutar neutro samarrez berbetan (hurbiltzeko ikusle gehienei) eta tanta bat “ondarrutar petoz”, marinel beltza, zeina mintzatu zen oso labur, eta, beraz, ez zen problematikoa izan komunikazioaren ikuspegitik.

Alegiya, eta barka biezat berorrek atrebentzia, nik oso gustura ikusi nuela filma bera, besteak beste, ondo harilkatuta zegoelako, enkuadre zoragarriekin, primerako interpretazioekin, eta itsasaldeko kolorea eta zaporea neurrian eskaintzen zituelako. Ondo segi!”

Kategoriak Telebista | Etiketak , , , , | Iruzkin 1

Danimarkako gazteluan, emakumeak nagusi

Borgen telesaileko kartela.

Iraila hil oparoa izan da gurean afalosterako: ia iluntzero Borgentelesail daniarra gozatu dugu. Zuetako batzuek aspaldi ikusiko zenuten, baina guk orain izan dugu hori egiteko aukera, Netflix-en.

Borgen izenak “gaztelua” esan nahi du danieraz, eta Kopenhagen horrela deitzen zaio Christiansborg jauregiari, non aterpe hartzen duten Danimarkako Parlamentuak, lehen ministroaren bulegoak eta Auzitegi gorenak. Orain hiruzpalau urteDanimarkan izan ginenean, igaro ginen Christiansborg jauregiaren aurretik, eta, kanpotik, itzela ematen du.

Telesailak protagonista nagusi bat du, Birgitte Nyborg, zeina Danimarkako lehen ministro bilakatuko da, lehen emakumea kargu hori hartzen. Istorio honetan, hala ere, pertsonaiarik interesgarrienak emakumeak dira, bai politikan ikusten direnak, eta baita hedabideetan, Borgen telesaila bi mundu horietan oinarritzen baita batez ere.

Ezinbestean horrelako telesail batean, boterea da elementu ezinbestekoa hemen, pertsonaia gehienek boterearen inguruan egiten dute-eta borroka, etikaren zentzu handiagoz edo txikiagoz. Eta boterea lortzeko borrokak bidean uzten dituen zauriak ere agertzen dira: familian, osasunean, bikote-harremanetan… Dena oso ondo josita, aktore onekin.

Hiru denboraldi, hiru hizkuntza

Hiru denboraldi ikusi ditugu (antza denez, aurrerantzean Netflixek ekoiztuko ditu hurrengoak), bakoitza hizkuntza batean.

Lehen denboraldia gaztelaniaz ikusi genuen, ez genuen-eta ingelesezkoa aurkitu (serie gehienak ingelesez ikusten ditugu, ingelesezko azpidatziekin). Bigarrena, berriz, ingelesez jaso genuen, hegoamerikarrez ikustea gogorra egiten zitzaigun-eta. Eta hirugarrena, danieraz, gaztelaniazko azpidatziekin. Hiruretan moldatu ginen ondo, baina niretzat hirugarren moduak bete ninduen gehien.

Borgen da Europak egiten dituen ekoizpen onen adibide bat. Oraindik ikusi ez duzuen telesail-zaleek hortxe duzue ikusteko aukera. Merezi du.

Kategoriak Telebista | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Aitari gutuna

Egun hauetan Franz Kafka idazlearen lan bat irakurri dut katalanez: Carta al pare. Institutu garaian Metamorfosiak(orduko hartan gaztelaniaz irakurria) eragin zidan zirrararen parekoa eragin dit gutun honek, bertan Kafka oso gogorra baita bere aitarekin.

Kafkak tirano bat deskribatzen digu eskutitz horretan, kanpora begira gizon indartsua eta liluragarria, baina etxe barruan eta familia-harremanetan ogro hutsa, semearen barne-oreka betiko suntsituko zuena.

Kafkak lehen orrietatik bistaratzen du gutunaren tonua, banan-banan aletzen baititu aitak eragin dizkion kalteak: beldurra, erruduntasun-sentipena, hitz egiteko moztasuna, angustia, ezkontzeko ezintasuna…

Orriok irakurri ahala, gura barik gogoratu naiz Gregor Samsarekin, zeina goiz batean zomorro bihurtuta esnatu baitzen Metamorfosia nobelan, han ere, aitaren beldur bizi zen-eta Gregor, bizitza errealean Franz bizi izan zen legez.

Gutun bezala luze samarra da hau, 87 orrialde, baina liburu gisa, txikia. Kontuan hartuta Metamorfosiak hiru itzulpen izan dituela euskarara, harritzekoa da oraindik ere gutun hau inork ez euskaratu izana. Ea norbait animatzen den.

Kategoriak Liburuak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Oñatiko emakumeak, harribitxi bat

“Oñatiko emakumeak” liburutxoa gainbegiratzen. (Argazkia: Joxefe)

Oraingoan Oñatiko herritik dator notizia. Izan ere, Joxe Felix Diaz de Tuesta lagun argazkilariak liburutxo zoragarria atera du: Oñatiko emakumeak. Bertan Oñatiko 35 emakume agertzen dira, 11 familiatakoak, belaunaldi diferentekoak (ahal denean birramama, amama, ama eta alaba eskemarekin), eta berauen argazkien ondoan, haien bizipenak, sentipenak eta aldarriak. Argazkiak, zuri-beltzekoak dira, eta Oñatin eginda daude, Gandiaga Topagunean, Arantzazun.

Liburua, hortaz, txikia da, baina harribitxi benetakoa, modu birgeroan eginda baitago: bertako orriak zabalgarriak dira, eta aleak banan-banan daude koadernatuta, eskuz. Lan honetan aipatzekoak dira Nahikari Mora, berau diseinuaren egilea, eta Zigor Anguiano Calzada, Espainiako Sari Nazionala Koadernaketa arloan, zeinak eskuz josi baititu orriak, modu erabat artesanalean.

Fitxa teknikoa

  • Formatua: itxita, 11 x 110 mm; zabalduz gero, berriz, 48 x 11 mm.
  • Azala: 300 gramoko kartulina gogorrekoa, mate glasofonatua eta estanpatua.
  • Barrukoa: 11 orri zabalgarri, gehi beste 20 orri, 200 gramoko kartulinan, mate glasofonatua.
  • Koadernaketa: eskuz josita, modu guztiz artesanalean.
  • Argazkiak: Joxefe Diaz de Tuesta.
  • Argitaletxea: Artixa Elkartea.
  • Babeslea: Oñatiko Udala.

Argitalpenak

Liburuak 35€ balio du, eta askok nahi izango dute ale bat etxean eduki, garai bateko adierazle ederra delako. Ikusita, bestalde, lehen argitalpena eskuetatik kendu ziotela Covid-19 pandemia hasi orduko, egileak bigarren argitalpena egin du:

  • Lehen edizioa: 2019ko azaroan, 60 ale.
  • Bigarren edizioa: 2020ko ekainean, 100 ale.

Zelan lortu liburua

Bi modu daude liburuaren ale bat lortzeko:

  1. Oñatiko hiru salmenta-guneetara joanda:
  • Txokolateixa dendan, Oñatin.
  • Natxo Santos argazki-dendan, Oñatin.
  • Nagore Goñi argazkilariaren estudioan, Oñatin.
  1. Joxeferekin harremanetan jarrita:
  • Telefonoa: 677 536 846
  • e-posta: arrasateargitan@gmail.com

Joxe Felix Diaz de Tuesta

Joxe Felix Diaz de Tuesta (Gasteiz, 1953), Enpresa-ikasketak egindakoa da Deustuko Unibertsitatean, Donostian, eta euskalgintzan egin zituen urterik gehienak: Arrasateko AEK euskaltegian, Bergarako UNEDen eta Arrasateko Udaleko Euskara Zerbitzuan. Halaber, Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) euskara elkartearen, Arrasate Press astekariaren eta Arrasate Telebistaren sortzailetarikoa izan zen.

Gaur egun Oñatin bizi da, erretiroa hartuta, eta argazkigintzari eskaintzen dizkio ordu asko. “Makina bat urte daramat argazkiak egiten, plazer hutsagatik, gustatzen zaidalako, alegia. Orain dela hamazazpi bat argazki digitalak egiten hasi nintzen eta geroztik Kodak eta Fujifilm pelikulak erabiltzeari utzi diot. Etxea argazki albumez beteta daukat, eta ordenagailua, irudi digitalez”.

Liburuak

Joxefek hainbat argazki-liburutan parte hartu du. Batzuetan, editore moduan; eta beste batzuetan editore eta argazkilari gisa: 

Joxeferen lanak Interneten

Aspaldi honetan, Joxefek Interneten erakusten ditu bere lanik gehienak, “nire ustez, Internet baita munduko erakusketa aretorik handiena eta, ziur aski, onena”. Eta sarean Atauri goitizena erabiltzen du, bere amamaren herriaren izena.

Oñatiko 35 emakume, 11 familiatakoak, euren historia eta istorioekin. (Argazkia: Joxefe)
Kategoriak Liburuak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Igande hura Anoetan, orain 25 urte

Aspaldi agindua nien ilobei Anoetara eramango nituela Real-Athletic ikustera, eta, bide batez, futbol-zelai berria ikustera. Hortaz, 1995eko maiatzaren 28an, bazkalostean, autoan sartu nituen lau ilobak —Asier, Ane, Mikel eta Jon—, eta Donostiara egin genuen, kriskitinak baino poziago. Lehen hirurak, durangarrak, real zale amorratuak. Laugarrena, elorriarra, athletic zalea.

Anoeta, lepo. Zerikusirik ez nik ezagutzen nuen Anoetako futbol-zelaiarekin, askoz zabalagoa eta etzanagoa. Mutur batean tokatu zitzaigun, ate baten atzean, eta, egia esan, ez genuen gehiegirik ikusten. Baina giroa itzela zen. Kontua da orduko hartan Realak errepasoa eman ziola Athletici, 5-0 irabazita. Durangoko ilobak, pozez zoratzen. Jontxu, berriz, lur jota. Hala ere, giro onean itzuli ginen etxera.

Gaur, ostera, prentsaren errepasoa egiten nenbilela, goiko portadak akordura ekarri dit egun hura, eta partekatu egin dut emaztearen familiarekin. Iloba guztiek dute gogoan eguna, ez bakarrik emaitzagatik, baita ondo pasatu zutelako ere.

Alabaren kexua

Miren alaba urte hartan jaio zen, derbi hura jokatu eta bi aste pasatxora. Askotan entzun izan du egun hartako kronika, eta beti leporatu dit bera sekula ez dudala eraman partida bat ere ikustera, batez ere aintzat hartuta bera Bilbo zalea dela. Eta arrazoia du.

Covid19 krisi hau igarotzen denean, gestioak egin beharko ditut Miren San Mamesera edo Anoetara eramateko, berak ere derbia ikus dezan. Bitartean, itxaron beharko dugu apur bat.

Kategoriak Familia | Etiketak , | 2 iruzkin

Zientzialari burua, sintoma gisa

Bonnie Henry epidemiologoa eta Columbia Britainiarreko zientzialari burua, Kanadan.

Covid-19 pandemia honetan, munduko estatu gehienek zientzialari buru bat dute, koordinatzeko birusaren kontrako borroka eta esplikatzeko herritarrei hartu beharreko neurriak. Pertsona horrekin batera zientzialari talde bat egoten da, egoera aztertzen, proiekzioak egiten eta estrategiak antolatzen, gero gobernuek, ondo irudituz gero, gauza ditzaten. Horra hor zientzialari buru horietako zenbait:

Probintzia, estatu eta autonomia erkidego askok ere badute erreferentziazko zientzialari bat Covid-19 pandemiarako, eta horien zeregina berdina da leku guztietan: koordinatzea birusaren kontrako borroka, koordinatzea estatu mailako aditu buruekin eta herritarrei esplikatzea hartu beharreko neurriak. Horra hor beste adibide batzuk:

Horietako batzuk idolo bihurtu dira euren herrialdeetan, jendeak izugarri estimatzen baitu egiten duten ahalegina eta transmititzen duten patxada. Hori da Sotiris Tsiodras epidemiologoaren kasua Grezian eta Bonnie Henry epidemiologoarena Columbia Britainiarrean, Kanadan. Andrea Crisanti italiarraren itzala nazioartera zabaldu da, Veneton lortu dituen emaitzengatik, eta erakutsi duen jakituria eta nortasunagatik, zenbait momentutan aurre egiteraino Osasunaren Mundu Erakundeari.

Eta Euskal Herrian?

Bi hilabete igaro direnean konfinamenduan hasi ginenetik, Hego Euskal Herrian oraindik ez dakigu nortzuk diren gure zientzialari buruak pandemiari aurre egiteko. Ez Euskal Autonomia Erkidegoan, ez eta Nafarroako Foru Erkidegoan ere.

Bitxia da, baina pandemia baten erdian egonagatik, Euskal Herrian ahots handiagoa izan dute enpresarioek (eta kontrapuntu moduan, sindikatuek) zientzialariek baino. Eta gure zientzialariek poz handi bat eman digutenean, EHUko ikertzaile talde batek testak egiteko bide alternatibo eta segurua asmatu zuenean bezala, isilarazi eta baztertu egin dituzte berriketa gutxirekin.

Kataluniari begiratuz gero, ostera, kontrastea agerikoa da, hango hedabideetan behin eta berriro agertzen baitira era guztietako zientzialariak, ospitaletako arduradunak, erizainak eta larrialdietako buruak. Hedabide publikotetan nahiz pribatuetan. Gainera, hango gobernuak batzorde zientifiko bat antolatu du, eta bertan Oriol Mitjà epidemiologo entzutetsua izendatu du koordinatzaile. Eta igarri egiten da zientzialarien eragina Generalitatearen ildoan.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute zientzialari bururik, eta uste dut aldi baterako ez dutela izango. Izendatuko balute bat, izango litzateke haren taldearen gomendioak kontuan hartzeko, eta osasun publikoa beste kontsiderazio batzuen parean edo aurretik jartzeko. Baina orain arteko praxiak erakusten digu gobernu biek beste lehentasun batzuk dituztela, eta denen gainean, jarduera ekonomikoa lehenbailehen martxan jartzea, kosta ahala kosta. Hori ikusi dugu krisiaren hasieran, hartu beharreko neurriak atzeratu zirenean (zerikusirik ez Alemaniarekin, Greziarekin edo Zeelanda Berriarekin), eta erabateko konfinamendutik irteteko presa izugarrian.

Grezian Sotiris Tsiodras bertako pertsonarik maitatuenetako bat bihurtu da, Kanadan Bonnie Henry bezala. Zoritxarrez, ez dago gauza bera esaterik Euskal Herrian aurpegia ematen ari direnen kasuan, behin baino gehiagotan deskonfiantza eta nahasmena zabaldu dute-eta. Hori zerbaiten sintoma da, zerikusi zuzena du-eta gidaritza eta ahots kualifikatu baten faltarekin. Eta gure agintariek zientziari erakusten dioten gutxiespenarekin.

Sotiris Tsiodras epidemiologo greziarra, eta bertako zientzialari burua Covid-19 pandemiarako.
Kategoriak Zientzia | Etiketak , , , , , | 4 iruzkin

Txorien kantuak eta txorien deiak

Zozoak bizpahiru soinu mota egiten ditu

Atzo Asier Sarasuak txorien inguruko master-class zoragarri bat eman zidan, bospasei lerrotan.

Dena eguerdian hasi zen, etxostean nengoela liburu bat irakurtzen, Les grans epidèmies modernes. Halako batean, txori baten “ttor-ttor” bat entzun nuen, behin eta berriro errepikatua. Zein ote da?, neure artean. Mobila hartu eta grabatu egin nuen. Eta Asier Sarasuari bidali nion, galdetzen zein ote zen “ttor-ttor” hori egiten zuen txoria.

Erantzuna berehala etorri zitzaidan. “Esango nuke zozoa dela entzun duzun hori. Pare bat soinutxo egiten ditu, espezie bereko beste txoriekin komunikatzeko, eta horixe da bat”. Eta adibide bat jarri zidan, nik entzuteko moduan.

Nik ere atoan erantzun nion, neure harridura adieraziz, zozoak beste kantu musikatuagoak egiten dituelakoan.

Kantuak eta deiak

Eta orduan etorri zitzaidan Asier Sarasua jakintsuaren erantzun ezinago garbia:

Txori gehienek “kantuak” eta “deiak” dituzte.

  • Kantuak territorialak izan ohi dira, emea erakartzeko, beste arrak uxatzeko…
  • Eta deiak, berriz, bikotearekin/kumekin komunikatzeko, etsairen bat datorrela abixatzeko alerta-deiak, eta abar.

Zozoak 2-3 dei ditu, ohikoak kantuaz gain, ttor-ttor hori, edo hegan ihes egiten duenean botatzen duen ttik-ttik-ttik-ttikkk bat…

Orain badakit. Mila esker, Asier!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1