Danimarkako gazteluan, emakumeak nagusi

Borgen telesaileko kartela.

Iraila hil oparoa izan da gurean afalosterako: ia iluntzero Borgentelesail daniarra gozatu dugu. Zuetako batzuek aspaldi ikusiko zenuten, baina guk orain izan dugu hori egiteko aukera, Netflix-en.

Borgen izenak “gaztelua” esan nahi du danieraz, eta Kopenhagen horrela deitzen zaio Christiansborg jauregiari, non aterpe hartzen duten Danimarkako Parlamentuak, lehen ministroaren bulegoak eta Auzitegi gorenak. Orain hiruzpalau urteDanimarkan izan ginenean, igaro ginen Christiansborg jauregiaren aurretik, eta, kanpotik, itzela ematen du.

Telesailak protagonista nagusi bat du, Birgitte Nyborg, zeina Danimarkako lehen ministro bilakatuko da, lehen emakumea kargu hori hartzen. Istorio honetan, hala ere, pertsonaiarik interesgarrienak emakumeak dira, bai politikan ikusten direnak, eta baita hedabideetan, Borgen telesaila bi mundu horietan oinarritzen baita batez ere.

Ezinbestean horrelako telesail batean, boterea da elementu ezinbestekoa hemen, pertsonaia gehienek boterearen inguruan egiten dute-eta borroka, etikaren zentzu handiagoz edo txikiagoz. Eta boterea lortzeko borrokak bidean uzten dituen zauriak ere agertzen dira: familian, osasunean, bikote-harremanetan… Dena oso ondo josita, aktore onekin.

Hiru denboraldi, hiru hizkuntza

Hiru denboraldi ikusi ditugu (antza denez, aurrerantzean Netflixek ekoiztuko ditu hurrengoak), bakoitza hizkuntza batean.

Lehen denboraldia gaztelaniaz ikusi genuen, ez genuen-eta ingelesezkoa aurkitu (serie gehienak ingelesez ikusten ditugu, ingelesezko azpidatziekin). Bigarrena, berriz, ingelesez jaso genuen, hegoamerikarrez ikustea gogorra egiten zitzaigun-eta. Eta hirugarrena, danieraz, gaztelaniazko azpidatziekin. Hiruretan moldatu ginen ondo, baina niretzat hirugarren moduak bete ninduen gehien.

Borgen da Europak egiten dituen ekoizpen onen adibide bat. Oraindik ikusi ez duzuen telesail-zaleek hortxe duzue ikusteko aukera. Merezi du.

Kategoria: Telebista Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude