Kubrick proiektua

Horrela deitu diot, Kubrick proiektua, Covid-19 pandemiaren garaian, urrian edo, neure buruari jarri nion eginbehar bati. Eginbehar horrek bi atal zituen. Lehena, euskarara ekartzea Stanley Kubrick zine-zuzendari estatubatuarraren filmen artean euskaratzeko falta ziren pelikulak. Bigarrena, orraztea nik euskaratutako lehen bi filmak, azpitituluak euskaratzen hasi nintzenean itzuli nituenak (The Shining eta Paths of Glory).

Hasteko, Kubrick-en filmografia osatu behar nuen, eta horretan Jabier Larrañaga koinatuak lagundu zidan, 1968 inguruan 2001: A Space Odissey filma ulertzen lagundu zidan berberak. Izatez, proiektu hau osatzeko lana berari eskainita dago, orduan eta gero zinea maitatzen erakutsi didalako.

Kubricken filmografia

Hauek dira Stanley Kubrickek fikzioan zuzendu zituen film luzeak:

Euskaratu beharrekoak

Proiektua zirriborratu nuenean, Kubricken bost film zeuden euskaratuta:

  • Paths of Glory, nik euskaratuta.
  • Spartacus, Luistxo Fernandezek euskaratuta.
  • 2001: A Space Odissey, Jatsu Argaratek euskaratuta.
  • A Clockwork Orange, Filmazpitek euskaratuta.
  • The Shining, nik euskaratuta.

Hortaz, kontuan izanda Kubrickek 13 film luze zuzendu zituela, bi lan nituen: falta ziren zortziak euskaratzea eta hasieran egin nituen haiek orraztea.

Lan luzea eta gozoa izan da Kubrick berriro bisitatzea, itzuli ahala berau patxadaz ikustea. Denetan lehena egin zait arraroena, Fear and Desire, eta baita apalena; opera prima moduan ez zen izan marabilla bat, nire ustez. Baina beste guztiekin, oso gustura ibili naiz.

Orraztu beharrekoak

The Shining eta Paths of Glory orrazterakoan, konturatu naiz bazutela zer zuzendua. Ez naiz profesionala, eta badakit haiek askoz hobeto egingo luketela, baina saiatu naiz Ana Morales itzultzailearen gomendioak ahalik eta ondoen jarraitzen, erabilgarriak dira-eta oso.

Hortaz, Azpitituluak.eus plataformak The Shining eta Paths of Glory filmen zuzendutako bertsioak dakartza orain, Luistxoren kortesiaz.

Zine zaleak, profitatu

Euskal Herrian zine zale asko dago, eta horietatik ez dira gutxi eskertzen dutenak zinea bertsio originalean ikustea, euskarazko azpidatziekin. Horiek aukera dute orain Kubricken filmografia osoa berbisitatzeko, euskaraz dagoela aprobetxatuta.

Zine-klubek ere ziklo oso bat antola dezakete, Stanley Kubricki eskainita, premisa horiekin: bertsio originalean, euskarazko azpidatziekin.

Stanley Kubrickek merezi du, sekulako arrastoa utzi du-eta mundu guztiko zineman, eta baita gure arteko askoren artean ere.

Kartela

Aurrekoetan bezala,oraingoan ere Goio Arana lagunari eskatu nion poster bat egiteko Kubrick proiektuaz. Eta Goiok —bide batez, esan dezadan Goiok berak erakutsi zidala zelan itzuli azpidatziak— kartel zoragarri hau oparitu digu. Mila esker, Goio!

Kategoria: Zinea Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude