Nire Twitter kontua, hackeatuta

Gaur goizean mezu piloa neukan postontzian, gehienak Twitter-ek bidalita. Gehienetan garbi zegoen nire Twitter kontua hackeatuta zegoela, hainbat jende nire mezu bat jasotzen ari baitzen, ingelesez, lotura arraro bat eskaintzen.

Berehala gogoratu naiz atzo mezu arraro bat jaso nuela Gmailen. Mezuaren gaiak horrela zioen: “Atera, atera! (@Patxitrapero) has sent you a direct message on Twitter!” Eta barruan, mezu hau: “lmao this video of you is funny as hell, im sharing it with everyone”, eta lotura bat eskaintzen zidan. Apur bat moskeatu nintzen mezua ingelesez zetorrelako, baina Atera, atera! horrek bultzatu ninduen loturan klik egitera. Kontua da ezin izan nuela ezelako bideorik ikusi, baina, antza denez, bertan klik eginda, nahi gabe baimena eman nion norbaiti nire Twitter kontuan sartzeko. Eta hor hasi ziren arazoak, nire Twitter kontua hasi baitzen mezu arraroak bidaltzen, spama, jendeari gonbita eginez klik egitera.

Gari Araolaza lagunaren gomendioak segituz, mila esker Gari, bi gauza egin ditut arazoa konpontzeko:

  1. Twitter-en kontuan sartu, settings atalean klik egin, eta hainbat aplikazio ezabatu ditut. Zoritxarrez, ez dut apuntatu zeintzuk ezabatu ditudan, baina laupabost izan dira.
  2. Nire kontuaren pasahitza aldatu dut.

Espero dut horrekin nire arazoa konpondu izana. Hala ere, barkatuko didazue spama nire izenenan jaso duzuenok. Eta mila esker mezuaz fidatu ez eta arazoaz ohartarazi didazuen guztiei.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Espioi perfektua

Azkenean, amaitu dut irakurtzen John Le Carré idazlearen Un espía perfecto eleberria. Esperientzia gazi-gozoa izan da, zeren Kindle irakurgailuan irakurri baitut. Liburua oso ona iruditu zait, baina berau formatu digitalean irakurtzea gogorra egin zait, beste artikulu batean azaldu ditudan arrazoiengatik.

Gainera, irakurri ahala, konturatu nintzen etxean bertan bageneukala liburuaren ale bat ingelesez, paperezkoa. Eta zerbait arraroa egin dut: ez nagoenez ohituta liburua ehunekoetan irakurtzen —aurrera egin ahala, Kindlek markatzen dizu % zenbat irakurri duzun—, noiz edo behin hartzen nuen paperezko alea eta alderatzen nuen digitalarekin, jakiteko zenbat neraman irakurrita eta zenbat orrialde falta zitzaizkidan. Halako menpekotasunik!

Eleberria, bestalde, oso ona iruditu zait. Bertan Le Carrék bisturi zorrotza erabiltzen du munduko zerbitzu sekretuen haragi bigunetan. Horrezaz gain, elementu autobiografiko piloa dago nobelan, asko eta asko mingarriak egilearentzat, bere aita itxuraz gaizkilearen gorabeherak azaltzen ditu-eta modu gordinean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Gutun irekia Xabi Alonsori

Ez dugu elkar ezagutzen Xabi. Hala ere, joan den asteazkeneko finala ikusita eta zure ondorengo adierazpenak entzunda, animatu naiz gutun ireki hau idaztera, ez bainago bat ere ados azken aldi honetan jokatzen ari zaren rolarekin, zure taldearen indarkeria zuritzen, zurea barne.

Hasteko, esango dizut beti mirestu izan zaitudala, bai jokoagatik eta baita zelaitik kanpo erakutsi duzun portaeragatik. Liverpoolen zale egin nintzen zeu bertan ari zinenean, eta zuekin batera emozionatu nintzen Champions hura irabazi zenutenean, Milanen kontra. Poztu nintzen, halaber, Real Madrilek hartu zintuenean, ulertu bainuen zuretzat pauso bat gora zela. Jakizu, gainera, txikitan nik ere mirestu nuela Real Madril, Di Stefano handia eta Josetxo Arakistain atezain euskaldunaren garaian.

Gaurko garaietara itzulita, negargarria iruditzen zait iaz ezkero erakusten ari zareten portaera. Indarkeria erreibindikatzen duzue (“El futbol es para hombres” aldarrikatu zuen Mourinho misoginoak), eta biolentzia erabiltzen duzue jokoan, batez ere Barçaren kontra, gaur egun Real Madril baino hobea den taldea. Azken txapelketako hondar partidak eta Superkopakoak horren erakusgarri izan dira: muga-mugan jokatzen duzue (Khedirak Abidali buruan emandako ostikadak antz handia zuen De Jong-ek zuri Hego Afrikan bularrean emandakoarekin), presionatu egiten dituzue arbitroek zuen indarkeria normaltzat jo dezaten, eta ausartzen direnean zuetako bat zelaitik egozten, sekulakoak eta bost esaten dituzue.

Superkopa honetan —Pepe, Khedira eta Marcelo ez ezik—, zeu ere ikusi zaitut egurra ematen lotsa barik, eta indarkeria justifikatzen. Are gehiago, azken partidaren ostean erakutsi nahi izan zenuen talde bien errua izan zela gauzak gaizki amaitu izana. Bada sentitzen dut, baina ez. Marcelorena ez dago justifikatzerik. Ezta Mourinhoren erasoa ere. Eta arbitroak atera zituen txartel gorri guztiak ondo aterata egon ziren, nahiz eta, seguruenik, ez ziren nahikoak izan.

Kosta ahala kosta nahi duzue irabazi (bitartekoek justifikatzen dute helburua: tituluak; horixe da zuen mantra orain), eta galtzen baduzue, kosta ahala kosta saiatzen zarete bestearen garaipena zikintzen, batik bat aurkaria Barça baldin bada. Horregatik antolatu zenuten azken iskanbila eta ez zineten geratu zelaian, ikusteko txapeldunek zelan jasotzen zuten garaikurra. Shame on you!

Bide arriskutsua hartu duzue, Xabi, zuen jarrerak indarkeriaren eskalada baitakar. Eta hortik segituz gero, zerbait larria gerta daiteke. Pena sentitzen dut, ikusita zu ere Mourinhoren pretoriano bihurtu zarela. Madrilen inork ez dizu horrelakorik esango, edozer onartzeko prest baitaude titulu distiratsuren bat lortzearren, baina, nik, behintzat, horrela ikusten ditut gauzak.

Zaindu, gaizki esanak barkatu, eta ondo esanak kontuan hartu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 7 iruzkin

Usako, Oñatin

Usakon, Oñatin
Oñatik paraje ederrak dauzka, tartean Zañartu ingurukoak, San Pedro auzoan. Eta han, Usako da bereziki ederra, Oñatiko bainauleku eta atsedenleku aspaldikoa.

Atzo arratsaldean Zañartura joan ginen paseatzera, eta aprobetxatu genuen, aspaldiko partez, Usako ere bisitatzeko, txikitan noiz edo behin joanda baiginen hara bizikletaz —balentria izugarria garai hartarako, Arrasatetik San Prudentzio baino urrutiago joaten ohituta ez geunden gaztetxoentzat—. Berriro ere, prendatuta geratu ginen lekuaren edertasunaz. Bertara doanak mahasti ederrak ikusiko ditu, eta baita Juan Zelaia fundazioaren egoitza, oraindik amaitu barik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Guardian, egun-pasa

Guardiako plazan
Joan den asteartean, abuztuak 9, Guardian izan ginen egun-pasa, Arabako Errioxan. Txikitan, bertan igarotzen genuen hilabete bat-edo udan, bertako eguraldia ona zelakoan gure birika ahulentzat.

Harako bidean, Paganos auzoan geratu ginen, aspaldi egon barik geunden-eta. Zein aldatuta dagoen: gure haurtzaroan hautsa eta asperdura baino ez zeuden han guretzat. Gaur egun, berriz, itxura txukuna du.

Guardiara iritsita, Pachico ostatuan bazkaldu nahi izan genuen, bertan gure gurasoek denboraldi luzeak egiten zituzten-eta udaro, eta ezagutzen genuen. Tamalez, jatetxea itxita zeukaten. Beste nonbaiten bazkaldu genuen —patatak Errioxar erara, txuletillak eta abar—, baina aurretik kalean gora eta behera ibili ginen, patxadaz, herria miresten. Harritu ninduen ikusteak zenbat ardo denda zeuden. Esan liteke urtetik urtera gehiago zabaltzen dituztela.

Herriko plazan ginela, Elorrioko zenbait lagunekin egin genuen topo, tartean Balen Irazola. Etxerako bueltan, Eltziegotik pasatu ginen, Marqués de Riscal upeldegiaren hotela ikusteko Frank Ghettyk egindakoa. Urrutitik ikusi behar, ordea, bezero ez direnak ezin baitira bertan sartu.

Egun ederra izan zen, noiz edo behin abuztuak oparitzen dituen horietakoa. Ikusi nahi izanez gero, Flickr-en daude orduko argazkiak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Kindle berri nerea, ezin zaitut maite…

Urte erdi pasatu da Kindle irakurgailua eroski nuenetik, eta, oraingoz behintzat, ez naiz berau gozatzen ari. Zerrendatu egingo ditut motiboak:

  • Itxura. Kindlen liburu guztiek berdinak dirudite, ez dute nortasunik. Zuk ikusiko duzun gauza bakarra da orrialde bat, besterik ez. Paperean, berriz, liburu bakoitzak bere nortasuna du, eta hor elementu askok parte hartzen dute: azala, tamaina, paper mota, kolorea, letratipoa, usaina…
  • Atzera egitea. Nobela bat irakurtzen ari naizenean, sarri gertatzen zait atzera egin behar izatea, kontsultatzeko nor den halako edo bestelako pertsonaia, batez ere eleberriak pertsonaia asko dituenean. Hori di-da egiten dut, eta ez dit eteten irakurketa. Kindlen, aitzitik, ez dut lortu salto horiek patxadaz egitea. Beraz, aurrera egin behar izaten dut, baina ohi baino zalantza gehiagorekin, pertsonaien nortasunari dagokionez.
  • Erreferentziak. Paperezko liburuan badakit non noan eta zenbat falta zaidan, paperezko markatzaileari esker. Kindlen, ostera, ematen du beti nagoela orrialde berean. Ikusten dut, bai, % zenbat irakurri dudan, baina ni ez nago ohituta horretara; esan liteke jakin beharra dudala zenbatgarren orrialdean noan, kalkulatzeko zenbat falta zaidan.
  • Oharrak. Paperezko liburuan oso erraza da oharrak idaztea edo paragrafoak azpimarratzea. Kindlen, beharleku itzela.

Egun hauetan John Le Carre-ren eleberri bat irakurtzen ari naiz Kindlen, Un espía perfecto, baina ikaragarri kostatzen ari zait aurrera egitea. Bitartean, aitzakiarik nimiñoena aprobetxatzen dut harrapatzeko oporretarako hautatu ditudan beste liburuak, hauek guztiak paperezkoak.

Bestalde, ikusten ari naiz Gari Araolaza, adibidez, kriskitinak baino poziago dabilela bere Kindle erosi berriarekin. Zer gertatzen zait, doktore? Teknologia kontua da ala betiko geratu naiz lotuta Gutenberg aspaldikoaren galaxiari?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 7 iruzkin

Intxorta bisitatzen

Lubakietan paseatzen
Atzo Intxortan izan ginen, Elgeta inguruetan, bertan 1936ko Gerra Zibilaren arrastoak bertatik bertara ikusten. 16 laguneko taldea izan ginen bista gidatuan, goizeko 10:00etan hasi eta ia 14:00ak arte. Ia lau ordu oso interesgarriak, aukera eman ziguten-eta jakiteko zelako izugarrikeriak egin ziren Gerra Zibilean eta zelan bizi izan ziren egun haiek.

Eguraldia primerakoa izan genuen, azalpenak onak izan ziren, eta ibilbidea oso ondo prestatua. Erabat gomendagarria. Bisitaldiko argazkiak Flickr-en daude.

Hurrengo bisita gidatua abuztuaren 7an izango da, eta euskaraz izango da. Atzokoa gaztelaniaz izan behar zen, baina ia denak euskaradunak ginenez, euskaraz egin genuen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Zortzi urte transplantea egin zidatenetik

Gaurko egunez, orain zortzi urte, hezur-muinaren transplantea egin zidaten Valdecillako Ospitalean, Santanderren. Ia urtebete lehenago linfoma bat aurkitu zidaten, minbizi mota bat odolean zabaltzen dena, eta kimioterapia ziklo oso bat egin ondoren, medikuek erabaki zuten hezur-muinaren transplantea egitea, emaitza hobeak lortze aldera. Zorionez, familian bertan aurkitu nuen emailea: Fatima arreba.

Bakar-gela batean nengoela, Valdecillako Ospitalean, eguneroko bat idatzi nuen koaderno batean. Egun hartan, honako ohar hauek idatzi nituen:

  • Ondo egin dut lo, baina gosaldu ondoren, larri.
  • 10:30ean, transplantea: hiru poltsa.
  • Begotxu 10:05etan iritsi da.
  • Lehen poltsarekin, berotasuna aurpegian.
  • Ni, etzanda. 3-4 aldiz hartu didate tentsioa.
  • Bigarren eta hirugarren poltsekin, arazorik ez.
  • Guztira, 20 bat minutu iraun du transplanteak.
  • Logura, aurrez hartutako botika batek eraginda.
  • Lo egin dut bazkal ordura arte.
  • Polito bazkaldu dut.
  • Siesta eta lo. Deskantsaturik jaiki naiz.
  • Apur bat afaldu dut. Polito.
  • Kostatu egin zait lokartzea, deskantsatuta bainengoen.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 2 iruzkin

Miren itzuli egin da

Miren eta Amaia itzuli dira
Hilabete AEBetan eginda, Seattlen, Miren alaba eta Amaia laguna itzuli egin dira etxera. Atzo iritsi ziren, ia 24 ordu aireportuz aireportu igarota. Nekatuta, baina oso pozik etorri ziren, bizi izandako esperientzia eta egindako lagunengatik. Argazkian, Elorrioko lagun-taldeko zenbait kiderekin, Loiuko aireportuan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Eguzkitik lainopera

Bego eta Joxe, El Maño jatetxean
Lanzaroten sei egun igarota, bide hori egin genuen atzo: eguzkitik lainopera. Kanarietan, behintzat, nahiko eguzki izan dugu, eta tenperatura gozoa beti ere. Ondo etorri zaigu, han bizimodu patxadatsua egin dugu-eta. Hemengo hezetasunera, berriz, laster jarriko gara.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin