Guardian, egun-pasa

Guardiako plazan
Joan den asteartean, abuztuak 9, Guardian izan ginen egun-pasa, Arabako Errioxan. Txikitan, bertan igarotzen genuen hilabete bat-edo udan, bertako eguraldia ona zelakoan gure birika ahulentzat.

Harako bidean, Paganos auzoan geratu ginen, aspaldi egon barik geunden-eta. Zein aldatuta dagoen: gure haurtzaroan hautsa eta asperdura baino ez zeuden han guretzat. Gaur egun, berriz, itxura txukuna du.

Guardiara iritsita, Pachico ostatuan bazkaldu nahi izan genuen, bertan gure gurasoek denboraldi luzeak egiten zituzten-eta udaro, eta ezagutzen genuen. Tamalez, jatetxea itxita zeukaten. Beste nonbaiten bazkaldu genuen —patatak Errioxar erara, txuletillak eta abar—, baina aurretik kalean gora eta behera ibili ginen, patxadaz, herria miresten. Harritu ninduen ikusteak zenbat ardo denda zeuden. Esan liteke urtetik urtera gehiago zabaltzen dituztela.

Herriko plazan ginela, Elorrioko zenbait lagunekin egin genuen topo, tartean Balen Irazola. Etxerako bueltan, Eltziegotik pasatu ginen, Marqués de Riscal upeldegiaren hotela ikusteko Frank Ghettyk egindakoa. Urrutitik ikusi behar, ordea, bezero ez direnak ezin baitira bertan sartu.

Egun ederra izan zen, noiz edo behin abuztuak oparitzen dituen horietakoa. Ikusi nahi izanez gero, Flickr-en daude orduko argazkiak.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude