Erositako lehen liburu digitalak euskaraz

Atzo iluntzean ezusteko ederra jaso nuen sarean. Mikel Lizarralde lagunak Sustatun atera zuenez, Susa argitaletxea hasiko da bere liburuak e-book formatuan eskaintzen, denak prezio berean eta DRM babesik barik. Jasotako dirua ere, modu berritzailean banatuko bide du.

Albistea irakurri bezain laster, kontu bat sortu nuen Susan, eta bi liburu erosi bituen bertan, proba moduan. Erositako liburuak izan ziren Fikzioaren izterrak, Ur Apalategirena eta Bitsa eskuetan, Miren Agur Meaberena.

Horrekin batera, Calibre aplikazioa instalatu nuen nire ordenagailu berrian, eta MOBI formatura bihurtu liburu biak, nire Kindle irakurgailuan leitzeko. Orain hortxe dauzkat, edonon irakurtzeko gertu.

Hauek izan dira euskaraz erosi ditudan lehen liburu digitalak, eta erosi ere, pozik erosi ditut, erabaki ona iruditzen baitzait argitaletxearen partetik. Zorionak, Susa!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 5 iruzkin

Elorrio bisitatzen

Casajara aurrean
Atzo goizean Elorrioko bisita gidatua egin genuen sei lagunek. Udaletxean entzungailuak eta mapak jaso, eta pozik abiatu ginen, aurrez erabili barik genuen-eta zerbitzu hori, erabat doakoa.

Eguraldia alde izan bai, baina laster aspertu ginen, oso testu barroko eta floriturez beteak entzuten ari baikinen, hainbeste ze oso erraza zen deskonektatzea eta huts egitea xehetasun inportanteren bat. Jatorrismo kostunbrista gehiegi, atsotitz mordoarekin hornituta. Aldiz, informazio esanguratsu gutxi, batez ere azaltzeko zelan sortu ziren XVII. eta XVIII. mendeetako fortunak, ordaindu zituztenak hainbeste dorretxe eta jauregi.

Total, nekatu egin ginen eta erabaki genuen Txantxibiri kalean amaituko genuela bisita, bertako txakolina dastatuta. Ondo ibili ginen, lagun arteko txantxak eta iruzkinak egiten, baina zerbitzuak badu zer hobeturik, berez ideia ona da-eta. Flickr-en ikus daitezke bisitaldiko argazkiak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Eguraldi da

Eguraldia HTC telefonoan
Telefonoa aldatu dudanetik —orain HTC Desire bat daukat, Android sistema eragilearekin—, mirestuta nabil telefonoak berak eguraldia iragartzeko daukan aplikazioarekin. Goizero-goizero, mahaian jartzen naizenean katilukada bat labore gosaltzeko, telefonoa piztu, ukitu pantailako eguzkia edo ilargia, eta begiratu egiten dut zer aro izango dugun.

Eguneko iragarpena ez ezik, hurrengo lau egunetakoa ere eskaintzen dit telefonoak, oso modu bisualean (euria egiten duenean, esate baterako, euri tantak agertzen dira pantailak, eta parabris-garbigailu bat pantaila garbitzen). Horrezaz gain, jakitea daukat zelako eguraldia duten munduko hainbat hiritan, hala nola, Vancouverren, Boisen edo Ottawan, bizi izan naizen hiriak baino ez aipatzearren.

Pello Zabala eta Andoni Aizpuru oso jatorrak dira, baina ni haurrak baino poziago nabil telefonoaren eguraldi iragarlearekin. Edonon eta edonoiz begira dezaket.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Agur ETA, betiko

ETA sortu zenean nik 6 urte nituen, mutiko bat. 59 egitekotan nago irakurri dudanean ETAk amaitutzat jo duela borroka armatua, terrorea. 2011ko urriaren 20a izango da, seguruenik, egunik esanguratsuenetako bat euskaldun askoren bizitzan, urteetan zain egon baikara noiz iritsiko ote zen egun hau, amai zedin, behin betiko, biolentziaren zikloa.

Gogoan ditut bereziki Iñaki Etxabe, Agurtzane Arregi, Juan Luis Agirreurreta, Isaias Carrasco eta beste mondragoetar, euskaldun eta espainiar asko alperrik hil direnak urte hauetan. Orain tokatzen zaigu elkarbizitza antolatzea, bihar-etziko Euskal Herria —gu eta geure seme-alabak—, bakean bizi dadin, berak nahi duen antolamenduarekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Best wishes, Mr. Currin

Brian Currinekin, Donostian
Atzo goizean, Donostian ginela, Brian Currin nazioarteko bitartekariarekin egin genuen topo ustekabean. Bere taldeko beste kide batekin zegoen. Haiengana hurbildu, eta eskerrak eman ondoren egiten ari diren lanagatik, desiorik onenak opatu nizkion gaur Donostian egingo den bilerarako. Berak eskertu egin zuen keinua.

Handik denbora batera, taxiaren zain zegoela bere taldearekin, berriro egin genuen topo. Eta orduan argazki bat egitea eskatu nion. Eta berak baita onartu ere.

Gaur hitzordu garrantzitsua dauka Bake konferentzian. Bihoazkie berari eta partaide guztiei nire desiorik onenak, herri honek eskertuko du-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Lasterka

Gure aitak miresmenez aipatzen zituen kirolarien artean —Bartali, Zarra, Zamora…— toki berezia izaten zuen Emil Zatopek lasterkari txekiarrak. Haren klasea eta oinaze itxurak azpimarratzen zituen sarri. Hori dela-eta, beti gorde izan dut harekiko estimua. Horrela, esku artean hartu nuenean Lasterka liburu atera berria, ikusita Emil Zatopeken bizitza nobelatua zekarrela, erosi egin nuen, zalantza izpi barik.

Liburuak ez dauka beste munduko ezer. Esan nahi dut, sinplea eta irakurterraza da. Baina gustura leitu dut. Akaso sinpletasun hori iradokitzailea gertatu zaidalako askotan. Kontua da di-da batean irakurri dudala, eta edozeini gomendatuko niokeela, batez ere atletismo zaleei, baina ez bakarrik eurei.

Ni jaio nintzen urtean, 1952an, egin zuen Emil Zatopekek balentriarik handiena, urte hartan hiru urrezko domina irabazi baitzituen Helsinkiko Olinpiar Jokoetan: 5.000 m., 10.000 m. eta maratoian. Baina txapeldun handiaren bizitzak izan zituen ertz gehiago, interesgarri askoak. Goiko bideoak erakusten du Adidasek haren omenez egindako iragarki bat, txukuna.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Ramon Aranzabalen erakusketa

Ramon Aranzabal bere estudioan
Gaur hasi eta urriaren 30era bitartean Ramon anaiak gonbita zabaldu du Aroztegi aretora joateko, Bergaran, bertan lasai eta soseguz ikusteko “Gau Magikoak Munibeko Plazan” izeneko ikuskizunean erabili zituen lanak. Gogoan izango duzuenez, ikuskizun hori 2010eko ekainaren 25ean egin zen, Bergaran bertan.

Egin zenean “Gau Magikoak Munibeko Plazan”, hasierako asmoa izan zen edukitzea margolanak bi egun gehiago plazan bertan, baina, hainbat arrazoi tarteko, hura ez zen posible izan. Horregatik antolatu du Ramonek orain erakusketa hau, bertan erakusteko lan haiek patxada handiagoz. Ni joango naiz. Zuek ere, gonbidatuta zaudete.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Lankidetza eremuak

Egun hauetan fenomeno batek harrapatu du nire arreta: coworking spaces edo lankidetza eremuak. Lantoki partekatuak dira, non oinarrizko zerbitzuak eskaintzen diren, hala nola wifi konexioa, telefonoa, bilera gelak, etab. eta bertan elkartzen da zenbait jende, autonomoak gehienak, bestela kafetegietan ibiliko litzatekeena, mahai eta wifi konexioaren bila.

Deskmag aldizkariaren arabera, munduan 820 lankidetza eremu daude, hor nonbait, horietatik 380 AEBetan, bertan jaio baitzen fenomeno hori, San Frantziskon. Egunetik egunera baina, kopuru horiek gora doaz etengabe, ekonomia berriaren adierazgarri, lankidetza eremu horiek ez baitira bakarrik lantokia partekoatzeko leku hutsak. Bertan egosten ari da sorkuntza formarik harrigarrienetan, partekatze filosofian oinarrituta.

Leku gehienetan ekintzaileek, aholkulariek eta freelance dabilenek sortu dituzte era horretako lantoki partekatuak. Leku erakargarriak dira, oso, bertan uztartzen baitira lantokia, kafetegi erako eremua, bilera gelak, elkarrizketarako tokiak eta erreminta egokiak lanerako (lastertasun handiko Internet, telefonoak eta bilera gelak). Batzuk eratzen dira gai baten inguruan: kultura sorkuntza, ingurugiroa, idazkuntza…

Hona zenbait adibide, nazioartean:

Goiko bideoan, Link Coworking eremua ikus dezakezue, Austin hirian dagoena, Texasen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Steve Jobs

Ezusteko itzela eta pena handia hartu nuen atzo goizean jakin nuenean Steve Jobs hil zela. Banuen itxaropena urte erdi edo urtebete iraungo zuela, baina… Atzo bertan bi hedabidek deitu zidaten hitz egin nezan Steve Jobs-en gainean: Euskadi Irratiak eta Goiena Telebistak.

Aspalditik jarraitu izan dut Steve Jobs-en lana, mirespenez gehienetan. Hil denetik, berriz, denetik entzuten ari naiz, baita arinkeria galantak ere. Zorionez, Jobs-ek berak utzi zigun dokumenturik onenetako bat berari buruz, Stanford Unibertsitatean egindako hitzaldi famatu hartan. Ni horrekin geratuko naiz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Grafikoak blogerako

Atzo aurkikuntza interesgarria egin nuen sarean: Google Image Chart Editor. Aplikazio hau beta fasean dago oraindik, alegia, oraindik probatan dago, baina balio du grafikoak egin, berauek sarean partekatu eta blogean adibidez argitaratzeko.

Huts-hutsean has gaitezke grafiko bat egiten, edo —dezente errazago— txantiloi bat hartu eta horren gainean hasi grafikoa eraikitzen, kasu honetan nik egin dudan bezala, bertan agertzen diren balioak ordezkatuta.

Aspalditik sentitu dut faltan horrelako aplikazio bat, askotan horrelako grafikoak oso ondo datoz-eta informazioa osatu eta hobeto ulertzeko. Hala ere, hainbeste grafiko mota daudenez, ondo legoke ikastaro bizkor bat hartzea jakiteko zertarako den grafiko bakoitza. Eta ondoren hastea grafikoak egiten. Hona hemen adibide sinple bat.

Azken 5 urteotan irakurritako liburuak

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina