Erositako lehen liburu digitalak euskaraz

Atzo iluntzean ezusteko ederra jaso nuen sarean. Mikel Lizarralde lagunak Sustatun atera zuenez, Susa argitaletxea hasiko da bere liburuak e-book formatuan eskaintzen, denak prezio berean eta DRM babesik barik. Jasotako dirua ere, modu berritzailean banatuko bide du.

Albistea irakurri bezain laster, kontu bat sortu nuen Susan, eta bi liburu erosi bituen bertan, proba moduan. Erositako liburuak izan ziren Fikzioaren izterrak, Ur Apalategirena eta Bitsa eskuetan, Miren Agur Meaberena.

Horrekin batera, Calibre aplikazioa instalatu nuen nire ordenagailu berrian, eta MOBI formatura bihurtu liburu biak, nire Kindle irakurgailuan leitzeko. Orain hortxe dauzkat, edonon irakurtzeko gertu.

Hauek izan dira euskaraz erosi ditudan lehen liburu digitalak, eta erosi ere, pozik erosi ditut, erabaki ona iruditzen baitzait argitaletxearen partetik. Zorionak, Susa!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

5 Responses to Erositako lehen liburu digitalak euskaraz

  1. egilea: ion

    “Edonon irakurtzeko gertu” ez al da gehiegi esatea?
    Liburu elektronikoek ez dute bada soporte informatikoren baten beharrik?
    Hondartzan irakurtzea posible da?
    Ez aldute liburu elektronikoek energia/bateria muga bat?
    Ez da komodoagoa paperean argitaratutako liburu bat irakurtzea?
    Eta ez al du komtsumo gehiago bultzatzen liburu elektronikoak?
    Eta ez dakar gehiegizko kontsumo horrek energia gehiagoren beharrik?
    Non sinatuko dute idazleek Durangoko Azokan?

    Ez dakit, baina ez dira galdera gehiegi?

    Besarkada bat,

    ion

  2. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Galdera asko dira, Ion, baina saiatuko naiz denak erantzuten.

    1. Ez dut uste gehiegi esatea denik edonon irakur daitezkeela liburu elektronikoak. Nik Kindle bat daukat, eta ia edonon erabil daiteke (urpean ez, jakina, baina ezta paperezkoa ere).
    2. Baldin badaukazu irakurgailu digital bat, horixe duzu soporte egokia liburu digitala irakurtzeko.
    3. iPad eta horrelakoak nahiko deserosoak dira hondartzan-eta irakurtzeko, ispilatu egiten dutelako eguzkiaren argitasuna, baina Kindle oso ondo irakurtzen da, tinta elektronikoa erabiltzen duelako.
    4. Nire Kindle irakurgailuak hilabete iraun dezake kargatu barik, baldin eta Wi-fi konexioa itzaltzen bazaio. Alegia, erabili Wi-fia behar duzunean, eta gero itzali. Hilabete nahiko denbora da, ezta?
    5. Batzuei erosoago egiten zaie paperean irakurtzea, adibidez, niri. Baina ez dakit egoera horrek zenbat iraungo duen, irakurgailu digitalak hobetzen ari baitira etengabe.
    6. Ez dakit zeinek kontsumitzen duen energia gehiago, liburu bat paperean argitaratzeak ala formatu digitalean.
    7. Erantzun hau lotuta dago aurrekoarekin. Ez dakit.
    8. Idazleek edozein tokitan sina dezakete: liburu bateko orrian, musuzapi batean, kamiseta batean, egunkariaren orri batean… Laster batean irakurgailu digitalean sinatuko dute. Edo, sinadura hain inportantea bada, liburuaren bertsio digitalak idazlearen sinadura izango du txertatuta. Auskalo.

    Ez dakit erantzun sorta honek argirik egin dizun. Hala bada, hala biz, eta ez bada, ora pro nobis. Besarkada bat.

  3. egilea: Julen

    Aupa Joxe,
    zuk Keyboard-a duzu, ezta? Publizitateduna? Ez da deserosoa publizitatea agertzea irakurtzen zabiltzan bitartean?
    Hemen nabil, irakurgailuen arteko konparazioak egiten, eta hori ikusten diot desabantaila bakarra Keyboardari.
    Bestela, esaten badidazu ez dela deserosoa, horixe erosiko dut.

  4. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, Julen! Nik tekladuna daukat, bai, baina zelan 130 eurotan erosi nuen, hor nonbait, bertan sekula ez didate jarri publizitaterik. Hori hasi dira egiten irakurgailu horren prezioa asko jaitsi zutenean. Hortaz, ezin esan publizitateak trabarik egiten duen edo ez.

    Dena dela, zure zalantza horixe baldin bada, erosi modelo apur bat garestixeago bat, eta ahaztu publizitateaz. Ondo segi!

  5. egilea: Julen

    Egia, Joxe. Orain arte ez naiz konturatu publizitaterik gabeko Keyboarda ere badagoela, ez nuen inondik ere aurkitzen (Amazonek beti eramaten ninduen Keybord merke eta publizitatedunera, defektuz). Azkenean aurkitu dut garestitxoagoa den beste hori, eta egin dut eskaera.

    Egun batzuk barru, etxean izango dut eta kontatuko dizut. Eskerrik asko!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude