Txokolate ingelesa

Atzo, EBEuskadi jardunaldian ginela, Nagore Guarretxenak azaldu zigun Akting Engineering enpresan bost egunetik lautan euskaraz hitz egiten dutela, eta bosgarrenean, berriz, ingelesez. Eta hori horrela egiten dutela ingelesa fresko izateko, euren negozioan ezinbestekoa dute-eta.

Hori ezustekoa izan zen entzule askorentzat, tartean ni, baina bigarren ustekabea etorri zen azaldu zuenean bosgarren eguneko prozedura: tokatzen denean ingelesez berba egitea, azkena esaten berba edo esamolderen bat beste hizkuntza batean, biharamonean tableta bat txokolate eraman behar du enpresara, denen gozamenerako. Hortaz, astean behin txokolatea jaten dute Akting Engineering enpresan, ingelesaren kontura.

Prozedura interesgarria iruditu zitzaidan. Bihar fakultatean azalduko dut, Komunikazio gunean, ea gu ere animatzen garen antzeko zerbait egiten.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

EBEuskaditik bueltan

EBEuskadin
Sentipen gazi-gozoak ekarri ditut EBEuskadi jardunalditik. Gozoa, goizean barrena gauza interesgarriak entzun ditudalako, eta dena oso ondo antolatuta egon delako. Gazia, ez naizelako bat ere pozik etorri nire moderazio lanarekin.

Lehen hitzaldia bien artean egin dute Xabier Uribe-Etxebarriak eta David Sifryk, eta gauza intesgarri askoak esan dituzte enpresa kulturaz, ekintzailetasunaz, Silicon Valleyz eta oro har enpresa berri bat sortzearen inguruan. Felipe Romerok ere informazio baliagarri asko eman du Espainian zenbateraino eta zelan erabiltzen diren sare sozialik ezagunenak. Hala ere, denbora gehiago beharko nuke asimilatzeko hitzaldi horretan esan direnak, bertan datu ugari eman dira-eta. Mikel Agirregabiriak, bestalde, ilusio handiz hitz egin du Blogeu elkarteari buruz, eskaini dioten denbora laburrean.

Web ekimenak ere oso interesgarriak izan dira. Bertan, sei enpresa berri aurkeztu dizkigute, denak ere kontuan hartzekoak: Sociálitas, Dada Company, Dokkus, Metheone, Workmunity eta Novisline.

Hurrengoa gurea izan da, Negozio digitala euskaraz. Luistxo Fernandezek eta Nagore Guarretxenak beren enpresen inguruan hitz egin dute, CodeSyntax eta Akting Engineering, bakoitzak bere jarduera azalduta euskaraz, nire galderei erantzunez. Oso ondo hitz egin dute. Neu ibili naiz kaskar, behin baino gehiagotan behaztopa eginda. Eskerrak eurak argiak diren!

Antolatzaileei, bereziki Lontzo Sainz lagunari, mila esker eskaini diguten arreta eta laguntzagatik. Lan bikaina egin duzue.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Lapur zuriak

Estiloak bereizten ditu lapur zuria eta lapur txikia. Lehena dotorea da, goi mailako karguak ditu eta, behar izanez gero, legea moldatuko du bere premietara. Bigarrenak, berriz, legearen pisua nozituko du bere gordinean. Lapur zuriak sekulako zuloak utz ditzake han eta hemen —banku bat dela, gobernu bat edo enpresa bat—, baina nekez jasoko du zigorrik —lapurrak lapurrari, laztan—, eta pentsio millonarioa izango du berme erretiroan. Lapur zuriak badaki diru publikoak edozer estal dezakeela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Chomsky eta Mondragon

Laura Flanders kazetariak Noam Chomsky MITeko irakasle emeritua elkarrizketatu du, hitz egiteko azken honen azken liburuaz, OCCUPY, OWS, anarchism, racism, corporate power and cooperative potential. Elkarrizketak ia 25 minutuko iraupena du, eta bertan Chomskyk Arrasateko kooperatibak aipatzen ditu,  berauek merkatu sisteman dituzten mugak zehazkiago.

GALDERA: Badirudi Clevelandgo ereduaren alde zaudela, non komunitateko kideak eta langileak enpresako jabeak diren.

ERANTZUNA: Aurrerapauso bat da, baina harago jo beharra duzu eraisteko produkzio sistema bat irabaziei begira dagoena eta ez erabilerari. Alegia, desegitea merkatu sistemaren zati handiak. Ikusi, bestela, kasurik aurreratuena: Mondragon. Bertan langileak dira jabeak, baina eurek ez dute enpresa kudeatzen, nahiz eta sarri kudeatzaileak langileengandik irteten diren. Mondragon merkatu sistema batean dago, eta esplotatu egiten ditu langileak Hego Ameriketan. Zenbait gauza egiten dituzte kaltegarriak direnak gizartearentzat, baina ez daukate aukerarik, sistema batean baitaude non etekinak ezinbestekoak diren aurrera egiteko. Horrelakoetan behartuta zaude ez ikusiarena egitera kanpo ondorio negatiboei, beste batzuengan duten eraginari.

Elkarrizketa osoaren testua, The Nation aldizkarian aurki daiteke.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Guardiolaren agurra

Aurretiaz grabatua ikusi nuen atzo Barçak antolatutako prentsaurrekoa, Pep Guardiolaren agurra iragartzekoa. Oso interesgarria iruditu zitzaidan:

  • Agurra. Hunkigarria, neurtua eta sinesgarria. Agur esaterakoan ere, Guardiolak lidergoa erakutsi zuen, lidergo positiboa. Azken lau urteotan hustu egin omen da munduko talderik onena kudeatzen, eta denbora nahi du bere onera itzultzeko.
  • Ordezkoa. Barça oso ondo egon zen Guardiolaren ordezkoa prentsaurrean bertan iragarrita, horrela, indargabetu egin zituen-eta espekulazioak eta balizko eztabaida antzuak. Tito Vilanovak adostasun zabala eragiten du inguruan eta adituen artean. Halaber, jarraipena ematen dio taldearen filosofiari.
  • Hizkuntza. Pep Guardiolak katalanez egin zuen dena. Baten batek gaztelaniaz galdetu zionean soilik erabili zuen gaztelania. Rosell lehendakariak ere katalana erabili zuen nagusiki. Andoni Zubizarretak apurtu zuen ildo hori, gaztelania erabili zuen-eta denbora guztian. Horretan ere katalanak harro egon daitezke Pep Guardiolarekin, hizkuntza kontuetan, beste batzuetan bezala, lidergo positiboa erakusten baitu.
  • Jokalariak. Atentzioa eman zidan prentsaurrekoan Barçako zortzi jokalari ikustea, denak etxean hazitakoak. Bideoan argi ikusten zen jokalariak erabat identifikatuta zeudela beren entrenatzailearekin. Horretan ere zortekoak dira, zeren atzokoan ere Guardiola lezio paregabea ematen ari zitzaien. Sinestuta nago gaur egunerako jokalari paregabeak prestatzeaz gain, Guardiola prestatzen ari dela talde hori bihar-etzi goi mailako liderrak izan daitezen beste esperruetan.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Futbolaren argi-ilunak

Aste
Santuko oporretan nintzela, Messi izeneko liburua irakurri dut,
Leonardo Faccio kazetari argentinarrak idatzia. Gustura irakurri ere,
argitu egiten du-eta, dezente, gaur egungo futbol izarrik
distiratsuenaren nondik norakoak, nahiz eta Messik 24 urte baino ez
dituen.


Horrezaz
gain, liburua irakurtzen hainbat datuk eman didate arreta, erakusten
baitute futbolaren neurria, onerako eta txarrerako. Hona hemen zenbait
datu, liburutik aterata:

  • Munduko hogeita bost herrialdek bakarrik dute futbolaren industriak baino BPG handiagoa (15. or.)
  • Hamarraldi
    bat baino gutxiagoan, hogei urte inguruko mutila (Messi) iritsi zen
    irabaztera Barack Obamak bere liburuen salmentatik eta Lurreko
    herrialderik boteretsueneko buru izatetik aitortutakoa halako lau baino
    gehiago. (47. or.)
  • 2010ean
    lehen aldiz historian, futbol talde bateko jokalariek diru gehiago
    irabazi dute New York Yankees beisbol taldeak baino, eta Messi da talde
    horretan gehien kobratzen duena: irabazi zituen hogeita hamahiru milioi
    euro, horietatik herena soilik futbol jokalari moduan zegokion soldata.
    (55. or.)
  • Cristiano Ronaldo Armani eta Nikeko modeloa da; Messi, berriz, Dolce & Gabbana eta Adidaskoa. (54. or.)
  • “Gizakiaren
    jatorria eta futbolaren etorkizuna Afrikan dago”, dio Juan Villorok
    Dios es redondo liburuan, eta Masian gaur badirudi etorkizunean bizi
    direla. Atzerritar gehienak Kamerungoak dira. (85. or.)
  • Masiatik
    pasatzen diren nerabeen %30ek soilik lortzen dute kirolaren esparruan
    lan egitea: entrenatzaileak eta fisioterapeutak dira, eta zuzendari
    tekniko izan nahi dute. Oinarrizko futboleko hamar jokalaritik bi
    bakarrik iritsiko dira lehen taldera, eta gutxiengo bat iritsiko da
    futbol jokalari izatera. (86. or.)
  • Ia bost urte eginda Buenos Airesko Masian, jokalari bakarra hautatu zuten Bartzelonakora joateko: Maximiliano Rodón. (113)
  • UEFAren
    arabera, bost mila gazte atzerritarrek amaitu dute Italiako kaleetan
    noraezean, futbol jokalari izateko itxaropenarekin etorri ondoren, eta
    urtero Brasil nahiz Argentinatik iritsitako mila bat mutil gaitasun
    handikoek galdu egiten dute harremana beren gurasoekin Europara joanda
    kontratu bat izateko promesapean. (114)
  • Bartzelonan
    Messi ikusi izan dute bakarrik eta bermudatan dirua ateratzen kutxazain
    automatiko batean. Rosarion, berriz, Messi beti da balizko biktima bat.
    (174. or.)
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Guraso lagunekin berriro

Afaltzeko gertu
Orain 17 urte, 1995ean, Elorrion bizi ginen denok, baina elkar ezagutu ez. Urte hartan, berriz, denok izan genuen umea, eta, harrezkero, kalean egin genuen ezagupidea, gure seme-alaben inguruan, lagun bihurtzeraino. Mendira joaten ginen elkarrekin, hondartzara, Landetara…, beti umeekin, hori bai.

Urteak joan, urteak etorri, umeak hazi egin ziren, eta, normala den bezala, egotzi egin gintuzten beren lagun taldeetatik. Horrela bada, gurasook ere gero eta bakanagoetan elkartzen ginen.

Atzo, berriz, berriro elkartu ginen, seme-alaba barik, eta afaldu egin genuen Josu eta Nereren etxean, Elorrion bertan. Ogitartekoak tabernatik ekarri, eta bakoitzak ekarritako jaki eta edariekin osatu genuen mahaia. Gustura izan ginen, kontu kontari. Barre batzuk ere egin genituen, pozik berriro ere elkarrekin egonda.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Fernando haurrak hezur-muina behar du

Fernando Aretxabaletan jaio zen orain 9 hilabete, baina arazo larri bat du, eta aukera bakarra bizitzeko: hezur-muineko transplantea. Hori dela-eta haurtxoaren gurasoek blog bat sortu dute, Fernando necesita médula, dei ozena emaileak bilatzeko.

Ni ere hezur-muinaren transplante bati esker bizi naiz. 2003an izan zen hori. Urtebete lehenago, linfoma bat aurkitu zidaten, odolean agertzen den minbizi mota bat, eta ia urtebete kimioa eta beste terapia batzuk jaso ondoren, hezur-muinaren transplantea egin zidaten, ziurtatzeko minbizia ez zitzaidala berriro agertuko. Sekulako zorte ona izan nuen, neure familian aurkitu bainuen emaile bat: Fatima arreba. Bost neba-arreba gara, eta bakarra aurkitu zuten konpatiblea nirekin: bera.

Fatima eta biok egun berean joan ginen ospitalera. Odol transfusio bat bailitzan atera zizkioten zelula amak arrebari. Handik bospasei egunera niri sartu zizkidaten, odol transfusioaren teknika erabilita. Egun haietan beste bi euskaldun ezagutu nituen Santanderko Ospitalean, ni moduan hezur-muinaren transplantea egiten: batak bere familian zeukan emailea; besteari, berriz, Alemaniatik ekarri zioten berak behar zuen hezur-muina, bere familian eta Euskal Herri osoan ez zutelako emaile egokirik aurkitu.

Transplante horien problemarik handiena ez da teknikoa izaten, baizik eta emaileak aurkitzea, konpatibleak izango direnak gaixoarekin. Horregatik, oso inportantea da ahalik eta emaile gehien egotea, kasu horretan areagotu egiten baita emaile egokia aurkitzeko aukera. Hortik Fernandoren familiaren angustia, oraindik ez du-eta aurkitu inor konpatible bere semetxoarekin.

Nik bat egiten dut Fernando txikiaren familiarekin, eta gonbita egiten dizuet anima zaitezten hezur-muinaren emaile izatera. Horretarako, Jose Carreras Fundazioan duzue informazio gehiago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Gida baimenarekin bueltaka

Haserre nago. 58 euro kobratu didate gida baimena hiru urtez luzatzearren. Ez fakturarik, ez eta azalpen garbirik. Hasieran, hiru urtez luzatuko didatela, eta ez bost edo hamar, urtebete falta zaidalako hamargarrena egiteko hezur muineko transplantea egin zidatenetik; horregatik, eta Sintrom hartzen ari naizelako. Hori, medikuaren epaia. Bertako andreak harrituta galdetu dionean ea hamar urte behar diren transplantea egin zidatenetik hiruko muga gainditzeko, orduan medikuak esan dio hiru urtekoa jarri didala Sintrom hartzen ari naizelako.

Durangon gertatu zait, Durango Zentru Psikoteknikoan. Proba guztiak ondo gainditu ditut, baina gero etorri dira komeriak, aipatu ditudanean orain hamar urte izandako gaixotasuna eta Sintrom.

Irudipena dut gida baimena luzatzea bihurtu dela negozio handi potoloa, eta benetan dirua egiten dutela inoiz gaixorik izan garenokin, hiru urteko luzapena emanez gero, —eta ez bost edo hamarrekoa— ziurtatzen baitute diru sarrera sarriagoa. Ez dago eskubiderik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 5 iruzkin

Benidormen, oporretan

IMAG0192

Egun hauetan Benidormen gaude egun batzuk igarotzen, Aste Santuko oporrak aprobetxatuta. Bego eta biok etorri gara, baina Iñaki eta Maribi koinatu-koinatekin ibiltzen gara hara eta hona, eurak ere hemen daude-eta.

Atzo, adibidez, zerua ez zegoen hain garbi, eta aprobetxatu genuen osteratxo bat egiteko gurutzeraino, Benidorm gainean dagoena. Goiko argazkia harako bidean atera genuen, eta bertan ederki ikusten da zelako anabasa den Benidorm, hirigintzaren ikuspegitik. Lehen arrantzale herri txikia zena, Manhattan txikia egin dute.

Bestela, badugu zelanbaiteko errutina hemen gaudela: goizeko 08:00etan lasterka joaten gara Bego eta biok, eta 40 bat minutu egiten dugu. Gosaldu ondoren, beste hirurak hondartzara doazen bitartean, nik aprobetxatu egiten dut Interneten nabigatu eta egunkariak irakurtzeko. Arratsaldean berriro elkartzen gara, eta paseatu egiten dugu, txikiteo eta guzti, afaltzera joan aurretik.

Oraingoz, eguraldi nahiko ona izan dugun, nahiz eta, batzuetan, erabat distiratsua izan ez. Patxada bila etorri ginen, eta horixe aurkitu dugu, orain arte behintzat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina