Guardiolaren agurra

Aurretiaz grabatua ikusi nuen atzo Barçak antolatutako prentsaurrekoa, Pep Guardiolaren agurra iragartzekoa. Oso interesgarria iruditu zitzaidan:

  • Agurra. Hunkigarria, neurtua eta sinesgarria. Agur esaterakoan ere, Guardiolak lidergoa erakutsi zuen, lidergo positiboa. Azken lau urteotan hustu egin omen da munduko talderik onena kudeatzen, eta denbora nahi du bere onera itzultzeko.
  • Ordezkoa. Barça oso ondo egon zen Guardiolaren ordezkoa prentsaurrean bertan iragarrita, horrela, indargabetu egin zituen-eta espekulazioak eta balizko eztabaida antzuak. Tito Vilanovak adostasun zabala eragiten du inguruan eta adituen artean. Halaber, jarraipena ematen dio taldearen filosofiari.
  • Hizkuntza. Pep Guardiolak katalanez egin zuen dena. Baten batek gaztelaniaz galdetu zionean soilik erabili zuen gaztelania. Rosell lehendakariak ere katalana erabili zuen nagusiki. Andoni Zubizarretak apurtu zuen ildo hori, gaztelania erabili zuen-eta denbora guztian. Horretan ere katalanak harro egon daitezke Pep Guardiolarekin, hizkuntza kontuetan, beste batzuetan bezala, lidergo positiboa erakusten baitu.
  • Jokalariak. Atentzioa eman zidan prentsaurrekoan Barçako zortzi jokalari ikustea, denak etxean hazitakoak. Bideoan argi ikusten zen jokalariak erabat identifikatuta zeudela beren entrenatzailearekin. Horretan ere zortekoak dira, zeren atzokoan ere Guardiola lezio paregabea ematen ari zitzaien. Sinestuta nago gaur egunerako jokalari paregabeak prestatzeaz gain, Guardiola prestatzen ari dela talde hori bihar-etzi goi mailako liderrak izan daitezen beste esperruetan.
Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude