Ramon Aranzabal eta Peter Pan

Ramon Aranzabal & Peter Pan
Abenduaren 29an eta 30ean Bergarako herritar talde batek Peter Pan musikala antzeztuko du herriko udal pilotalekuan. Hori dela-eta, Ramon anaiak margo handi bat egin du, 10 metro luze eta 3 metro garai, antzeztokian jartzeko. Zatika egin behar izan du, bere estudioan ez baitzuen leku nahikorik koadroa bere osoan pintatzeko. (Argazkian, Ramon koadroaren aurrean).

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

“Liburu digitalak” izeneko komunitatea

Larunbatean komunitate bat sortu nuen Google+ sarean: “Liburu digitalak”. Bertan nahiko nuke informazioa eta iritziak partekatu, batez ere euskal liburu digitalen inguruan, uste dut-eta esparru hori atzean geratzen ari dela.

Gai asko jorratuko ditugu komunitate horretan: irakurgailuak, eskubide digitalen kudeaketa, prezioak, formatuak, beste argitaletxe batzuen saioak, idazle indi edo independenteen ahaleginak…

Gonbidatuta zaudete, bai gai horien inguruan iritzia partekatu nahi duzuenok eta baita gai horien inguruan entzun eta jantzi nahi duzuenok. Ongi etorri!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Japandroids, urteko banda


Spin musika aldizkari estatubatuarrak —zenbaitek ikusten dute The Rolling Stone’s aldizkariaren alternatibatzat— urteko banda izendatu du Japandroids talde kanadarra. Hori dela-eta, aldizkariak erreportaje luzea eskaini dio Vancouverko taldeari.

Bi mutilek osatzen dute Japandroids taldea: Brian King gitarra jolea eta abeslaria eta David Prowse, bateria jolea eta abeslaria, biak Vancouverkoak. 2006an sortu zuten taldea, baina famatu egin ziren hiru urte geroago, Post-Nothing diskoa kaleratu zutenean. Harrezkero, taldeak asko bidaiatu du, Ipar Ameriketan eta Europan batez ere. Kontsagrazioa Celebration Rock diskoarekin etorri zaie.

Bi lagun baino ez dira, baina Japandroids taldeak zarata handia egiten du agertokian, haserrezko rocka egiten baitu. Spin aldizkariaren izendapenak jende askoren jakinmina piztuko du, zelakoa den talde hau.

Harrigarria bada ere, nik badaukat lotura zuzena talde honekin, haur txikia zenean neuk zaindu bainuen David Prowse bateria jolea Vancouverren. Horregatik, ahal dudan publizitate guztia egiten diot taldeari, gustura asko, gainera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Estatu espainiarra vs. Katalunia

Atzo amaitu ziren Kataluniako hauteskundeak, azken urte hauetako garrantzitsuenak, seguruenik. Emaitzez gain, kanpaina honek primeran erakutsi digu estatuek zelako indarra daukaten eta zelako baliabideak erabiltzen dituzten euren izaera aldatu nahi duten guztien kontra, batez ere informazioa manipulatuta.

Izan ere, gaur egun Mendebaldean estatuek ez dute premiarik armada kalera ateratzeko, ez lehen mehatxuan behintzat. Gaur egun, egiteko hori hedabideen esku uzten da. Gertatu zen “Brunete mediatiko” harekin Ibarretxeren garaian, eta gertatu da Kataluniarekin orain.

Zaila denez hedabide guztiei jarraipena egitea (telebista, irratia, Internet…), oraingo honetan baliatu naiz Pinterest aplikazioaz, ikusteko zelan inplikatu diren Espainiako zenbait egunkarik hauteskunde kanpainan. Horretarako, gorde egin ditut Pinteresten Espainiako hiru egunkariren portadarik esanguratsuenak, gaur egun espainiar nazionalismoa argien erakusten dutenak: ABC, El Mundo eta La Razón, zeren El País egunkariak beste modu batean jokatu baitu, ez portadak erabilita, baizik eta iritzi artikuluak, gehienak independentziaren kontrakoak.

Hizkera erasokorra
Joxe Azurmendik dioenez Barkamena, kondena, tortura liburuan, “Hizkeran jarrerak ikusten dira; jarreran, mentalitateak” (11. or.). Espainiako egunkariek oso hizkera gogorra erabili dute izendatzeko Kataluniako nazionalisten jokaera:

  • Desafío soberanista (El Correo)
  • Aventura independentista (El Mundo)
  • Delirio independentista (La Razón)
  • Aquelarre soberanista (ABC)

Hortik hasita, denetik esan zaie katalan independentzia zaleei Espainiako hedabideetan: ustel, xenofobo, nazi, faxista, ero, totalitario, gaixo… Kontraposizioz, ABCk aldarrikatu zuen “La España que queremos en este siglo XXI”, bertan erakutsita Iker Casillas eta Xavi Hernandez futbol jokalariak Asturiasko Printzearen saria jasotzen. Kirola ez omen da nahastu behar politikarekin, baina estiloz eginez gero, antza, balio du.

Fouché Katalunian
Kasurik deigarriena El Mundo egunkariak ateratako salaketa izan da. Argitu gabeko txosten batean oinarrituta —ustez Espainiako poliziak egina, baina inork ikusi ez duena, PJ. Ramirezen jendeak izan ezik— akusatzen zituen Mas, Pujol eta beste hainbat buruzagi diru beltza izateaz Suitzako zenbait bankutan.

Joseph Fouché Frantziako poliziburu iraultzaile-monarkiko-oportunistaren estiloan egindako operazioa izan zen: zelan edo halan, zikindu etsaia galbidean jarri arte, eta gero gerokoak. Horrek esan nahi du El Mundo-k egin duela bere lana, bonba mediatiko bat jarrita kanpainaren erdian. Orain estatuak egingo du berea, eragotziz El Mundo-k kalterik jasotzea egin duen azpikeriagatik.

Hemen zenbait egunkari baino ez ditugu aipatu. Egin kontu baina, TVE, T5, Intereconomía, Cope, SER, Punto Radio eta beste hedabide askok ere parte hartu dutela kanpainan, eta orduan konturatuko gara estatuak zelako indarra daukan kasu honetan Kataluniako iritzi publikoa manipulatzeko.

Testuinguru horretan, erabat zerutiarrak iruditzen zaizkit joan den ostegunean, hilak 22, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidente berriak esandakoa: “Legebiltzarrean akordio zabala lortzen badugu, Madrilek nekez botako du atzera”. Jakingo ez bagenu bezala orain bi urte katalanei zer gertatu zitzaien estatutu proiektuarekin, berau oso akordio zabalean oinarritua.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Serum autologoa

Serum autologoa
Goiz osoa Galdakaoko Ospitalean eginda, zama berezia etxeratu nuen atzo bizkar zorroan: “serum autologoa”. Beste hitz batzuekin esanda, suero edo gazur autologoa. Zer den hori? Nire odoletik ateratako seruma, hemendik aurrera erabil dezadan kolirio moduan, nire begiak osatzeko. A, zelako aurrerapenak. Ni ere harrituta nago, eta sekulako ilusioa eman dit lehen tantak botatzeak, ea tratamendu horrek osatzen dizkidan azken urte eta erdian begietan izandako arazoak.

Hiru hilabeterako kargamendua eman didate, 27 flasko serum, hiru poltsatan banatuta, argazkian ikusiko duzuen moduan. Flasko bat izan ezik, gainerakoak izozkailuan gorde ditut. Bestea, berriz, hozkailuan, hurrengo hiru egunetan berau erabiliko dut-eta, nire begiak egunean bost aldiz bustitzeko. Serum hori hotzean gorde behar denez, hemendik aurrera poltsa berezi bat daramadala joango naiz lanera, bertan dagoen flaskoa hotz gordetzeko. Horrek esan nahi du aurrerantzean, edonora noala, ikasi behar dudala aldean beti horrelako poltsa bat eramaten.

Azken irtenbidea
Azken urte eta erdian arazo asko izan ditut begietan, antza denez kimioterapiak eraginda, horren ondorioz, begiak oso lehor geratu zaizkit-eta, malko gutxirekin. Konjuntibitis gaitza harrapatu dut hainbat aldiz, eta esan liteke berau kronifikatu egin zaidala. Ondorioz, okerrago ikusten dut lehen baino, eta zikinago. Hori konpontzeko, hainbat tanta mota erabili ditut: kolirio arruntak eta kortikoideak dituztenak, premien arabera. Baita antibiotikoak ere, blefaritisak begietan eragindako gantzen bakterioak hiltzeko.

Sendabide horiek nahikoa ez-eta, Galdakaoko oftalmologoak erabaki zuen serum autologoa probatuko genuela, ikusteko ea horrekin begiak osatzen zaizkidan, zeren serum horrek bitaminak, mineralak eta beste gai asko ditu —denak nireak, seruma bera neure odoletik aterea delako—, gainerako tantek ez dituztenak.

Flasko serum bakoitza hiru egunez soilik erabil dezaket, egunean bost aldiz. Horrela, hiru hilabetez. Aldi hori igarota, oftalmologoak erabakiko du zer egin: tratamendua eten ala aurrera segitu, emaitzen arabera.

Esperientzia berezia
Ikusminak jota joan nintzen atzo Galdakaoko ospitalera, ez nekien-eta zenbat odol aterako zidaten hainbeste serum egiteko. Bederatzi hodi atera zidaten, eta, zelan ez dakidala, hortik 27 flasko serum atera zituzten bertako laborategian.

Odola atera zidan erizainak oso adeitsu adierazi zidan bere alabak ere serum autologoa erabiltzen duela, eta, edonora doala, poltsa hotz batekin joaten dela, bertan eramateko seruma. “Zu ere ohituko zara, ikusiko duzu”, esan zidan. Eguerdia igarota, joan nintzenean Oftalmologiara seruma jasotzera, harri eta zur geratu nintzen hiru poltsatsoak jaso nituenean txukun-txukun Osakidetzaren poltsa batean, eta orri bat zenbait gomendiorekin. Eta gogora etorri zitzaidan, bere muga eta guzti, osasun sistema publiko ona dugula EAEn, eta ezin dugula utzi berau desegiten, bankarien eta politikarien zorrak ordaintzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Idazlea eta itzultzaile pirata, elkarlanean

Peter Mountford idazle estatubatuarrak amaitu du itzultzaile pirata bati laguntzen bere liburua errusierara itzultzen, era horretara liburuaren ikusgarritasuna eta salmentak areagotzeko. Ez omen da lehena hori egiten, Paulo Coelhok ere horrelako zerbait egin omen du, eta ezta azkena izango, seguruenik.

Idazleak kontatzen duenez, alerta bat sortu zuen Googlen, sarean bere lehen liburu argitaratu berriaren jarraipena egiteko, A Young Man’s Guide to Late Capitalism. Halako batean, hainbat alerta jaso zituen, denak WordReference.com forokoak, eta AlexanderIII gaitzizena zuen batek idatziak, berau Moskukoa.

Mezu gehienetan AlexanderIII delakoak galdera egiten zuen hainbat esaldiren esanahiaz, Peterrek idatzitako liburukoak denak ere. Horrela, behin eta berriro. Halako batean, Peter konturatu zen AlexanderIII ari zela bere liburua itzultzen, argitaletxe pirata ezezagun batentzat. Denbora luzez voyeur lanak egin ondoren, azkenean, idatzi egin zion bere itzultzaile piratari, bere burua aurkeztu eta laguntza eskaintzen, ezin zuen-eta eraman bere liburua gaizki itzulita ikusi errusiarera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Gmail eta “mezu intimoak”

Harritu egin nintzen irakurritakoan David Petraeus CIAko buruak eta Paula Broadwell,
haren ustezko maitaleak generalaren Gmail kontu pribatua erabiltzen
zutela elkarren artean komunikatzeko, baina benetan elkarri mezurik
bidali barik, zerbitzu sekretuek antzeman ez zezaten bien arteko
komunikazioa.

Mezuak zirriborroen karpetan uzten omen zituzten,
bidali barik. Biek partekatzen zutenez kontu bera, sartu, irakurri han
aurkitutakoa, eta beste mezu bat utzi gordeta, maitalea sartu arte.
Horrela bide zuten antolatua posta bidezko komunikazioa maiteminduek.

Egunkariek diotenez, metodo hori “terroristek eta nerabeek” erabiltzen dituzte. Nik,berriz, atzo arte ideiarik ere ez. Beti ikasten da zerbait.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Iban Arantzabal, Goienako zuzendari


Atzo mezu bat jaso nuen, eta bertan bidaltzaileak zioen Goiena Komunikazio Taldeak Iban Arantzabal izendatu duela zuzendari nagusi. Izugarri poztu nintzen, sinistuta bainago Ibanek goren gradura eramango duela Goiena, orain arteko bideari segida emanda.

1998an, hor nonbait, ezagutu nuen Iban, artean Goiena proiektu lausoa zenean. Mikel Irizarrek gonbidatu ninduen berarekin batera Gasteizera joatera, hitzordua zuen-eta egina Elgetako gazte batekin, Goibeko taldekoa. Tren geltokiaren ondoan elkartu ginen. Hantxe agertu zen mutil handi bat, irribarre ederrarekin. Iban zen. Goiena esplikatu, eta berehala agertu zen ados proiektuan lagundu eta parte hartzeko.

Harrezkero, harreman dezente izan dut Ibanekin, erraza baita, oso, haren laguna izatea: zartada handikoa da eta, aldi berean, amultsua eta umore onekoa. Euskaldun petoa, teknologia berrietan jantzia, ausarta eta ekimen handikoa. Bi erronka handi ditu orain esku artean: Lili alaba jaio berria eta Goiena. Zorterik onena bietan, Iban!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

Futbolaren monopolioa kiroletan

Herenegun 21.472 lagunek lasterka egin zituzten Behobia eta Donostia banatzen dituzten 20 kilometroak, euria goian behean ari zuela. Lasterkarien artean denetik zegoen: euskaldunak, espainiarrak, frantsesak, alemanak, ingelesak, zaharrak eta gazteak, neskak eta mutilak… Eta milaka horiei animoa ematen, beste horrenbeste edo gehiago.

Behobia-Donostia da munduan egiten den lasterketarik ederrren eta ikusgarrienetako bat. Lasterkariengatik, publikoarengatik eta ibilbideagatik. Sekula bertan parte hartu duenak badaki zelako emozioak sentitzen diren lasterketa horretan.

Hala ere, igandean bertan, ETBren kirol saioan, gauean, zerekin uste duzue ireki zutela saioa? Futbolarekin, betiko moduan, Behobia-Donostia astero korrituko balitz bezala. Inertzia madarikatua.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

7 GB mezu elektroniko

Orain zortzi urte, 2004an, Googlek Gmail zerbitzua sortu zuenean 1GB eskainita, pentsatu nuen bizi guztian ez nituela beteko 1.000 MB, hain zen-eta orduan kopuru handia. Besteak beste, horregatik sortu nuen kontu bat Gmailen, eta berau bihurtu zerbitzu nagusia nire posta elektronikoa kudeatzeko. Ahal zela, gorde egin nahi nituen nire posta guztia, berau berreskuratzeko bilaketa bidez.

Atzo, berriz, Gmailen begiratu, eta konturatu nintzen dagoeneko 7GB bete ditudala (eta Googlek 10 GB eskaintzen dizkidala orain). Duela hilabete-edo 1 GB ezabatu nuen postatik, bakarrik 5 MBko mezuak zabor kutxara botata. Aurrerantzean horrelako garbiketak sarri egin beharko ditut, nahiz eta saiatzen naizen mezu potoloak ezabatzen jaso bezain laster.

Esan barik doa oso pozik nabilela Gmail zerbitzuarekin. Bizkorra da, garbia, spamik gabea eta segurua. Ea zenbat urte gehiago irauten didan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1