Enbatako militanteak eta kooperatibak

Daniel Landart idazle eta antzerkigile baxenafartarrak bere autobiografiaren bigarren liburukia atera berri du —“Enbataren zirimolan. Oroitzapenak. Abertzalea-Euskaltzalea”—, Elkar argitaletxeak argitaratuta. Bertan kontatzen du bere gaztaroa, Enbata alderdi abertzalean sartu zenetik. Eta pasarte batean kontatzen du garai hartan, XX. mendeko 60. hamarraldian, zelako interesa zuten Arrasateko kooperatibetan:

Aterabide gisa ikusten genuena: zazpi probintziak bateratuak, Europa federalista (populu bakoitza beregain) eta lantegietan autogestio sistema, kooperatiben irudikoa. Hain zuzen, bi aldiz izan ginen Arrasaten, Ulgor kooperatiba bisitatzen. Azaroaren 11a hautatzen genuen, justuki, guretzat jai eguna baitzen eta hango langileentzat ez. Lehen urtean, kooperatibaren sortzailea zen Jose Maria Arizmendiarrieta apezak berak errezibitu gintuen eta luzaz mintzatu zitzaigun. Handik itzultzean garbi geneukan, partzuergoa zela eredurik egokiena. Funtsean, urte zenbait beranduago, Ramuntxo Camblog enbatakideak sortu zuen Copelec enpresa, Iparraldeko lehen kooperatibetarik bat. Frantzia mailan ere, PSU (Parti Socialiste Unifie) alderdia, Michel Rocard buru, horrelako sistema baten alde agertu zen. (28. or.)

Kategoriak Kooperatibak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Kristalezko begi bat

Liburu harrigarria. Aspaldi euskaraz irakurri dudan onena. Sailkatzeko gaitza da, ez nuke-eta jakingo esaten eleberria den, autobiografia, saioa… baina hunkitu egin nau, eta harritu, gordina baita, baina baita poetikoa ere.

Kristalezko begi bat liburu honetan bi gai dira nagusi: desamodioa eta zorigaitza. Egilea bereiztu berri da M.gandik, eta horrek noraezean jarri du, orain urte batzuk begi bat galdu zuenean bezala. Hori dela-eta, eten bat egin du bere bizitzan, eta idazteari ekin dio Landetako bakean. Liburu hau da eten horren emaitza. Bertan idazlea biluztu egin da, aztertzeko zer gertatu zaion. Bere iragana errepasatu du, bere familia, lana, maitasuna, zorigaitza, desamodioa… bere bizitza orain arte markatu duten elementuak, dena hizkuntza ederrean kontatuta.

Nire ustez, hauxe da prosan Miren Agur Meabek idatzi duen libururik onena eta interesgarriena. Ni, behintzat, harrapatu egin nau, eta zelan.

Kategoriak Liburuak | Iruzkin 1

Berriro Kindle erabiltzen

Urtebete-edo egin dut Kindle irakurgailua erabili barik, bertan ez nuelako ondo ikusten. Begiak operatuta, gauzak aldatu egin dira, orain oso ondo irakurtzen dut-eta Kindle zaharrean. Horregatik, Benidormera etortzeko erabaki nuen tableta etxean utzi eta Kindle hartzea.

Eta atzo, ordu dezente egin nituen autobusean irakurtzen, bat ere arazo barik, nahiz eta, batzuetan, eguzkia sartzen zen leihotik barrura. Horrek poza eman dit, ikusmena berreskuratzeaz gain, irakurgailu on bat berreskuratu baitut: Kindle zaharra, goiko loturan agertzen dena baino zaharragoa, tekladuna.

Kategoriak Liburuak | Utzi iruzkina

Zirkuak aurrera segitzen du

Twitter bidez iritsi nintzen atzo Garmin enpresaren bideo ikusgarri honetara. Bertan, mezua oso garbia da: teknologiak —Garminen teknologiak, zehatzago— hobeak egiten ditu txirrindulariak. Une batzuetan ematen zuen Matrix ikusten ari nintzela, gurpil gainean.

Bi xehetasunek baina, gogorarazi didate txirrindularitzaren alde ilunaz, hor segitzen baitu.

1. Iragarkia Gironan hasten da. Gogoratuko duzuenez, eta USADAren txostenak jasotzen zuenez, une jakin batean Lance Armstrongek erabaki zuen Niceko etxea utzi eta Gironan jarriko zela bizitzen, Frantzian polizia atzean baitzuen, eta Espainian ez zuelako arazo hori izango. Harrezkero, txirrindulari asko aldatu ziren Gironara eta beronen inguruetara. Iragarkian ikusten denagatik, joera hori ez da eten.

2. Garmin taldeko zuzendaria, Jonathan Vaughters, Armstrong kasuan agertzen da. Iazko abuztuan berak ere aitortu zuen dopatu egiten zela txirrindularia zenean. Beste horrenbeste gertatu da beste talde zuzendari batzuekin, Bjarne Riis kasu, zeinak aitortu arren bera ere dopatu zela, gaur egun segitzen du talde bat zuzentzen.

Alegia, bideo hau ikusita, eta hedabideei erreparatuta, zelako oihartzuna eman dieten Paris-Nice eta Tirreno-Adriatiko lasterketei, ondorioa atera dut zirkua inportanteegia dela gerarazteko dopin moduko “txikikeriengatik”. Barcinak Nafarroan nola, zirkuko antolatzaileek ere uste dute aurrera begiratu behar dela, ez duela merezi alde ilunari begiratzea, iraganeko kontua baita.

Kategoriak Kirola | Etiketak , , , , , | 2 iruzkin

10 emakume-izen Arrasateko kaleetarako

Herenegun harri eta zur geratu nintzen irakurri nuenean Arrasaten, nire jaioterrian, 146 kaletatik, batek bakarrik daramala emakume baten izena, eta hori oraintxe bertan onartu delako. Lotsatu egiten naiz orain arte konturatu ere egin ez garelako, eta eskerrak ematen dizkiot Intxorta 1937 Kultur Elkarteari gaia ateratzeagatik.

Nahiz eta orain ez naizen bizi Mondragoen, pentsatu dut nire ekarpen xumea egin dezakedala, Arrasateko Udalari zerrenda bat eskainita, hamar emakume nabarmenen izenekin, hangoak eta hemengoak, kale bana izan dezaten herrian. Horra izen-deiturak, hurrenkera alfabetikoan:

  • Simone de Beauvoir. Idazle, pentsalari eta feminista famatua, emakumeen belaunaldiak markatu ditu.
  • Maria Callas. XX. mendeko opera abeslaririk onenetakoa. Oraindik ere bere ahotsak hunkitu egiten du mundua.
  • Marie Curie. Lehen emakumea Nobel saria irabazten, berau birritan irabazi zuen, arlo desberdinetan. Bere ikerkuntzak izugarri aurreratu zuen erradioaktibitatearen ezagutza.
  • Amelia Earhart. Lehen emakume pilotua Atlantikoa zeharkatu zuena hegazkin batean. Emakumeen eskubideen defendatzaile sutsua.
  • Aretha Franklin. Soul abeslari estatubatuarra, bere musika esparru askotara zabaldu da: gospel, jazz, blues, R&B, pop, rock eta funk.
  • Adela Ibabe. Andereño aramaioarra, gogor saiatu zen emakumeen estatusa aldatzen, bai etxean eta baita lanean ere. Oso gazte hil zen, aborto klandestino bat izan ondoren.
  • Kleopatra. Egiptoko erregin aspaldikoa. Inspirazio iturri etengabea izan da mendeetan barrena: literaturan, zinean, musikan, modan…
  • Mari. Euskal mitologiako jainkosa nagusia, etxea du hainbat menditan: Anboto, Aizkorri, Txindoki, Aralar…
  • Mona Lisa. Munduko artelan ezagunena eta bisitatuena. Hau ere, inspirazio-iturri amaigabea literaturan, musikan, antzerkian eta hedabide modernoetan.
  • Elbira Zipitria. Maistra, ikastolen sortzaileetarikoa, euskararen sustatzailea eta emakumeak baztertzearen kontrako borrokalaria izan zen.

 

Kategoriak Feminismoa | Etiketak , , , , | 2 iruzkin

Testu bidezko mezua hizketa da, atzamarrez egina

John McWhorter Columbia Unibertsitateko Hizkuntzalaritza irakasleak ohartarazi digu TED2013 hitzaldi interesgarri batean oker gabiltzala pentsatzen badugu testu bidezko mezuak idazketa direla: “Testu bidezko mezua ez da hizkuntza idatzia”, esan zuen, “askoz ere hurbilago dago oso aspalditik izan dugun hizkuntzatik: hizkuntza mintzatua”. Gure artean, ados ote daude Kike Amonarriz eta Asier Sarasua baieztapen horrekin?

Wired aldizkariak jaso du hitzaldiaren berri. Bertan hizlariak dioenez, gizakiok hizkera erabili dugu elkarren artean komunikatzeko, 150.000 urtez bai. Idazketa, berriz, antzelan erabilgarria izanda ere, asmakizun nahiko berria da. “Gizateria bizi izan balitz 24 orduz”, esan zuen McWhorter-ek, “idazketa agertuko zatekeen gaueko 23:07etan”.

Une jakin batean, idazketaren zehaztasuna eta formalismoa hizketan txertatu zen. Harrezkero, denok ezagutu dugu norbait kode formalean hitz egiten duena, barroko samar. Hortaz, hitz egin ahal badugu idazten dugun moduan, zergatik ez idatzi hitz egiten dugun gisan? Orain arte erabili ditugun tresnak (arkatzak, idatz makinak, ordenagailuak…) ez dira egokiak izan, argudiatu du McWhorter-ek, motelegiak zirelako. Telefono mobila, berriz, eskuragarria eta bizkorra da. Hortaz, testu bidezko mezua ez bada idazketa, zer da orduan? “Hizketa, atzamarrez lagundua”.

“Errazena da esatea testu bidezko mezularitza hizkuntzaren gainbehera dela”, dio McWhorter irakasleak. Baina ez gaitezen engaina, mendeetan barrena gauza bera esan du-eta jendeak, erromatarren garaian hasita. “Hala ere, nolabaiteko konplexutasuna sortzen ari da hor, arau eta hizkera propioa garatzen ari baita atzamar bidez egindako hizketan”.

Kategoriak hizkuntza | Etiketak , , , , , , , | 11 iruzkin

Ebakuntza gelan

Ez nuen uste ebakuntza gela behar zenik begiak operatzeko, baina halaxe da. Nik neuk probatu dudanez, ICQO ospitalean, behintzat, behar den moduko ebakuntza gela daukate. Bertan hiru aldiz egon naiz azken aldi honetan, baina lehenengoan etxera bidali ninduten, operatu ezinik.

Otsailaren 11n garaiz iritsi ginen Begoña inguruetara, Bilbon, bertan baitago ICQO ospitalea, ezker begia behar bezala prestaturik, oftalmologoak aurrez agindu bezala. Itxaron gelan, bideo bat ikusten igaro genuen denbora, oso bideo interesgarria, erakusten baitzuen zelan egiten diren hainbat ebakuntza, tartean kataratak. Halako batean, nire izen-deiturak entzun genituen bozgorailuan. “Sartu 1 gelaxkan, mesedez”.

Gelaxka hartan, arropa erantzi eta, galtzontzilotan, bata fin bat jantzi nuen, plastikozko txano bat bururako, eta plastikozko zapatilak oinetarako. Hotza. Handik pasatu nintzen gela handiago batera, berau ate automatiko batez lotuta ebakuntza gelarekin. Ohe gurpildun batean etzan, eta estali egin ninduten manta pare batekin, bigarrena nik eskatuta, hotz egiten baitzuen. Erizain batek tanta batzuk bota begian eta anestesistaren lana prestatu zuen. Ordubete egon nintzen begiak itxita eta itxaroten, ebakuntza gelan ustegabeko arazoak egon zirelako.

Halako batean, ate automatikoa ireki eta Iñigo Korkostegi oftalmologoa sartu zen, bere laguntzaileekin, tartean anestesista. Azalpen labur batzuk, lasai egon nendin, eta barrura. Ni etxanda, argitxo bati begira. Anestesista lanean hasi zen, eta, esnai nengoen arren, ez nuen bat ere minik izan ebakuntza egin bitartean. Igartzen nuen, bai, begian ari zirela, baina gehiago ez. 15-20 minutu haietan, nire begiaren kristalinoa desegin —bertan baitzegoen katarata—, eta haren ordez lentilla monofokal bat jarri zidaten, urrutira ikusteko horietakoa.

Ebakuntza amaitu eta hamar minutura, eskaileretan behera ari nintzen ospitaleko ate nagusitik, Begoñako eliza ondoko aparkalekurantz. Handik astebetera, hilaren 18an, berriro joan ginen, eskuin begia operatzera, eta, aurreko asteko itxaronaldi luzea izan ezik, dena berdin joan zen. Alegia, primeran.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Agur kataratei, adio betaurrekoei

Bai, dagoeneko ez daukat anteojurik. Jantzi ditut eskolan hasi nintzenetik, bost urte nituela, orain arte. Urtarrilean baina, kataratak aurkitu zizkidaten begi bietan, eta azken bi aste hauetan ebakuntza egin didate ICQO klinikan, Bilbon, kataratak kentzeko: otsailaren 11n ezker begia, eta astebete geroago, 18an, eskuina.

Ikusmenari dagokionez, aldaketa handia izan da: orain dezente hobeto ikusten dut. Dena da garbiagoa, definizio handikoa, bat ere laino barik. Hala ere, irakurtzeko-eta betaurreko sinple batzuk beharko ditut, kristalinoaren ordez lentilla monofokalak jarri dizkidatelako, urrutira ikusteko egokiak.

Itxura, berriz, bestelakoa daukat, orain ez baitaukat apaingarririk mozuan. Lehenengo eta behin, neu ohitu beharko naiz neure irudi berrira, eta gero, besteak. Ispiluan ere zimurrak ikusten ditut sekula baino argiago, nire zimurrak.

Eta bai, astia hartzen dudanean, aldatu egin beharko dut nire profiletako argazkia, blogean, Twitter-en, Facebook-en eta gainerako tokietan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 3 iruzkin

Argitaratzaileak eta enpresa teknologiko berriak

Gurebook.com plataforma desagertzeak argi utzi du euskal argitaratzaile gehienak noraezean dabiltzala. Baina mundua ez da hor bukatu, eta irtenbidea eurek uste duten baino hurbilago izan dezakete: beren inguruko enpresa teknologiko berrietan. Bilboko enpresa batek, Dosdoce, horixe gomendatu du New Yorken argitaratutako txosten batean: How to Collaborate with Startups.

Dosdoce enpresa 2004an sortu zen Bilbon, eta aztertzen du teknologiaren erabilera kulturan. Urtero txostenak argitaratzen ditu, aztertzeko zer joera nabaritzen diren sormen industrietan. Enpresako sortzailea Jabier Zelaia da. Azken txostena TOC konferentzian aurkeztu du, Zelan aritu elkarlanean enpresa teknologiko berriekin, eta oihartzun handia izan du nazioarteko liburugintzaren alorrean. Joe Wikert adituaren iritziz, hauxe da azken aldi honetan irakurri duen txostenik inportanteena.

Azterketaren ondorioak

Dosdoce enpresak galdetegi bat bidali zien munduko 170 startup eta argitaratzaileri (Espainia, Alemania, Italia, Britainia Handia, Argentina, Txile, Mexiko, AEB, Suedia eta Frantziakoak, besteak beste), eta jasotako erantzunekin, ondorio garbiak atera ditu.

Galdetegiaren datuak aztertuta, Dosdoce sinistuta dago liburuaren esparruko enpresa tradizionalek (argitaratzaileek, liburu saltzaileek, liburutegiek…) elkarlana estutu beharra dutela enpresa “natibo digitalekin”, etekina atera nahi badiete Internetek eskaintzen dituen aukerei. Zeren enpresario digitalek jeneralean beste ikuspegi batekin egiten baitie aurre negozioen desafioei. Beti saiatzen dira bide berriak bilatzen arazoak konpontzeko edo kontsumitzaileen beharrak asetzeko. Eurekin lan eginez gero, enpresa tradizionalek sakonago ulertuko dute ekonomia digitala, eta esparru horrek egunero eskaintzen dituen aukerak.

Txostena jaisteko moduan dago hemen, aintzat hartuta zer lizentzia duen: CC “Attribution-NonCommercial-NoDerivative”. Txostenaren laburpena, berriz, Collaborating with startups artikuluan irakur daiteke.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Barojatarrak

Egun hauetan Semblanza de Pío Baroja liburua irakurri dut, Julio Caro Barojak bere osabari buruz idatzitako biografia laburra bezain mamitsua. Estilo sinplean, baina prosa oso argiarekin, Julio Caro Barojak kontatzen dizkigu Pio Barojaren azken urteak, bai Beran, Nafarroan, eta baita Madrilen ere. Kontakizun hunkigarria da, eta zentzuz betea. Nik oso gustura irakurri dut.

Bereziki gozatu dut Julio Caro Barojaren prosa eta kontatzeko modua. Irakurri ahala, gogoratzen nintzen gaztaroan zelako atseginez irakurri nituen Caro Barojaren beste liburu batzuk (Las brujas y su mundo, Brujería vasca, Inquisición, brujería y criptojudaísmo, El señor inquisidor y otras vidas por oficio, Los vascos…), eta berriro ere, prendatuta geratu naiz.

Mondragoen ezagutu nuen Julio Caro Baroja, 1972-1973 urte inguruan Joseba Quevedo lagun aspaldikoak eta Ramon anaiak ekarri zutenean hitzaldi bat ematera. Erdi Aroko Arrasatez hitz egin zuen, baina ez horretaz soilik. Bukatutakoan, berarekin geratu ginen hitz egiten, lotara joan zen arte. Biharamonean ere berriro egin genuen tril jakintsuarekin, eta geroago jakin genuen egun hura aprobetxatu zuela Mondragoeko alde zaharra marrazteko Santa Barbara gainetik. Bide batez esanda, Julio Caro Barojak oso ondo marrazten zuen.

Semblanza de Pío Baroja hau Ediciones 98 argitaletxeak kaleratu du. Ahal baduzue, irakurri, merezi du-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina