Ebakuntza gelan

Ez nuen uste ebakuntza gela behar zenik begiak operatzeko, baina halaxe da. Nik neuk probatu dudanez, ICQO ospitalean, behintzat, behar den moduko ebakuntza gela daukate. Bertan hiru aldiz egon naiz azken aldi honetan, baina lehenengoan etxera bidali ninduten, operatu ezinik.

Otsailaren 11n garaiz iritsi ginen Begoña inguruetara, Bilbon, bertan baitago ICQO ospitalea, ezker begia behar bezala prestaturik, oftalmologoak aurrez agindu bezala. Itxaron gelan, bideo bat ikusten igaro genuen denbora, oso bideo interesgarria, erakusten baitzuen zelan egiten diren hainbat ebakuntza, tartean kataratak. Halako batean, nire izen-deiturak entzun genituen bozgorailuan. “Sartu 1 gelaxkan, mesedez”.

Gelaxka hartan, arropa erantzi eta, galtzontzilotan, bata fin bat jantzi nuen, plastikozko txano bat bururako, eta plastikozko zapatilak oinetarako. Hotza. Handik pasatu nintzen gela handiago batera, berau ate automatiko batez lotuta ebakuntza gelarekin. Ohe gurpildun batean etzan, eta estali egin ninduten manta pare batekin, bigarrena nik eskatuta, hotz egiten baitzuen. Erizain batek tanta batzuk bota begian eta anestesistaren lana prestatu zuen. Ordubete egon nintzen begiak itxita eta itxaroten, ebakuntza gelan ustegabeko arazoak egon zirelako.

Halako batean, ate automatikoa ireki eta Iñigo Korkostegi oftalmologoa sartu zen, bere laguntzaileekin, tartean anestesista. Azalpen labur batzuk, lasai egon nendin, eta barrura. Ni etxanda, argitxo bati begira. Anestesista lanean hasi zen, eta, esnai nengoen arren, ez nuen bat ere minik izan ebakuntza egin bitartean. Igartzen nuen, bai, begian ari zirela, baina gehiago ez. 15-20 minutu haietan, nire begiaren kristalinoa desegin —bertan baitzegoen katarata—, eta haren ordez lentilla monofokal bat jarri zidaten, urrutira ikusteko horietakoa.

Ebakuntza amaitu eta hamar minutura, eskaileretan behera ari nintzen ospitaleko ate nagusitik, Begoñako eliza ondoko aparkalekurantz. Handik astebetera, hilaren 18an, berriro joan ginen, eskuin begia operatzera, eta, aurreko asteko itxaronaldi luzea izan ezik, dena berdin joan zen. Alegia, primeran.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude