Zikinaren salaketa Bergaran

Captura de pantalla 2015-07-07 a las 13.36.24

San Martzialgo zelaia, Bergaran, urteko erromeria egin biharamunean. (Goiena)

Goienak argitaratu duen legez, atzo arratsaldean bergarar talde batek horrela aurkitu zuen San Martzialgo zelaia, bezperan urteko erromeria bertan eginda. Lotsatuta, argazkia atera zuten, egoera salatzeko —horixe ulertu dut nik, behintzat, lerro horiek irakurrita. Eta salatzekoa da egoera, bai, zelaian dena da-eta loia, zikina eta likitsa, gizakiok sortu eta utzitakoa. Nazka eta higuina eragiten du.

Hau ere tradizio jatortzat hartu beharko ote dugu, alegia, dibertitu bitartean bazterrak zikintzekoa, zaborra zerbitzu publikoek edo boluntarioek garbi dezaten? Horrela jokatzen badugu, arazo handi bat dugu, Bergaran, Debagoienean eta edonon, ezin dugu-eta gure ingurua txerri korta bihurtu. Ez XXI. mendean.

Kategoriak Jaiak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Varoufakis, out, baina burua zutik

varr1

Atzo, 2015eko uztailaren 5ean, greziar gehienek EZ esan zioten Europako Batasuneko hartzekodunek Greziari jarritako baldintza multzo umiliagarriari, bere zorra ordain dezan. Garaipen historikoa izan da, Europako Batasunaren historia laburrean lehen herria izan baita neoliberalismo dogmatikoaren kontra altxatu dena, demokraziaren baliabideak erabilita. Lukurreriaren kontra, beldurraren kontra, gezurraren kontra.

Gaur goizean, berriz, jaiki bezain laster, jakin dugu Yanis Varoufakis Greziako Finantza ministroak utzi egin duela ministerioa, Europako hainbat goi karguk horixe eskatu baitiote, antza, Greziako lehen ministroari.

Irudikatzen hasita, erraz asma nezake Alemaniako kantzillerrak telefonoa hartu eta hitz hauek esaten Greziako lehen ministroari:

“Zorionak, garaipen harrigarria lortu duzue-eta. Baina segitu nahi baduzue negoziatzen, geuk ere garaipen bat behar dugu. Varoufakis kalera bota behar duzue. Garaipen hori eskaini behar diguzue eseri aurretik. Hortik aurrera, ikusiko dugu”.

Varoufakis, berriz, estilo handiz joan da, dotoreziaz. Bere blogean idatzi duenez —Varoufakis blogaria baita—, bere egitekoa da Alexis Tsiprasi laguntzea etekinik onena atera diezaion Greziako herriak atzo emandako babesari. Bejondeiala Yanis!

Captura de pantalla 2015-07-06 a las 11.39.39

Kategoriak Politika | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Emakumeen futbol ikusgarria

Egun hauetan bi txapelketa handi jokatzen ari dira futbolari dagokionez. Gizonezkoetan, Amerika kopa. Emakumezkoetan, berriz, Munduko Txapelketa. Azken hau arreta oso gutxi jasotzen ari da hemengo hedabideetan. Tamalgarria, zeren neskek oso ondo jokatzen baitute.

Finala AEBek eta Japoniak jokatuko dute datorren igandean, finalerdietan Alemania eta Ingalaterra kanporatuta, hurrenez hurren. Esango nuke ezen, ezusteko handirik ezean, oraingoan ere Japoniak irabakiko duela, orain lau urte bezala.

Kategoriak Kirola | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Hizkuntzaren xarma

creative writing

Hainbat liburu irakurri dizkiot José Antonio Marina filosofoari, gustura irakurri ere. Atzo beste bat erosi nuen, berak eta María de la Válgomak idatzia, La magia de escribir, eta hau ere, ederto doa.
Hizkuntza zelan irakatsi lantzen ari direla, esaldi hau aurkitu dut, ederra:

Hizkuntza irakastea da irakastea zelan erabili hizkuntza, alegia, adimena.

Hori irakurrita, gogora etorri zait zenbat denbora eskaini diogun hizkuntzaren gramatikari, arlo akademikoari, hainbeste non, askotan, hil egin dugun hizkuntzaren xarma.

Kategoriak hizkuntza | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Rikardo Arregi sari nagusia eta Jon Salaberri

GoienaTaldea2 (1)

Monika Montero, Aitor Izagirre, Aitor Iturriaga, Domi Korta, Joxe Aranzabal, Julen Iriondo eta Oihane Agirre. (Goiena)

 

Atzo kriskitinak baino pozixago itzuli ginen Andoaindik, bertan Julen Iriondo kazetari oñatiarrak sari nagusia irabazi baitzuen Rikardo Arregi Kazetaritza sarietan, “Jon Salaberri” izeneko dokumentalagatik, Goiena Telebistak aurten egindakoa.

Mondragoetik talde polita joan ginen, Goienak gonbidatuta, tartean Domi Korta eta Aitor Iturriaga, Jon Salaberriren lankidea eta laguna hurrenez urren. Baita Oihane Agirre eta Monika Montero goienakideak, Julenekin batera aritutakoak dokumentala ontzen. Ahaztu barik, jakina, Aitor Izagirre Goienako presidentea eta Eneko Azkarate, bertako edukietako arduraduna. Joan-etorria oso atsegina izan zen, Aitor eta Domi kontalari apartak baitira.

Sari nagusia eman aurretik, eta testuinguruan ipintzeko Julenek eta bere lankideek egindako lana, bideo hau jarri zuten. Bertan azaldu nuen zelan sortu zen Jon Salaberri proiektua eta zelan mamitu zen Goienaren dokumentala.

Ekitaldia amaitu zenean Mondragoetik joandakoak besarkatu egin ginen, emozioz gainezka: pozez Julen eta bere talde gazteagatik, lan bikaina egin baitzuten, eta hunkiduraz Domi eta Aitorren kasuan, ezin hobeto jakinarazi baitigute zelakoa zen Jon Salaberri.

Ondorengo luntxean hainbat ezagun agurtu nituen: aspaldikoak batzuk eta ezagun birtualak besteak. Bazkaria ederra izan zen, ondo jateaz gain, solasa ere oso interesgarria izan baitzen. Barruan eta aire zabalean.

Baina Rikardo Arregi sarietan izan ziren beste hiru saridun, zein baino zein interesgarriagoak: Mikel Ibargoien Garakoa, Gaur 8 gehigarrian emakume kirolarien inguruan egindako artikulu sortagatik. Samara Velte, Berria egunkarian Eskozian izandako erreferendumaz idatzitako artikuluengatik. Eta Iñigo Astiz, Berrian bertan argitaratutako erreportaje sortagatik, abesti ezagun batzuen lekuen inguruan. Informazio osoagoa ekitaldiaz, Goienan. Zorionak denei!

Kategoriak Hedabideak | Etiketak , , , , , | 2 iruzkin

Zezenketak eta “tradizio jatorrak”

Zezenak

Aurtengo Aste Nagusian zezenketak itzuliko direla-eta, gauza dezente entzuten ari naiz halako neurria justifikatzeko, baina batek eman dit atentzioa, “zezenak oso tradizio euskaldunak direla, XIII-XIV. mendeetan egiten zirelako”, batek esan zuen moduan Euskadi Irratian.

Erdi Aroko tradizio jatorrak bezain badaezpadakoak

Egia da zezenketak aspaldikoak direla, baita gure artean ere. Baina, horrekin batera, Erdi Aroan izan ziren beste tradizio jator bezain badaezpadako asko. Adibidez:

  • Erregeek eta nobleek, baita Elizak ere, zerga eta hamarren abusiboak kobratzen zizkioten herri xeheari.
  • Erakunde bat zegoen, Inkisizioa, sutara bidaltzen zituena heterodoxia apur bat erakusten zutenak, hala nola uste zutenak Lurra Eguzkiaren inguruan zebilela biraka.
  • Zenbait minoria jazarri egiten ziren, hala nola juduak eta mairuak.
  • Edozein egiaztagiri lortzeko, odol garbitasuna eskatzen zen.
  • Handikiek bakarrik zuten boto eskubidea, eta, handikien artean, gizonezkoek bakarrik.
  • Elizak behartu egiten zituen umea izandako emakumeak “purifikatzera”, berriz ere elizan sartu aurretik.

Hauek guztiak tradizioak izan ziren aspaldi hartan, erabat sustraituak gure artean, baina gaur egun ez daude indarrean, gizarteak onartzen ez dituelako. Zezenketek, ostera, hortxe segitzen dute.

Tratu etikoa

Hala ere, eztabaida gero eta indartsuagoa da, eta Charles Darwinek badu zerikusia horrekin. Jon Sudupe filosofoak idatzi zuen moduan, eboluzioaren teoriak senidetu egin gaitu landareak, animaliak eta gizakiak; parekatu egin gaitu gainerako animalia eta izaki bizidunekin. Ez dago, beraz, animaliak gaizki tratatzeko eskubiderik.

Gaur ere, erabat neure egiten ditut Jon Sudupek idatzitako hitz hauek:

Animaliei ere errespetua zor diegu. Ez diegu alferrikako sufrimendurik eragin behar. Zezenketak, oilar eta ahari jokoak, idi demak eta bestelako jolas edo “kirol” basatiak debekatu beharreko ikuskizunak dira. Tradizioaren aurretik dago tratu etikoa.

Horregatik, ez zait inporta zezenketak oso errotuta egon izana Euskal Herrian. Nik ez dut nahi horrelakorik: ez Donostian, ez Azpeitian, ez Iruñean, ez Gasteizen, ez Baionan, ez eta Bilbon ere, nahiz eta badakidan gure hiriburuak ez direla Oslo edo Stockholm.

Captura de pantalla 2015-06-17 a las 15.24.55

Kategoriak albistea | Etiketak , , , , , | Iruzkin 1

Perlak, kolpeak, musuak, traizioak

Kolpeak

Isidoro Gaztañaga, Paulino Uzkudun eta Joxemari Iturralde

Liburuaren azalak ez du zantzurik ematen, baina nobela hau, Perlak, kolpeak, musuak, traizioak, Joxemari Iturralde idazlearen azkena, da bi boxeolari euskaldunen gainekoa, biak XX. mendean bizi izandakoak eta nazioartean arrakasta dezente izandakoak pisu astunetan: Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañaga, Errezilgoa lehena eta Ibarrakoa bigarrena, gipuzkoarrak biak. Eta zelan mundu horrek betidanik erakarri nauen —gure aita boxeozalea zen, eta gu ere bai, nahiz eta gero urrundu egin naizen mundu horretatik—, horregatik irakurri dut liburua, gehiago jakin nahi nuen-eta bi boxeolari horien inguruan.

Nobelak hogeita bost atal ditu, eta horietako bakoitzak emakume baten izena du. Hala ere, nire irudiko emakumeak aitzakia baino ez dira bi boxeolariez hitz egiteko, zeren idazleak gainetik zirriborratu baititu andreak, haiengan sakondu barik. Beste arazo bat da bai Uzkudunek eta baita Gaztañagak ere, nahiz eta fokoa eurengan egon, ez dutela sakontasun handirik. Badakigu zer egiten duten, baina ez zelan pentsatzen duten eta zergatik egiten dituzten gauza asko eta asko. Nire ustez, horixe da liburu honen arazorik handiena, aintzat hartuta, gainera, Iturraldek nobela formatua aukeratu duela bi pertsonaia horiek lantzeko: niri pertsonaje biak nahiko lauak egin zaizkit. Bi pertsonaia esan dut, baina, egia esan, bada hirugarren bat, inportantea: GU klub kultur-kirolzalea, Tolosakoa, lotura elementu bat bi boxeolarien artean, zeina agertzen zaigun Londresko klub elitista baten antzekoa.

Joxemari Iturraldek esan du Berria egunkarian: “Nobela honek 60-80 urteko historia hartzen du, eta nolabaiteko bi Euskal Herri kontrajarri horiek Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañagak sinbolizatzen dituzte”. Nik, berriz, ez dut horrelakorik ikusi liburuan, alegia, boxeolari bat Euskal Herri atzerakoiaren ikur eta bestea aurrerakoiaren sinbolo. Aitzitik, biak ikusi ditut plano berean: bi astapotro famatuen Olinpon, eta biak astapotroen moduan jokatzen, testosteronak bultzatuta: ringaren barruan, taberna eta putiklubetan, ohean eta gerran, azken hau Uzkudunen kasuan, badakigu-eta Errezilgoak gerra Falangen egin zuela, sekulako aldrebeskeriak egiten, antza. Gaztañaga, ostera, gerra garaian Ameriketan ibili zen, eta ez dakigu errepublika zalea edo Euzkadi zalea ote zen, niri behintzat hori ez zait garbi geratu liburua irakurrita.

Apur bat atsekabetuta amaitu dut nobela, ez nau-eta bete. Berriro diot, espero nuen bai pertsonajeak eta baita euren garaia ere sakontasun eta konplexutasun handiagoz tratatuak izatea.

1936 Uzkudun Avenidan

Paulino Uzkudun Avenidan, Donostian, falangista talde batekin, faxisten agurra egiten (1936)

P.D.: Liburua itxitakoan ohartu naiz haien ondoan gure “Urtain” ez zela oso diferentea izan (“gure” diot, gure garaian bizi izan zelako, ez beste ezerengatik). Zestoako morroskoa izan zen beste haien bertsio modernoa, alegia, haiena bezain zaharkitua.

Kategoriak Liburuak | Etiketak , , , , , , | Iruzkin 1

Zenbat urte dauzkat?

Gazteak

Orain astebete Microsoft enpresak erreminta bat atera zuen, How-Old.net, eta hautsak harrotzen ari da sare sozialetan, egitekoa baitu jendearen adina asmatzea, bakoitzari dagokion argazki batean oinarrituta. Erreminta berria da eta, seguruenik horregatik, emaitzak ez dira oso fidagarriak. Ikusi bestela.

Hemen jarri ditugun adibideetan, erremintak bati bakarrik asmatu dio adina, Kike Amonarriz aurkezleari, egiatan 54 urte ditu-eta,Wikipediaren arabera. Bernardo Atxagari 18 urte kendu dizkio, Anne Igartiburu 11 urte gazteago egin du, eta Uxue Barkos 6 urte gaztetu. Kasurik harrigarriena Maddalen Iriarterekin gertatu da, zeini erremintak 26 urte kendu baitizkio. Ez da kexatuko gure Maddalen!

How-Old.net probatu nahi duenak, izen bat sartu behar du bertan agertuko zaion bilatzailean, eta gero, agertuko zaizkion argazkien artean, aukeratu pertsona horren argazki bat, berriena ahal dela. Ondoren, egin klik “Use this photo” esaldian. Ea ezustekorik hartzen duzuen.

Kategoriak Teknologia | Etiketak , , , , , , , , , | Iruzkin 1

Hermann Zapf tipografo handia

Zapf

Ekainaren 4an Hermann Zapf hil zen (esaten omen da “tsáff”), tipografo alemaniarra. XX. mendeko tipografo mitikoetako bat. Bereak dira letratipo hauek: Palatino, Optima, Melior, Aldus, Zapfino eta Zapf Dingbats ikusgarriak (Dingbats direlakoak ez dira testua. Dingbat esaten zaio tipografian erabiltzen den apaingarri, karakter edo zuriune bati. Zapf Dingbats famatu egin ziren Apple enpresak Mac ordenagailuetan sartu zituenean).

LetrakBere bizitza ez zen erraza izan. 1918ko azaroaren 8an jaio zen (kasualitatea, ni ere egun horretan jaio bainintzen, urte dezente geroago), gerraoste latzaren erdian, eta bere aita sindikalista izan zenez, arazo handiak izan zituen berak nahi zuena ikasi eta, ondoren, lana aurkitzeko. Bigarren Mundu Gerran Bordelen izan zen, Alemaniako Armadaren Kartografia sailean, eta bertan “Espainiako mapak marraztu nituen, bereziki bertako burdinbide sareak, Irundik hasi, Frantziako mugan, Biarritz ondoan, eta La Linearaino, Espainiaren Hego aldean”. Mapak egin bitartean, bere ordu libreetan tipografia lantzen zuen, koaderno batean, bertan bere ideiak gauzatuta, tipografiari dagokionez Hermann Zapf autodidakta izan baitzen. Geroago bai, 30 urterekin, aukera izan zuen tipografia lantzeko profesional gisa. Eta famatu egin zen. Hainbesteraino, non AEBetara gonbidatu zuten hitzaldiak eman eta hainbat proiektu aurrera eramateko, Zapf oso kezkatuta baitzegoen zelan erabili tipografia ordenagailuetan. Tipografia zabala sortu zuen, eta oso erabilia munduan.

Gehiago jakin nahi duenak Hermann Zapfi buruz, irakur dezake berak idatzitako autobiografia eta ikus dezake, halaber, aspaldi Hallmark etxe amerikarrak egin zion film laburra, “The Art of Hermann Zapf”, non ikusten baita Zapf kaligrafo birtuoso gisa.

Pozez ohartu naiz nik ere izan dudala zerikusia Zapf tipografoarekin, 90. hamarraldian Optima letra erabili bainuen Herri.KO izeneko berripaperean, non idazten nuen euskarazko herri hedabideen gainean. Eta beste txiripa bat: Optima letratipoa 1952an sortu zuen Zapfek, ni jaio nintzen urte berean.

Herri.KO

Kategoriak Tipografia | Etiketak , , , , , , | Iruzkin 1

Goiena zikindu guran

goiena

Berandu eta erabat berotuta iritsi naiz gaur ospitaletik, eta etxeratzerakoan hasperen luzea egin dut, patxada nahi nuen-eta. Gutxi iraun du, ordea, harriduraz ikusi dut-eta Twitterren baten batek Goiena Komunikazio Taldearen eraikinean egin dituen pintadak, Goienari EAJren morroi izatea leporatuta.

Berehala pentsatu dut pintada horiek zerikusia izan dezaketela joan den astelehenean nik Faroan ateratako artikuluarekin, Faroa bera Goienaren komunitatean dago-eta aterpetuta, eta artikulua dezente irakurri baita.

Arretaz irakurri dut Eneko Barberenaren artikulua, pintada horien inguruan idatzitakoa, eta berarekin bat natorren arren gauzarik gehienetan (artikuluaren tonua, Goienaren jatorria eta neutraltasun nahia, Sorturen jarrera lasaia hauteskunde emaitzak aztertzerakoan, pintadak gaitzestea, elkartasuna…), nik bai uste dut pintada horiek zerikusia dutela hauteskundeek zenbait jenderengan eragindako frustrazioarekin, egin, bozketak egin ondoren egin baitira, eta mezu jakin bat zabaldu nahi dutelako, Goiena aukera politiko batekin lotu guran: Eskoriatzan, Aretxabaletan, Arrasaten eta Bergaran alkatetzak irabazi dituen alderdiarekin.

Pintada horiek egin dituenak zikindu nahi izan du Goiena, eta zikindu nahi izan ditu bertako profesionalak eta komunitatea. Ez du lortu. Bihoakio Goienari nire besarkadarik beroena.

Kategoriak Hedabideak | Etiketak , , , , , , | 2 iruzkin