Illarraren itzulera

Ilarra

Asier Illarramendi eta Xabi Alonso Real Madrilen jokatzen

Ulertzen dut realzale gehienen poza Asier Illarramendi Realera itzuliko delako, eta ez naiz nor Asierren beraren erabakiak epaitzeko, baina, zer esango dizuet, pena apur bat eman dit albisteak, Realak eta Real Madrilek itxi dutela tratua eta Illarra “bere betiko etxera” itzuliko dela.

Nire ustez, Illarramendi jokalari oso ona da, elitekoa, eta Madriletik irteteko aukera aprobetxatu beharko zukeen beste salto bat emateko, berari dagokion mailan, Liverpoolen, esate baterako, talde mitikoa, mitikoen artean, eta interesa erakutsi omen duena jokalaria fitxatzeko. Han Illarrak aukera izango zuen bere karrera indartzeko, beti ere maila gorenean, eta bere esperientzia sendotzeko. Baina mutilak besterik erabaki du, antza.

Orain urte batzuk, izugarri poztu nintzen Liverpoolek Xabi Alonso eraman eta donostiarrak aurkezpeneko prentsaurrekoa ingelesez egin zuenean. Orduan ifrentzua izan zen Miguel Angel Angulo, Valentziako jokalari aparta, zeinak Arsenalek, uste dut, fitxatu ondoren (sinatzea bakarrik falta zen), hegazkinetik jaitsi bezain laster etxera eramateko eskatu baitzuen, ingelesez hitz egin beharrak eta egoeraren arrotzak ikaratuta.

Pena apur bat daukat, baina, azkenean tratua mamitzen bada, zorterik onena opa diot Asier Illarramendiri Realean.

Kategoriak Kirola | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Eibar, lider

Lehen partida 1-3 irabazita, ezin hobeto ekin dio Eibar Futbol taldeak 2015-2016 denboraldiari, lehen jardunaldia jokatuta, bera baita liderra. Badakigu dezente sufritu beharko duela mailari eusteko. Baina, horregatik hain zuzen, une egokia izan daiteke bideo hau ikusteko, urte honen hasieran Michael Robinson kirol kazetariak eta bere taldeak egina.

Kategoriak Kirola | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Jakobitak eta konposta

Captura de pantalla 2015-08-18 a las 10.20.47

Abuztuaren 12an, Zaldieroak jakobiten berri eman zigun Berrian, bertako orrietan egunero egiten duen zintan. Orduan jakin nuen jakobitak direla Jakoba Errekondo agronomoaren jarraitzaileak, eta hortik ondorioztatzen dut gehienak ortulariak, baserritarrak eta lorezainak izango direla, esparru horietan gaur egun Jakoba Errekondo baita komunikatzailerik ezagunena.

Jakobaren ospean zerikusi handia dute Landaberri irratsaioak, zeina Jakobak berak egiten baitu larunbat goizetan Euskadi Irratian, bertan aholkuak emanez entzuleei, Argia aldizkarian astero idazten dituen zutabeak eta Bizi baratzea izeneko liburuak, sekulako arrakasta izan duena, laster hirugarren edizioa egitekotan.

Egia esan, Jakoba aspalditxotik da ezaguna Euskal Herrian, baina esan liteke azken aldian areagotu egin dela haren ospea, hainbesteraino non H28 euskal komikiak super-heroi moduan aurkeztu baitzuen orain asko ez dela.

Captura de pantalla 2015-08-18 a las 11.33.14

Konposta ala luarra?

Baina itzul gaitezen Zaldieroaren zintara. Bertan, jakobita batek aitortzen duenez, “Jakobitok ez dugu esaten ‘konposta’!! Guk esaten dugu Luarra!”. Izan ere, bere jarduera multimedian, Jakoba Errekondok “luar” hitza hobesten du konposta esateko.

Jakoba komunikatzaile ona da, eta euskara primeroakoa darabil bere jardueran, baina kasu honetan atentzioa ematen du zelan proposatzen duen berba ia fosilizatu bat, luar, beste finkatu baten aldean, konpost. Bere azken liburuko glosategian, horrela definitzen du konpost hitza: “Konposta: luarra. Abandonatu beharreko hitza; ez alferrik hor ditugu luarra, kortalohia, atalohia, lur gorotza, sastagia, lur ustela…”

Baina zein da hitz bakoitzaren tradizio eta zabalkundea?

Konposta

Konposta da materia organiko usteldua, eta erabiltzen da ongarri moduan landareak hazteko. Konpost hitza bera latinetik dator, composita, compositum, eta, antza denez, frantsesetik zabaldu zen beste hizkuntzetara. Gaur egun asko erabiltzen da nazioartean: ingelesez, compost; frantsesez, compost; alemanez, kompost; eta gaztelaniaz, compost.

Euskaraz ere, 1977an Joxe Agirrek horrela azaldu zuen zer den konposta Baratza. 6. Erroa eta burua jaten zaien barazkiak lanean: “Zaldi-simaurrari, lastoa, gariarena edo beste alekiren batena, naastu, pillatu eta irakin eraziz egiten da konposta”. Hiztegi Batuan ere agertzen da: konpostatu, konposta, konpostatzen. da/du ad. Ekol. Ereduzko Prosa Gaur izeneko gunean ere 52 aldiz agertzen da konpost hitza: bi liburutan eta prentsan. Lexikoaren Behatokiaren Corpusean 462 aldiz agertzen da. Eta Googlen “konposta”, idatziz gero, 166.000 emaitza agertzen dira, asko eta asko euskarazkoak. Horrezaz gain, “konpost” idatziz gero, 36.000 emaitza agertzen dira, horietako asko ere, euskarazkoak.

Luarra

Luar hitzari dagokionez, munduan inon ez dut ikusi hitz hori konposta adierazteko. Euskaraz ere, ez du tradizio handirik. Azkueren hiztegian agertzen da. “Luar (B-o) lombriz de tierra, Ver de terre”. Orotariko Euskal Hiztegian ez da agertzen (hor “Luhar” azaltzen da: lombriz de tierra). Hiztegi Batuan ere ez. Ezta Ereduzko Prosa Gaur webgunean ere. Zer esanik ez Lexikoaren Behatokiaren Corpusean. Bai, ordea, euskarazko Wikipedian, baina konpost hitzaren sinonimo moduan. Hortaz, hitz bat da, oso erabilera urrikoa. Eta Googlen idatziz gero “Luar”, lehen hamar orrialdetan ez da euskarazko hitz bakar bat ere agertzen, adibide ia guztiak galegozkoak baitira.

Purismoa

Laburbilduz: euskarak aspalditxotik du hitz bat konposta adierazteko, konpost, eta hitz hori bat dator Mendebaleko hizkuntza zabalduenekin. Zergatik, orduan, neologismo bat proposatzea gauza bera adierazteko, “luar” hitzari beste adiera bat emanda, ez jatorrikoa?

Xabier Amurizak 1996ko azaroan idatzi zuen jokaera horren kontra Jakin aldizkarian. Hauxe esan zuen orduan:

“Inguruko hizkuntza hain ezberdin eta indartsuek komunki daukaten unibertso kontzeptuala euskara bezalako hizkuntza txiki eta ia agoniko bat bere baitatik asmatzen hastea ausarkeria suizida bat da. Horrek ez du esan nahi neologismoen baliabidea ukatzen dudanik. Baina, irizpide orokor gisan, gure erdarez gainera, ingelesak edo alemanak mailegatzeko eskrupulurik ukan ez dutena euskarak saihesteari kamuskeria deritzot”.

Kepa Altonaga parafraseatuta, bestalde, esango genuke nazioarteko teknolektoan aspaldian finkatuta dagoen terminoa, “konpost”, zelan edo halan geureganatu beharrean, Jakoba Errekondok hobetsi duela beste hitz bat, “luar”, ustez jatorragoa.

Ez dakit jakobitek zenbateraino jarraituko duten euren gidariaren gomendioa, “konpost” hitza abandonatu eta “luar” erabiltzekoa, baina irudipena dut kasu honetan inertziak berak neologismoaren kontra egiten duela. Adibide gisa, hauxe: onodoko iragarkia Jakobaren liburuan bertan agertzen da.
konpostaIragarkia

Kategoriak euskara | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Inutil totala

Aurrekoan entzun nuen Euskadi Irratian Altsasun oraindik “Inutilaren eguna” ospatzen dela, eta berau egiten dela soldadutzatik salbuetsita etxeratzen ziren gazte haiek gogoan, “inutilak”, Espainiako Armadak adjektibo hori ematen baitzien, gaixotasun edo ezintasun bat tarteko, balio ez zutenei soldadutza egiteko. Grazia egin zidan albisteak, neu ere “inutil” haietakoa izan bainintzen, erabatekoa, gainera.

Deitu zidatenean soldadutzara joateko, artean Donostian nintzela, alegatu egin nuen ikusmen txarra nuela, ordurako dioptria piloa bainuen betaurrekoetan, hipermetropiak eta astigmatismoak eraginda. Hori zela-eta, Burgosera bidali ninduten tren batean, hango ospitale militarrera, beste gazte askorekin batera. Okulista berezi baten egiaztagiriarekin joan nintzen, lagungarri izango zelakoan.

Hiruzpalau egun egin genituen Burgosko ospitale militarrean, gauero errosarioa errezatzen genuela, moja batek behartuta. Azken egunean, nire begiak ondo aztertuta, bertako okulistak —uste dut kapitain gradua zuela— ziurtagiri bat eman zidan, eta bertan zioen “inutil total” nintzela, erabatekoa, eta salbuetsita nengoela soldadutzatik. Berez iraina diren hitzok sekula ez zitzaizkidan hain gozoak egin orduan baino.

Kriskitinak baino pozixago itzuli nintzen etxera. Aitak ireki zidan atea. “Eta?”, galdetu zidan. Eta nik, “libre”. Gero ama agertu zen. Eta hark ere galdera bera. “Libratu egin dela dio”, aitak erantzun, baina segurtasun gutxirekin. Eta nik, baietz, egia zela. Orduan nire logelara egin, eta han Ramon anaia zegoen, laupabost egun lehenago bere soldadutza amaituta. “Hik bai potra”, bota zidan ohean etzanda zegoela, Arakatik ekarritako bibote dotorearekin, “ez dakik zeretik libratu haizen, han kaka piloa jan beharra zagok-eta”.

Libratu ez banintz, Itsas Armadan egin beharko nuen soldadutza, Ferrol inguruan. Baina ez nintzen joan. Inutil halakoa!

Kategoriak Oroimenak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Dopina eliteko kirolean

Mark Daly kirolari eta kazetari eskoziarrak eta BBC telebistak dokumental bat egin dute dopinaren erabileraz eliteko atletismoan, eta lan horrek hautsak harrotu ditu bazterretan. Horra zergatik:

  • Zalantzan jarri ditu Allan Wells esprinter britainiar jainkotuaren lorpenak, tartean urrezko domina 100 metroetan Moskuko Olinpiar Jokoetan, 1980an. Horretarako, Daly oinarritu da Wellsen zenbait kirol lagunen adierazpenetan.
  • Zalantzan jarri du pasaporte biologikoaren balioa, gaur egun Atletismoaren Nazioarteko Federazioak eta beste kirol erakundek darabilten metodoa antzemateko atletek dopina darabilten edo ez. Horretarako, bizpahiru hilabetez Mark Daly kazetaria bera dopatu egin zen. Hala ere haren pasaporte biologikoak ez zuen horren aztarnarik erakutsi.
  • Zalantza handiak hedatu ditu Alberto Salazar kirolari ohi eta gaur egun Nike Oregon Proiektuko buruaren metodoen inguruan. Akusazioak oinarritzen dira hainbat lekukoren aitorpenetan, tartean Steve Magness Nike Oregon Proiektuko langile ohiarena eta Kara eta Adam Goucher talde bereko atleta ohiena.

BBCk joan den ekainean eman zuen dokumental hau. Harrezkero baina, datu gehiago kaleratu dira, zeinen arabera 2001 eta 2012 artean jokatutako Olinpiar Joko eta Mundialetan, dominen heren bat atleta susmagarriek irabazi zituzten, haien odol balioak zalantzazkoak baitziren. Orain astebete El País egunkariak eman zuen horren berri.

Alegia, kontu hau aspalditik datorrela eta, itxura guztien arabera, oso zabalduta dagoela eliteko kirolean.

Kategoriak Kirola | Etiketak , , , , , , , | Utzi iruzkina

Lanperna batzaileak

Joan den astea arte sekula ez nuen jan lanpernarik, itsas ertzean bizi diren oskoldunak, marearteko haitzetan atxikita. Iragan asteazkenean jan nituen lehen aldiz, gustura, nahiz eta jakin ez dela izango nire itsasoko janaririk gogokoena.

Hala ere, lanpernak baino, lanperna batzaileen bizimoduak eman zidan atentzioa. Galizian horietako bi ezagutu nituen. Biek ala biek apalki hitz egiten zuten beren lanbidearen arriskuez.

Bideo hau ikusita irudikatu dut zenbateraino den arriskuz betea haien lana. Aurrerantzean, lanpernak jaten baditut, batzaileak izango ditut gogoan.

Kategoriak Bidaiak | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Lezetxiki, 20 urte geroago

Aurten hogei urte bete dira, Alvaro Arrizabalaga irakaslea buru, Aranzadi Zientzia elkartea hasi zela Mondragoen Lezetxikiko koba modu sistematikoan aztertzen, udako oporrak aprobetxatuta.

Hogei urte hauetako indusketek segida eman diete 1956 eta 1968 urte artean Jose Migel Barandiaranek Lezetxikin bertan gidatutako kanpainei. Hasieran bezala, gaur ere indusketan parte hartzen duten boluntarioak ilusioz beteta datoz, nahiz eta gaur egun metodologia eta baliabideak hobeak izan.

Amaia Txintxurretak erreportaje interesgarria egin du Goiena Telebistarentzat, eta bertan ikus daiteke nondik nora joan den aurtengo kanpaina.

Kategoriak Zientzia | Etiketak , , , , , | Iruzkin 1

Plutonen ordua

Egun hauetan denon ahotan izan da Pluton, New Horizons espaziontzia bere ondotik igaro eta planeta nanoaren irudi harrigarriak bidali dizkigulako Lurrera. NASA espazio agentziak dokumental hau egin du, The Year of Pluto, eta bertan esplikatzen da noiz eta zelan antolatu zen New Horizons espedizioa, Plutonera eta harago joango dena, Eguzki sistemaren azken bazterretaraino. Ikerkuntza proiektu harrigarri eta emankorra, horra azken emaitza.

Kategoriak Espazioa | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Last Tango in Halifax

Atzo amaitu genuen ikusten telesail honen lehen urtea: Last Tango in Halifax. Sei atal izan dira, baina erabat harrapatuta ikusi ditugu, BBCk lan itzela egin du-eta telesail honetan.

Bertan gai ezohiko bat lantzen da: bi alargun edadetuen arteko maitasuna, eta horrek beraien familietan duen eragina. Egia esan, maiteminduen arteko harremana bezain interesgarria da beraien inguruan zer gertatzen den, hor hainbat gai azaltzen baitira: lesbianismoa, infidelitatea, alkoholismoa, indarkeria, prejuizioak… Aktoreak, berriz, bikainak, Ann Reid eta Derek Jacobi denen buru.

Familia-drama bat da —umore handiz egina, bide batez esanda—, maitasuna du ardatz, eta edozeinek ikus lezake, zaharrek bezala gazteek ere, entretenigarria baita, eta ondo eginda. Horrezaz gain, eremu anglosaxoian arrakasta handia izan du, eta premio dezente jaso ditu BAFTA sarietan.

Lagun kadanar batzuek eman ziguten telesail horren berri, eta benetan eskertzen diegu.

Kategoriak Telebista | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Munibeko izar distirak

Ramon

Ramon Aranzabal pintorea, Munibe plazan, Bergaran.

Uztailaren 16an eta 17an, arratsaldeko 20:00etan hasita, Ramon Aranzabal anaia margolariak “performance” artistiko bat egingo du Munibe plazan, Bergaran, “Munibeko izar distirak” izenarekin (Larunbateko performancea, eguraldiaren arabera geratuko da). Bertan Ramonek hiru elementu erabiliko ditu, oinarrizkoak: musika, hodiak, (tamaina eta kolore askotarikoak) eta ingurunea, Munibe plaza XVIII. mendeko hainbat jauregik eta Bergarako Erret Seminarioak inguratzen baitute.

“Performance” hau lotzen da 2010eko udan Munibe plazan bertan Ramonek egin zuen beste handiago batekin, Gau Magikoak Munibe Plazan. Orduan bezala, oraingoan ere egileak Jean Sibelius finlandiarraren musika erabiko du, haren Bigarren sinfonia eta Finlandia. Oraingoan baina, Johann Sebastian Bach ere entzungo da, haren tokata eta fuga re minorren. Horrekin egileak keinu bat egin nahi die Stolts-Freres organoaren lagunei, zeinak saiatzen ari baitira dirua biltzen lehenbailehen konpontzeko Bergarako San Pedro elizan dagoen organoa. Greziarekin elkartasunez, bestalde, Mikis Theodorakis musikariaren hiru abesti entzungo dira. Eta, moldeak apurtzeko, Björk musikari islandiarraren musika.

Orain bost urteko saioan margolanak erabili bazituen ere, oraingoan Ramonek hodiak hobetsi ditu, tamaina, lodiera eta kolore askotakoak, eta pintura akrilikoz margoztuak, irudikatzeko kulturako jendea.

Hori guztia Munibe plazan, Bergaran, herriko plazatik ezin hurbilago, XVIII. mendeko hainbat jauregik eta Bergarako Erret Seminarioak inguratuta.

Ramon Aranzabal

Mondragoen jaio zen 1950ean, bost anai-arrebaren artean hirugarrena. Gaur egun, berriz, Bergaran bizi da, emaztea eta alabarekin. Bere lan bizitza Fagor kooperatiban egin zuen, harik eta 2008an erretiroa hartu zuen arte. Hala ere, 1995ean hasi zen pintatzen, horixe da-eta bere benetako zaletasuna.

Pintura abstraktua egiten du, hasieran pastela erabilita, eta akrilikoa oraingo proiektu honetarako. Gogoak horixe eskatzen dio.

Erakusketak

Oraingoz dozena inguru erakusketa egin ditu: bederatzi bakarka, eta gainerakoak, taldetan. Horiekin batera, “performance” bat egin du, eta bi instalazio. Hona hemen zerrenda:

Bakarka

  • Errotalde Jauregia (Bergaran, 1999ko otsailean).
  • Arresi Aretoa (Arrasaten, 1999ko urrian).
  • Naikari kafetegi-taberna (Bergaran, 2001eko uztailean).
  • Colchonería San Vicente (Donostian, 2001eko martxoa-apiriletan).
  • Kutxa Boulevard (Donostian, 2001eko irailean).
  • Kultur etxeko erakusketa gela (Oñatin, 2004ko maiatzean).
  • Naikari kafetegi-taberna (Bergaran, 2011ko apirilean).
  • Aroztegi aretoa (Bergaran, 2011ko urrian).
  • Katxarro jatetxean (Elorrion, 2013ko otsailean).

Taldeka

  • Bergarako pintoreen erakusketa (Bergaran, urtero).
  • Erakusketa Medicus Mundi erakundearen alde (Donostian, 2003ko maiatzean, Kutxaren erakusketa aretoan).
  • Kutxaren arte ondareak egindako azken eskurapenak (2001-2002). (Donostian, 2003ko urrian, Kutxaren erakusketa aretoan).
  • “El cadaver exquisito” jolasean, beste 9 pintorerekin batera (Bergaran, 2010eko arazoan).
  • Naikari kafetegi-taberna, 7+2 taldearekin (Bergaran, 2013ko otsailean).
  • Errioxako arkitektoen kolegioan (Logroñon, 2015eko maiatzean).

Performanceak

  • Gau Magikoak Munibeko Plazan (Bergaran, 2010eko ekainean).

Instalazioak

  • Alfaren erro karratua (Munibe plazan, Bergaran, 2013ko uztailean).
  • Erritmoak (Munibe plazan, Bergaran, 2014ko irailean).
Kategoriak Familia | Etiketak , , , , | Iruzkin 1