Zelan kudeatu Kindle-ko azpimarrak eta oharrak

Kindle

Aurkitu berri dut aplikazio bat, Clippings.io, lagundu egiten duena kudeatzen Kindle irakurgailuan (edo Kindle aplikazioan, zeina erabil baitaiteke iOS, Android, Mac eta Windows sistema eragileetan) gordetako azpimarrak eta oharrak. Clippings.io bidez, azpimarrak eta oharrak esportatu egin daitezke hainbat formatutara (Word, PDF, Excel…) edo Evernote aplikaziora.

Clippings.io oso erabilgarria izan daiteke asko idazten duen jendearentzat: kazetariak, akademikoak, idazleak…, aukera ematen baitie azpimarrak eta oharrak beraien idazlanetan erabiltzeko, aipu gisa, edo bestela.

Clippings.io aplikazioak bi modu eskaintzen ditu irakurleak bere Kindle irakurgailuan egindako azpimarrak eta oharrak kudeatzeko: doakoa eta ordainpekoa.

Zelan kudeatu azpimarrak, doan

Lehenik eta behin, kontu bat sortu behar da Clippings.io webgunean, eta hori doakoa da. Behin urrats hori eginda, doako bidea aukeratuko dugu, pauso hauek emanda:

  1. Lotu Kindlea ordenagailura, USB kable baten bidez.
  2. Eman Import botoiari.
  3. Nabigatu zure Kindle irakurgailuan, eta joan Dokumentuak karpetara.
  4. Klik egin “My Clippings.txt” izeneko karpetan.

Pauso horiek eginda, Clippings.io aplikazioak zure web kontu egin berrira ekarriko ditu zure Kindlean dituzun azpimarrak eta oharrak, liburuetan sailkatuta, txukun-txukun. Aipu horietako bakoitza editatu egin liteke, ezabatu edo etiketatu. Baita esportatu ere, goian aipatutako formatuetara (Word, Excel, PDF…).

Hala ere, hor ez dira agertuko zure telefono, tableta edo ordenagailuko Kindle aplikazioetan egindako azpimarrak, horiek beste leku batean geratzen direlako. Hortxe dago doako bidearen muga: soilik jasotzen dituela Kindle irakurgailu fisikoan egindako azpimarrak.

Zelan kudeatu azpimarrak, ordainduta

Badago beste modu bat, oso erraza (eta oraindik erabili ez dudana), modu automatikoan kudeatzeko bai Kindle irakurgailu fisikoko azpimarrak eta baita Kindle aplikazioarenak (iOS, Android, Mac eta Windows sistemetan instalatu daitekeena): Chrome nabigatzailearen aplikazio bat erosita, hilean 0,74€ ordainduta.

Aplikazio horrek di-da batean jasotzen ditu Kindle guztietako azpimarrak, eta esportatu ditzake nork berak erabakitzen duen formatuan (Sinplea, Chicago, APA…), baita Evernote aplikaziora ere. Evernotek txukun jasotzen ditu nota batean liburu bateko azpimarra guztiak.

Bideo batean entzun dut hori egiteko Evernotek kobratu egiten duela pare bat dolar hileko. Nik, badaezpada, aproba egin dut, eta, nahiz eta doako bertsioa izan, Clippings.io aplikazioak liburu bateko azpimarra guztiak ekarri dizkit amen-jesus batean Evernotera. Eta, noski, azpimarra horiek guztiak ekarri ditut Clippings.io aplikazioaren doako bertsiotik.

Hortaz, erabili ditut Clippings.io eta Evernote aplikazioen doako bertsioak, eta sistemak ondo funtzionatu du. Kindle erabiltzen duzuenok, hor duzue aukera bat zuen azpimarra digitalak hobeto kudeatzeko.

Kategoriak Liburuak | Etiketak , , , , , , , , , , | Utzi iruzkina

The Martian

Damon

Elorrion ikusi nuen The Martian filma lehen aldiz, eta hain gustura geratu nintzen, ze liburua ere irakurtzen hasi nintzen, Andy Weir-en eleberria. Filma bera ere bigarren aldiz ikusi nuen, bertsio originalean, eta ezin gusturago orduan ere.

Badaezpada esango dut, 2001: A Space Odessey ikusi nuenetik, izugarri gustatzen zait zientzia-fikzioa, eta The Martian hau ale ederra iruditu zait genero horren barruan.

Atsegin atseginagorik ez omen dagoenez partekatzen dena baino, erabaki nuen pelikula horren azpitituluak euskaratzea. Hori egiten ari nintzela, hainbat xehetasun harrapatu ditut pelikulan, aurrekoetan antzeman bakoak, eta horrek ere areagotu egin dit filmaren xarma.

Nahi baduzue The Martian ikusi bertsio originalean eta euskarazko azpitituluekin, Azpitituluak.com webgunean duzue. Bejondeizuela!

Kategoriak Zinea | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Berriro ere lasterketa batean

421227645_7638309499649076865 (1)

Bego eta Joxe Santxibiri lasterketan, Elorrion.

Orain zortzi urte egin nuen azken lasterketa. 11 km. izan ziren Arrasate eta Oñati artean, konpainia noblean eginak. Amaitutakoan, idatzi nuen hura izango zela nire azken lasterketa, baina berriro erori naiz tentaldian.

Gaur eguerdian gertatu da, Santxibiri lasterketan, Elorrion bertan. Begorekin batera joan naiz, jakinda tropelaren atzealdean ibiliko ginela, gazte asko eta onak baitzeuden lasterkarien artean.

Arrasaten orain zortzi urte bezala, ziztu bizian abiatu dira lasterkariak, eta gu atzean, baina ohi baino dezente agudoago. Horrela egin dugu lehen itzulia, estu samar eta tropelaren atzealdean, eta bigarrenaren erdian gindoazela, lasaiago, ziztada mingarri bat igarri dut eskuin hankaren sagarren azpian, eta geratu egin naiz. Begok bakarrik amaitu behar izan du. Meritu itzela dauka, zeren azken aldi honetan oso gutxi egin baitu arineketan, zaintiratu bat eta katarroa tarteko.

Ikasgaiak

Bi ikasgai atera ditut gaurko esperientziatik:

  1. Lasterketa bat hasi aurretik, kilometro bat-edo egin behar dut, poliki-poliki, hankak modu naturalean bero daitezen. Gaur, betiko moduan, egin ditut berotze ariketak, baina garbi dago lasterketa batean hori ez dela nahikoa, ez nire kasuan.
  2. Jendearen esanak gorabehera, utzi tropelari joaten, eta hartu nire erritmoa, eroso sentitzen naizen hori.

Ea zenbat denbora behar dudan mina kendu eta berriz ere errepidean hasteko.

Kategoriak Kirola | Etiketak , , , , , , , | Utzi iruzkina

Elorrioko Udalaren gobernu-plana

Gustatu zait Elorrioko Udalak zelan jakinarazi duen herritarren artean gobernu-plana, komunikazio-ariketa txalogarria egin baitu, herritarrak herri-gobernuan inplikatu nahian.

Plana, berez, orain egun batzuk aurkeztu zen, baina orduan ez nuen joaterik izan. Atzo, ostera, egunkari formatuko argitalpena jaso genuen etxean, 24 orrialdekoa, eta bertan Elorrioko Udalak 100 neurri zehazten ditu, 2016tik 2019ra bitartean hartuko dituena herria hobetzeko; batzuk zehatzak dira (erdigune historikoan ibilgailuen erabilera antolatzea, wifia jartzea Udal liburutegian, 24 orduko ikasketa-gunea sortzea ikasleentzat, LED argien instalakuntza mailakatua…) eta zehazteko beste batzuk (herri galdeketak egiteko ordenantzak, auzolana kontzeptua herrigunera ekartzea, igogailuen ordenantza…).

Argitalpenak, gainera, Elorrioko Udalaren gobernu-taldea aurkezten digu, zehaztuta bakoitzaren ardurak, emaila eta jendea hartzeko egunak eta orduak. Neurri horrekin gobernu taldeak herritarren inplikazioa bilatzen du, berauen iradokizunak, kexak, eta proposamenak jasotzeko.

Asmo txalogarria, benetan, Interneten ere bultzatu beharko lukeena erakundearen webgunea berriztuz, berau ere izan dadin herritarren informaziorako eta inplikaziorako tresna eraginkorra, gaur egungoak badu-eta zer hobetua.

Kategoriak Politika | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Twitter eta Berriaren Estilo liburua

Egun hauetan hainbat tokitan aipatu dut Berria egunkariak zein ondo erabiltzen duen Twitter bere Estilo liburuaren lana zabaltzeko. Nik egunero begiratzen dut Estilo liburuaren Twitter kontu hori, eta iruditzen zait praktika onen adibide bikaina dela sare sozialen erabileran.

Askotan, Twitter kontu horrek kontuan ditu egun bakoitzean zer hitz edo esamolde nabarmentzen diren hedabideetan, berorren berri emateko, baldin eta Estilo liburuan agertzen badira. Arabako Batzar Nagusiek erabaki zutenean alboratzea Biltzar Nagusiak izena, Estilo liburuak eman zuen horren berri Twitterren.

Araba

Euskaltzaindia hedabideetan agertu zenean, bertako langileek manifa egin zutelako lan hitzarmen duina eskatzen, Estilo liburuak galdetu zigun zelan esaten den Euskaltzaindiko ala Euskaltzaindiako.

Euskaltzaindia

Horrezaz gain, Berria-ren Estilo liburuak Twitter erabiltzen du jendearen galderei erantzuteko.

Euskaraz

Ondorioa da Berria-ren Estilo liburuaren webgunea gero eta gehiago erabiltzen dela, besteak beste bere Twitter kontuak egiten duen lan bikainagatik. Azken horrek, gainera, 2.366 jarraitzaile ditu hau idatzi dudanean, zenbaki esanguratsua bi urte eta erdiko ibilbidean. Zorionak!

Kategoriak euskara | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Lehen hilean jaitsitako liburu kopurua

Captura de pantalla 2015-12-15 a las 16.09.31

Gaur hilabete jarri nuela nire azken liburu digitala, Jon Salaberri, hiesdunen aldeko ekintzailea, sarean eta doan. Harrezkero, 272 lagunek eskuratu dute liburuaren ale bana, hiru formatutan: epub, mobi eta pdf.

Ondorioak

  • Kontuan izanda liburua doakoa dela eta ez dudala horrelako beste aurrekariren berririk euskarazko liburugintzan, esango nuke hilabetean 272 ale jaitsi izana ez dagoela bat ere gaizki.
  • Niri dagokidanez, lehen bi asteetan mugitu nuen gaia sare sozialetan (Twitter, Facebook eta G+), baina gero utzi egin nuen promozioa, jendea ez aspertzearren. Hori igarri egin da, harrezkero hazkundea askoz ere motelagoa izan baita.
  • Hasieran ez nuen eskaini pdf formatua, baina 10 lagunek eskatu zidatenean, erabaki nuen hori ere eskaintzea. Harrezkero 35 lagun gehiagok jaitsi dute formatu horretan.
Kategoriak Liburuak | Etiketak , , , , , , , , , , | Utzi iruzkina

Lehen astean jaitsitako liburu kopurua

Captura de pantalla 2015-11-24 a las 11.29.29

Atzo aste bat bete zen nire azken liburu digitala, Jon Salaberri, hiesdunen aldeko ekintzailea, sarean eta doan jarri nuenetik, bi formatutan: epub (estandarra) eta mobi (Amazonena). Lehen astean 145 lagunek eskuratu dute liburuaren ale bana.

Ondorioak

  • Ez dakit astebetean 145 ale jaistea asko den edo gutxi, orain arte ez dut-eta bat ere erreferentziarik izan.
  • Kopuru hau lortu dut sare sozial hauek erabilita: Faroa Twitter, Facebook eta G+.
  • Orain artean liburuaren berri soilik Interneten agertu da: Sustatu, Mugikaria, Goiena.eus, Mondraberri eta Arrasateko Udal Bibliotekako blogean. Hala ere, esan didate Azpimarra saioan ere aipatu zela, ETB1ean.
  • Harritu nau ikusteak jende gehienak epub formatuan jaitsi duela liburua. Logikoa dirudi, baina nik besterik uste nuen, seguruenik Kindle bat daukadalako.
  • Zenbait laguni pdf formatuan bidali diet liburua, ez zeukatelako irakurgailu digitalik, edo ez zirelako konpontzen beste formatu biekin.
  • Liburua doan jarri izanak zenbait jenderen zorionak ekarri dizkit. Hala ere, baten batek adierazi dit berak ez duela hori hain ondo ikusten.

Aurreko pausoak

Xehetasun teknikoagoak jakin gura dituenentzat, pauso hauek egin nituen liburua Interneten eskegitzeko:

  1. Behin liburua amaituta Ulysses aplikazioa erabilita, epub formatuan gorde nuen, Ulysses-ek oraingoz ez baitu mobi formatuan gordetzen.
  2. Calibre baliatu nuen liburua epub formatutik mobi formatura pasatzeko.
  3. Dropbox-en jarri nuen liburua, hodeian, aipatu bi formatuetan: epub eta mobi.
  4. Formatu bakoitzarentzat lotura bana sortu nuen, baina lotura horiek luzeak izaki, laburtu nituen Bit.ly aplikazioan, horrek estatistikak emango dizkit-eta gero, zenbat jendek egiten duen klik lotura bakoitzean.

Beharbada izango dira modu zehatzagoak jakiteko zenbat jendek jaitsi duen liburua, baina nik horixe erabili dut.

Eta datu zehatzak nahi dituenarentzat, egunez egunekoak, horra beheko taula, goikoaren ikuspegi numerikoarekin.

Captura de pantalla 2015-11-24 a las 15.36.22

Kategoriak Liburuak | Etiketak , , , , , , , , | Utzi iruzkina

Jon Salaberri, liburua

Salaberri350Liburu bat amaitu dut Jon Salaberri aktibista mondragoetarrari buruz, Jon Salaberri, hiesdunen aldeko ekintzailea, eta sarean jarri dut, irakurri nahi duenak doan jaisteko moduan. Horrela amaitutzat jotzen dut, orain bai, Jon Salaberri proiektua, urte honen hasieran abiarazi nuena.

Egia esan, kostatu egin zait liburua amaitzea, batez ere Goiena Telebistak dokumental bikaina egin zuenetik Jon Salaberriri buruz, haren ostean zerbait diferentea eskaini nahi nuen-eta liburuan.

Bi formatutan

Liburu hau digitala izango da, paperean ez da argitaratuko, eta Dropbox-en jarri dut, bi formatutan: epub eta mobi. Lehena estandarra da, eta irakurgailu digital gehienetan irakur daiteke. Bigarrena, ostera, Kindle irakurgailuetan irakurtzekoa da.

Edukia

Liburuak jasotzen du Jon Salaberriren bizitza, iragan martxoan Sustatu albistarian eta Puntua aldizkarian idatzita baino zabalago.

Horrekin batera, bertsio digital honek jasotzen ditu zazpi elkarrizketa luze, Salaberri ezagutu zuten lagun hauekin eginak: Jose Manuel Agud Aparicio doktorea, Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia, Txerra Bolinaga musikari eta aktibista, Aitor Iturriaga laguna, Domi Korta lankidea, Idoia Salaberri arreba eta Josu Unanue lagun mina.

Bost argazkik, bestalde, aitzakia eman didate Jon Salaberri ikuspegi pertsonaletik enfokatzeko. Horietako batean azaltzen da behin zelan erantzun nion Jon Salaberriri Arrasate Press aldizkarian, eta zelakoa izan zen bion arteko eztabaida hura. Baita Salaberrik euskararekiko izan zuen jarrera ere.

Liburuak, bestalde, jasotzen ditu kronologia bat, bibliografia bat eta eranskin bat, lau elementurekin, tartean ilustrazio bat, Yera Sanchez ilustratzaileak Jon Salaberriri egindakoa.

Creative Commons lizentziapean

Liburua Creative Commons lizentziapean jarri dut, jendeak nahi duen eran erabili eta parteka dezan, beti ere berorren egiletza aipatuta. Portadarako, Argia aldizkariaren argazki bat erabili dut, aprobetxatuta hori ere CC lizentziapean dagoela. Eta portada taxutzeko, berriz, Goio Arana adiskidearen laguntza izan dut.

Ulysses aplikazioa

Liburu hau egiteko Ulysses aplikazioa erabili dut, markdown baliatuta. Hori erabili dut aukera eman didalako liburua erraz kudeatu, eta hainbat formatutara esportatzeko.

Kategoriak Liburuak | Etiketak , , , , , | 3 iruzkin

Nire lehen partehartzea Behobia-Donostian

Behobia-DonostiaXXITxikia

Victoria Eugenia antzoki parean, helmugara bidean. (1985.11.10)

Aurten Behobia-Donostia lasterketa azaroaren 8an jokatuko da, nire urtebetetze egunean, eta, diotenez, lasterkariek hegoaizea izango dute. 1985ean, berriz, orain 30 urte, azaroaren 10ean izan zen, eta orduan eguraldia hotza eta euritsua izan genuen.

Kanadatik etorri berriak ginen, eta erabaki genuen parte hartuko genuela lasterketan. Oker ez banago, nire lehen aldia izan zen. Ez dut gogoan zenbat denbora behar izan nuen Boulevardera iristeko, baina bai eroso sentitu nintzela, eguraldia gorabehera.

Oroimen bizia dut zenbat jende zegoen errepidean lasterkariok animatzen. Euria gogotik egin zuen, baina jendea hantxe, animoak ematen. Harrezkero, ez dakit zenbat aldiz parte hartu dudan lasterketa horretan, sei-zortzi bat, eta beti izan da berdin. Jendeak eraman egiten zaitu.

Oraindik ere ez dut zalantzarik: Behobia-Donostia da Euskal Herrian egiten den lasterketarik ederrena. Zorte on aurtengo parte hartzaileei!

Kategoriak Kirola | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Bizenta Mogelen arrastoan

Vimeon nenbilela arakatzen, tupust egin dut Oizmendi telebistaren erreportaje honekin, eta bertan Yolanda Arrieta idazlea agertzen da, bere azken liburua aurkezten, Argiaren alaba. Liluratu egin nau bideoak, Yolandaren naturaltasunagatik, irudiengatik eta Bizenta Mogel aspaldiko idazlearen bizitzagatik, liburuak hori kontatzen du-eta, emakume-idazle euskaldun horren bizitza XVIII-XIX mendeetan, eta hori guztia bi istorioren bitartez.

Hona ekarri dut bideoa, merezi du-eta berau ikustea, hamabi minutu edukiz gero, horixe irauten baitu. Nik, bestalde, irakurtzekoen zerrendan apuntatu dut liburua, Argiaren alaba.

Kategoriak Idazkuntza | Etiketak , , , , , , , , | Utzi iruzkina