Kale agerraldia

Joan den larunbatean Bilbon izan ginen, 18/98 + taldeak deituta. Garaiz iritsi ginenez, kafe bat hartu lasai, eta oinez abiatu ginen abiapuntura. Hara ere berrogei minutu lehenago iritsi. Denbora nahikoa aspaldiko lagunak agurtu, eta manifa nola eratzen zen ikusteko. Ez dut errepikatuko beste hedabidek aurretik esandakoa, eta zenbaitek ezkutatutakoa. Bakarrik esango dut kale agerraldi erraldoia izan zela, handi-mandi horietakoa. Eta lasaia.

Itxaroten geundela, hainbat lagunekin egin genuen topo; tartean Bergarako batzuk. Horietako batek esan zidan: �Aizu, aste honetan lehen aldiz entzun dut blog hitza, eta aste osoa daramat blog gora, eta blog behera. Oraingoan ikasi dut zer den ditxosozko bloga�. Arrazoia du. Zenbait jendek, orain entzun du lehen aldiz bloga zer den, liburuari esker.

Blogak

Artean manifa hasi barik zegoela, aspaldiko lagun bat agurtu nuen, “Iñaki Iïñurrieta”:http://www.armiarma.com/zubi/egileak/00658.htm ikaskide ohia. Urte asko ziren elkar ikusten ez genuela. Bera orain Donostiako Udalean egiten du lan, eta Kuskue Tandem liburua argitaratu zuen asko ez dela, Alberdania argitaletxean. Poztu nintzen I�aki ikusita.

Iñaki Iñurrieta

Kale agerraldiaren abiapuntura iritsi ginenean, leku bero bat aurkitu genuen, eta hantxe bermatu ginen, pareta baten kontra, gozo-gozo. Halako batean, konturatu ginen gazte batzuk guri begira zeudela. Fatimak pentsatu zuen niri begira egongo zirela, azken egunetan askotxo agertu naizelako hedabideetan. Baina, kia!

Hormasprayko

Handik minutu batzuetara, hurbildu ziren haietako pare bat, eta mesedez eskatu ziguten horma libratzeko, pintada bat egin behar zutela-eta. Pintura potoak atera, astindu, kla-kla-kla, eta han hasi ziren aspaldiko Hormasprayko hura bezala, Olariagak Zeruko Argian asmatu zuen pertsonaje haren tankera, horma pintatzen. Gero konturatu ginen horma hura ez zela horma bat, baizik eta Santander Bankuaren sareta.

Gazte biek jo eta ke pintatzen zuten bitartean �azkenean Segi sinatu zuten�, beste bi lagun ari ziren alde guztietara begiratzen, ea poliziarik agertzen zen. Bukatu zutenean, laurak elkartu, eta alde egin zuten, inork ezer esan gabe. Pintada eta pintura usaina geratu ziren egindako lanaren lekuko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Blog ikastaroa

Atzo arratsaldean ikastaro trinko bat izan genuen Bergaran, Goienaren etxean. Zazpi lagun elkartu ginen han. Iban Arantzabalen gidaritzapean, han ikasi genituen nola erabili testu egituratua, nola sortu izenburuak, nola sartu argazkiak, eta enparauak.

Iban irakasle ona da, eta gu ikasle txintxoak. Ezkerretik eskuinera, erlojuaren orratzek egiten duten eran, Joxe Aranzabal, Goio Arana, Mikel Irizar, Edu Mendibil eta Imanol Soriano.

Ni hasita nago blogintzan; gainerakoak, berriz, laster plazaratuko dira. Talde ona egingo dugu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Afari gozoa

Elorrioko aurkezpena bukatuta, afaltzen geratu ginen zenbait lagun, familiartekoak batzuk, eta liburuaren aurkezpenetan lagundu didatenak besteak. Atzo esan nuen bezala, Balen Irazolak sukaldatu zuen guretzat, eta Aitor Larrañaga koinatuak zerbitzatu, biek umore paregabearekin.

Mahiaren alde batean teknofiloak jarri ginen, eta bestean, kontu horietan lasaiago dabiltzanak. Niri egokitu zitzaidan Maite Rementeria eta Gari Araolazaren ondoan, biak lagun onak eta ezin atseginagoak. Denetik hitz egin genuen mahaiaren ertz hartan: teknologiaz, saskibaloiaz, literaturaz, eta sukaldaritzaz, besteak beste.

Mahaian harantzago izan genituen Iban Arantzabal eta Xabier Mendiguren Elizegi, aurrez aurre. Eta urrutiago Julen Gabiria eta Luistxo Fernandez. Eta haien ondoan, Mikel Irizar eta Jose Felix Diaz de Tuesta.

Boladan ipini dira Blogs & Beers direlakoak, alegia, blogarien bilkurak garagardoaren inguruan. Afarian aipatu genuen ea noiz antolatzen dugun horrelako bat, gaur egun sarean gabiltzan blogariak elkar gaitezen, eta hitz egin dezagun.

Blogs & Beers

Gogoratu ginen nola orain ia hiru urte egin genuen lehen B&B Elorrion bertan, Idoia Larrañagak ireki zuenean Jakoba taberna. Artean, noski, ez zitzaion B&B deitzen, baina berdin dio. Orduan bospasei lagun elkartu ginen, Sustatun genbiltzanak. Beharbada, berandu baino lehen Sustatuk berak iragarriko du beste deialdi bat.

Maite poz-pozik dago Aste Santu honetan New Yorkera doalako, zazpi egunerako. Ni ere bera bezain pozik nago Maitek berak atondu didan Faroarekin, berak egin dit-eta Faro berriaren diseinua. Horregatik opa diot egonaldirik zoragarriena yankilandiaren bihotzean. New York zoragarria da, eta merezi du bisitatzeak.

Maite, New Yorkera

Datorren asteazkenean, martxoak 2, Bilbon aurkeztuko dut liburua, Medikuak esan dit minbizia dudala.” Likiniano liburu-dendan izango da, arratsaldeko 20:00etan. Julen Gabiria, Iban Arantzabal eta hirurok izango gara aurkezpenean.

Aurkezpena Bilbon

Julen Gabiriari zor diot aurkezpen hori, bera tematu zen-eta aurkezpen bat antolatu behar zuela Bilbon, eta, azkenean, baita lortu ere. Afariaren hondarretan, zenbait xehetasun zehaztu genituen aurkezpen horren inguruan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Pozaren pozez

Herenegungo aurkezpena ere hunkigarria izan zen oso. Udaletxeko areto nagusia bete egin zen: 80 lagun jarrita, eta 20tik gora, zutik. Beraz, Mondragoen beste jende bildu zen han ere, 105 bat lagun. Liburuak ere, denak saldu ziren, 42. Eta saltzen egon zirenen hitzetan, beste hamar bat ere sal zitezkeen. Beraz, alde horretatik, ezin hobeto.

Giroa ere zoragarria izan zen. Jende ezagun asko, senitartekoak, lagunak, eta Donostiatik propio etorritako bikote bat, Kandiko eta bere emaztea. Mahaian Iban Arantzabal, Xabier Mendiguren Elizegi, Mikel Irizar eta laurok izan ginen. Mahaikideen lorak entzunda, azaldu nuen gaixoaldia, argazki bidez. Galdera-erantzunetan ere, gustura sentitu ginen denok.

Bukaera aldera, ordea, ezusteko bat izan genuen, Iban Arantzabalek prestatuta. Liburu aurkezpena hasi zenean, Aitor Larra�agak argazki bat atera zuen Ibanen kamerarekin. Eta besteok hitz egiten genuen bitartean, Iban sartu egin zen Faro honetan, eta Aitorrek ateratako argazkia ipini zuen, izenburu eta argazki oin batekin. Eta ekitaldiaren hondarrean, *voil�!,* erakutsi zigun beheko argazkia.

Blogaren ahalmena

Han geunden guztiok ikusi genuen argazkia, eta han geure buruak, artean ekitaldia amaitzeke. Erakustaldi ederra izan zen Ibanena, erakusten baitu blogak sekulako malgutasuna eta ahalmena duela.

Elorrion hainbat lagun ditugu borrokan minbiziarekin: Ina, Remei, Marisabel, Pili, Itziar�, eta, eurak gogoan, txalo bero bat eskatu nien han zeuden guztiei, gure lagunek senti zezaten gu guztion maitasuna eta babesa. Ez dakit nola esan nituen esan beharrekoak, begiak bete eta eztarria trabatu egin zitzaidan-eta. Baina jendeak, nola edo hala ulertu, eta, denok batera, txalo bero-beroa eskaini genien. Horrela bukatu zen ekitaldia, batek baino gehiagok begiak bustita genituela.

Ezin bukatu

Ekitaldia bukatuta, jende asko etorri zitzaidan liburuak sinatzera, Mondragoen baino gehiago. Ez naiz bat ere trebea eskaintzak idazten, baina gustura aritu nintzen, batez ere aukera izan nuelako jendearekin hitz egiteko. Batzuek aprobetxatu zuten beren gaixotasunen bat kontatzeko, edo senitarteko batena, zeini eskaintzen baitzioten liburua. Tarte hori ere oso hunkigarria izan zen.

Sinatzen

Eta trago bat jota, Alkartu sozieadadean untxia jan genuen, konejua, Balen Irazolak prestatuta, eta Aitor Larra�agak zerbitzatuta. Hasteko, zopa gozoa. Ondoren, untxia letxugarekin. Eta postre moduan, gatzatua, ahuntz esnearekin eginda. Baina horretaz, bihar gehiago.

Afaria

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Liburuaren aurkezpena Elorrion

Argazki hau Elorrion ateratakoa da eta aurkezpena egiten ari ginela sartutakoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Oihana Elorza

Joan den ostiralean Goiena Telebistan izan nintzen, saio bat grabatzen.

Oihana Elorzak egin zidan elkarrizketa, Ilunpean saioan. Zuetariko
gehienek ezagutuko duzue Oihana, garai batean Bertatik Bertara saioan
ibili baitzen Andoni Aizpururekin batera. Oñatiarra da, eta sekulako
naturaltasuna dauka kameraren aurrean. Gainera, euskalkian zein batuaz,
primeran moldatzen da.

Ordu erdiko solasaldia bukatuta, argazki batzuk atera zizkidan,
Goienkarian erabiltzeko, Debagoiena ibarreko astekarian. Eta horren
ondoren, elkarrizketa labur bat grabatu irratirako. Hiru ordu
laurdenean, telebista, papera eta irratia landu zituen, erabateko
naturaltasunez. Eta irribarrea galdu barik.

Handik irten nintzenean, esan nion neure buruari: horra hor kazetari
multimedia, bai baitakit Interneten ere oso eroso moldatzen dela
Oihana. Zorionak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Jaungoikoa

Jaungoikoa

Atzo, Donostian ginela, Koldo Mitxelena
kulturunean

prentsaurrekoa ematen liburua aurkezteko, kazetari batek galdetu zidan
ea Jaungoikoarengana jo nuen nire gaixoaldian.

Esan nion ezetz, nahiz eta gaztetan apaizgaitegian egona nintzen zazpi
urtez, gaixoaldian ez naizela ibili Jainko bila, aspaldi utzi bainituen
larre horiek. Noiz edo behin hartzen dut Biblia, eta irakurtzen dut,
baina orain beste modu batean, literatura den aldetik, ez argi bila.

Hala ere, badakit jende askok otoi egin duela nire alde, izeko mojek,
esate baterako, eta eskertzen diet ahalegina. Batak ez du kentzen
bestea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Agur Blogger, kaixo Goiena.net

Iaz ireki nuen Faroa etxe honetan, Blogger-en, nire urtebetetze egunean. Gaur, berriz, ia lau hilabete geroago, itxi egingo dut faro hau, hemendik aurrera Faroak beste etxe bat izango du-eta: Goiena.net.

Kontua da Goiena.net-ek blogarien komunitate bat sortu nahi duela Debagoienean, eta, hori dela eta, gonbidatu egin nau parte hartzera bere plataforman. Eta nik, gustura onartu. Izan ere, etxera itzultzen naiz, niretzat Goiena bigarren etxea baita.

Faro berriak deseinu zoragarria dauka: sinplea, argia, eta polita. Maite Rementeriak egin du. Eskerrak bada, Goienari eta CodeSyntaxi, hain faro polita egin didatelako, euskaraz, eta eskerrak Maiteri, beste behin ere, bete-betean asmatu duelako.

Bloglines-en bidez harrapatzen duzuenok Faroa, helbide berria sartzea hobe. Barkatu eragozpenak, eta izan zoriontsu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Egun berezia

Egun berezia izan zen atzokoa, bai. Ikusita mara-mara egiten zuela
elurra, erabaki genuen lehen orduan abiatzea Donostiara bidean. Nola
Kanpazar itxita zegoen kamioientzat, badaezpada Durangotik zehar joan
ginen. Han sartu autobidean, eta,, bat ere arazo barik, Donostiara. Lau
lagun gindoazen: Bego emaztea, Idoia koinata, Aitor koinatua eta
laurok.

Donostian, elurra, elur fina. Bi elkarrizketa telefonoz: Donostiako
Herri Irratia eta Loiolako Herri Irratia. Eguerdia iritsi zenean,
prentsaurrekoa. Hantxe ziren Berria, DV, ETB, Deia, RNE eta Efe
agentzia. Euskaraz batzuekin, gaztelaniaz besteekin, ondo joan zen
prentsaurrekoa. Bi momentutan, hunkitu, eta isildu. Bestela, ondo.
Mahaikideak ere, eskuzabal portatu ziren nirekin.

Donostiako aurkezpena

Entzuleen artean, aurpegi ezagunak: Gotzon Egia, Imanol Irizar, Patxi
Irizar, Izaskun Irizar eta Mikel Iturria, blogari fina eta lehen
artikulu hura, Medikuak esan dit minbizia dudala, gaztelaniara itzuli
zuena. Gero Mikel gurekin geratu zen bazkaltzen, Donostian bertan. Oso
bazkari atsegina izan zen.

Arratsaldean beste bi telefono dei: Euskadi Irratia eta Gara, goizean
beste toki batera joan baitziren, nahaste baten ondorioz. Eta
Arrasatera heldutakoan, beste bat gehiago, SER katea, Irundik. Beraz,
egun emankorra Donostian.

Arrasaten, berriz, bete egin zen hitzaldi aretoa Monterron jauregian:
105 bat pertsona ziren han, adi-adi entzuten. Mahaian, Mikel Irizar,
Iban Arantzabal eta hirurok. Hor ere, mahaikidek oso eskuzabal nirekin.
Ni, berriz, nahiko ondo, pare bat momentu kenduta, non hitza joan
zitzaidan, hunkituta.

Arrasateko aurkezpena

Bukaeran, 48 liburu saldu genituen, eta erosle asko mahaira etorri
ziren, nik sina niezaien liburua. Inoiz egin barik nengoen
horrelokorik, eta esan behar dut une polita izan zela. Adibidez, mutil
bat agertu zen, Zarautzetik etorria, eta eskatu zidan eskaintza bat
egitea bere amarentzat, bereiztu berria baitzen, eta hura animatzeko.
Getariko neska batekin batera etorri zen, Rakel, propio aurkezpena
entzutera.

Bukatutakoan, trago bat jo, eta geratu ginenak jatetxe txinatar batera
joan ginen, egunari amai polita ematera. Handik bueltan, autoa hartu,
eta Kanpazar aldera, poliki-poliki, izotza zegoen-eta bazterretan.
Pozik iritsi ginen horratio, egun betea izan baitzen, merezi duten
horietakoa.

Aurkezpen ostekoa

Eta bukatzeko, albiste bat, Donostian eta Mondragoen iragarri genuena. Gaurtik aurrera, Faro berria daukat, Goiena.net-en barruan: www.goiena.net/blogak/faroa Baina
horretaz, bihar gehiago.

Faroa goiena.net-en

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 5 iruzkin

Alea jacta est

Dena daukat prest liburua aurkezteko, bai Donostian, bai Arrasaten. Orain ikusi egin behar gai garen errepidean arazo barik ibiltzeko, atzo iluntzeko elurtearen ondoren, berriro hasi baita elurra.

Atzo goiza, berriz, urteko egunik politena izan zen: bazter guztiak elurtuta, zuri-zuri, ezin ederrago. Kanpazar igotzea plazer hutsa izan zen, batez ere gelditu behar izan genuen unetan, ordu erdi bat guztira.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin