Egun berezia

Egun berezia izan zen atzokoa, bai. Ikusita mara-mara egiten zuela
elurra, erabaki genuen lehen orduan abiatzea Donostiara bidean. Nola
Kanpazar itxita zegoen kamioientzat, badaezpada Durangotik zehar joan
ginen. Han sartu autobidean, eta,, bat ere arazo barik, Donostiara. Lau
lagun gindoazen: Bego emaztea, Idoia koinata, Aitor koinatua eta
laurok.

Donostian, elurra, elur fina. Bi elkarrizketa telefonoz: Donostiako
Herri Irratia eta Loiolako Herri Irratia. Eguerdia iritsi zenean,
prentsaurrekoa. Hantxe ziren Berria, DV, ETB, Deia, RNE eta Efe
agentzia. Euskaraz batzuekin, gaztelaniaz besteekin, ondo joan zen
prentsaurrekoa. Bi momentutan, hunkitu, eta isildu. Bestela, ondo.
Mahaikideak ere, eskuzabal portatu ziren nirekin.

Donostiako aurkezpena

Entzuleen artean, aurpegi ezagunak: Gotzon Egia, Imanol Irizar, Patxi
Irizar, Izaskun Irizar eta Mikel Iturria, blogari fina eta lehen
artikulu hura, Medikuak esan dit minbizia dudala, gaztelaniara itzuli
zuena. Gero Mikel gurekin geratu zen bazkaltzen, Donostian bertan. Oso
bazkari atsegina izan zen.

Arratsaldean beste bi telefono dei: Euskadi Irratia eta Gara, goizean
beste toki batera joan baitziren, nahaste baten ondorioz. Eta
Arrasatera heldutakoan, beste bat gehiago, SER katea, Irundik. Beraz,
egun emankorra Donostian.

Arrasaten, berriz, bete egin zen hitzaldi aretoa Monterron jauregian:
105 bat pertsona ziren han, adi-adi entzuten. Mahaian, Mikel Irizar,
Iban Arantzabal eta hirurok. Hor ere, mahaikidek oso eskuzabal nirekin.
Ni, berriz, nahiko ondo, pare bat momentu kenduta, non hitza joan
zitzaidan, hunkituta.

Arrasateko aurkezpena

Bukaeran, 48 liburu saldu genituen, eta erosle asko mahaira etorri
ziren, nik sina niezaien liburua. Inoiz egin barik nengoen
horrelokorik, eta esan behar dut une polita izan zela. Adibidez, mutil
bat agertu zen, Zarautzetik etorria, eta eskatu zidan eskaintza bat
egitea bere amarentzat, bereiztu berria baitzen, eta hura animatzeko.
Getariko neska batekin batera etorri zen, Rakel, propio aurkezpena
entzutera.

Bukatutakoan, trago bat jo, eta geratu ginenak jatetxe txinatar batera
joan ginen, egunari amai polita ematera. Handik bueltan, autoa hartu,
eta Kanpazar aldera, poliki-poliki, izotza zegoen-eta bazterretan.
Pozik iritsi ginen horratio, egun betea izan baitzen, merezi duten
horietakoa.

Aurkezpen ostekoa

Eta bukatzeko, albiste bat, Donostian eta Mondragoen iragarri genuena. Gaurtik aurrera, Faro berria daukat, Goiena.net-en barruan: www.goiena.net/blogak/faroa Baina
horretaz, bihar gehiago.

Faroa goiena.net-en

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

5 Responses to Egun berezia

  1. egilea: iturri

    Aupa Joxe:

    Plazer bat izan da zu ezagutzea eta zurekin egotea.

    Liburua gauean irakurri nuen, di-da batean.
    Hemen kontatzen dudan bezala:

    http://www.eibar.org/blogak/iturri/60

    Izan untsa.

  2. egilea: Iban Arantzabal

    Berriz ere asko ikasi dugu. Aurkezpena egiteko modu txukuna Joxe. Aurkezpenak egiteko tenplea eta patxada, baina hori dena beharrezko tentsioa galdu barik. Erretratuak zein berbaldia hunkigarriak. Zorionak liburuagatik!

  3. egilea: Gotzon Egia

    Aurkezpen horretan erakutsi duzu, berriro ere, komunikatzailea bikaina zarela, besteak beste. Ongi pentsatua, ongi adierazia, gertukoa, soila, hats sakonekoa. Zure handitasunaz lezio ederrak eman dizkiguzu, liburuaren aurkezpenean beste bat. Bejondeizula, Joxe!

    Aurkezpenaren amaieran, Bego ezagutu eta agurtzeko aukera izan nuen, zu kazetarien artean zinen bitartean.

    Suerte bat badut, beste askoren aldean: kapela amerikano horietako bat jazten dut askotan, hotz denean batez ere. Horrela, kapela kentzeko aukera izango dut Joxe Aranzabal paretik pasatzen den bakoitzean šŸ˜‰

  4. egilea: andoni urzelai

    Aupa Joxe!
    Irakurri diat hire liburua. Zorionak, borobila duk eta! Ederra azala, ona estruktura eta bikainak hire bi eskuderoen aipuak (hunkigarria Mikelen hitzaurrea. Ingeniosoa, Luisen epilogoa). Neronentzat nahi nizkikek holako bizkarzainak, demonio!
    Di-da batian irakurri diat liburua eta egia aitortze aldera, gozamena, sufrimendua, alaitasuna… Pertsonok bizi ditzakegun emozio ia guztiak sentitu dizkiat bat batean (tira, ez nauk ezitatu, baina gainontzean…)
    Sinesgaitza bada ere, ostia bat bezain zuzena eta laztan bat bezain biguna iruditu zaidak, adore lezio paregabea edozelan ere. Gainera, entretenigarria duk!
    Tira, ez nauk gehiago luzatuko. Besarkada bero-bero bat hi eta hireei. Musu handi bat Mikeli (tertuliano abila haiz gero motel!), beste bat Luisi (konputazio ikastaro bat gustura hartuko nikek, malandrin).Izan ere, ez diat asmatzen nola demonio bidali mezu hau blog-era.
    Ondo izan eta hurrengoarte!
    Eskuminak guztioi eta Osasuna!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude