Pozaren pozez

Herenegungo aurkezpena ere hunkigarria izan zen oso. Udaletxeko areto nagusia bete egin zen: 80 lagun jarrita, eta 20tik gora, zutik. Beraz, Mondragoen beste jende bildu zen han ere, 105 bat lagun. Liburuak ere, denak saldu ziren, 42. Eta saltzen egon zirenen hitzetan, beste hamar bat ere sal zitezkeen. Beraz, alde horretatik, ezin hobeto.

Giroa ere zoragarria izan zen. Jende ezagun asko, senitartekoak, lagunak, eta Donostiatik propio etorritako bikote bat, Kandiko eta bere emaztea. Mahaian Iban Arantzabal, Xabier Mendiguren Elizegi, Mikel Irizar eta laurok izan ginen. Mahaikideen lorak entzunda, azaldu nuen gaixoaldia, argazki bidez. Galdera-erantzunetan ere, gustura sentitu ginen denok.

Bukaera aldera, ordea, ezusteko bat izan genuen, Iban Arantzabalek prestatuta. Liburu aurkezpena hasi zenean, Aitor Larra�agak argazki bat atera zuen Ibanen kamerarekin. Eta besteok hitz egiten genuen bitartean, Iban sartu egin zen Faro honetan, eta Aitorrek ateratako argazkia ipini zuen, izenburu eta argazki oin batekin. Eta ekitaldiaren hondarrean, *voil�!,* erakutsi zigun beheko argazkia.

Blogaren ahalmena

Han geunden guztiok ikusi genuen argazkia, eta han geure buruak, artean ekitaldia amaitzeke. Erakustaldi ederra izan zen Ibanena, erakusten baitu blogak sekulako malgutasuna eta ahalmena duela.

Elorrion hainbat lagun ditugu borrokan minbiziarekin: Ina, Remei, Marisabel, Pili, Itziar�, eta, eurak gogoan, txalo bero bat eskatu nien han zeuden guztiei, gure lagunek senti zezaten gu guztion maitasuna eta babesa. Ez dakit nola esan nituen esan beharrekoak, begiak bete eta eztarria trabatu egin zitzaidan-eta. Baina jendeak, nola edo hala ulertu, eta, denok batera, txalo bero-beroa eskaini genien. Horrela bukatu zen ekitaldia, batek baino gehiagok begiak bustita genituela.

Ezin bukatu

Ekitaldia bukatuta, jende asko etorri zitzaidan liburuak sinatzera, Mondragoen baino gehiago. Ez naiz bat ere trebea eskaintzak idazten, baina gustura aritu nintzen, batez ere aukera izan nuelako jendearekin hitz egiteko. Batzuek aprobetxatu zuten beren gaixotasunen bat kontatzeko, edo senitarteko batena, zeini eskaintzen baitzioten liburua. Tarte hori ere oso hunkigarria izan zen.

Sinatzen

Eta trago bat jota, Alkartu sozieadadean untxia jan genuen, konejua, Balen Irazolak prestatuta, eta Aitor Larra�agak zerbitzatuta. Hasteko, zopa gozoa. Ondoren, untxia letxugarekin. Eta postre moduan, gatzatua, ahuntz esnearekin eginda. Baina horretaz, bihar gehiago.

Afaria

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

2 Responses to Pozaren pozez

  1. egilea: Jone Miren Goenaga

    Aupa Joxe,
    Aurreko ostiralean erosi nuen zure liburua, Andoniri erregalatzeko, zai bait zegoen.
    Larunbat gauean izan nuen irakurtzen hasteko patxada (Andonik ziztu bizian irakurri bait zuen). Eta egia esan behar badizut, haseran korapilatu egin zitzaizkidan esaldiak eta tristura.
    Lehengo orrialdeak irakurri ondoren berriz, martxa hartu eta bi eserialditan bukatu dut. Igande arratsaldean itxi nuen liburua eta oso gustura irakurri dudala aitortu behar dizut. Ospitaleko usainarekin gaizkitzen den horietako bat naizela esan daiteke, eta zure umore-animoak (eta ingurukoenak) gustua eman dit.

    Besarkada haundi bat denontzat. (Zuk azken aldi honetan mordo bat jasoko zenituen eta berezitxo bat Bego, Miren, Mikel, Fatima, Idoia, Aitor eta gainontzeko senide eta lagunei.)

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, Jone Miren! Pozten naiz gustura irakurri baduzu liburua, hori ere inportantea baita, jendeak gustura irakurtzea.

    Nik ere oso gustura ikusten dut Karlosen programa, zuen umea, egunero amarenean bazkalduta, etzan egiten bainaiz ordu laurden bat, arratsaldeari ekin aurretik. Eta adi-adi jarraitzen dut zer prestatzen duen, etab. Saio borobila lortu duzue.

    Besarkada handi bat zuei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude