Oihana Elorza

Joan den ostiralean Goiena Telebistan izan nintzen, saio bat grabatzen.

Oihana Elorzak egin zidan elkarrizketa, Ilunpean saioan. Zuetariko
gehienek ezagutuko duzue Oihana, garai batean Bertatik Bertara saioan
ibili baitzen Andoni Aizpururekin batera. Oñatiarra da, eta sekulako
naturaltasuna dauka kameraren aurrean. Gainera, euskalkian zein batuaz,
primeran moldatzen da.

Ordu erdiko solasaldia bukatuta, argazki batzuk atera zizkidan,
Goienkarian erabiltzeko, Debagoiena ibarreko astekarian. Eta horren
ondoren, elkarrizketa labur bat grabatu irratirako. Hiru ordu
laurdenean, telebista, papera eta irratia landu zituen, erabateko
naturaltasunez. Eta irribarrea galdu barik.

Handik irten nintzenean, esan nion neure buruari: horra hor kazetari
multimedia, bai baitakit Interneten ere oso eroso moldatzen dela
Oihana. Zorionak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Jaungoikoa

Jaungoikoa

Atzo, Donostian ginela, Koldo Mitxelena
kulturunean

prentsaurrekoa ematen liburua aurkezteko, kazetari batek galdetu zidan
ea Jaungoikoarengana jo nuen nire gaixoaldian.

Esan nion ezetz, nahiz eta gaztetan apaizgaitegian egona nintzen zazpi
urtez, gaixoaldian ez naizela ibili Jainko bila, aspaldi utzi bainituen
larre horiek. Noiz edo behin hartzen dut Biblia, eta irakurtzen dut,
baina orain beste modu batean, literatura den aldetik, ez argi bila.

Hala ere, badakit jende askok otoi egin duela nire alde, izeko mojek,
esate baterako, eta eskertzen diet ahalegina. Batak ez du kentzen
bestea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Agur Blogger, kaixo Goiena.net

Iaz ireki nuen Faroa etxe honetan, Blogger-en, nire urtebetetze egunean. Gaur, berriz, ia lau hilabete geroago, itxi egingo dut faro hau, hemendik aurrera Faroak beste etxe bat izango du-eta: Goiena.net.

Kontua da Goiena.net-ek blogarien komunitate bat sortu nahi duela Debagoienean, eta, hori dela eta, gonbidatu egin nau parte hartzera bere plataforman. Eta nik, gustura onartu. Izan ere, etxera itzultzen naiz, niretzat Goiena bigarren etxea baita.

Faro berriak deseinu zoragarria dauka: sinplea, argia, eta polita. Maite Rementeriak egin du. Eskerrak bada, Goienari eta CodeSyntaxi, hain faro polita egin didatelako, euskaraz, eta eskerrak Maiteri, beste behin ere, bete-betean asmatu duelako.

Bloglines-en bidez harrapatzen duzuenok Faroa, helbide berria sartzea hobe. Barkatu eragozpenak, eta izan zoriontsu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Egun berezia

Egun berezia izan zen atzokoa, bai. Ikusita mara-mara egiten zuela
elurra, erabaki genuen lehen orduan abiatzea Donostiara bidean. Nola
Kanpazar itxita zegoen kamioientzat, badaezpada Durangotik zehar joan
ginen. Han sartu autobidean, eta,, bat ere arazo barik, Donostiara. Lau
lagun gindoazen: Bego emaztea, Idoia koinata, Aitor koinatua eta
laurok.

Donostian, elurra, elur fina. Bi elkarrizketa telefonoz: Donostiako
Herri Irratia eta Loiolako Herri Irratia. Eguerdia iritsi zenean,
prentsaurrekoa. Hantxe ziren Berria, DV, ETB, Deia, RNE eta Efe
agentzia. Euskaraz batzuekin, gaztelaniaz besteekin, ondo joan zen
prentsaurrekoa. Bi momentutan, hunkitu, eta isildu. Bestela, ondo.
Mahaikideak ere, eskuzabal portatu ziren nirekin.

Donostiako aurkezpena

Entzuleen artean, aurpegi ezagunak: Gotzon Egia, Imanol Irizar, Patxi
Irizar, Izaskun Irizar eta Mikel Iturria, blogari fina eta lehen
artikulu hura, Medikuak esan dit minbizia dudala, gaztelaniara itzuli
zuena. Gero Mikel gurekin geratu zen bazkaltzen, Donostian bertan. Oso
bazkari atsegina izan zen.

Arratsaldean beste bi telefono dei: Euskadi Irratia eta Gara, goizean
beste toki batera joan baitziren, nahaste baten ondorioz. Eta
Arrasatera heldutakoan, beste bat gehiago, SER katea, Irundik. Beraz,
egun emankorra Donostian.

Arrasaten, berriz, bete egin zen hitzaldi aretoa Monterron jauregian:
105 bat pertsona ziren han, adi-adi entzuten. Mahaian, Mikel Irizar,
Iban Arantzabal eta hirurok. Hor ere, mahaikidek oso eskuzabal nirekin.
Ni, berriz, nahiko ondo, pare bat momentu kenduta, non hitza joan
zitzaidan, hunkituta.

Arrasateko aurkezpena

Bukaeran, 48 liburu saldu genituen, eta erosle asko mahaira etorri
ziren, nik sina niezaien liburua. Inoiz egin barik nengoen
horrelokorik, eta esan behar dut une polita izan zela. Adibidez, mutil
bat agertu zen, Zarautzetik etorria, eta eskatu zidan eskaintza bat
egitea bere amarentzat, bereiztu berria baitzen, eta hura animatzeko.
Getariko neska batekin batera etorri zen, Rakel, propio aurkezpena
entzutera.

Bukatutakoan, trago bat jo, eta geratu ginenak jatetxe txinatar batera
joan ginen, egunari amai polita ematera. Handik bueltan, autoa hartu,
eta Kanpazar aldera, poliki-poliki, izotza zegoen-eta bazterretan.
Pozik iritsi ginen horratio, egun betea izan baitzen, merezi duten
horietakoa.

Aurkezpen ostekoa

Eta bukatzeko, albiste bat, Donostian eta Mondragoen iragarri genuena. Gaurtik aurrera, Faro berria daukat, Goiena.net-en barruan: www.goiena.net/blogak/faroa Baina
horretaz, bihar gehiago.

Faroa goiena.net-en

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 5 iruzkin

Alea jacta est

Dena daukat prest liburua aurkezteko, bai Donostian, bai Arrasaten. Orain ikusi egin behar gai garen errepidean arazo barik ibiltzeko, atzo iluntzeko elurtearen ondoren, berriro hasi baita elurra.

Atzo goiza, berriz, urteko egunik politena izan zen: bazter guztiak elurtuta, zuri-zuri, ezin ederrago. Kanpazar igotzea plazer hutsa izan zen, batez ere gelditu behar izan genuen unetan, ordu erdi bat guztira.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Euskaldunon Egunkaria

Atzo asmoa nuen Andoainera joateko, parte hartzera ekitaldi batean Euskaldunon Egunkariaren alde, baina azkenean, gauzak okertu, eta ezin joan. Benetan sentitu nuen, orain bi urte ere agertu ezinik geratu bainintzen ohean.

Hala ere, faro hau aprobetxatu nahi dut nire elkartasuna adierazteko Euskaldunon Egunkarian akusatutako lagunei. Zorrotz jarraitu beharko dugu kasu hori komunikazioaren esparruan gabiltzan guztiok, ez badugu ikusi nahi euskaldunon adierazpen askatasuna erabat zapalduta. Besarkada handi bat inkulpatutako guztiei.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

18/98 +

Atzo Kursaalen izan nintzen, Donostian. Hara joan ginen 18/98 + taldeak deituta, babesa eskaintzera berrehundik gora inputatu euskalduni, zein Espainiako Audientzia Nazionalak akusatu baititu ETArekin nahastuta, eta legea bera urratuta kasu askotan.

Aretoa beteta zegoen, eta ekitaldia ondo antolatua, hiru berbaldi nagusirekin, luzeak nire iritzirako. Musika ere izan genuen, eta Txoria Txori abestu zutenean, Joxanton Artzeren kanta zoragarria, oilo ipurdia azaleratu zitzaidan.

Jose Mari Elosuak, Maite Aristegik eta Mariano Ferrerek esandako hitzek egiaztatu zidaten zer tamainatako bidegabekeria antolatu den Madrilen, era guztietako disidentzia ezabatzeko, beti ere legearen izenean, legea bera urratuta bada ere. Eta, bidegabekeriatik bidegabekeriara, gogoratu nintzen bizkarzaina behar duten beste euskaldun mordo horiekin, eta hortik zeharreko espetxeetan sekulako zapalkuntza nozitzen dituzten euskaldunez.

Nahi badu aurrera egin, herri honek bakea behar du. Eta horretarako, ETA desagertu egin behar da, hori lortuta ere, denbora dezente beharko baita azken aldian irekitako zauriak senda daitezen. Baina ez gara horren zain geratuko: datorren larunbatean Bilbora joango gara justizia eskatzera 18/98 makro sumarioan inputatuentzat, eta hiritar guztiontzat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

101 gau

Baneukan etxean, eta irakurria nuen, baina Gabonetan oparitu egin zidaten Txiliku idazlearen 101 gau liburua, eta nik, berriro irakurri.

Zerbait bitxia gertatu zait, ordea, bigarren aldiz leitzerakoan: konturatu naiz 101 gau dela blog moduko bat, paperezko blog bat, nolabait esatearren, 101 egunean beste horrenbeste istorio edo pasadizo idatzi baitzituen liburu horretan Zarauzko idazleak.

Txilikuk aproba egin beharko luke, eta, Julen Gabiriak bezala, blog bat sortu. Askok irakurriko genioke.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Sentibera nago

Hurbiltzen ari dira aurkezpen egunak, eta gero eta sentiberago sentitzen dut neure burua: herenegun telebistaren aurreran hitz egin nuen, Postdata saiorako, eta une batez isildu behar izan nintzen, begiak bustita; atzo Mezulari irratsaioan egin nuen berba, Euskadi Irratian, eta beldurrak egon nintzen, hasi aurretik, beste horrenbeste gertatuko ote zen. Gaur ere ordu erdiko elkarrizketa daukat Goiena Telebistan, eta ardura horrek jaten nau.

Egun hauetan, eta lau aurkezpenak igaro arte, Aupa Joxe! saioak egingo ditut —aspaldi lagata nituen—, animoa hartu eta aurrera egiteko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Haur bereziak eta musika

Joserra Vitoria lankide eta lagun dut HUHEZIn. Musika irakasten du, bai fakultatean, eta baita Arrasate Musikalen ere. Aspalditxo, baina, Joserra hasi zen musika lantzen haur bereziekin, hezkuntza premia bereziak dituztenak (Down sindromea, atzeratasuna eta autismoa). Emaitza ikusgarriak lortu ditu.

Hil honen 4an Joserra Vitoriak doktore tesia defendatu zuen Gasteizen, erabat lotua bere esperientziari: Aptitudes musicales y aprendizaje instrumental de personas con necesidades educativas especiales. Horixe zuen izenburua tesiak. Epaimahaiaren iritziz, Joserraren lana bikaina izan da. Horregatik bikain cum laude irabazi zuen gure doktore berriak. Zorionak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina