Gurpegi digitala

Bagenekien Athleticek jokalari on bat duela, Gurpegi abizenekoa, baina ez genekien izen horretaz askoz ere gehiago, harik eta Steve Jobsi entzun genion arte digital hub esaten, alegia, gurpegi digitala, hori baitzen aspalditik Apple enpresaren helburua, bere ordenagailuak gurpegi digital bihurtzea gure etxeetan, tramankulu bat non uztartzen baitira etxeko aparailu digital guztiak.

Gurdi bateko gurpilean gurpegia da zulo bat errueraren erdian, non biltzen baitira gurpilaren erradioak. Irudi horrek ere balio du irudikatzeko gurpegi digitala: erdian ordenagailua dago, eta horri konektatuta beste tresna digitalak: argazki kamera, telebista, musika jogailua, inprimagailua, eskanerra…

Harrigarria hitzek nolako jauziak egiten dituzten nekazaritza arotik silizio arora, bat ere xarmarik galdu barik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Earki gatxink!

Joan den urriaren 5ean artikulu bat argitaratu nuen hemen bertan, Wazemank, eta harrezkero mezu hark 42 erantzun jaso ditu, Faroan beste edozeinek baino askoz ere gehiago. Astean behin-edo beti agertzen da erantzunen bat, gehienetan saioaren jarraitzaileren batek idatzita, eta saioaren alde.

Wazemank saio polita da, barregarria, freskoa eta arrakastatsua, bai horixe. Ordea, zer egingo du ETBk orain, gu iguindu orain arte emandako atalak behin eta berriro errepikaturik ala astero saio berriak eskaini? Nik, behintzat, saio berriak nahiago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

No apto

Gabonak aurretik miaketa egin, eta atzo iritsi zitzaidan Lagun Aro mutuaren erantzuna. Haren iritziz, ez naiz gai Lagun Aroko mutualista izateko.

Abenduan HUHEZIko Errektore Kontseiluak onartu ninduen kooperatibako behin behineko bazkide moduan. Hori zela eta, azterketa medikoa egin behar izan nuen Lagun Aron, kooperatiba horrek eskaintzen baitie gizarte babesa kooperatibetako bazkide guztiei.

Atzo bertan jakinarazi zidaten Lagun Aro EPSV-ren erantzuna, eta hemen jasotzen dut, ahalik eta zehatzen:
Después de analizar la información médica aportada y realizar el reconocimiento médico, y adoptando como referencia los criterios de actuación respecto a la incorporación de mutualistas aprobados por el Consejo Rector de Lagun Aro EPSV en sus sesiones de 26 de mayo y 30 de diciembre de 1997, consideramos que dada la patología que presenta, Joxe Aranzabal Mendizabal, profesor de HUHEZI es NO APTO para su incorporación como mutualista.

Axularren hizkuntzan esanda: minbizia izan dut, eta garestiegia naiz Lagun Arok bere magalean har nazan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 5 iruzkin

Salem gogoan

Atzo bazkari-omenaldi bat izan genuen Ormaiztegin, urte bat bete baita Salem Hach-Embarek laguna hil zela. 70 lagun inguru elkartu ginen Gurutze Irizar emaztea eta Beñat eta Garazi seme-alaben inguruan, erakusteko gure atxikimendua eta maitasuna.

Saharako erresistentziak, bestalde, argazki batzuk ezarri ditu Flickr zerbitzuan, eta hor ikus daiteke nolako jipoiak eta torturak ari diren nozitzen Sahara okupatuko bizilagunak Marokoko indar okupatzaileen eskutik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Prednisona

Bi urtean lehenengo aldiz, gaur ez dut hartu Prednisonarik, kortikoide bat laguntzeko erretxazoaren ondorioak konpontzen. Hala ere, oraindik hartzen ari naiz botika hori, baina egun biz bat.

Hezur-muinaren transplantea egin eta zazpi bat hilabetera, kendu egin zidaten ziklosporina, eta orduan hasi nintzen prednisona hartzen. Artean helburua zen desagerraraztea erretxazoaren ondorioak, zeinak nire kasuan agertzen baitziren batez ere ahoan eta azalean. Eta, egia esan, prednisonak ederto konpondu zizkidan arazook. Trukean, talo aurpegia egin zitzaidan, eta konkor bat bizkarrean.

Harrezkero, hainbat ahalegin egin ditugu prednisona poliki-poliki jaisteko, baina maila batera iritsita, beti agertzen zitzaizkidan zauriak ahoan, eta arazoak azalean. Horregatik, behin eta berriro atzera egin behar izan dugu, berriz hasteko jaisten.

Orain, berriz, inoiz baino urrutiago iritsi naiz jaitsiera horretan: atzo 10 miligramo prednisona hartu nituen; gaur, ostera, ezer ez; bihar berriro 10 mg, eta etzi ezer ez…, horrela hilabetez. Dena ondo joanez gero, hurrengo hilean tartekatu egingo ditugu 5 mg egun batean eta ezer ez hurrengoan, beste hilabetez.

Egun birik bat

Medikuak esan zidanez, berez gorputzak egunean 7 mg hormona sortzen ditu, prednisonaren oso antzekoa, baina azken bi urteotan ez du ezer sortu, kanpotik eman diogulako, modu artifizialean. Hori dela eta, astiro, baina behartu egin behar dugu gorputza, berriz ere hormona hori sortzen has dadin.

Gaurtik aurrera, batez beste egunean 5 mg prednisona hartuko dut, hots, oso kopuru txikia. Hori dela eta, dagoeneko kendu zait talo aurpegia, eta gorputza bere onera etorri zait, bertako koipeak eta gantzak bere lekura itzultzen ari direlako.

Talo aurpegirik ez

Hala ere, prednisonak utzi dit ondorio bat, nahi gabekoa: azazkalak oso siku dauzkat, batzuk pitzatuta, eta bitan tolesturak sortu zaizkit. Oraingoz horrek ez dit arazo berezirik eragin, eta esperantza dut prednisona erabat kendutakoan azazkalak bere onera etorriko zaizkidala.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Ina Uriarte

Lagun bat galdu dut gaur, minbiziak eramanda: Ina Uriarte mediku elorriarra. Urtebete eta lau bat hilabete egin ditu minbiziarekin burrukan, burruka heroikoa zenbaitetan, baina azkenean, gaixotasuna gailendu.

Minbiziaren bigarren agerraldia zuen hau Inak, orain urte asko izan baitzuen beste jazoera bat. Bigarrengoz agertu aurretxoan, elkarrekin izan ginen bazkaltzen Argiñetan, lagun taldeak urtero antolatzen duen bazkarian. Galdera asko egin zidan nire gaixoaldiaz, eta luze eta zabal hitz egin genuen hartaz. Handik gutxira jakin zuen berak tumor bat antzeman ziotela berriro. Harrekero borroka latza eta une larriak bizi izan dituzte Inak eta bere familiak.

Hil kanpaiak entzuten diren honetan, besarkada handi bat Ana emazteari eta Jon eta Aitor semeei. Maite zaituztegu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Keak eta suak

Atzo Bilbon izan ginen, egun pasa. Zazpi pertsona ginen, hiru larri eta lau txiki, hamar urtekoak. Guggenheim museora joan ginen, baina aukera izan genuen ikusteko zenbateraino betetzen ari den tabakoaren kontrako legea.

Txokolatea eta txurroak

Eguerdian, Guggenheim goitik behera ibili ondoren, La foca Nicanora pizzeriara joan ginen, Iparragirre kalean, museoaren ondo-ondoan. Jendez lepo zegoen, baina airean kerik ez. Horman mezu bat, han ezin zela erre. Ulertzekoa mezuaren garbia, pizzeriaren bezero gehienak gazteak ziren eta. Bide batez, oso pizza ona eman ziguten, eta natxo paregabeak, patata frijitu moduko batzuk, artoarekin eginak, eta gazta urtuarekin nahasiak. Tomate minean bustiz gero, gozoak. Eta zerbitzaria, euskalduna.

Bilbora iritsi bezain laster, Ercilla kafetegian sartu ginen, destenplea astintze aldera. Han txokolatea gosaldu genuen, txurroekin. Kafetegia handia zen, eta han inor ez zen erretzen ari. Bat-batean, ordea, zerbitzariak hasi ziren hautsontziak banatzen, eta orduan esan ziguten dei bat jaso berri zutela zuzendaritzatik, eta esan zietela uzteko jendeari erretzen, iaz bezala. Zerbitzarietako bat zur eta lur zegoen, ez zuelako ezer ulertzen: “orain jendeak erre ahal izango du, baina nik ez, lanean dihardudalako. Hau ez dago ulertzerik”.

Euriak eten egin zigun osteratxoa Uribitarte barrena. Arrapaladan, tranbia hartu behar izan genuen, eta hark Areatzara eraman gintuen. El Boulevard kafetegira sartu ginen, busti samar. Ate ondoko bi mahai elkartu, eta hantxe jarri ginen, konturatzeke hura erretzaileen eremua zela. Hori geroago ikusi genuen. Beraz, orduan geuk ez genuen legea bete, han ezin zen-eta umerik egon. Hala ere, inor ez zen etorri legea betearaztera, nahiz eta gure inguruan beste ume batzuk ere bazebiltzan.

Pizza

Kafea

Beraz, denetik apur bat: batzuek betetzen dute legea, beste batzuek ez…, komenientziaren arabera. Iruditzen zait denbora beharko dela berau, legea, betearazteko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Gabonetan irakurritakoak

Gabon hauetan astia izan dut irakurtzeko, eta ondo baliatu dut aukera: lau liburu irakurri ditut, zein baino zein interesgarriagoa:

  • Vredaman. Unai Elorriagaren azken eleberria. Oso gustura irakurri dut. Unai iaioa da, oso, egoerarik larriena ere modu berezian iradokitzeko, eta maisua egoera ia absurduak normaltasun itxuraz islatzen. Hizkuntza ere maisuen pare darabil, nahiz zenbaitek uste duen lizentzia handiak hartu dituela, dezente urruntzen baita Sebero Altuberen sistematik.
  • Lekuak. Bernardo Atxagaren azkena. Hau ere di-da batean irakurri dut, nobelarik emozionanteena bezain gogotsu. Euskal Herriaz eta euskaldunon gainean idazten du hor Atxagak, eta gogoeta egiten du gure herriaren geroaz. Niri, behintzat, majo astindu dizkit zenbait uste eta iritzi, eta benetan eskertzen diot. Bide batez, aipatu nahi dut Pamiela argitaletxearen liburuek badutela zerbait, esku artean edukitzerakoan gozotasun moduko bat, oso gustukoa.
  • Zorte ona. Liburu atipikoa euskal letretan, Alex Rovira eta “Fernando Trías de Bes”:http://espanol.business-opportunities.biz/2005/10/28/fernando-trias/ marketin aditu katalanek idatzia. Ipuin baten bidez, egileek azaltzen dute zertan bereizten diren zortea eta zorte ona. Bidenabar, Eskarne Mujikak euskaratu du liburu hau, oso ondo.
  • Euskara batua. Koldo Zuazoren azken ekarpena. Hau ere ziztu batean irakurri dut, Urtezahar eta Urteberri egunetan, eta oso gustura. Ondo idatzita dago eta informazio asko dakar. Berau irakurrita gauza asko ikasi dut euskara batuaren inguruan, lehen ez nekizkienak. Euskara lan tresna dugun guztiok irakurri beharrekoa iruditzen zait.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 6 iruzkin

Urteberri on!

Patxada gozoan hartu dugu urte berria. Azken zazpi urteotako ohiturari jarraiturik, gure aita hil zenetik, Oñatin egin genuen Urtezaharreko afaria, Juan Bautista anaiaren elkartean. Afari oparoa izan genuen, giro ona, lehiaketa —Jon eta Larraitz lobek antolatua—, eta opari ugari. Gaurkoa, berriz, Elorrion egin dugu, Esteñibar baserrian. Mikelek eta Fatimak bazkari gozoa prestatu digute, eta giro lasaian igaro ditugu arratsalde arteko orduak. Zuei ere Urteberri on!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Malo-malo

Egun hauetan jakin dut euskaraz bi modu ditugula deskribatzeko zelako bizkortasunez erortzen den elurra:

  • Mara-mara. Elurra bizkor erortzen denean.
  • Malo-malo. Elurra poliki erortzen denean.

Bernardo Atxagaren azken liburuan duzue horren berri, Lekuak izenekoan, 184. orrialdean. Gozatu elurraz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 5 iruzkin