Keak eta suak

Atzo Bilbon izan ginen, egun pasa. Zazpi pertsona ginen, hiru larri eta lau txiki, hamar urtekoak. Guggenheim museora joan ginen, baina aukera izan genuen ikusteko zenbateraino betetzen ari den tabakoaren kontrako legea.

Txokolatea eta txurroak

Eguerdian, Guggenheim goitik behera ibili ondoren, La foca Nicanora pizzeriara joan ginen, Iparragirre kalean, museoaren ondo-ondoan. Jendez lepo zegoen, baina airean kerik ez. Horman mezu bat, han ezin zela erre. Ulertzekoa mezuaren garbia, pizzeriaren bezero gehienak gazteak ziren eta. Bide batez, oso pizza ona eman ziguten, eta natxo paregabeak, patata frijitu moduko batzuk, artoarekin eginak, eta gazta urtuarekin nahasiak. Tomate minean bustiz gero, gozoak. Eta zerbitzaria, euskalduna.

Bilbora iritsi bezain laster, Ercilla kafetegian sartu ginen, destenplea astintze aldera. Han txokolatea gosaldu genuen, txurroekin. Kafetegia handia zen, eta han inor ez zen erretzen ari. Bat-batean, ordea, zerbitzariak hasi ziren hautsontziak banatzen, eta orduan esan ziguten dei bat jaso berri zutela zuzendaritzatik, eta esan zietela uzteko jendeari erretzen, iaz bezala. Zerbitzarietako bat zur eta lur zegoen, ez zuelako ezer ulertzen: “orain jendeak erre ahal izango du, baina nik ez, lanean dihardudalako. Hau ez dago ulertzerik”.

Euriak eten egin zigun osteratxoa Uribitarte barrena. Arrapaladan, tranbia hartu behar izan genuen, eta hark Areatzara eraman gintuen. El Boulevard kafetegira sartu ginen, busti samar. Ate ondoko bi mahai elkartu, eta hantxe jarri ginen, konturatzeke hura erretzaileen eremua zela. Hori geroago ikusi genuen. Beraz, orduan geuk ez genuen legea bete, han ezin zen-eta umerik egon. Hala ere, inor ez zen etorri legea betearaztera, nahiz eta gure inguruan beste ume batzuk ere bazebiltzan.

Pizza

Kafea

Beraz, denetik apur bat: batzuek betetzen dute legea, beste batzuek ez…, komenientziaren arabera. Iruditzen zait denbora beharko dela berau, legea, betearazteko.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

2 Responses to Keak eta suak

  1. egilea: iturri

    Aupa Joxe:

    Aspaldiko! Martitzenean ere egunpasa egin genuen guk Bilbon. Arratsaldean ibili zinen zu Boulevard kafetegian. Gu, berriz, eguerdian.

    Apenas atera ginen Zazpi Kaleetatik: Boulevard, Berton, Iñakiren Etxea…

    Kasualidadea, gizona.

    Animo eta eutsi goiari, Joxe!

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, Mikel! Ez dakit txiripa den edo zer, baina Guggenheimen geundela, zutaz gogoratu ginen, mutil bat ikusi genuen-eta antz handia zuena zurekin, eta anteojuak ere antzekoak janzten zituen. Polita izango zen han elkartu izana.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude