Mendraka txakolina

Campsak aparteko nota eman dio Mendraka Txakolinari Espainiako Ardoen Gidaliburuan, 88 puntu, txakolinen artean puntuaziorik garaiena, Txomin Etxaniz-ekin batera. Pozik nago, txakolin hori egiteko mahatsaren zati bat Esteñibar baserrian hazten delako, mimo handiz, Mikel Irizarrek behin baino gehiagotan kontatu digun moduan. Pozik, halaber, Gomez Kerejeta anaiak —Txelu eta Valen— ezin hobeto kudeatzen ari direlako txakolin gazte hori, eta pozik, amaitzeko, Mikel Garaizabal enologoak ere lan aparta egiten duelako. Zorionak denoi!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Etxe agentzia

Arrasate Pressen genbiltzanean, buruko min dezente izaten genuen zenbait hitz euskaratzeko, tartean “agencia inmobiliaria”. Orduko hiztegiek higiezinen agentzia zekarten, baina hori jende arruntarentzat arameoren parekoa zen. Gaur, berriz, ireki dut Zehazki hiztegia, eta etxe agentzia dakar, hitzaren adiera batean. Hori edozeinek uler dezake.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

Esan ala ez esan

Denok ez dugu berdin erantzuten gaixotasunaren aurreran. Begira zer egin zuen bikote batek orain bost bat urte, emazteari, medikua bera, aurkitu ziotenean minbizi mota bat. Hiru seme-alaba zeuzkaten, eta erabaki zuten ezer ez esatea inori, ez haurrei, ez eta ezagunei ere. Batzuetan, jakina, komeriak, batez ere kimioa hartzetik bueltan, gaixoak botagura zeukanean, eta ahul sentitzen zenean. Kontua da gaixoaldian ez zutela txintik ere esan. Seme-alabek geroago jakin dute amak minbizia izan zuela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Edertasuna izotz gainean

Neguko Olinpiar Jokoak joan dira niretzat, ia ezer ikusi barik. Hori bai, zortea izan dut Shizuka Arakawa dantzari japoniarra birritan ikusteko: urrezko domina irabazi zuenean, eta biharamonean, txapeldunen erakustaldian. Une batzuetan Katarina Witt ekarri zidan gogora, garai batean izotz gaineko erregina. Niretzat Shizukak ipini die aurpegia Torinoko jokoei.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Abuztuaren 15eko bazkalondoa Tagzanian

Aprobetxaturik CodeSyntaxek euskarara ekarri duela Tagzania, ariketa bat egin dut Julen Gabiriaren aholkuei jarraituta. Narrika kaleko 30a markatu dut, Donostian, urtebetez hantxe bizi izan baikinen apopilo, EUTGn ikasten ari ginela. Etxeko atea Narrika kalean zegoen, baina gure gelak Abuztuaren 15a kalera ematen zuen, justu Joxe Austin Arrieta idazlearen etxeari begira.

Sorry, your browser doesn’t support iframes.

Joxe Austinek argitaratu zuenean Abuztuaren 15eko bazkalondoa, gustura irakurri nuen, etxetik kanpoko paisajea hurbilekoa sentitzen bainuen, baina ez horregatik soilik. Liburu ona iruditu zitzaidan, erabatekoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Urtebete

Atzo urtebete aurkeztu genuen nire liburua Donostian eta Arrasaten. Eta atzo urtebete aurkeztu genuen blog hau Goiena.net blog komunitatean, Faroa izan baitzen lehen bloga komunitate horretan. Harrezkero liburuak agortu du lehen edizioa, eta Goiena.net bera ere komunitate oparoa bihurtu da. Zorionak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | 6 iruzkin

Zertarako nortasun txartela?

Guri ia pentsaezina iruditzen zaigu, baina badira zenbait herrialde, non hiritarrek ez baitute erabiltzen nortasun txartelik: Zeelanda Berriak, Norvegiak eta Kanadak, adibidez, ez dute erabiltzen. Ezta Indiak eta Australiak ere, nahiz eta ematen duen laster ezarriko dutela, nola ustez ezarriko duen Irlandak, Britainia Handiaren presiopean. Danimarkak eta Suediak ere ez dute nortasun txartelik erabiltzen, baina herrialde horietan hiritarrak behartuta daude nortasun zenbakiak eramatera. Halaxe irakurri dut Richard Stallman software libreko aitzindariaren webgunean.

Ez dakigu zenbat iraungo duten herrialde horiek nortasun txartel barik, zeren New York, Madril eta Londresko atentatu handien ostean, areagotzen ari da zenbait gobernuren presioa nortasun txartelak ezartzeko, terrorismoaren aitzakia erabilita.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Sarelariak

Interneten gabiltzanok internautak izan gara orain arte, baina joan den osteguna ezkero baita sarelariak ere. Nik dakidala, Anjel Lertxundik sortu du berba hori, Hitz beste izeneko bere blogean. Horrela zioen paperezko artikuluaren osagarri ateratzen hasi den post scriptum horietako batean:
Orain arte argitaratu ditudan ohar apurrak erantzunen sailean sartu izan ditut. Gaurtik aurrerakoak hemen joango dira, artikuluaren azpian, sarelariarentzat erosoago gerta dadin. (Sarelaria atera zait internautaren ordainetan. Eta zergatik ez?).

Horixe da, zergatik ez? Atzoko artikuluan erabili nuen sarelariak hitza, eta gaurkoan are eta argiago aldarrikatu nahi dut hemendik aurrera lotsa barik erabiliko dudala, internauta baliokidearen sinonimo gisa. Eskerrik asko, Andu!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Luistxo Fernandez, euskaltzain

Behin Atxaga onartuta euskaltzain gisa, nire ustez hurrengo euskaltzaina, Patxi Altuna ordezkatuko duena, Luistxo Fernandez izan beharko litzateke. Ados bazaude, utzi erantzun bat mezu honetan.

Euskaltzaindia odol berria sartu guran dabil akademian bertan, filologiatik harago lan egiten duen jendea. Andres Urrutiak adierazi duenez, idazleak, itzultzaileak, kazetariak eta irakasleak, besteak beste, sartu behar dira Euskaltzaindian, edo horrela ulertu diot nik, behintzat.

Nire ustez, Euskaltzaindiak behar du errebultsibo bat, norbait lagunduko diona egokitzen ezagueraren gizartera, paperaren morrontza utzi eta sareari zukurik handiena aterako diona, euskaldun guztiok balia gaitezen euskal akademiaren lanaz, eta uste dut Luistxo Fernandez izan daitekeela, beste batzuekin batera, errebultsibo hori.

Luistxo Fernandez Eibarren jaio zen orain berrogei urte, eta gaur egun bertan egiten du lan, CodeSyntax enpresan, nahiz eta Donostian bizi den, ezkonduta eta bi seme-alabarekin. Kazetaritza ikasi zuen EHUn, eta kazetari lanetan aritu zen Argian, Euskaldunon Egunkarian eta Arrasate Pressen, oker ez banabil. Orduko uztaren zenbait ale argitaratu zituen Tetris liburuan. Bestalde, Euskaldunon Egunkariak argitaratutako lehen bi estilo liburuetan ere parte hartu zuen.

Zergatik Luistxo

Idazle moduan ere, utzi digu perla bat, Kontaktua, Elkar argitaletxeak kaleratua. Eta saiakeran, Etxepare porno da bere lanik deigarriena, non aztertzen baititu euskararen arrastoak Interneten.

Eta justu alor horretan, Interneten, Luistxo Fernandezek sekulako lana egin du, eta itzelezko aupada eman dio euskarari sarean.

  • Eibartarrak posta zerrenda. Berak sortu zuen, konpainia onean beti, Eibartarrak posta zerrenda, eta hor jarri zituen lanean ehunetik gora lagun, ez denak eibartarrak, posta elektronikoari txinpartak ateratzen.
  • Aurki. Hemen ere, lagun onak zituela, euskarazko lehen bilatzailea sortu zuen, doan, Eusko Jaurlaritza dirua parrastaka xahutzen ari zen bitartean Microsoften ez beste inoren mesedetan.
  • Sustatu. Luistxo Fernandez izan zen Sustatu.com euskarazko lehen blogaren bultzatzailerik sutsuena, eta ni naiz horren lekuko.
  • Blogak.com. Bere lankideekin batera, plataforma hori sortu berri du, nahi duenak sor dezan blog bat euskaraz.

Nik Internetez dakidan gehiena Luistxo Fernandezi zor diot. Eta zorte itzela izan dut, batez ere Sustaturen inguruan, berarekin batera lan egiteko. Berak erakutsi zigun nola erabili posta zerrenda, baita blogak eta bestelako programak ere. Eta aldi horretan deskubritu dut Luistxok sekulako trebezia duela irakasteko, eta taldeak suspertzeko. Bere inguruan sortu da euskarazko blogosfera, eta inork baino jende gehiago animatu du blogari izatera.

Maite dut Anjel Lertxundi, eta maite dut Mariasun Landa. Baina uste dut garaia dela Euskaltzaindia jabe dadin zer estrategia diren egokienak Internet euskararen mesedetan erabiltzeko. Horregatik ausartu naiz Luistxo Fernandez proposatzera. Sarelariok (eskerrik asko, Andu), ados bazaudete proposamen honekin, utzi erantzun bat mezu honetan, eta adierazi garbi zuen iritzia.

Beste hautagaiak

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 20 iruzkin

PDFak egin Acrobat barik

Webgune bat aurkitu dut, ExpressPDF, non edozein word dokumentu edo web orri PDF bihur daitekeen, doan. Ez dago izena eman beharrik, baina bost bat ordu behar dira bidalitako dokumentua PDF egina jasotzeko.

Urrats hauek egin behar dira PDFak egiteko:

  1. Aukeratu zein den jatorrizko dokumentua, word dokumentu bat ala web orri bat (oraingoz excel indargabetuta dago).
  2. Word dokumentu bat baldin bada, hautatu artxiboa zure ordenagailuan. Web orri bat baldin bada, kopiatu zer helbidetan dagoen, URL helbidea alegia.
  3. Sartu zure helbide elektronikoa.
  4. Sakatu “Convert to pdf” botoiari, dokumentua pdf bihurtzeko.

Dokumentua prest dagoenean, mezu bat jasoko duzu zeure postan. ExpressPDF webgunearen mezu bat, eta hor esango dizu klik egiteko mezuaren esaldi batean, zuk bidalitako dokumentua jasotzeko PDF moduan. Mezu horrek eramango zaitu webgunera, eta han berriz egin beharko duzu klik, dokumentua jaisteko.

Nik bi PDF egin ditut, bat word dokumentua, eta bestea web orri bat, eta biak etorri zaizkit ondo eginda, nik bidali baino bost ordu geroago.

Nire esperientzia

Beraz, kontuan hartzeko webgune bat, batez ere norbera bere ohiko ordenagailutik kanpo dabilenean, eta presa barik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 7 iruzkin