S.O.S. Hezur-muin emaileak behar dira

Maialen Zulueta haur mondragoetarrak 4 urte ditu, eta hezur-muin transplantearen premia, iragan martxoan leuzemia linfoblastiko bat aurkitu zioten-eta. Harrezkero hartu du kimioa, baina gaitza berriz agertu omen zaio, eta umeak ez luke beste kimio aldi bat jasango. Horregatik transplantea. Zoritxarrez baina, ez diote aurkitu emaile aproposik, bere ezaugarri genetikoak beteko dituena. Horregatik, Maialenen gurasoek dei bat egin dute, borondatezko emale eske.

Nik zorte handia izan nuen orain lau urte, linfoma aurkitu zidatenean emaile bat antzeman zutelako familian bertan, nire arreba Fatima. Honi odol apur bat atera zioten, aztertzeko bere odola genetikoki bateragarria ote zen nirearekin. Ondoren, Valdecillan, goiz bat iragan zuen etzanda ohe batean, beso batetik odola atera eta bestetik berriro sartzen zioten bitartean, tartean makina batek bereizten baitzituen premiazko zelula amak, gero transplantean erabiliko zirenak. Beraz, kasu honetan emaile izateak ez du ezer traumatikorik eskatzen.

Nora deitu
Lerro hauen bidez gonbidatu nahi zaituztet hezur-muin emaile izan zaitezten Maialen txikia salbatzeko, zenbat eta jende gehiago aurkeztu, aukera handiagoak izango ditu-eta emaile bat aurkitzeko. Nik zortea izan nuen, eta Fatimaren hezur-muinari zor diot orain bizitzea. Zuek beste horrenbeste egin dezakezue Maialenen alde. Nahi izanez gero, deitu telefono hauetara:

  • Donostia: 943 00 74 00
  • Bilbo: 944 00 73 33
  • Gasteiz: 945 00 62 91

Mila esker denoi.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Google, oroimenaren makulu

Atzo gertatu zitzaidan. Lagun bati bidali nion mezu elektroniko bat, eta hor Gurutze Irizarren izena aipatu behar nion. Baina idazteko orduan, ezin gogoratu Gurutzeren izena. Ezin nuen sinistu: Gurutzeren aurpegia ikusten nuen argi eta garbi, gogoan nituen haren neba-arreba zenbaiten izenak, baina ezin harenaz gogoratu.

Orduan bururatu zitzaidan Googleri laguntza eskatzea. Idatzi nuen “Irizar + Sahara”, eta han aurkitu nuen behar nuen erantzuna: Gurutze. Arnasa hartu nuen. Eskerrak adimenak modu bat baino gehiago dituela jopuntu batera iristeko, kasu honetan zeharka, nekizkien bi elementu erabilita (“Irizar + Sahara”). Pentsatu nuen, orobat, Google bezalako bilatzaile bat inguruan edukitzeak eramangarriagoa egin dezakeela nire zahartzaroa, oroimenak kale egiten duenean batez ere.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

iPhone al da etorkizuneko ordenagailua?

Apar ugari harrotu du Steve Jobsek herenegun egindako aurkezpenak, batez ere hark aurkeztutako iPhone telefonoak. Bego eta biok gaueko 11:30ak arte izan ginen aurkezpena ikusten ordenagailuan eta, egia esan, txundituta geratu ginen telefonoarekin. Ez dakit telefono horrek arrakasta izango duen, baina ez dut zalantzarik etorkizuneko telefonoak horrelakoak izango direla. Gozada bat ikustea zelan egin litekeen horrelako bitxi bat, bat ere teklatu barik.
 
Atzo, ordea, Mihai Alexandruk zioen etorkizuneko telefonoa ez ezik, iPhone etorkizuneko ordenagailua ere izan daitekeela. Izan ere, zioen kazetariak, pare bat urte barru zeinek erosiko du PC bat, eros badezake iPhone bat gaur egungoa baino bi aldiz bizkorragoa, disko gogor lau aldiz ahaltsuago batekin? Izan ere, iPhonek posta elektronikoa, musika, sms-ak, telefonoa, argazkiak, mapak, etab. ditu, eta dena Mac OS X sistema eragileak olioztatua. Nik ere irudipena dut Applek zerbait handia asmatu duela oraingoan ere.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Zergatik Firefox: testigantzak

Gero eta jende gehiagok darabil Firefox Interneten nabigatzeko. Mundu osoan milioiak eta milioiak dira erabiltzaileak. Euskal Herrian ere, gero eta gehiago. Asko, ordea, oraindik ez dira ausartzen saltoa ematera. Horientzat, hainbat testigantza ekarri ditugu hona; batzuk adituak dira Internet kontuetan eta beste batzuk, erabiltzaile hutsak. Denok kontatuko digute zergatik darabilten Firefox.

Gari Araolaza (CodeSyntax)
Azken bost urteotan Mozilla eta bere oinordeko Firefox erabili ditut nire eguneroko lanean. Nabigatzailea da nire lanean zabaltzen dudan lehen aplikazioa eta ixten dudan azkena. Hiru urtez Windows-en erabili dut arazorik gabe eta azken bi urteotan Linux-en erabili dut. Pasahitz, cookie eta beste guztiak arazorik gabe pasatu nituen sistema batetik bestera.

Lehen ere aplikazio ona zen, baina e-posta programatik banandu eta bera bakarrik gelditu zenetik, askoz gusturago erabiltzen dut. Nabigatzaile azkarra da, arina eta erabilgarria. Fitxa bidezko nabigazio gabe ezingo nuke bizi, eta sufritzen dut nonbaiten Explorer erabili behar dudanean. Pasahitzak, formularioetako datuak gogoraratzen ditu, eta oso erraz kudeatu daitezke. Pop-up leihoak kontrolatzen ditu eta norberaren eskutan gelditzen da bere kontrola.

Segurtasun aldetik ere, Phising-erako arriskua minimoa da hasieratik, ez Explorer bezala, non helbide barran helbide okerrak erakusteko aukera zegoen hasiera batean. Bestalde, segurtasun arazo bat sortu eta oso egun gutxira (gehienez 4 edo 5) eguneraketa automatikoki deskargatzeko proposatzen dizu nabigatzaileak berak. Jakina da Explorerren kasuan sarritan hilabeteak pasatu direla segurtasun akatsak konpondu gabe.
Asko erabiltzen ditut luzapen edo estentsioak, eta horien bidez aplikazio asko gehitu daitezke gai oso desberdinetarako. Orain momentuan adibidez, Firefox 2.0-ri esker Xuxen euskarazko zuzentzailea lotzeko modua dago, eta oso ondo dabil!

Garatzaile moduan Explorerrek baino estandarren errespetu hobea eskaintzen du eta horri esker errazten zaigu garapena, nahiz eta bukaeran Explorerrentzat konponketak egin behar izaten ditugun, gauzak “gaizki” kodetuz, Explorerren ongi ikusi daitezen.

Iban Arantzabal (Goiena)
Hasieran gomendioz ezagutu nuen Firefox. Internet ingurunean asko erabiltzen da. Gainera, diseinuan sartuta ibili nintzen sasoi batean eta aplikazio batzuk bazituen Explorerrek ez zituenak, CSSak lantzeko.

Firefoxen gustatzen zait gehien-gehien fitxa sistema, gustatzen zait diseinu aldakorra izatea, gustatzen zait atzetik duen soft librearen filosofia guztia (komunitatea egiteko zer hobeto?), gustatzen zait librea delako, bizkorra delako, euskaraz ere badagoelako, gustatzen zaizkit eta behin eta berriz harritzen naute Firefox-eko gehigarriek. Aipagarrienen artean, euskaldunondako: Euskalbar Firefox-erako tresnabarra eta Xuxenen aplikazioa nabigaziorako. Eta hau erabiltzen ez dutenek ez dakite zer galtzen duten.

Peio Arreitunandia (IMH)
Guk 350 PC ditugu, (ia) guztietan biak instalatuta, Firefox eta IE, eta oraindik ez dira sutan jarri. Hori bai, erabiltzaileak, gero eta gustorago, gutxika-gutxika, Firefoxera pasatzen ari dira. Gutaz aparte, beste ikastetxe batzuk ere bide hortatik doaz (Iurreta, Mendizabala…), guztiak gela eta PC askorekin, eta denok gustura.

Josu Azpillaga (CodeSyntax)
Firefox-ekin nabigatzen hasi nintzenean, batez ere abiadura eta pestainen (goiko tab-ak) aukera estimatzen nizkion gehien nabigatzaile honi. Oraindik ere, abantailarik handienak horiek iruditzen zaizkit. Gero ohartu nintzen, ordea, bazituela abantaila gehiago: hizkuntzen trataera egokiagoa, leihoak blokeatzeko aukera, appletak-eta instalatzeko orduan transparentzia handiagoa (kontrol gehiago) eta orriak erakusteko orduan estandarrak errespetatzea, batez ere.

Eta, orain, Firefox nabigatzailearentzat komunitateak prestatu dituen estentsioak erabili ahal izatea estimatzen dut izugarri. Denetarako daude estentsioak eta lana asko errazten didate hauetako batzuk.

Luistxo Fernandez (CodeSyntax)
Firefox software librea dugu, eta euskaraz dago. IExplorer ere euskaratuta ikus daiteke, baina sistema eragilearen konfigurazioaren baitan dago hori. Luzapen interesgarri mordoa dago Firefox-erako, adibidez, Euskalbar hiztegi kontsultak egin ahal izateko. Fitxen bidezko nabigazioa ere oso erosoa da Firefox-en. Bookmarkletak askoz errazago kudeatzen dira Firefox-ekin, bestalde: jendeak ikasi beharko lituzkeen aplikazio txiki interesgarriak dira bookmarkletak…

Estandarretara egokituago dagoela, eta segurtasunaren aldetik sendoagoa dela, gauza jakina da, Interneten apur bat dabilenarentzat.

IExplorer plataforma bakarreko softwarea da. Firefox, guztietan dabil, baita Mac eta Linuxean, primeran gainera. Tresna bat toki batean ikasi, edozein plataformatan erabili (norberak bere hobespenak batetik bestera migratzeko, adibidez).

Patxi Gaztelumendi (gaztelumendi.org)
Ez naiz inoiz Explorer erabiltzailea izan. Interneten hasi nintzenean, 94-95 Netscape erabiltzen genuen. Ondoren, gainbeherak direla kausa, Mozillarekin hasi ginen. Nabigatzaile librea ordurako, sekulako aukerak eskaintzen zituena. Suite berean posta zerbitzua, mozilla composer —html orriak egiteko aukera ona— eta nabigatzailea integratuta. Apur bat astuna zela zioten, pisutsua, orduko garatzaileek, eta Euskal Herrian Librezalekoei esker Mozilla ere euskaraturik geneukan ordurako. Mozilla Firefox agertu zen gero, eta hasierako bertsioetatik erabili izan dut. Euskaraz beti. Eta Interneteko langintzetan egunero darabilt Firefox. Azken bertsioa ere, 2.0 azkarra, ziurra, arina, inteligentea eta erabilterreza iruditzen zait, euskaraz daukagu, gainera.

Euskarak inoiz izan dituen tresna onenak dauzka eskura. Software libreak, auzolanak eta nazioarteko lankidetzak aukera horiek eskaintzen dizkigute. Software pribatibo eta kapitalistarekin ez da horrelakorik gurea bezalako komunitate txikientzat.

Maite Goñi (Jakintza Ikastola)
Aitortu beharrean nago Firefox nabigatzailearen erabiltzaile berantiarra naizela. Ohituta nengoen Internet Explorer erabiltzera eta beste IKTeroek Firefoxen onurak adierazten zizkidatenean, beti uzten nuen proba beste egun baterako edozein aitzakiaz. Dena den, fitxa sistema eta gehigarriak (hedapenak eta pluginak) ezagutu orduko, ordura arte galdutako denboraz ederki damutu nintzen!

Beraz, interesgarriena, aipatutako fitxa sistemaz gain, lor daitekeen integrazio maila da. Gehigarri mordoska erants dakizkioke eta hauek, gainera, etengabe eguneratuz doaz. Egun, nire jardun osoa bertatik abiatzen da: Euskalbar (ezinbestekoa), posta, jarioa, del.icio.us, gune interesgarri guztiak, bilatzaileak, fireFTP, musika, eguraldia, CSS kudeatzailea, kolore identifikadorea, neurtzailea eta ohar bloka dira, besteak beste, ohikotasunez erabiltzen ditudan tresnak.

Azkenaldi honetan, Firefoxen erabilera gure ikasle eta irakasle guztien artean zabaltzen dihardugu buru-belarri eta dagoeneko bere fruituak ematen hasia da. Amaitzeko, euskaraz egotearen garrantzia azpimarratu nahi nuke.

Asier Irizar (HUHEZI)
Zergatik Firefox? Egia es
an, ez zait iruditzen galdera zuzena denik. Beste era batera planteatuko nuke nik. Zergatik ez? Baliabide azkarra da, euskaraz dago, gainerako bilatzaileek ematen dituzten ia aukera guztiak ditu (eta beste batzuk ere bai, gainerakoek ez dituztenak). Nire lanerako ezin egokiagoa da, Euskalbar instalatu nuenetik 8 hiztegi baititut esku-eskura. Eta, gainera, software librea da!!! Eguneraketak etengabe, jaitsi nahi ditudan fitxategiak ziztu bizian… nola ez naiz, ba, Firefoxen aldekoa izango?

Mikel Irizar (Piperrautsa)
Duela hilabete batzuk erabiltzen dut Firefox nabigatzeko eta Thunderbird postarako, baina aurrez ere Mozilla erabiltzen nuen; bertsio zaharragoa, nabigatzailea eta posta batera zituen hura. Software librearen aldekoa naiz, bi arrazoirengatik: behetik gorako ekimenak maite ditudalako; eta Interneten sekulako produktuak ari direlako sortzen modu horretan

Firefox berriarekin gustura nabil. Euskaraz oso txukun dago; orri askorekin batera jardun behar dudanean (eta hau gero eta sarriago tokatzen zait) oso sistema egokia du orri guztiak eskura edukitzeko eta arazorik gabe saltatzeko batetik bestera; eta diseinua ere asko gustatzen zait, argia da oso. Aspaldi ez dut Explorerrik erabili, ez dakit nola bilakatu den azken urteotan. Izan ere, Explorer gabe nabil sarean eta ez dut inoiz izan haren inbidiarik.

Gorka Julio (Elurnet.net )
Firefox erabiltzen hasi nintzen oraindik Firefox deitzen ez zenean, oraindik Phoenix izena zuen eta beta fasean aurkitzen zen. Zergatik beta dagoen software bat erabili? Nire buruari galdera hori erantzuten ia 5 urte beranduago zaila da baina bi arrazoi nagusi daude.

1. Esperimentazioa, informatika gustatzen zitzaidanez, beti gustatu izan zait esperimentatzea eta gauza berriak probatzea, garai horietan software librearen munduan murgiltzen hasi nintzen eta Firefox nire lehenengo pausotako bat izan zen (aurretik Linux instalatu nuen baina betiko arazoa gertatu zitzaidan: ados instalatu dut, eta orain zer?).

2. Internet Explorerri alternatiba bat bilatu. Internet Explorer ez zitzaidan gustatzen: nahiko mantsoa zen, eta gainera segurtasun arazo ugari zituen. Garai horietan segurtasun kontuei buruzko nire interesa oso handia zen (hacking mundua asko interesatzen zitzaidan) eta horrek ere Firefox erabiltzera eraman ninduen.

Beste galdera hau ere egin diot neure buruari. Zergatik Phoenix probatu ondoren erabiltzen jarraitu zenuen? Bilatzen ari nintzena topatu nuen sentsazioa izan nuen, azkarragoa, seguruagoa, errazagoa, baina batez ere bere inguruan mugitzen zen komunitate aktiboa. Komunitate honek Firefox inguruan tresna eta berrikuntza ugari sortzen hasi zen eta horrek interes handia pizten zidan.

Igor Leturia (Elhuyar)
Hasteko, Firefox askoz seguruagoa da Internet Explorer baino. Akats gutxiago ditu eta ez du ActiveX moduko teknologia arriskutsurik.

Erabiltzaile gisa, Firefox-ek abantaila mordoa ditu: “pestañak”, pop-up leihoen blokeatzea… Baina “de serie” dakarren abantaila horiez gain, erabiltzaileek garatzen dituzten eta aukeran instala ditzakezun “plugin” pila ditu, asko oso erabilgarriak, eta ni orain beraiek gabe nabigatu ezin izango nukeenak. Eta orain euskarazko zuzentzailea ere jarri diezaiokegu Firefox-i, formularioak-eta betetzen ditugunean (blog baterako artikulu bat idaztean, adibidez) zuzen idazteko. Horrez gain, Linux daukadan ordenagailuetan ere badabil Firefox.

Eta garatzaile gisa, Internet Explorer amesgaiztoa da. Web gune bat estandarrak betez garatzen baduzu (Javascript, XHTML, CSS), badakizu Firefox-en ongi ikusiko dela eta egin behar duena egingo duela. Aldiz, Internet Explorer-en ez, eta kristorenak eta bi egin behar izaten dira Microsoft-en nabigatzailean ere ongi ibil dadin. Baina nola jende gehienak hori erabiltzen duen, ez dugu beste erremediorik… Gainera, web garatzaileentzat Firefox-ek “Web Developper Toolbar” plugin-a dauka, oso erabilgarria, guztiz ezinbestekoa esango nuke.

Arantza Mongelos (HUHEZI)
Aukera izan nuen Firefox ezagutzeko nahiko kasualitatez, ezagun baten bidez. Egia esan, oso modu sinplean azaldu zidan (telefonoz) zer egin behar nuen programa jaisteko eta beste bi gauza (pestainen erabilera, besteak beste). Horrela egin nuen, eta ordutik hona beti Firefox saiatzen naiz erabiltzen, askoz ere “user-friendly” egiten zait, nahiz eta IEk saiakerak egin dituen (ez da berdina). Firefox oso erraz ikasten da erabiltzen eta oso fidagarria dela uste dut. Bestaldetik, software librea izateak ere konbentzitu ninduen, baina hori askoz ere aurrerago izan zen.

Jabi Zabala (Irratia.com)
Segurtasunaren funtsaz ezin dizut azalpen handirik egin, baina fido naiz seguruagoa dela dioten adituez. Nabigazioa zinez Explorer 6rekin baino errazagoa da fitxen (“pestañas”) bidez. Pop-up molestagarrien kontrako ezaugarria bikaina da… Horregatik kopiatu ditu ezaugarri horiek Explorer 7k plagio nabaria eginez… Gainera, estandarrak betetzen ditu, librea da, euskaraz da…

Arkaitz Zubiaga (Zabaldu.com)
Firefox software librea da eta horrek izugarrizko askatasuna eskaintzen dit nabigatzailea pertsonalitzerako orduan: hiztegiak, zuzentzaile ortografikoak, bilatzaileak, albisteak jarraitu ahal izateko RSS irakurleak…, eta beste gehigarri mota mordoxka erantsi dakizkioke, nahi dudan moduan erabili ahal izateko. Eta gainera, %100 euskaraz dago!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 5 iruzkin

JA 34

Atzo eguerdian amarenean nengoela, manta zahar bat hartu esku artean, eta konturatu nintzen letra gorri batzuk zituela ertz batean: JA 34. Orduan gogoratu nintzen neuk nituela hizki eta zenbaki horiek Saturrarango seminarioan sartu nintzenean, 11 urterekin. Manta hura ordukoa zen.

Mantak ez ezik, nirekin neramatzan arropa guztiek zituzten josita hizki eta zenbaki horiek: izarak, barruko arropak, alkandorak, prakak, galtzerdiak… Nire izen-deituren hasierako hizkiak ziren, eta zenbaki bat. Urteak egin nituen arropa haiekin, eta uste nuen denak suntsituta zeudela, baina denborak ematen du, bai, ezustekorik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Antonia

Aurreko asteazkenean film bat ikusi genuen telebistan, zoragarria: Antonia’s line. Lau txakur handirekin egindakoa zen, baina txunditu egin ninduen, zer ondo eginda zegoen eta zelako bizipoza transmititzen zuen.

Bigarren Mundu Gerraren ostean Antonia itzultzen da bere jaioterrira alabarekin, eta han jartzen da bizitzen, gurasoengandik jasotako etxaldean, Holandan. Antonia berezia da, eta nabarmendu egiten da gizarte tradizional hartan, baina bere jarrera liberalak erakarri egiten du jendea, halako moldez non inguruko elbarriak, atzeratuak, eta diferente sentitzen diren guztiak berarekin bizitzera baitoaz, askatasun giroan.

Oheratu aurretik pentsatu nuen Antoniak asmatu egin zuela bere bizi proiektua erakargarri egiten besteentzat, bat ere predikurik egin barik. Eta orduan bururatu zitzaidan hemen ere askoz hobeto biziko ginatekeela denok, ahaleginduko bagina Euskal Herriaz dugun proiektua modu horretan zabaltzen, alegia, ingurukoen borondateak irabazita.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Gorazarrea gordailuari

Lau urte pasa nire ezker besoan eraman ondoren azalpean ondo babestuta, atzo kendu zidaten gordailua, plastikozko kutxa txiki bat, argazkian ikusten denaren antzekoa, nondik irteten baita bihotzerantz hodi mehe bat material berekoa. Niri hortik sartu didate kimioa ez ezik, baita bestelako botika mordoa ere 2002a ezkero gaixorik egon naizen guztietan. Niretzat, beraz, bedeinkazio moduko bat izan da gordailua, aldi horretan babestu egin dizkit-eta zainak eta besoak.

Azkenekoz ospitaleratu nindutenetik, orain bi urte eta erdi, garbitu barik nuen gordailua, ez medikuek ez eta erizainek ere ez baitzidaten esan lau hilabetez behin garbitu beharra nuela. Hala ere, joan den astean di-da batean garbitu eta odola atera zidaten berau erabilita, Josune erizainaren harridurarako.

Atzo arte. Berrogei minutu behar izan zuten besoko azala ebaki eta bertatik gordailua ateratzeko, azken hau erabat itsatsita baitzegoen haragiari. Tenk egin hemendik, moztu; tenk egin handik, moztu; orain harago, moztu… eta horrela ibili ziren zirujauak, gordailua erabat askatu arte. Nekagarri samar izan zen, zenbait unetan mingarri egin zitzaidan-eta.

Zergatik pozik
“Pozik egongo zara katxarro hori kenduko dizugulako, ezta?” galdetu zidan erizain batek ebakuntza gelan, antza denez gordailua kentzea festa eguna izaten baita gaixoarentzat, horrek begi bistatik kentzen duelako beste elementu bat gaixotasunari lotua. “Egia jakin nahi baduzu —erantzun nik— oso pozik ibili naiz gordailu honekin, behar izan dudanean sekulako zerbitzua egin didalako, adibidez kateterra infektatu zitzaidanean hezur-muin transplantea egiten ari ginela Valdecillako Ospitalean. Eskerrak gordailua nuela ezker besoan, horri esker hodi guztiak hara pasatu zizkidaten. Beraz, orain kendu egiten dut kendu behar delako, baina ez gaizki joan zaidalako”.

Eta, hala eta guzti ere, pozik nago, nik ere gainditu dudalako aldi bat. Aurrerantzean askatasun handiagoz erabiliko dut ezker besoa, kolpe txarren bat hartzeko beldur barik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 5 iruzkin

Zortzi unibertso, zortzi idazle

Opor hauetan Ana Urkiza idazlearen azken liburua irakurri dut, Zortzi unibertso, zortzi idazle. Irakurraldi atsegina izan da niretzat, zortzi idazleek eskaini didate-eta gauza interesgarri askoak. Zortziak emakumeak dira, baina ez dute antz handirik batak bestearekin. Zortzi emakume argi eta zintzo aurkitu ditut liburu honetan, bakoitza bere zirkunstantziarekin.

Kontua da nik oso liburu gutxi irakurri diedala idazle hauei. Bakarrik Arantxa Urretabizkaia nuen irakurrita ia bere osoan. Zergatik Panpox, gainera, izan zen mugarri bat niretzat irakurri nuenean. Miren Agur Meaberi hiru bat liburu irakurri dizkiot, horietan harrigarriena eta ederrena Azalaren kodea. Itxaro Bordari liburu bat, Hiruko, niretzat ezusteko bat, baina %100 Basque ezin izan nuen irakurri hamabosgarren orrialdetik aurrera. Mariasun Landari ere liburu bakarra irakurri diot, Krokodiloa ohe azpian, eta besterik ez. Lourdes Oñederrarena bide bazterrean utzi nuen, ezin amaiturik, eta beste horrenbeste gertatu zitzaidan Septentriorekin, Aurelia Arkotxaren liburuarekin. Laura Mintegiri eta Yolanda Arrietari ez diet ezer irakurri.

Horietako zenbaiti gehiago irakurri diet prentsa idatzian liburuetan baino, adibidez, Aurelia Arkotxa, Itxaro Borda edo Lourdes Oñederrari. Liburuei dagokienez, berriz, ez nuke jakingo esaten zergatik irakurri diedan hain gutxi, akaso oso irakurle anarko naizelako, baina ez naiz hasiko flajelatzen horregatik, nire irakurketak direnak dira eta kitto.

Beharbada erabat ezezaguna nuelako, Yolanda Arrietak eman dit ezustekorik handiena liburu honetan, bere bizitzak, pentsamenduak eta jarrerak atentzioa eman didate-eta. Bakarra da, gainera, Internet eta teknologia berriak aipatzen liburuan, adibidez jabego intelektualaren inguruan, baina hori beste baterako utziko dugu.

Laburbilduz, gustura irakurri dut Ana Urkizaren liburu hau, orain lau urte Hasier Etxeberriak idatzitako Bost idazle hura bezain gustura.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Araia, argazkilari bikaina

Ustekabean, itsasargi bat ikusi nuen Flickr-en, Portugaletekoa. Ederra. Saltseatzen hasi nintzen Araia izeneko argazkilariaren argazkietan, bera baita argazki horren egilea, eta aurkitu nuen beste hau, Urdaibaikoa. Segi, eta urtea zoriontzekoa. Ikusgarriak. Ahal baduzue, zuek ere kuskuseatu argazkietan, ez zarete damutuko-eta. Zorionak, Araia!

Kategoriak Sailkatugabeak | 2 iruzkin

Lehen irratsaioa, orain 100 urte

Gabon gauean izan zen, 1906an. Reginald Aubrey Fessenden asmatzaile kanadarrak irratiaren historiako lehen irratsaioa egin zuen Brant Rock herriskatik, AEBetan, Boston hiritik 50 kilometrora.

Gaueko 21:00etan, Fessenden-ek hitzalditxo bat egin zuen, eta ondoren Handelen Largo musika saioa eskaini, Edisonen fonografoan egindako grabazio batetik. Horrekin batera, Fessendenek biolinean jo eta abestu egin zuen O, Holy Night gabon kanta. Bibliako pasarte bat ere irakurri zuen. Bukatzeko, Fessendenek Eguberri on opatu zien entzuleei eta idazteko eskatu.

Len Arminio irakasleak dio Fessendenek antolatu zuela show oso bat: “gau hartan, iragarle izan zen, disk jockeya, esataria eta zuzeneko lehen musika jolea”. Fessendenek berak horrela azaldu zuen gertatutakoa: “gau hartan ezin izan nituen jarri hitz egiten nirekin zeudenak (emaztea, idazkaria eta beste hainbat lagun), eta, ondorioz, nik neuk egin behar izan nuen dena”.

Ed Perry-ren hitzetan, “lehen aldia izan zen irratia erabili zela entretenimendurako eta ez laguntza eskatzeko, ordura arte erabili zen bezala”. Geroago, Fessenden-ek barak adierazi zuen bere lehen irratsaio hura Norfolk hirian ere entzun zela, Virginia estatuan, berak igorritako lekutik 800 kilometrora. Argibide gehiago, hemen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1