S.O.S. Hezur-muin emaileak behar dira

Maialen Zulueta haur mondragoetarrak 4 urte ditu, eta hezur-muin transplantearen premia, iragan martxoan leuzemia linfoblastiko bat aurkitu zioten-eta. Harrezkero hartu du kimioa, baina gaitza berriz agertu omen zaio, eta umeak ez luke beste kimio aldi bat jasango. Horregatik transplantea. Zoritxarrez baina, ez diote aurkitu emaile aproposik, bere ezaugarri genetikoak beteko dituena. Horregatik, Maialenen gurasoek dei bat egin dute, borondatezko emale eske.

Nik zorte handia izan nuen orain lau urte, linfoma aurkitu zidatenean emaile bat antzeman zutelako familian bertan, nire arreba Fatima. Honi odol apur bat atera zioten, aztertzeko bere odola genetikoki bateragarria ote zen nirearekin. Ondoren, Valdecillan, goiz bat iragan zuen etzanda ohe batean, beso batetik odola atera eta bestetik berriro sartzen zioten bitartean, tartean makina batek bereizten baitzituen premiazko zelula amak, gero transplantean erabiliko zirenak. Beraz, kasu honetan emaile izateak ez du ezer traumatikorik eskatzen.

Nora deitu
Lerro hauen bidez gonbidatu nahi zaituztet hezur-muin emaile izan zaitezten Maialen txikia salbatzeko, zenbat eta jende gehiago aurkeztu, aukera handiagoak izango ditu-eta emaile bat aurkitzeko. Nik zortea izan nuen, eta Fatimaren hezur-muinari zor diot orain bizitzea. Zuek beste horrenbeste egin dezakezue Maialenen alde. Nahi izanez gero, deitu telefono hauetara:

  • Donostia: 943 00 74 00
  • Bilbo: 944 00 73 33
  • Gasteiz: 945 00 62 91

Mila esker denoi.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

2 Responses to S.O.S. Hezur-muin emaileak behar dira

  1. egilea: Luistxo

    Larunbatean entzun nuen Euskadi Irratian, dei mordoa ari zirela jasotzen hau publiko egin ondoren, baina izenak hartzen astelehenean hasiko zirela…

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Denak beharko ditu gaixoak, emaile bat gutxienez aurkitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude