Erromako gizonen musuak

Axularren hitzak dira ondorengoak. Ez dakit kontakizun hau zenbateraino den egia, baina ederki erakusten du gure abadearen mundu ikuskera:

  • Lehenago Erromako emazteek ez zuten bat ere arnorik edaten. Zeren bertzerentzat ere itsusi da sobera edatea, baina emazteentzat are itsusiago eta perilosago. Handik uste dut etorri zela usantza, arrotz kalean, kanpotik etortzean, gizonek emazteei pot egitea, musu emaitea, jakiteko ea arno usainik bazutentz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Rodrigo, Pelayo eta Espainia zaharmindua

Jakin nuenean lehen biloba Rodrigo izendatu zuela, ez nion garrantzirik eman. Ordea, irakurri dudanean bigarrenari Pelayo jarri diola, garbi ikusi dut José María Aznar bere familian bertan proiektatzen ari dela bere fantasia Errekonkista zalea.

Musulmanen kontrako tema horretan, bi izen aukeratu ditu bere kumeentzat, Erdi Aroko bi jauntxoren izenetan inspirazio hartuta (Rodrigo Díaz de Vivar, El Cid, eta Don Pelayo), zeinak historiografia frankistak  heroitzat erabili baitzituen mairuen kontrako gudu mitifikatuan, eta sinbolotzat ustezko Espainia batu, handi eta librean.

Zein izango da hurrengoa, hirugarrenik baldin badu?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 6 iruzkin

Zorionak euskarazko Wikipediari!

Sareko Argia saria jaso du aurten euskarazko Wikipediak, sari inportantea, lehen aldiz aitortu baita era horretako sarietan euskarazko Wikipedia egiten ari den lana, sarean jartzea, mundu guztiaren esku, euskaraz sortzen ari garen jakintza.

Euskara, 46. hizkuntza Wikipedian
Wikipedia hizkuntza askotan argitaratzen da: 253 hizkuntzatan, tartean euskaraz. Ba, argitaratutako sarrera kopuruari begiratuz gero, euskara da 46. hizkuntza Wikipedian. Aurretik dauzka ingelesa, alemana, frantsesa, poloniera, japoniera, holandesa, italiarra, portugesa, gaztelania, katalana eta gailegoa, besteak beste. Eta atzetik, bosniera, islandiera, bretoia, georgiera, latina eta hindia, beste askoren artean. Hemen dago sailkapen osoa.

Hizkuntza Sarrerak Wikipedian Hiztunak
Ingelesa 2.186.431 1.800.000.000
Alemana 696.184 128.000.000
Frantsesa 611.126 350.000.000
Gaztelania 323.919 450.000.000
Katalana 100.538 9.500.000
Euskara 23.607 1.034.000
Hindia 15.763 280.000.000

Euskarazko Wikipedia 2002ko uztailean abiatu zen. Harrezkero 23.607 sarrera idatzi dira bertan, eta 637.594 aldaketa egin. Guztira 1.846 lankide daude izena emanda hor, eta horietatik 60 bat ari dira edukiak editatzen, zuzentzen eta osatzen. Administratzaile estatusa, berriz, 6 lagunek bakarrik dute. Denei, zorionik beroena!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

8. probintzia, 19. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 19. saioa. 2008ko urtarrilaren 27an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Hemeretzigarren saioan honako gai hauek jorratu ditugu:

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 4 iruzkin

Gertu inprimategiko lagunak

Aspaldiko partez, herenegun Gertu inprimategian izan nintzen, Zubillaga auzoan, Oñatin. Hantxe ziren German, Elena, Nekane, Jaione eta Edurne, besteak beste. Denak aspaldiko lagunak, zeren 1988a ezkero, Arrasate Press sortu genuenetik, urte luzeetako elkarlanean aritu ginen, gu aldizkaria egiten, eta beraiek hura inprimatzen.

Erabat aldatuta aurkitu nuen moldiztegia: lantoki txukuna, punta-puntako makineria, isiltasuna… Lagunak ere, hobeto antzeman nituen, garai haietan baino lasaiago. Izugarri poztu nintzen gauzak horrela ikusita, Gertuko lagunek merezi dutelako.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Bost une gogoangarri

Astebete pasatxo gure ama hil zela-eta, harekin bizi izandako bost une ekarri nahi ditut hona, une gogoangarriak niretzat:

1. Ohean
Hamar urte baino ez daukat, eta hilabete eta erdi daramat ohean, pneumoniak jota. Nik protesta egiten dut, ohea utzi nahi dut-eta. Ama, berriz, larri dago, ez baitaki zelan ordainduko dituen nire sendagailuak. Nire azken kexuaren aurrean, amak ezin du gehiago, eta negar egiten du. Sekula ez dut ikusi ama negarrez, eta errudun sentitu naiz. Bukatu dira nire protestak.

2. Saturraranen
Eskola eguna da, baina ohartarazi didate irteteko, ama etorri dela nire bila. Hamaika urte ditut, eta bi bat hilabete daramat seminarioan, egunero negarrez, etxera itzuli nahian. Azkenean, amari deitu diote, jasotzeko umea. Behera jaitsi naizenean, zerua ireki zait, eta ama ikusi dut, aingeru baten pareko. Asko hitz egin dugu, paseatzera joan gara, elkarrekin bazkaldu dugu lege zaharreko taberna batean, han inguruan. Azkenean, arroketara joan gara, eta han amak konbentzitu egin nau jarraitzeko. Malkoak begietan esan diot agur, baina hantxe segitu dut.

3. Autobus geralekuan
Aita eta ama erretiroa hartuta daude, eta agur esatera etorri dira Musakolako autobus geralekura: Bego eta biok AEBetara goaz. Aitak laban suitzar bat utzi du nire eskuetan, opari. Amak mezu bat utzi dit belarrira: “zaindu Begotxu”.

4. Esteñibarren
Iraileko egun eguzkitsua da. Ama eta biok intxaurrondopean gaude, aurrez aurre, arrebaren baserrian. Ni ospitaletik etorri berria naiz, eta ordubete eta erdiz, azaldu egin diot minbizia dudala, linfoma bat, eta zein izango den aurrera begira egin beharrekoa osatzeko. Amak, ordurako lau urtez alargunduta, eskertu du garbi hitz egin izana, eta besarkada bero bat eskaini dit.

5. Hilzorian
Ama ospitalean dago, hilzorian. Nekez hartzen du arnasa. Ordu erdian, ikusi dut zelan itzali den, kandela bat bezala, azken arnasa eman arte. Bakean hil da, gu inguruan. Berak munduratu gintuen, eta orain joanda dago.

Ama hil da, baina ez naiz sentitzen umezurtz; neba-arrebak, emaztea, alaba eta familia hortxe daude, inguruan. Oroitzapenak geratzen zaizkit, aitarenak eta amarenak, bienak, eta esker oneko sentimendua gailendu da nire barruan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 6 iruzkin

Erosi baino, harpidetu

Aurrekoan, irakurri nion Saul Hansell kazetariari esaten zentzutasunari eutsiko badiogu, gaur egungo kontsumitzaileok pentsatu behar dugula teknologia digitalaz harpidetza zerbitzu bat bailitzan, eta ez pruduktu sorta bat:

  • “Aspalditxo, erosten zenuen idazmakina bat, telebista bat edo argazki kamera bat, eta iraun zezaketen hamarkadak. Ordenagailuak, ostera, bestelakoak izan dira. Behin PC bat erosita, eguneratu beharra duzu sarri samar. Orain tramankulu digitalekin berdin gertatzen ari da. Zure argazki kamera, bideo jogailua eta baita telebista ere zahar bilakatuko dira urte gutxi batzuetan”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Eskela bat, ordenagailu on bat baino garestiagoa

Hiltzea ez da merkea, ez horixe! Gure ama hil zenean, lau eskela enkargatu genituen, eta hemen dituzue gero etorri zaizkigun prezioak:

Zelan begiratzen diogun, pentsa dezakegu ordenagailu eramangarriak asko merkatu direla, eskela bat baino merkeagoak izateraino; edo, kontrara, eskelak izugarri garestitu direla, zeren Packard Bell eramangarri ahaltsu hau merkeagoa da DV egunkarian ipini genuen eskela hura baino, 699 euro balio du-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

8. probintzia, 18. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 18. saioa. 2008ko urtarrilaren 20an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Hemezortzigarren saioan honako gai hauek jorratu ditugu:

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Pausoak blogean idazteko

Idaztea sormen handiko lana izan daiteke, baina baditu hainbat arlo, oso mekanikoak izan arren, garrantzi handikoak izan daitezkeenak, lagundu egiten dutelako azken emaitza hobetzen. Nik horrelako urratsak egiten ditut idazterakoan:

  1. TextEdit aplikazioa irekitzen dut, eta bertan idazten dut.
  2. Paragrafo bakoitza idatzitakoan, gorde egiten dut, badaezpada.
  3. Irakurri egiten dut idatzitakoa, eta zuzenketak egin.
  4. Hala ere, zelan testu prozesatzaile horrek ez daukan zuzentzailerik, amaitutakoan, Wordera pasatzen dut testua, Xuxenek zuzen ditzan oharkabean egindako okerrak.
  5. Kopiatu egiten dut behin betiko testua.
  6. Itsatsi egiten dut testu hori blogean, eta loturak antolatzen ditut.
  7. “Aurreikusi” aukeratzen dut, argitaratu aurretik.
  8. Berriro irakurtzen dut testua eta, ia beti, aldaketaren bat egiten dut, zelan geratuko den ikusteak beste perspektiba bat ematen dit-eta.
  9. Konforme nagoenean, argitaratu egiten dut.

Pauso asko, esango duzue, baina horrela ziurtatzen dut (ez beti, hala ere!) testua akats barik aterako dela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 6 iruzkin