Bost une gogoangarri

Astebete pasatxo gure ama hil zela-eta, harekin bizi izandako bost une ekarri nahi ditut hona, une gogoangarriak niretzat:

1. Ohean
Hamar urte baino ez daukat, eta hilabete eta erdi daramat ohean, pneumoniak jota. Nik protesta egiten dut, ohea utzi nahi dut-eta. Ama, berriz, larri dago, ez baitaki zelan ordainduko dituen nire sendagailuak. Nire azken kexuaren aurrean, amak ezin du gehiago, eta negar egiten du. Sekula ez dut ikusi ama negarrez, eta errudun sentitu naiz. Bukatu dira nire protestak.

2. Saturraranen
Eskola eguna da, baina ohartarazi didate irteteko, ama etorri dela nire bila. Hamaika urte ditut, eta bi bat hilabete daramat seminarioan, egunero negarrez, etxera itzuli nahian. Azkenean, amari deitu diote, jasotzeko umea. Behera jaitsi naizenean, zerua ireki zait, eta ama ikusi dut, aingeru baten pareko. Asko hitz egin dugu, paseatzera joan gara, elkarrekin bazkaldu dugu lege zaharreko taberna batean, han inguruan. Azkenean, arroketara joan gara, eta han amak konbentzitu egin nau jarraitzeko. Malkoak begietan esan diot agur, baina hantxe segitu dut.

3. Autobus geralekuan
Aita eta ama erretiroa hartuta daude, eta agur esatera etorri dira Musakolako autobus geralekura: Bego eta biok AEBetara goaz. Aitak laban suitzar bat utzi du nire eskuetan, opari. Amak mezu bat utzi dit belarrira: “zaindu Begotxu”.

4. Esteñibarren
Iraileko egun eguzkitsua da. Ama eta biok intxaurrondopean gaude, aurrez aurre, arrebaren baserrian. Ni ospitaletik etorri berria naiz, eta ordubete eta erdiz, azaldu egin diot minbizia dudala, linfoma bat, eta zein izango den aurrera begira egin beharrekoa osatzeko. Amak, ordurako lau urtez alargunduta, eskertu du garbi hitz egin izana, eta besarkada bero bat eskaini dit.

5. Hilzorian
Ama ospitalean dago, hilzorian. Nekez hartzen du arnasa. Ordu erdian, ikusi dut zelan itzali den, kandela bat bezala, azken arnasa eman arte. Bakean hil da, gu inguruan. Berak munduratu gintuen, eta orain joanda dago.

Ama hil da, baina ez naiz sentitzen umezurtz; neba-arrebak, emaztea, alaba eta familia hortxe daude, inguruan. Oroitzapenak geratzen zaizkit, aitarenak eta amarenak, bienak, eta esker oneko sentimendua gailendu da nire barruan.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

6 Responses to Bost une gogoangarri

  1. egilea: Iñigo

    Jode Joxe, ze ondo dakitzun sentimentuak hitzez esaten!

    Gero arte!

  2. egilea: Beñat

    Inoiz irakurri dudan post hoberenetakoa Joxe, benetan hunkitu nau.

    Guztiok gure sentimenduak horrela azaltzeko kapaz izango bagina mundua hobea izango litzake, zihur.

    Besarkada bat.

  3. egilea: patxi lurra

    Gaur egun ezinezkoa edukiko zenduan aitak oparitutako labanagaz AEBetan sartu, Joxe. Zelan aldatzen diran denporak, ezta?

    Hunkigarria izan da testua, bai horixe, amari (eta aitari) egindako omenaldi itzela da. Beñatek esan moduan, sentimenduak azaldu sarriago egin behar izango genduan. Eta zure artikuluak neure barnean gauza asko mugitu dauanez, utziko nauzu mesedez zeure ereduari jarraituz antzeko bost une gogoangarri idatziz neurean, aitari buruzkoak. Neu umezurtz sentitzen banaz eta.

  4. egilea: irakurle soil bat

    Doluminak eta Zorionak Joxe.

    Doluminak amarengatik eta Zorionak idazteko orduan, sentimenduak adierazteko duzun kapazidadeagatik.

    Gora biyotzak!!!!

  5. egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko denoi. Eta zuk, Patxi, idatzi lasai zure aitaren gainean, besteok gustura irakurriko dugu-eta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude