Ekialdetik iritsi zen Enara

Gaixotzeak badu gauza onik. Nire kasuan, aukera eman dit irakurtzeko. Egun hauetan etxean egon naiz, bronkitisak jota, eta lo egiteaz gain —muxarrak bezala egin dut lo—, irakurri ere egin dut, apur bat, eta oso gustura.

Irakurri dut Xabier Etxaniz Rojo idazlearen Ekialdetik iritsi zen Enara, di-da batean irakurri ere. Bertan Etxaniz Rojok kontatzen du orain hiru urte emazteak eta berak zelan adoptatu zuten Txinatik haur bat, Enara Fuhan.

Gaia hurbilekoa egiten zitzaidan, inguru hurbilean hiru kasu ezagutzen baititut, non haurrak ekarri baitituzte Txinatik, eta horregatik erosi nuen liburua, jakin-minez.

Eta jakin-minez irakurri dut liburua, di-da, egileak eskutik ezin trebeago eramanda. Zintzoa aurkitu dut egilea, adopziorako arrazoiak azaltzerakoan, eta zintzoa bidaia kontatzerakoan, zeren liburu hau bidaia liburu moduan irakur baitaiteke, bertan uztartzen baitira senar-amazteek egindako bidaia emozionala eta bestea. Ahal baduzue, irakurri.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Glosategiak 725 sarrera ditu

Bi bat hilabete igaro dira sortu genuenetik Glosategia Komunikazioaren gainean. Hori dela-eta, pentsatu nuen garaia zela bertan begiratzeko zenbat sarrera genuen idatzita. Pentsatu eta egin. Azaroaren 22an, letraz letra joan nintzen testua kopiatzen eta word dokumentu batean pegatzen. Bukatutakoan, hitzak kontatu nituen. Hauek dira emaitzak:

  • Hitzak: 19.568
  • Karakterrak: 160.731
  • Paragrafoak: 725
  • Lerroak: 4.133

Paragrafo bakoitza sarrera bat denez, horrek esan nahi du egun horretan, azaroaren 22ko eguerdian, glosategiak 725 sarrera zituela. Ez dago bat ere gaizki, aintzat hartuta glosategia hazten ari dela, lehen pausoak ematen. Denborak aurrera egin ahala, eta glosategia elikatzen dugun neurrian, argi dago gero eta garrantzi handiagoa izango duela.

Adibide ona elkarlanerako
Azaroaren 23an, igandea, Berriak Iñaki Goirizelaia elkarrizketatu zuen, EHUko errektoreordea eta hautagaia bertako errektore izateko. Euskal Herriko unibertsitateen sareaz galdetu ziotela, hauxe erantzun zuen:

  • “Oso konplexu ikusten dut goi mailako agintarien arteko akordioak lortzea, eta oso erraz behe mailan lortzea. Hori bultzatu behar dugu, batez ere denok konpartitzen dugun altxorra daukagulako: euskara”.

Seguruenik, Iñaki Goirizelaiak ez du izango glosategi honen berririk. Hala ere, esan liteke gutaz ari dela hitz egiten, guk horixe egin baitugu: itxaron barik goi mailako agintariek akordioak egin ditzaten, geu etorri gara bat proiektu batean parte hartzeko, besteak beste denok euskaraz dihardugulako, bai irakaskuntzan, bai komunikazioan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Euskal Kulturgintzaren Transmisioa

Euskal Kulturaren Transmisioa from Joxe Aranzabal on Vimeo.         
              

Iaz parte hartu nuen Euskal Kulturgintzaren Transmisioa izeneko aditu tituluan, eta gaur publizitate apur bat egin nahi diot, astelehena ezkero ireki baita matrikulaldia ikastaroaren bigarren aldirako.

Ikastaroa bera antolatu zuten Mondragon Unibertsitatearen Huhezi fakultateak eta Arteola Fundazioak, iaz 60 ikaslerekin. Hurrengo aldia 2009ko urtarrilaren 7an hasiko da, uztailaren 1a arte. Fakultatearen webgunean duzue argibide eta xehetasun gehiago.

Baten bat animatzen bada matrikula egitera, urtarrilean ikusiko dugu elkar, Eskoriatzan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Popacular, erreminta ona

Asteburu honetan iritsi naiz Popacular zerbitzura,
eta izugarri ona iruditu zait. Alde batetik Popacular horrek eskaintzen
ditu hainbat zerrendatan zeintzuk diren webgunerik gordeenak
del.icio.us zerbitzuan, eta hori begira liteke orduoro, azken 8
orduetan, egun batez, astebetez, hilabetez edo del.icio.us hasi zenetik
lanean. Halaber, eskaintzen du zerrenda bat, zeintzuk diren webgunerik
aipatuenak Twitter-en.

Aztertu nahi duenak zer joera gertatzen diren Interneten, hauxe du erreminta egokia. Mila esker GO2Web2.0 webguneari, bere bidez iritsi bainintzen Popacular zerbitzura.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Euskadi ala Euskal Herria?

Euskal selekzioko jokalariek (ala eusko selekziokoek esan behar, behin
horrela jarrita?) eta beste askok esan dute “Euskal Herria” izenarekin
ez baldin bada, ez dutela jokatuko selekzioarekin. “Euskadi” izenak ez
omen du balio, nahiz eta selekzioaren jatorrizko izena –hasieran
“Euzkadi”, eta gero “Euskadi”– horixe izan, eta izen horrekin jokatu
izan zuen Frantzian, Errusian, Belgikan eta Hego Ameriketan, oker ez
banabil, Errepublika garaian eta ondoren. A zelako abilidadea dugun
nonahi zatiketa eragiteko, puruetan puruen agertu behar zoro horrekin.

Ulertuko nuen planto egitea, selekzioaren impasse egoerari amaiera
emate aldera, urtean behingo partida folklorikoarekin aspertuta, baina
izena dela-eta? Gaitz egiten zait ulertzea, benetan, ez bada klabe
politikoan, atzean ematen baitu sokatira gupidagabea jokatzen ari
direla euskal (ala eusko?) nazionalismoaren bi adar nagusiek. Ni,
behintzat, aspertuta naukate, batzuek zein besteek.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Vatikanoa, berriz noraezean

Obamaren taldeak jakinarazi zuenean presidente kargua hartu bezain
laster Obamak atzera botako zituela Bush-en zenbait erabaki, hala nola
diru publikoa ez ematea zelula amen ikerkuntzari, Vatikanoa berriro
atera da plazara esanez “zelula amek ez dutela ezertarako balio”, eta
ez dela komeni ikerkuntza bultzatzea alor horretan.

Ni, berriz, oso pozik nago Obamaren erabakiarekin, horrek itxaropena
ekarriko digulako gaixotasun larriak ditugun edo izan ditugun askori.
Nire ustez, zelula amen gaineko ikerkuntzak biziak salbatuko ditu, eta
gaixo askoren egoera hobetuko du. Horri hesiak jarri nahi izatearekin,
Vatikanoa orpoz orpo doa AEBetako fundamentalistekin, Bush-ek agintean
jarri zituen horiekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Aurrera bolie!

ETAko militante ospetsuek babarrunak jaten badituzte, babarrunak jatea delitua izan daiteke, hedapenez. Txomin Iturbek aurrera bolie! erabiltzen bazuen, aurrera bolie! esatea delitua izan daiteke, hedapenez. Esapide hori ustez erabili izanagatik atxilotu nahi omen du epaile batek Iñaki De Juana, horrekin deia egin bide baitzuen borroka armatuari segida emateko.

Gure etxean betidanik erabili izan dugu aurrera bolie! esapidea, animo gisa unean uneko oztopoak gainditze aldera: gaixotasun bat dela, ezusteko txar bat, nota eskasa… Gure aita zenak erabiltzen zuen, eta guk ere erabiltzen dugu, Mondragoen mundu guztiak erabiltzen duelako. Eta ez epaile horrek eta beste askok pentsa dezaketen zentzuan.

Kontua da Txomin Iturbe ere mondragoetarra zela, eta hark famatu egin zuela esapidea beste testuinguru batean. Orain aurrera bolie! esatea delitu izan daiteke, borroka armatua goraipatzea. Horrek ez dauka ez hankarik, ez bururik, baina errentagarriagoa izan daiteke krisi ekonomikoaz berba egitea baino.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Plone egun oparoa

Joan den ostiralean, azaroak 7, World Plone Day zela-eta, CodeSyntax enpresak mintegi bat antolatu zuen Tagzania enpresa jaio berriaren bulegoetan, Eibarren, eta bertan bildu gintuen hogeita hamar bat lagun, denak Plone erabiltzaileak gure enpresetan.

Konpainia onean
CodeSyntaxek berak egin du dagoeneko egun hartako kronika bere webgunean. Ni oso gustura izan nintzen mintegian, konpainia onean, egia esan: ezkerrean Iban Arantzabal izan nuen, eta eskuinean Oier Araolaza. Aurretik baina, Maite Rementeria agurtu nuen, Faro hau diseinatu zuen diseinatzaile aparta. Guapa zegoen, oso, eta apur bat gizenago, haurdun dago-eta. Otsailean mutikotxo bat ekarriko du. Niri ere sekulako ilusioa egin zidan bera hain pozik ikusteak.

Mintegia
Mintegiak bi zati izan zituen, eta tartean atsedenaldi bat, kafea hartu eta elkarrekin hitz egiteko. Niri bigarren zatia interesatu zitzaidan gehiago, Mikel Lizarraldek eta Gari Araolazak egindako aurkezpenak. Lehenak edukiaz hitz egin zuen, Interneten elkarrizketa sortu beharraz. Bigarrenak, ostera, Google Analytics aplikazioaren posibilitateak aurkeztu zizkigun, jakin dezagun zer neurtu geure webguneetan, ondoren egin beharreko aldaketak ganoraz egiteko.

Bi hitz ikasi nituen mintegian, ordura arte ezezagunak, freemium eta HIPPO, eta dagoeneko sartu ditut Komunikazio-Glosategian. Han nenbilela, Gari Araolazak Grooveshark musika programa erakutsi zidan, eta dagoeneko nik beste lau laguni erakutsi diet, oso erabilerraza baita.

Probetxu handiko goiza izan zen. Orain irakurri egin behar ditut han hartutako apunteak, eta hasi nire jarduera hobetzen.

Plone
Baina zer da Plone? Plone da Edukiak kudeatzeko sistema bat, software libreaz egina eta doakoa, eta oso hedatua nazioartean administrazio, hezkuntza eta enpresen webguneak egiteko. Eraikita dago Zope aplikazio zerbitzariaren gainean, eta Python hizkuntza erabiltzen du. Euskal Herrian CodeSyntax enpresak egiten du lan Plonerekin.

Zer ikusirik dute NASA, Mondragon Unibertsitatea, CIA, Udinese Futbol Taldea, Yale-ko Unibertsitatea, Goiena.net, Brasilgo Gobernua, Dantzan.com, Oxfam, Utah-ko Unibertsitatea eta Zingi Zango erakundeek? Denek darabilte Plone euren webguneak kudeatzeko. Atera kontuak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Behobia-Donostia gogoan

Gaur ez gara joan Behobiara lasterka egitera. Horren ordez, eta aprobetxatuta giro ezin hobea, Begok eta biok Elorrion bertan egin dugu atxintxika. Eguerdian irtenda, tipi-tapa, tipi-tapa, Iguria auzorantz jo dugu, eta gero Kanpazar gora, lehen bihurgune esturaino. Bueltan hobeto ibili gara, haizea alde genuelako. Guztira 50 minutu izan dira, aspalditxo egin dudan lasterketarik luzeena. Primeran.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

56 urte, eta aurrera

Gaur nire urtebetetzea da, 1952ko azaroaren 8an jaio bainintzen. 56 urte bete ditut, eta pozik nago, zelan ez, orain sei urteko ezustekoa igarota.

1952an gertatuak
Jakin-minak jota, Wikipedian begiratu dut, ni jaiotako urtean, 1952an, zer gertatu zen ikusteko:

  • Ezusteko elurte handia egin omen zuen Algerian.
  • Elizabeth II Britainia Handiko erregin bihurtu zen.
  • AEBetan bihotz mekaniko bat erabili zen lehen aldiz gaixo batekin.
  • Neguko Olinpiar Jokoak jokatu ziren Oslon.
  • Winston Churcillek iragarri zuen Ingalaterrak bonba atomikoa zuela.
  • Eliza Katolikoak debekatu egin zituen André Gide-ren liburuak.
  • Anne Frank-en egunkaria argitaratu zen.
  • Eisenhower-ek AEBetako presidentzialak irabazi zituen.
  • Godoten esperoan estrenatu zen, Samuel Becketten lana.
  • Narinder Singh Kapanyk zuntz optikoa asmatu zuen.
  • Jonas Salk zientzialari amerikarrak polioaren kontrako txertoa asmatu zuen.
  • Eva Peron hil zen.
  • Ernest Hemingway-ek Agurea eta itsasoa argitaratu zuen.
  • Fausto Coppik Frantziako Tourra irabazi zuen bigarren aldiz.
  • Albert Schweitzer-ek irabazi zuen Bakearen Nobel saria.
  • Quim Monzo, Orhan Pamuk, Nelson Piquet eta Carlos Knorr nire laguna zena jaio ziren.

Kostata jaio omen nintzen. Hori esaten zuen, behintzat, gure ama zenak. Bera beldur zen nire aurrekoa bezain bizia izango ote nintzen, baina berehala konturatu zen pastel hutsa nintzela, jan eta lo egiten duten horietakoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 12 iruzkin