Bideo jokoak eskolan

(Artikulu hau Jakin aldizkarian atera dut, 168. zenbakian).

Behin eta berriro aipatzen
dugu teknologia berriak zein inportanteak diren, zer betebehar
interesgarria duten irakaskuntzan, zelako garrantzia duten
euskararentzat…, baina bideo jokoak erabat ahaztuta ditugu, munduan
horrelakorik ez balego bezala. Hala ere, estatistikek erakusten digute
AEBetan bakarrik 2007an 9.500 milioi dolar saldu zirela bideo eta
ordenagailu jokoetan. Hori nahikoa ez-eta, uste dugu bideo jokoak ez
direla onak, bakartu egiten dituztela gure seme-alabak, eta biolentziaz
josita daudela. Alemanian, berriz, bertako gobernuak erabaki du Bideo
Jokoen Garatzaileen Elkartea bertako Kultura Kontseiluan sartzea, eta
horrekin ezin garbiago adierazi du bideo jokoak kultura direla.

Errepikatzen
ari gara gure gurasoen jokabidea komikien inguruan: haserretu egiten
ziren komiki asko irakurtzen genituelako, esanez tontotu egingo ginela,
haiek ez zirela gauza serioak. Ez zuten ulertzen oso ondo pasatzen
genuela, eta, komikien bidez, irakurtzen ari ginela, eta sozializatzen,
behin komikiak irakurrita, trukatu egiten baikenituen. Handik
liburuetara pasatzea jauzi naturala izan zen. Baina orain, guraso egin
garenean, gauza bera egiten ari gara bideo eta ordenagailu jokoekin.
Haserretu egiten gara geure seme-alabak ikusten baditugu pantaila
aurrean jolasten.

Hala ere, berandu baino lehen, hobe dugu
aurreiritziak astintzea. Bideo jokoak aspaldi sortu ziren, lehena,
1947an. Hala ere, gizarte fenomeno bihurtu zirenetik, era askotako
bideo jokoak egin dira, batzuk oso arrakastatsuak, eta milioika lagunek
erabili dituzte denbora pasa moduan. AEBetan, batez besteko jokalariak
35 urte ditu eta 12 urte daramatza jokatzen. Ikusita bideo jokoen
eragina jende horren heziketan, gero eta jende gehiago ari da eskatzen
bideo jokoak erabiltzea irakaskuntzan.

Zorionez, gure artera ere
iritsi dira ahots horiek. Uda honetan, EHUren Udako Ikastaroetan, gai
hori jorratu zen: “Bideo jokoak: hezkuntza, sozializazioa eta
berrikuntza”. Eta bertako zuzendariak, Javier Etxeberriak garbi
adierazi zuen hezkuntzan bideo jokoei eman beharko zaiela duten
garrantzia. Horretarako komeni dela helduei, irakasleei bereziki,
erakustea zelan dabiltzan bideo jokoak. “Beste proposamen bat izan
daiteke
hautazko ikasgai moduan bideojokoak erabiltzen ikastea. Hobe da hau
taldean egitea bakarka baino, honela, buruko nahasteak saihestuko
bailirateke (…)”. Javier Etxeberria ez da edonor, curriculum zabala
du eta CSIC erakundean irakasten du, Zientzia Ikerkuntzen Kontseilu
Gorenean. Bada, haren iritzian, “Bideojokoek xehetasuna, azkartasuna,
egokitzapena,
ikasketa eta gaitasun kognitiboak garatzen dituzte. Gainera,
hezkuntzarako, berriztapenerako eta sozializaziorako garrantzitsuak
dira. Era berean, hauei esker haurrak autodidaktak eta kooperatiboak
dira eta sozializatzen laguntzen die (…)”. Zeri begira gaude bideo
jokoak gure curriculumean sartzeko?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Euskara eta indarkeria

Inork pentsatzen badu ETAk mesede egiten diola euskarari bere komunikatuak euskaraz egiten dituelako, pentsa dezala birritan.

Hizkuntzei
buruz hitz egiten dugunean, pertsonen gainean ari gara hitz egiten,
pertsona horien jardueraren alor batez. Pertsona horiek izugarrikeriak
egiten badituzte, gorrotatu egingo ditugu pertsonak, eta gorrotatu
egingo ditugu pertsona horien gainerako jarduerak. Horrela gertatu da
lehendik ere, eta horrela gertatzen da gaur egun.

Hiru adibide

  1. Joan den ostiralean bazkaldu genuen Johan D´haenen
    irakasle belgikarrarekin, eta hark esan zigun Belgikan, oraindik ere,
    jende askok ez duela nahi alemana ikasi laugarren hizkuntza gisa,
    besteak beste jende horrek oraindik oso bizirik dituelako alemanek
    Bigarren Mundu Gerran Belgikan egindako izugarrikeriak.
  2. Frankismoaren
    hondarretan, bestalde, izututa bizi ginen Goardia Zibilak eta
    Espainiako poliziek egiten zituzten gehiegikeriengatik. Hori zela-eta,
    behin baino gehiagotan, ikusten genuenean gutariko baten bat
    gaztelaniaz egiten, galdetzen genion zergatik hitz egiten zuen Goardia
    Zibilen hizkuntzan.
  3. Gu iritsi baginen horrenbesteraino, zelan ez
    dira, bada, iritsiko horrenbestera ETAk kaltetutako guztiak eta berauen
    iritzikideak? Zeren gaur egun, ETA egiten zaigu gorrotagarri, hilketa
    eta estortsioa erabiltzen dituelako bere helburuak lortzeko. Mehatxatuak oharkabean parekatzen ditu borreroa eta borreroaren hizkuntza. Testuinguru horretan, zenbaitek eskatu dute “Euskara askatasunez” erabiltzeko. Harritzekoa?

Euskarak,
alegia guk, ezinbestekoa du ETA eta beronen biolentzia desagertzea gure
mapatik. Denok eskertuko dugu, euskarak eta guk.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 11 iruzkin

Huheziko kontua eta del.icio.us

Ikasturte honen hasieran
Informazio eta Komunikazio Departamenduko kideok Huhezi fakultatean erabaki genuen kontu
bat sortuko genuela del.icio.us-en, eta bertan kide guztiok joango
ginela gordetzen sarean irakurritako irakurgai interesgarriak. Era
horretan hasiko ginen jakintza partekatzen, irakurritakoari dagokiona
bederen, gure artean eta ikasleekin batera. Esan eta egin. Sortu genuen
kontua eta izena eman genion Huheziko, alegia Huezi + IKO, horixe baita
Ikus-entzunezko Komunikazioa karreraren izena.

Hasi ere hasi
gara irakurgaiak gordetzen –dagoeneko 277 ditugu hor– eta sailkatzen,
horretarako etiketak erabilita, gehienak komunikazioarekin lotuta. Hori
nahikoa ez-eta, Huheziko buletina sortu genuen, egunero-egunero
jakin genezan zer motatako irakurgaiak ari garen gordetzen. Eta
horretarako IKTeroen tutoriala erabili genuen lotsa barik (Mila esker, bide batez!). Oraindik
kostatzen ari zaigu del.icio.us erabiltzea, ez zaila delako, baizik eta
oraindik ez dugulako barneratu haren premia eta beharrezko
automatismoak.

Nahi baduzue Huheziko zuen del.icio.us sarean
sartu —network erabilita— egizue lasai asko, hor gordetakoa ez baita
guretzat soilik, nahi duzuen guztientzat baizik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

Nekatuta nago

Pozik irten nintzen Erasmus ikasleekin izandako bazkaritik, eurak ere oso pozik ari direlako gure fakultatean eta Euskal Herrian oro har. Handik puntuko, berriz, Aitorrek esan zidan: “Badakizu?”. Kito. ETAk beste pertsona bat hil du, ustez, oraingoan Azpeitian.

AHTren aitzakian aukeratu dute biktima. Nire herriaren izenean sakatu dute pistolaren katua. Askatasunaren gorazarrez hil dute kondenatua. Euskara ahotan hartuta erreibindikatuko dute hilketa. Nazkatuta nago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Afari lasaia

Arrasate Pressek, 20 urte
Arratsaldeko 20:00etan jarri genuen hitzordua, Portaloian, Arrasateren
bihotzean. Hotz egiten zuen. Iñaki, harrituta, zer aldatuta dagoen
Mondragoe. Aspaldi etorri barik zegoen, antza. Kajoi tabernan trago bat
jota, Erreka jatetxera egin genuen. Han Gontzal Landa agertu zitzaigun,
Mondraberri agerkari digitaleko kazetaria, eta argazki batzuk atera
zizkigun. Bederatziak inguruan, mahaira egin genuen.

Ondo afaldu genuen, hitz eta pitz denbora guztian: hirigintza, krisi
ekonomikoa, bihotzeko kontuak… denetik apur bat egin genuen berba,
Arrasate Pressen gainean izan ezik. Bukaera aldera, argazki batzuk
atera Joxeferen argazki makina marabillosoarekin, eta konturatu orduko,
ia gauerdia. Ordaindu, eta joan egin ginen, bakoitza bere habiara,
hitzordu jakin barik hurrengo baterako. Dena ondo badoa, bost urte
barru izan daiteke, 25. urteurrenean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Arrasate Pressek 20 urte bete ditu

1988ko abenduaren 2an, ostirala, kaleratu zen Mondragoen Arrasate Press
herri aldizkariaren lehen zenbakia.
Gaur inork ez du txapligurik botako
20. urteurren hori ospatzeko, gaur egun Arrasate Pressik ez delako, 2000.
urtean beste proiektu zabalago batean uztartu baitzen, Goiena
proiektuan. Hala ere, orain hogei urte, Arrasate Press mugarri bat izan
zen, euskarazko prentsa lokalaren loraldia ekarri baitzuen Euskal
Herrira.

Hilabete
batzuk lehenago, lau lagun elkartu ginen AED euskara elkartean,
Mondragoen bertan, eta hasi ginen pentsatzen merezi ote zuen herri
aldizkari bat egitea erabat euskaraz: Jose Mari Eraña udal idazkaria
zen garai hartan Arrasateko Udalean, Joxe Felix Diaz de Tuesta, euskara
teknikaria udal berean, Iñaki Mendiguren itzultzailea eta ni, irakaslea
Bergarako Udal Euskaltegian. Batez beste 35 bat urte genituen. Beraz,
ez ginen ume mokoak. Une
hartan, gainera, laurok genituen zuzendaritza ardurak gure lanetan.
Hala ere, batek bakarrik zuen kazetaritza esperientzia, nik, baina oso
esperientzia laburra, zeren hamaika urte lehenago Garaia aldizkarian
egin nuen lan bospasei hilabetez. Hala ere, denok erakutsi genuen
bagenuela kazetaritza sena, eta horrek bultzatu gintuen aurrera egitera.

Lehen ale hura egiten beste zenbait jendek ere parte hartu zuen: Bego
Zubia
eta Juan Luis Azkarate kazetariak eta Amaia Garro publizistak.
Denek, Jose Luis Agoterekin batera, gau pasa egin behar izan zuten alea
garaiz irten zedin. Beste horrenbeste egin behar izan zuten Gertu
inprimategiko lagunek. Erditze gogorra izan zen, denok ere genuelako
eskarmenturik, baina poza ere izugarria hartu genuen.

Inork nahi badu irakurri Arrasate Pressen historia, Google Docs-en aurkituko du nire lan bat, aurkeztu nuena 2008ko ekainean Euskal
Kulturgintzaren Transmisioa ikastaroan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

Zilarrezko surflariak

Joan den astean Enrique Dans blogariaren mezu batean ikasi nuen zer diren zilarrezko surflariak. Gainera, jakin nuen ni ere kategoria horretan sartzen naizela. Bitxia iruditu zitzaidan, eta berehala prestatu nuen sarrera bat Komunikazio-glosategirako:

  • zilarrezko surflari. (silver surfer). (Internet) Pertsona adinekoa da, jeneralean 50 urte baino gehiago ditu, eta ordu asko igarotzen ditu Interneten nabigatzen. Izatez, Silver surfer —hortik baitator izena— komikietako heroia zen, ahalmen handikoa, eta unibertsoa zeharkatzen zuen bere oholaren gainean.

Silver horrek badu, bestalde, zerikusirik goiko definizioarekin, zeren adin horretako jende askok —ez denok, bistan da, zenbaitzuri apenas geratzen baitzaigu ilaje handirik kaskoan— urdinduta baitute ilea. Betoz, bada, zilarrezko surflariak, beraiena izango baita erretiratuen paradisua.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Zelan erabili hedabide sozialak

Bideo interesgarria ikusi dut, Jun Loayzak eginda Future Delivery telebistan: zelan erabili hedabide sozialak zure marka indartzeko. Jun Loayzak hainbat media aipatzen ditu gure produktibitatea sarean areagotzeko:

  • Bloga. Guztiaren abiapuntua. Berak WordPress bloga gomendatzen du. Hor idatziko ditugu geure artikuluak eta isuriko ditugu geure hausnarketak.
  • Facebook. Gaur egun mundu guztiak du kontu bat Facebook-en. Beraz, nire lagun guztiek irakur ditzakete nik blogean idatzitako artikuluak. Erabili “status” edo “actualizar estado” zure blogeko mezuak sustatzeko.
  • Google Alerts. Edozein gairen jarraipena egiteko. Zerbait aurkitzen duen aldiro, Googlek abisu bat bidaliko dizu posta zerrendara, eta aukera izango duzu berehala erantzuteko.
  • Twhirl.org. Zure Twitter taldearen jarraipena egingo dizu, ordenagailuan bertan.
  • Twitter search. Bilatzeko Twitteren gertatzen ari den guztia. Adibidez, “Mumbai” edo “Kutxa” idatziz gero, hor aurkituko dituzu jendea zer esaten ari den joan den astean bai Mumbain eta baita Donostian gertatutako kontuak.
  • Twitter alert. Google Alertsen tankerakoa. Hitz gakoak sartzen dira, norberaren izena edo konpainia, esate baterako, berauen jarraipena egiteko.
  • Ping.fm. Aurreko baliabide guztiak, eta beste asko, bateratzen dituen tokia. Aurkikuntza ederra, nik baieztatu dudan moduan. Beronen bidez, Gmail erabilita, Twitteren, Facebooken, blogean eta beste hainbat zerbitzutan argitara daiteke, aldi berean.

Ahal baduzue, ikusi bideoa eta probatu hor aipatzen diren aplikazioak, merezi dute-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Hilario Arbelaitz

Atzo Hilario Arbelaitz sukaldariarekin egin nuen lanetik etxerako bidea; bera hitz egiten, Euskadi Irratian, eta ni berari entzuten, automobilean. Ezagutzen dut Hilario, gurekin egon baitzen apaizgaitegian, Saturraranen
lehenengo, eta Donostian gero. Bera urte bat zaharragoa zen gu baino,
baina bagenuen harremana, bere anaia Jose Angel ere gurekin batera
sartu baitzen Saturraranen. Aspaldiko kontuak.

Harrituta entzun
nion Hilariori, zeren denbora piloa hitz egin zuen Saturraranen
izandako esperientziaz, oso oroimen onak dituelako hangoak. Hain
famatua izanda, ez nuen uste hain garbi berba egingo zuenik orduko
kontuez, baina zintzo jokatu, eta bere sentimenduak agerian utzi zituen.

Elkarrizketa oso interesgarria izan zen, eta horri esker, nik ere gauza asko ikasi nituen Hilarioren gainean, lehendik ez nekizkienak: aita zenaren heriotzak izandako ondorioak, Ainhoako esperientzia, Donostiarako bisita asteburuetan, pala partidak lagunekin, etab. Sukaldari handia da Hilario, eta pertsona ona. Besarkada handi bat!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Zerbait aldatu da Mondragoen

Atzo Xabier Iturbe izan zen Arrasaten, Kutxako presidentea, eta,
berrogeita bost bat minutuz, euskara hutsean hitz egin zuen Kutxa eta
BBKren arteko bategiteaz, 70-80 bat lagunen aurrean, gehienak
Debagoieneko enpresarioak. Orain 25 urte, Arrasate Euskaldun Dezagun
(AED)
elkartea sortu zenean, pentsaezina zen hori gure herrian, baina
atzo naturaltasun osoz gertatu zen, bai hizlariaren partetik, eta baita
entzuleei zegokienez ere.

AED harro egon daiteke urte hauetan egindako lanarekin, seguru bainago
atzokoa ez zela posible izango aurretik berak herrian –eta herritik
kanpo– eragindako dinamikagatik izan ez balitz. Hala ere, AEDk berak
aintzat hartu beharko du gaurko egoera eta bera sortu zenekoa ez direla
berdinak. Atzoko ekitaldiak horixe erakusten digu. Zorionak, eta 25.
urteurren oparoa!

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina