56 urte, eta aurrera

Gaur nire urtebetetzea da, 1952ko azaroaren 8an jaio bainintzen. 56 urte bete ditut, eta pozik nago, zelan ez, orain sei urteko ezustekoa igarota.

1952an gertatuak
Jakin-minak jota, Wikipedian begiratu dut, ni jaiotako urtean, 1952an, zer gertatu zen ikusteko:

  • Ezusteko elurte handia egin omen zuen Algerian.
  • Elizabeth II Britainia Handiko erregin bihurtu zen.
  • AEBetan bihotz mekaniko bat erabili zen lehen aldiz gaixo batekin.
  • Neguko Olinpiar Jokoak jokatu ziren Oslon.
  • Winston Churcillek iragarri zuen Ingalaterrak bonba atomikoa zuela.
  • Eliza Katolikoak debekatu egin zituen André Gide-ren liburuak.
  • Anne Frank-en egunkaria argitaratu zen.
  • Eisenhower-ek AEBetako presidentzialak irabazi zituen.
  • Godoten esperoan estrenatu zen, Samuel Becketten lana.
  • Narinder Singh Kapanyk zuntz optikoa asmatu zuen.
  • Jonas Salk zientzialari amerikarrak polioaren kontrako txertoa asmatu zuen.
  • Eva Peron hil zen.
  • Ernest Hemingway-ek Agurea eta itsasoa argitaratu zuen.
  • Fausto Coppik Frantziako Tourra irabazi zuen bigarren aldiz.
  • Albert Schweitzer-ek irabazi zuen Bakearen Nobel saria.
  • Quim Monzo, Orhan Pamuk, Nelson Piquet eta Carlos Knorr nire laguna zena jaio ziren.

Kostata jaio omen nintzen. Hori esaten zuen, behintzat, gure ama zenak. Bera beldur zen nire aurrekoa bezain bizia izango ote nintzen, baina berehala konturatu zen pastel hutsa nintzela, jan eta lo egiten duten horietakoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 12 iruzkin

Albiste onak

Atzo kontrol eguna izan nuen Galdakaoko Ospitalean. Hara joan aurretik
baina, goizeko lehen orduetan, ordenagailura joan, eta ikusi nuen
Obamak irabazi zituela hauteskundeak AEBetan. Albiste ona. Gero, autoan
nindoala, informazio gehiago jaso nuen Euskadi Irratian. Itxaron gelan
telebista zegoen piztuta, Tele5, eta han ere, ez zegoen beste
mintzagairik. Odola aterata, kafe ordua. Egunkariek ez zuten esaten nor
zen irabazlea, baina artikulu interesgarriak aurkitu nituen zenbaitetan. Lluis
Bassets adituak, esate baterako, hau zioen artikulu batean, El País
egunkarian:

  • Nahiz eta hedabide tradizionalek Obama maite, berriek eman diote
    garaipena: Internet, marketin birala, telefono bidezko mezuak, bideoak
    YouTuben, bideo jokoak. Obamak jendetzak mobilizatu ditu, ezohiko
    zerbait AEBetako politikan, baina mobilizaziorik biziena ikusi da
    hedabide berrien erabileran, txat eta sare sozialetan.

Medikuak deitu zidanean, aurrean zituen azken eskanerraren emaitzak.
Dena ondo, esan zidan, datu guztiak erabat normal daude. Ohatilan
etzan, eta ondo miatu ninduen. Arazorik ez. Hurrengo hitzordua,
otsailean.
Ordurako beharbada erabat kenduta izango dut Prednisona,
kortikoide bat oraindik ere hartzen nabilena, erretxazo kontuak
konpontzeko. Irtendakoan, Begori deitu diot: albiste onak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Zer ikasi Obamaren kanpainatik

Chris O´Brien kazetaria zur eta
lur geratu zen jakin zuenean Obamaren taldeak erabiliko zituela bideo jokorik
arrakastatsuenak  bere kanpainaren publizitatea
egiteko. Hori zela-eta, artikulu bat idatzi zuen IdeaLab blogean:
Erredakzio taldeek zer ikas dezaketen Obamaren kanpainatik. Hona hemen
zati bat, gutxi gorabehera itzulita:

“Zer harreman dute bideo
jokoek eta erredakzio taldeek? Argi dago azken urte honetan Obamaren
kanpainak oso ondo ulertu duela bere komunitateak zelan bilatu eta
kontsumitzen duen informazioa, hainbat plataforma erabilita. Obamak
denak eman ditu ontzat, eta moldatu egin du bere mezua jendeak
plataforma horiek darabiltzan erara.

“Ikasgai garrantzitsu bat
da, erredakzio talde guztiek ikasi beharrekoa. Iaz The Next Newsroom
Project
egitasmorako egindako ikerketan sei printzipio antzeman
genituen erredakzio taldeek bere egin beharrekoak. Horietako batek
eskatzen die ontzat hartzea plataforma guztiak. Ez da nahikoa esatea,
“Eh, lehendabizi sarean egon nahi dugu”. Horren ordez, pentsatu zelan
erabili plataforma guztiak modu bertsuan: sakelako telefonoak, sarea,
papera, irratia eta telebista. Eta prest egon esperimentatzeko ager
daitezkeen beste batzuekin, bideo jokoak barne.

“Ezinbestekoa da
erredakzio taldeek ulertzea beren komunitateak, non dauden, zelan
eskuratzen dituzten albisteak eta informazioa, eta berau zelan
kontsumitzen duten era guzti horietan”.

IdeaLab.http://www.pbs.org/idealab/2008/10/is-barack-obama-the-newsroom-o.html

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

D eguna

Gaur Fagor Etxetresna Elektrikoak kooperatibako langileek batzar
berezia egingo dute Uarkape pilotalekuan, Mondragoen, erabakitzeko
kobratuko ote duten Gabonetako aparteko paga. Debagoienean ez da beste
ezertaz hitz egiten, Fagor txarto baldin badabil, beste batzuk are eta
okerrago ibil daitezkeelako. Kooperatibistek erabakitzen badute ezetz,
ez dutela kobratuko geratzen den aparteko paga, izango da neurri bat
gehiago, beste askoren artean, krisi ekonomikoari aurre egiteko.

Gaurko izenbururik potoloenak itsasoz bestaldetik etorriko dira,
seguruenik, gaur bozketa eguna baita AEBetan, baina gure arteko askoren
begiak Uarkapera begira daude, han zer erabakiko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Hamilton, txapeldun

Pilota partida ikusita —inork esplikatuko dit zer esan nahi duen Retegi Bi horrek?—, eta aprobetxatuta euria goian behean ari zuela kalean, atzo 1 Formulako azken lasterketa ikusi nuen, Brasilgo sari nagusia. Bukaera ikusgarria izan zuen, Hamiltonek azken bihurgunean pasatu baitzuen Glok alemana, Massaren familiartekoak salto eta brinko ari zirela, pentsaturik brasildarra zela munduko txapeldun berria.

Pedro de la Rosa pilotoa izan ezik —beti neurtua eta jakintsu komentarista moduan—, Tele 5ko kazetariak desastre hutsa dira, berbalapikoak eta partzialak, dena ikusten baitute Alonsoren arabera.

Faboritoei dagokienez, berdin zitzaidan batak zein besteak irabaztea, Massak edo Hamiltonek. Azkenean baina, Hamiltonek irabazi, puntu batengatik bada ere. Zorionak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Errege kokoloa

Atzo iluntzean, Iñaki Lasa kontatzen ari zitzaigula Huhezin errege kokoloaren ipuina, istorio bat Amos Oz idazleak jasoa nonbaiten, gogora etorri zitzaidan Espainian zelako jarrera menpeko eta akritikoak azaleratu diren Sofia erreginak egindako zenbait adierazpen lotsagarriren inguruan: Espainiako gobernua berehala irten da errege-erreginei pelota egiten, zein onak diren eta zein komenigarriak Espainia ondo joan dadin.

Ipuinean, iseka egiten zioten denek errege kokoloari. Espainian, koipea ematen diote, etengabe, denak adurra dariola jarri arte. Aristokrazia zaharkituaren adibiderik negargarrienak ezin du hutsik egin, eta, beraz, ezin da kritikatu. Zein ote kokoloago?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Besarkada bat NUko lagunei

Behin baino ez naiz izan Nafarroako Unibertsitatean, baina han baditut
hainbat ezagun, batez ere SND elkarteak antolatutako zenbait kongresutan
izan nintzeneko garaietatik. Maite Martinez, esate baterako, zeinak
tramitatzen baitzituen gure paper guztiak bidaia haiek egiteko. Edo
Juan Antonio Giner, garai hartan bidai haietako koordinatzailea.
Geroago, Ramon Salaberri ezagutu nuen, sarea zela medio. Eurei, eta
Nafarroako Unibertsitateko guztiei, nire besarkadarik handiena.
Basakeriak ez du irabaziko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Konjuntibitisa

Hiru egun egin ditut begiak gorri eta malkoak dariola. Autoa gidatzen
edo ordenagailuaren pantaila aurrean lanean ari nintzela, begiak gaizki
igartzen nituen.

Atzo, ezin gehiago eutsi-eta, okulistarenera joan
nintzen. Begiratu baino ez, esan zidan konjuntibitisa dudala, mintz
baten hantura, betazalen barrukoa, baina begi globora ere zabaltzen
dena. Zazpi egunez, tanta batzuk eta pomada berezi bat hartu behar
ditut. Hala ere, hiru bat egun beharko omen ditut begiak bere onera
bueltatzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Glosategia zabalduz doa

Mondragon Unibertsitatearen Huhezi fakultateko talde baten glosategia
izan behar zena, zabaltzen doa beste unibertsitateetara. MUtik kanpo
lehena sartzen izan zen Edorta Arana, Euskal Herriko Unibertsitatekoa,
baina haren ondoan etorri dira Josu Amezaga (EHU), Arantxa Gutierrez
(EHU), Uxune Martinez (UEU) eta Iñaki Zabaleta (EHU). Sartu dira, eta
hasi dira lanean, hitzak eta definizioak osatzen. Bejondeiela denei!

Bi atal gehiago
Bestetik, glosategiak bi atal gehiago ditu atzo ezkero: Dokumentazioa
eta Bideo Jokoak, biek gero eta lotura handiagoa izango dutelako gure
ikasketetan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 2 iruzkin

Internet bidezko bikoteak

2007an
4.400.000 pertsona ezkondu ziren AEBetan. Horietatik 100.000k
Interneten ezagutu zuten elkar. Garbi dago gaur egun ligatzeko Internet
erabiltzea ez dela tipo bitxi batzuen kontua, sarearen hasieran jotzen
zen moduan. Orduan neskazahar edo mutilzahar erremedio bakotzat jotzen
ziren sarea erabiltzen zutenak horretarako, moldakaitzak edo erloju
biologikoak ate joka zutenak.

Gaur,
ostera, amerikarren %61ek ez du jotzen sarean ligatzea etsi-etsian
egindako ekintzatzat. Halaxe dio The Pew Internet and American Life
proiektuak. Horren arabera, amerikarren ia erdiak uste du Internet bide
egokia dela jendea ezagutzeko. Hori dela-eta, lau amerikar
ezkongabetatik batek erabiltzen ditu sarean dauden 1.000tik gora
webgune bereziak neskatan edo mutiletan egiteko.

Jendea
albo batera uzten ari da lege zaharreko bideak bikotekideak bilatzeko
—eliza, erakundeak edo zelestinak—, eta beste batzuk ari da erabiltzen,
hala nola lantokia eta Internet. Azken honek leku asko ditu
horretarako, esate baterako Match.com eta eHarmony, baina baita gune
bereziagoak ere, DateAGolfer kasu, non golf jokalariak bila daitezkeen,
Animal Atraction, animaliak maite dituztenentzat edo Positive Singles,
non elkartzen baitira ezkongabe seropositiboak.

Eta
ez pentsa gizartearen behe mailako jendea ari dela Interneten bikote
bila, AEBetan behintzat, ez. Gehienak ondo kokatuta daude gizartean,
lan onak eta etxeak dituzte, hirietan bizi dira eta alderdi demokratari
ematen diote botoa.

Euskal Herrian
Euskal Herrian oso
bestelakoak garela? Baliteke, baina uste baino gutxiago seguruenik.
Abuztuan, gehienok oporretan ginela, aspaldi ikusi bako bikote bat
ikusi genuen Elorrioko plazan. Mutila Elorrion jaioa da; neska, berriz,
Uruguain. Orain sei bat urte Internet bidez ezagutu zuten elkar. Mutila
eliza katolikoan bataiatua zen; neska, berriz, juduan. Hala ere,
ezkondu egin ziren, eta gaur egun Urugain bizi dira, bi
seme-alabarekin. Gure bi lagunak ez dira salbuespena: Interneten
sortutako bikote gero eta gehiagotan nahastu egiten baitira
nazionalitatea, erlijioa eta etnikotasuna.

Hala
ere, Iparragirreren leloa ausartegitzat jotzen dutenek —“Eman ta zabal
zazu munduan fruitua”—, aukera dute Kaixomaitia.com webgunean lagun
euskalduna egiteko, webgune horrek horixe eskaintzen baitu abiapuntu
legez: hurbiltasuna eta euskara.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina