Zilarbizi

Lehen aldiz irakurri nuenetik gustatzen zait zilarbizi hitza, merkurio adierazteko, nola gustatzen zaidan ostikolari,
futbolista esateko. Badakit oso gutxi erabiltzen direla, ia ezer ez
gaur egun, baina niri oso adierazgarriak egiten zaizkit biak.

Egun hauetan berriro etorri zait gogora zilarbizia, termometroa batetik bestera erabili behar izan dugulako etxean.

Ibon Sarasolak horrela adierazten ditu hitz horren nondik norakoak Euskara batuaren ajeak liburuan:

  • Merkurio.
    Ez dago hitz honen arrastorik euskal tradizioan: nik ez dut UZEIk
    1983an argitaraturiko Kimika hiztegian baino lehen ikusi testu batean. Zilarbizi, aldiz, 1847az gero ez da gutxi erabili euskaraz. Batek baino gehiagok uste duenaren kontra, zilarbizi
    ez da garbizaleren baten fantasiak sortua: aitzitik, hori da Europan
    zabalduen dagoen forma: latin hizkuntzak alde batera utzirik, quicksilver dugu —mercure-rekin batera— ingelesez, eta, Quecksilber soilik alemanez, kwik(zilver) soilik nederlanderaz, kviksØlv soilik danieraz, kvicksilver soilik suedieraz; eta poloniera ztec eslabiarraren ondoan, zywe srebro… Hortaz, zein arrazoi dago, setakeriaz bestalde, zilarbizi baztertu eta merkurio bultzatzeko? (138. or.)

Zehazki hiztegian, berriz, Ibonek berak hitz biak jotzen ditu ontzat: zilarbizi eta merkurio.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Armada espainiarra hondamendietan

Zergatik ote hondamendi natural bat-edo gertatzen den bakoitzean TVEk ateratzen duela Espainiako Armadako unitate bat, 70 bat lagunekoa, eta erakusten duela bertako kideek zelan egiten duten lan elurra kentzen (elurteetan) edo lokatza garbitzen (uholdeen ostean)?

Begi bistakoa da 70 lagunek ezer gutxi egin dezaketela horrelako hondamendietan, batez ere hondamendiak eremu zabalak hartzen dituenean, joan den ostiralean Madril inguruetan bezala —non denak elkarrekin ari baitziren palekin eskuz elurra garbitzen— barre ere eragiten dit niri, baina baten bat interes berezia erakusten ari da Espainiako Armadaren beste aurpegia erakusteko.

Ez ote da Carme Chacón dabilela hor, oraingo Defentsa ministro eta bihar-etziko lehendakarigai sozialista?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Seguru asko, ez da egongo Jainkorik

Gustatu zait Ariane Sherine kazetari britainiarrak Londresko autobusetan abiatu duen kanpainaren leloa: “Seguru asko, ez da egongo Jainkorik. Utzi kezkatzeari, eta gozatu bizitza”.

Mezu positiboa eta neurtua da, garbi uzten baitu tronpatzeko aukera, alegia, egon daitekeela Jainkoa. Aitzitik, Elizak sekula ez du hitz egiten probabilitateen gainean, eta inoiz ez du ñabardurarik onartzen. Anjel Lertxundik atzo gogorarazi zigun moduan, Vatikanok estupido deitu die Bartzelonako autobus ateoen antolatzaileei, ekimenak Londrestik Bartzelonarako bidea egin baitu, “gaurdaino inork ez du demostratu ez dagoela Jainkorik” esanda. Eta nork demostratu du badela Jainkorik?

Bejondeiela Ariane Sherine eta bere kideei. Ea noiz ikusten dugun mezu hori Euskal Herriko autobusetan ere, eta euskaraz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Ni ere Tuentin

Errege bezperak ezusteko oparia ekarri zidan: Iñaki Larrañaga koinatuaren gonbita Tuentin kontu bat irekitzeko. Gonbita jaso eta berehala sortu nuen kontua. Eta orain, hemen nabil probak egiten, aztertzen zer aukera dituen Tuenti horrek eta zertan bereizten den Facebook-etik.

Justu egun batzuk lehenago Miren alabak sortu zuen bere kontua Tuentin—bere lagun ia guztiak sartu dira hor—, eta oso pozik zebilen esperientziarekin. Nik ere nahi nuen kontu bat sortu, datorren lauhilekoan Web 2.0 irakasgaia ematerakoan, esperientziatik jakiteko zelakoa den Tuenti.

Zuetariko norbaitek gura badu gonbita bat jaso Tuentirako, esadazue erantzun batean, programak aukera ematen dit-eta hamar gonbita bidaltzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 8 iruzkin

Non dago Ertzaintza?

Egun hauetan, inguruak elurtuta daudela, ez dut ertzain bat bera ere ikusi errepidean: ez trafikoa bideratzen, ez aholkuak ematen, ez eta laguntzen ere. Kasualitatea izango da, eta seguruenik ibiliko ziren hortik zehar horrelako lanetan, baina nik ez ditut ikusi. Ez, behintzat, Elorrio eta Eskoriatza artean.

Lehen, horrelako egunetan, beti ikusten nituen, mendateen inguruetan batez ere. Azken aldi honetan baina, eta Ondarruko ertzaindegiak izan zuen atentatuaren ostean batik bat, irudipena dut askoz ere gutxiago agertzen direla errepideetan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Noizko kanal klasikoa EITBn?

Azken aldi honetan noiz edo noiz “Klasikoak EITBn” entzuteko aukera izaten dugu Euskadi Irratian, tarte labur bat musika klasikoaren pieza ezagunak entzuteko. Jeneralean iluntze partean izaten da, baina atzo, esate baterako, 14:00ak aldera egokitu zitzaigun.

Niri, behintzat, oso tarte atsegina egiten zait. Eta, kontuan hartuta aspaldi honetan dutxara noanean-eta Radio Clásica ipintzen dudala, gainerako emisoretan dabilen zaratatik urrundu guran seguruenik, galdetzen diot neure buruari Euskal Irrati Telebista noiz animatuko ote den kanal klasiko bat ipintzera bere irrati sarean, euskaldunok ere, Europako irratizale gehienek bezala, goza dezagun musika klasikoaz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Autobiografia bikaina

Justu Gabonetako oporrak hasi bezperan, Aitor Arregi lankideak gomendatu zidan Stefan Zweig idazlearen autobiografia: El mundo de ayer. Memorias de un europeo.
Berau erosi arte ez nuen bakerik izan, aurretik beste liburu bat
irakurria bainuen Zweig-ena, Emakume
ezezagun baten gutuna,
izugarri gustatu zitzaidana.

Plazer handia izan da liburu hau
irakurtzea. 546 orrialde ditu, baina zein gustura irakurri dudan! Bere
orriotan aurkitu dut gizon bat handia, pentsalari zorrotza, europazale
komentzitua, demokrata sufritua eta idazle bikaina. Barneratu naiz bere
garaiko Europan eta ezagutu ditut hainbat eta hainbat pertsonaia
nabarmen: idazleak, musikariak, pintoreak… XX. mende hasierako Viena,
lehen eta bigarren mundu gerrak, orduko mugimendu bakezaleak, Hitlerren
igoera agintera, juduen jazarpena, deserria…

Hain justu, hau
izan zen Stefan Zweig-en azken lanetariko bat, berau idatzi eta
gutxira, artean liburua argitaratzeke zuela, bere buruaz beste egin baitzuen
Brasilen, lur jota naziak gerran egiten ari ziren aurrerapenengatik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 6 iruzkin

Agur Prednisona, agur

Bost urte egin ditut Prednisona hartzen, kortikoide bat lagundu didana erretxazoa saihesten hezur-muineko transplantearen kausaz. Azazkalak pitzatuta eta desitxuratuta dauzkat, horrenbesteraino ahuldu baititu Prednisonak aldi luze honetan: bigarren mailako kalteak.

Azkenean baina, iritsi da garaia agur esateko kortikoideari. Bost urte hauetan poliki-poliki joan behar izan dut jaisten botikaren kopurua, nire gorputzak izugarri igartzen zuen-eta edozein jauzi, txikiena izanda ere. Azken aldian zazpi egunean behin bakarrik hartzen nuen, 2,5 mgr. Oso kopuru txikia.

Orain astebete daramat ezer hartu barik, eta aurrerantzean asmoa dut ezer ez hartzeko, ea gorputzak zelan erantzuten duen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Elkartasuna EITBko langileekin

Azken orduetan urrun samar ibili naiz Farotik. Hala eta guztiz ere —Twitter-en eta Facebook-en egin nuen bezala—, hemen ere garbi adierazi nahi diet nire elkartasuna EITBko guztiei. Animo, eta segi aurrera, zentzugabekeriak ezin izango du-eta isildu zuen ahotsa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Gabon gaueko afaria

Gabon gaueko afaria Elorrion egin genuen, geurean. Bertan zortzi lagun izan ginen, tartean gonbidatu bat, Michele. Jana eta edana, ona eta ugari. Giroa ere, paregabea. (Argazkiak: Aitor Larrañaga)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina