Izua sarean

Zertan jolasten dira gure seme-alabak? Bilatzaileak egokiak al dira adingabeentzat? Interneten egiten ditugun erosketak beti seguruak al dira? Gure adingabeak prestatuta al daude sarean modu seguruan ibiltzeko?

Lasai. Hau ez da Armagedon egunaren bezpera, munduaren akabera. Galdera horiek guztiak jasota daude Ruben Mandiola Erkorekak gaur Berria egunkarian argitaratutako artikulu batean: Zertan jolasten dira gure seme-alabak?

Ruben Mandiola Erkoreka Segurtasuneko zuzendaria da Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo eta Industria Sailean, eta gaurko artikuluan jakinarazi nahi izan digu zertaz hitz egin zen jardunaldi batzuetan: Gazteak, aisialdia eta teknologia berriak. Baina hori egiteko aukeratu du tonu berezia, ingelesek FUD izendatzen dutena —Fear, uncertainty and doubt/Beldurra, ziurgabetasuna eta zalantza—, oso erabilia salmentetan, marketinean, harreman publikoetan, politikan eta propagandan, eragiteko jendearen pertzeptzioetan, informazio negatiboa zabalduta.

Tamalez, artikuluaren datu interesgarriena galduta geratzen da hainbesteko zalantza artean: “2007. urtean bideo jokoak ikus-entzunezko aisialdiaren eta aisialdi interaktiboaren kontsumoaren erdia baino gehiago izan ziren Euskadin, musikaren eta zinemaren industriaren aurretik nabarmen”.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

2 erantzun Izua sarean-ri

  1. egilea: Iñaki Murua

    Ezezaguna beti izu iturri. Ados ziberespazioan mugitzen eta elkarreraginean jarduten ikasi behar dutela, besteak beste. Hala ere, zer egiten dute gure haur eta gazteek kalean? Kaleak seguruak al dira?

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Ados, Iñaki. “Interneten egiten ditugun erosketak beti seguruak al dira?”, galdetzen du. Seguruenik, ez. Baina gauza bera galde dezakegu, beste modu batean: “Internetetik kanpo egiten ditugun erosketak beti seguruak al dira?” Badakigu ezetz. Orduan, zertara dator halako galdera apokaliptikoak beti Internetekin lotuta egitea? Eguberri on!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude