Haur gorriak: gerraosteko izugarrikeriak

Dokumentu ikaragarri hau orain hilabete eta erdi entzun nuen, hor nonbait, harrikoa egiten ari nintzela, larunbat arratsaldeko bazkaloste batean. Orain aurkitu dut eskegita Documentos RNE irratsaioen artean, eta gomendatu nahi dizuet.

Gerraosteko Espainian gertatua kontatzen du dokumentuak, frankismoak Errepublika zaleen seme-alabekin egindako izugarrikeriak, tartean Saturrarango espetxekoak. Interesik baldin baduzue, jaitsi dokumentua eta gorde, ez bainintzateke harrituko PP gobernura iritsiz gero, berehala desagertaraziko balu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Gaueko hegaldia

Joan den asteazkenean erosi nuen Gaueko hegaldia, Antoine Saint-Exupéry idazle frantsesaren liburua, hitzaldira joan aurretik, eta biharamunean hasi nintzen berau irakurtzen, ez bainuen indarrik beste ezertarako. Atzo amaitu nuen, kanpoan euria ari zuela goian behean.

Hiztegia alboan behar izan dut liburua irakurri bitartean, Iparraldeko euskara hautatu baitu Koldo Izagirre itzultzaileak liburu honetarako. Amaieran, hiztegitxo bat nuen egina, poxelu, engoitik, haboro, zohardi eta harzara bezalako hitzekin.

Hiztegiak hiztegi, gustura irakurri dut liburua, nire irudimenak atzera egin du hastapeneko hegazkinlarien zuri-beltzezko garaietara eta Fabien eta Riviere bezalako heroiengana. Azken horren filosofia ere deigarria egin zait: zoriona ez ote datorren, askatasunetik baino, egiteko baten onartzetik…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Amaitu dira luzamenduak

Zoragarria iruditu zaizkit gaur Berria egunkariak azalean dakartzan argazki nagusia eta beronen oina. Bertan dantzariak agertzen dira Arbizelai inguruko zubibidearen ondoan, luzatze ariketak egiten, Arrasate-Eskoriatza autobide zatia inauguratu aurretik.

Argazki oinak (“Amaitu dira luzamenduak” izenburuarekin hasten da) modu paregabean lotzen ditu irudia eta ondorengo testua, Arrasate-Gasteiz zatia 2008ko urtarrilaren 1ean irekitzekoa baitzen, orain urte eta erdi, bere garaian Joxe Juan Gonzalez de Txabarri orduko ahaldun nagusiak lau haizeetara agindu zuenez. Orain ordaintzea tokatzen da, luzamenduak ez baitira merkeak izaten.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 3 iruzkin

Donostiatik bueltan, unatuta

Elkarrizketak: Joxe Aranzabal
Asteazkenean oso nekatuta iritsi nintzen Donostiatik. Bertan, jardunaldi batzuetan parte hartu genuen (Etika, humanismoa eta zientziari buruzko elkarrizketak), azken saioa baitzen gurea: “Oinazea kontatu, oinazez kontatu”, hausnarketa bat oinazearen eta gaixotasunaren gainean. Anjel Lertxundi hasi zen, eta nik amaitu nuen.

Anjel Lertxundi idazlearen hitzak plazer handia izan ziren niretzat, beste behin ere, maisuen pare adierazi baitzigun literaturak zelan erakutsi duen oinazea XX. mendean. Ondorengo elkarrizketan ere, oharpen sakonak egin zituen, halakoxea da bera, erreferentzia garbia gutariko askorentzat.

Niri dagokidanez, errepaso arina egin nion neure esperientziari, hogeitaka diapositibaren laguntzarekin. Trankil hasi nintzen, ustez, baina ama zenaren eta alabaren kontuak aipatzerakoan, eten egin zitzaidan jarioa, emozioak indartsu azaleratu zitzaizkidan-eta. Zazpi urte igaro dira bizipen haiek izan nituenetik, baina oraindik ere hortxe daude, azalpean.

Ondoren, galdera nahiko jaso genituen, ganorazkoak denak: heriotzaren presentzia, transzendentzia, mediku eta gaixoen arteko komunikazioa… Jaime Otamendik abilezia handiz eraman zuen tartea, galderak guri ez ezik, publikoari ere egin baitzizkion.

Bukaeran, aukera izan nuen hainbat jenderekin hitz egiteko: Aranzabal bat gure senitartekoa ez dena, mediku bat Mondragoekoa, lagun batzuen lehengusua, beste lagun baten emaztea, Luistxo Fernandez eta Mikel Iturria adiskide blogariak…, eta denek izan zuten zerbait esanguratsua adierazteko.

Pozik irten nintzen handik, baina etxera iristerakoan, indar barik nengoen, unatuta. Antza denez, Donostian bizi izandako emozioek indar barik utzi ninduten. Atzo goizean ere, horrela jaiki nintzen, hustuta, eta eguna aprobetxatu nuen motel-motel ibiltzeko, indarrak berreskuratzen. Nahi baduzue ekitaldiko zenbait argaki ikusi, Flickr-era igo ditut. Ados-Network enpresako jendeak ateratakoak dira.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Oinazea kontatu, oinazez kontatu

Elkarrizketak DonostianGaur arratsaldean hitzordua dut Donostian, bertan parte hartuko baitut elkarrizketa batean Anjel Lertxundirekin —Oinazea kontatu, oinazez kontatu—, Jaime Otamendi moderatzaile dugula.

Gaixotasunaren inguruan egingo dugu berba. Anjel Lertxundik aztertuko du literaturak zelan kontatu duen sufrimendua XX. mendean. Nik, berriz, neure esperientziaren berri emango dut, zelan bizi izan nuen minbizia.

Mahai-ingurua arratsaldeko 19:30ean hasiko da, euskaraz, Gipuzkoako Foru Aldundian, Tronu aretoan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 3 iruzkin

Kantabrian, neba-arrebekin

Erromanikoa bisitatzen
San Isidro eguna beti izaten dugu gogoan, gure auzoko jaiak baitira, Musakola auzokoak, Mondragoen. Egun seinalatu horretan, bost neba-arrebok autoak hartu, eta Kantabriara egin genuen, gure senar-emazteon konpainian, asteburua elkarrekin igaro nahi genuen-eta.

Villacarriedon hartu genuen ostatu, Soñanes jauregian, 1719an eraikitako eraikin barroko eder horretan, eta handik antolatu ditugu, Jabier Larrañaga koinatuaren gidaritzapean, hainbat bisita, Valles Pasiegos parajean zehar.

Asteburu ederra izan da: bapo jan dugu, ederto edan, izadiaz gozatu dugu, eta ezin pozikago itzuli gara etxera, Naia eta Unai ilobek haurtxo bat oparitu digute-eta, gu hantxe ginen bitartean: Ekain. Ezin gehiago eskatu. Asteburuko argazkiak Flickr-en daude ikusteko moduan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Zelan argitaratu zure bloga Kindlen

Amazonek Kindle Publishing
for Blogs
egitasmoa kaleratu berri du. Horren bidez, edozeinek jar
dezake bere bloga irakurgai Kindle irakurgailu digitalean. Horretarako,
hainbat pauso egin behar dira:

  1. Kontu bat egin egitasmo horretan; ez du balio Amazonen kontu bat izateak. Amerikarra ez izanda ere, egin daiteke.
  2. Behin kontu bat eginda Kindle Publishing egitasmoan, bidali behar zaio
    Amazoni ondoko informazioa: blogaren RSS feeda, azalpen bat, pantaila
    argazki bat, eta xehetasun gehiago. Amazonek onartzen badu, zure
    blogaren edukiak prest izango dira Kindlen, baten batek nahi badu
    euretara harpidetu.
  3. Diruak. Amazonek erabakiko du, ez zuk, zenbat
    kobratu zure blogaren harpidetzagatik: blog gehienengatik 0,99 edo 1,99
    dolar kobratuko du hileko, eta irabazien %70 beretzat izango dira.
    Alegia, Amazonek kobratzen badu 0,99 dolar zure blogaren
    harpidetzagatik, eta lortzen badituzu 1.000 harpidedun,hilean irabaziko
    dituzu 297 dolar. Gainerakoa Amazonen sakelara joango da. Bestalde,
    Amazonek ez du asmorik blogak doan jartzeko irakurgai.

Ez da
marabilla bat, Kindlen blogaren edukiak zuri-beltzean ikusiko dira,
bideoak-eta ezin izango dira ikusi, Kindle oraindik ez dago salgai
Europan… Hala ere, beste kanal bat da zure edukiak urbi et orbi
zabaltzeko. Interesatzen bazaizu, irakurri artikulu hau.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Gau luzea

Uste nuen ez nuela agoantatuko partida osoa, atzo iluntzean Athleticek
eta Barçak Valentzian jokatutakoa, gaur betiko moduan jaiki behar
nintzelako, baina iltzatuta egon nintzen telebistaren aurrean,
ordenagailua altzoan nuela.

Ondo hasi zen Athletic, presionatzen eta gola goiz eginda, baina
poliki-poliki, Barçako jokalariak nagusitu ziren, ia erabat jabe egin
arte. Hala ere, Athletic zaleak pozik egon daitezke, inoizko Barçarik
onenaren kontra galdu baitzuten.

Sustatuk eta Berriak antolatutako foroa, oso bizia ikusi nuen,
interesgarria. Eta Elorrion bizi izan zen giroa, gogoangarria: herri
oso bat zutik, Athletici arnasa eman guran. Esango nuke Euskal Herria
ere halaxe egon zela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Jendeak nahi duena esango du

Liburua esku artean nuela, begiratzen hasi nintzen barruko orrialdeetan, eta kontakizun labur baten hasierak eman zidan atentzioa: “Jendeak nahi duena esango du, baina nik ez dut sinesten Mathilde Samodeski andrea bihotzekoak jota hil denik.” Hasiera zoragarria iruditu zitzaidan. Beste ipuinen hasierak irakurri nituen, eta oso onak haiek ere. Liburua erosita irten nintzen liburu dendatik.

Hildakoek ez dute hitz egiten. Horra atzo erositako liburuaren izenburua, Arthur Schnitzler idazle austriarrarena. Dagoeneko bi ipuin irakurri ditut, 11 ditu guztira, zein baino zein ederragoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Elhuyar aldizkari berritua, bikaina

Atzo esku artean izan nuen Elhuyar aldizkariaren azken alea, erabat birdiseinatua. Egia esan, oso itxura ona hartu nion diseinu berriari: argia eta dotorea iruditu zitzaidan.

Tipografia dotorea du, irakurterraza, espazio zuri ederrak ditu, ondo jokatzen du argazkiekin, eta informazioa, oro har, ondo antolatua du. Azalean bertan, Elhuyar izena bera ondo irakur daiteke, burua alde batera bihurritu beharrik barik. Emaitza bikaina iruditu zitzaidan.

Zientzia.net sareko aldizkariak ere eskertuko luke birdiseinu bat, batez ere irakurterraztasunari dagokionez. Orain badu nora begiratu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin