Community Manager, lanbide berria

Hedabide sozialak izugarri
hazten ari dira Interneten, eta horien abaroan sortzen ari dira ogibide
berriak, tartean Community Manager delakoa (CM), alegia, komunitate
kudeatzailea. Twitter-en izan nuen horren berri, eta di-da irakurri
nuen La función del Community Manager izeneko PDFa, iruditu
zitzaidan-eta zerikusi handia izan zezakeela nire lanarekin. Oso
argigarria iruditu zitzaidan. Hona hemen presazko laburpen bat,
interesatzen baldin bazaizue.

Komunitate kudeatzailea
Zer da
baina, CM edo komunitate kudeatzailea enpresa batean? Testuak hainbat
definizio ematen ditu, beti ere Interneten sortutako erreminta
sozialekin lotuta, baina bereziki gustatu zait Connie Benson-ek ematen
duena: “Komunitate kudeatzailea izan behar da enpresaren ahotsa
enpresatik kanpo, eta bezeroaren ahotsa enpresa barruan”. Palmira Ríos
Genetsis enpresakoaren hitzetan, “komunitate kudeatzailea arduratuko da
komunitateak eraikitzen, hazten, kudeatzen eta dinamizatzen ‘marka’ edo
‘kausa’ baten inguruan. Lotura da marka edo kausa eta erabiltzailearen
artean”. Jeneralean Komunikazio edo Marketin departamenduetan kokatzen
da komunitate kudeatzailea.

Egitekoak
Bost puntutan laburbil daitezke komunitate kudeatzailearen egitekoak:

  1. Entzun. Etengabe arakatu behar du sarea, jakiteko zer esaten den gure enpresaz, gure lehiakideez eta gure merkatuaz.
  2. Hedatu
    informazio hori barruan.
    Entzundakotik gauza izan behar da
    informaziorik inportanteena jaso eta enpresa edo erakundearen barruan
    zabaltzeko.
  3. Azaldu komunitateari enpresaren jarrera. Komunitate
    kudeatzailea enpresaren ahotsa da komunitatearen aurrean. Erantzun eta
    hitz egiten du enpresa agertzen den sare sozial guztietan. Halaber,
    artikuluak idazten ditu enpresaren blogean edo gainerako hedabide
    sozialetan.
  4. Liderrak bilatu, barruan zein kanpoan. Enpresa
    guztietan izaten dira liderrak. Komunitate kudeatzailea gai izan behar
    da horiek antzeman eta biltzeko.
  5. Bilatu elkarlanerako bideak komunitatea eta enpresaren artean.

Lanbidearen ezaugarriak
Oraingoz, inon ez da irakasten lanbide horretarako, baina badira zenbait ezaugarri egoki:

  • Gaitasun teknikoak
    • Enpresaren esparrua. Jakin behar du enpresa zertan dabilen.
    • Marketin, publizitate eta erakundeen komunikazioa.
    • Idazkuntza. Ondo idatzi behar du, gustura.
    • “Geek” ukitua. Gustatu behar zaizkio teknologia berriak, Internet eta Web 2.0.
    • Sormena. Sortzaileek aukera handiagoak dituzte jendearen arreta harrapatzeko.
    • Eskarmentua on line komunikazioan. Jakin egin behar zeintzuk diren kanalik egokienak.
    • 2.0 kultura. Barneratu behar ditu 2.0 kulturaren balioak
  • Gaitasun sozialak
    • Hizlari ona. Komunikatzaile ona izan behar da. Jakin behar du entzuten eta erantzuten.
    • Erabakigarria. Bizkor eta egoki erantzuten du.
    • Sustatzailea. Parte hartzea bilatzen du.
    • Enpatikoa. Badaki bestearen lekuan jartzen.
    • Nortasunekoa. Nortasuna du, eta badaki bere iritziak azaltzen.
    • Ulerbera. Baloratu egiten du komunitateko kideen lana.
    • Talde zalea. Badaki taldea koordinatzen, lana partekatzen…
    • Buruzagia. Lideratu egiten du, parte hartzean oinarrituta.
    • Moderatzailea. Saiatzen da giro onari eusten.
    • Piztailea. Pizgarriak planteatzen ditu.
  • Jarrera
    • Baliagarria. Lankide ona da, eta gustatzen zaio besteei laguntzea.
    • Irekia. Ulertu eta estimatzen du aniztasuna. Ez da kategorikoa.
    • Iritsi-erraza. Hurbila tratuan.
    • Beti edo sarri konektatuta. Sarea etxe du.
    • Konektorea. Harremanetan jartzen ditu komunitateko kideak.
    • Berrizalea. Gustuko du azken joerak harrapatzea.
    • Ebanjelaria. Pasioz bizi ditu marka, enpresa eta bizitza.
    • Komunitatearen defendatzailea. Bezeroak eta erabiltzaileak defendatzen ditu.
    • Gardena. Bai arauetan eta baita erabiltzaileekiko berdintasunean.

Berriro diot. Ahal baduzue, jaitsi, inprimatu eta irakurri La función del Community Manager lan hau. Merezi du.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Japandroids, sua dariola

Japandroids
Egun hauetan David Prowse eta Brian King,
Japandroids
taldeko kideak, Britainia Handian dabiltza, han eta hemen
jotzen: atzo Belfasten, gaur Glasgown, bihar Edinburgon, etzidamu
Manchesterren eta hurrengoan Leeds-en. Hortik aurrera, jauzi egingo
dute berriro Ipar Ameriketara.

Japandroids taldea puri-purian dago. Uda
honetan itzuli handia egin du Ipar Ameriketan zehar, eta sekulako
arrakasta izan du, hainbeste ze agertu da musika alorreko aldizkari
eta webgunerik esanguratsuenetan, eta gehienetan oso kritika onak jaso
ditu.

Euretariko bat ezagutzen dut, David Prowse bateria
jolea, txikitan neuk zaindu bainuen Vancouverren, berak hilabeteak
zituela. Uda honetan bere gurasoen etxean izan gara, eta, azken
egunean, baita berarekin ere. Bideo honetan ikus dezakezue zelako
musika mota egiten duen taldeak: bortitza bezain zuzena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

Caín

José Saramago idazlearen azken liburua irakurri berri dut, Caín. Bere azkena da, baina nik berari irakurri diodan lehena. Eta gustatu zait. Kainen begiak erabiltzen ditu Saramagok —Jaungoiko Ahalguztidunak kondenatu eta bazterturiko gizonaren begiak—, Jaungoikoaren beraren beste ikuspegi bat emateko: pertsonaia krudel, apetatsu eta hiltzaile erabatekoa.

Ondorio horietara iristeko Saramagok berrirakurri egin ditu Itun Zaharreko zenbait pasarte esanguratsu (Abelen hilketa, Abraham eta Isaaken artekoa, Sodoma eta Gomorra, Jerikoren konkista eta Noeren ontzia, besteak beste), baina zentzu komuna erabilita, ez fedea, eta ikuspegi laikoa, umorearekin nahasita.

Liburu hau dela-eta, Eliza Katolikoak aleluia beltza jo du, eta Portugalgo diputatu batek eskatu dio bere gobernuari kentzeko Saramagori Portugalgo naziotasuna. Hala ere, irakurtzeko gomendatuko nizueke, ondo pasatuko duzue-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Mondragonek kooperatibak sortuko ditu AEBetan

Orain pare bat aste gertatu zen, baina gurean ez dut inon ikusi. Kontua da orain pare bat aste United
Steel Workers
(USW) altzairuzko langileen sindikatuak eta Mondragon
International S.A.
k hitzarmena sinatu zutela, Mondragon taldeak
kooperatibak sor ditzan bai AEBetan eta baita Kanadan ere. USW
sindikatuak jakinarazi du alde biek kooperatibak sortuko dituztela
manufaktura-industrian, eta horietan aplikatuko dela Mondragon taldeko
kooperatiben printzipio nagusia: “langile bat, boto bat”.

Argi
dago oraingoan krisi ekonomikoak gogor jo duela Ipar Ameriketan, eta
bertako sindikatuak prest daudela bestelako formulak probatzeko.
Interesgarria izango da ikustea Euskal Herriko kooperatiben
esperientzia zelan zabaltzen den kapitalismoaren bihotzean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Espazioko igogailua probatzen

Espazioko igogailua
Beti erakarri nau espazioko igogailuak, Arthur C. Clarke idazleak ezagun egindako ideia. Orain baino lehenago ere idatzi izan dut berari buruz. Sei urte igarota, hemen nago berriro ere, gai berari bueltaka, aprobetxatuta NASAk joan den astean antolatutako lehiaketa, The Space Elevator Games, norgehiagoka bat bilatzeko teknologiarik egokienak espazioko igogailua egite aldera. Sari nagusia irabazi nahi duenak igo beharko du kilometro bateko kable bat 5 metro segundoko lastertasunez.

Zer da baina, espazioko igogailua? Kable bat, lur azaletik gora abiatuko litzatekeena, ekuadorretik ahal dela, eta orbita egonkorrean jarritakoan lotuko litzatekeena bai espazioko hotel bati edo propio hantxe kokatutako asteroide bati, 35.000 bat kilometrora. Orbita egonkorrean egonda, lotuneak birak emango lituzke Lurrarekin batera, beraz, beti egongo litzateke puntu berean. Transbordadore elektromagnetiko bat arduratuko litzateke jendea eta kargak garraiatzen kablean gora eta behera. Goiko argazkian, Pat Rawling artistaren bertsioa ikus daiteke.

Inoiz eraikitzen bada horrelako igogailurik, eta seguru nago eraikiko dela, espazioko garraioa erabat aldatuko da. Ea zenbat urte behar diren horretarako.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Faroak eta biok urteak egin ditugu gaur

Nire urtebetetze eguna zen, 2004an, eta erabaki nuen urte hartako oparia izango zela blog bat. Blogger plataforman sartu, eta bat egin nuen, Faroa, behin-behineko izenarekin, probak egiten nituen bitartean. Askotan bezala, behin-behineko izena behin betiko egin zen.

Hilabete batzuk geroago, berriz, plataformaz aldatu nuen bloga, eta baita itxuraz ere, Goiena.net-era etortzerakoan Maite Rementeriak blog eder hau diseinatu baitzidan opari.

Gaur, hortaz, blogak eta biok egiten ditugu urteak: Faroak 5 urte, eta nik 57. Seguru izan ondo pasatuko dugula!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | 10 iruzkin

Sarelari eta sarezale

Eskola batean irakasleak 17 urteko mutil
bat harrapatu du mezuak bidaltzen eskuko telefonotik. Zuzendariarengana
bidali du.
Honek diotso irakasleari jartzeko arreta, ez segapotoari.
Baietz buruaz ikasleak, baina zuzendaria konturatu da ikaslearen
atzamarrak jo eta ke ari direla telefonoan. Zuzendariaren errieta
entzun bitartean ere, ikaslea mezuak bidaltzen.

Horrelakoak dira
gaur egungo gazteak, asko bai behintzat. Ikasi dute gauza bat baino
gehiago egiten, eta praktikan jartzen dute, ia ohartu barik ere.
Hiperkonektatuta daude, baina hori naturala da eurentzat. Gu, berriz,
amorratzen jartzen gara, irakasleok barne.

Guk orduak egin
ditzakegun bitartean telefonoz hitz egiten, gazteak gai dira di-da
esaldi laburretan komunikatzeko. Guk hierarkiaren kanalak darabiltzagun
bitartean, lantokian dibidez, gazteek zuzenean jotzen dute arduradun
nagusiagana, behar izanez gero, mezu bat bidalita.

Begitantzen
zait irakasleok ahalegin berezia egin behar dugula ulertzeko gazteek
zelan komunikatzen duten elkar eta integratzeko haien abilidadeak
eskola orduetan ere. Zuei zer iruditzen zaizue?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 7 iruzkin

Iraultza isila Uruguain

Rosa Monterok kontatzen duenez —gutxitan irakurri izan diot teknologia kontuez hitz egiten—, 2006a ezkero Uruguain iraultza isila gertatzen ari da, bertako agintariek erabaki zutenetik ordenagailu bana emango ziotela herrialdeko ikasle guztiei, Ceibal planaren bidez. Horrela amaitzen du idazleak artikulua:

  • Ez dut uste oraintxe bertan har daitekeenik neurri erabilgarriagorik kultura eta garapena sustatzeko munduan, baztertze sozialarekin amaitzeko, etorkizuna sortzeko. Gaur egun benetako iraultzak horrela egiten dira.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 3 iruzkin

Irati eta Ekain

Elkar ezagutzen
Hemen dituzue gure familiako kiderik gazteenak: Irati eta Ekain. Igandean ezagutu zuten elkar, eta ondo moldatu ziren. Berauek gu zahartzeaz batera agertzen ari zaizkigu, oharkabean ia. Ongi etorri bioi!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Ramon anaiaren estudioan

Ramonen azkena
Atzo egun polita igaro genuen Bergaran. Ramon anaiak bere estudio berria erakutsi zigun, leku ikusgarria, artistaren sancta sanctoruma. Jo eta ke ari da Ramon margotzen, egunean sei bat ordu, eta pozik ikusten da, ideiak bor-bor eta sekula baino ekintzaileago.

Estudiotik Zuloa elkartera joan ginen —bide batez, zein polita ikusi nuen atzo Bergara!—, eta han Liernik eta Ramonek prestatua ziguten menu berezia, ama Paulak neguko igandeetan ipintzen zigun berdina: oilasko zopa, barbantzuak azarekin eta sagar erreak.

Etxerako bidea euripean egin genuen, Bergara utzi eta euria goian behean hasi baitzen, baina gustura itzuli ginen, familia ezin hobeto ikusi baikenuen, batez ere txikiak. Argazkiak ikusi nahi izanez gero, Flickr-en dituzue ikusgai.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina