Ramon anaiaren estudioan

Ramonen azkena
Atzo egun polita igaro genuen Bergaran. Ramon anaiak bere estudio berria erakutsi zigun, leku ikusgarria, artistaren sancta sanctoruma. Jo eta ke ari da Ramon margotzen, egunean sei bat ordu, eta pozik ikusten da, ideiak bor-bor eta sekula baino ekintzaileago.

Estudiotik Zuloa elkartera joan ginen —bide batez, zein polita ikusi nuen atzo Bergara!—, eta han Liernik eta Ramonek prestatua ziguten menu berezia, ama Paulak neguko igandeetan ipintzen zigun berdina: oilasko zopa, barbantzuak azarekin eta sagar erreak.

Etxerako bidea euripean egin genuen, Bergara utzi eta euria goian behean hasi baitzen, baina gustura itzuli ginen, familia ezin hobeto ikusi baikenuen, batez ere txikiak. Argazkiak ikusi nahi izanez gero, Flickr-en dituzue ikusgai.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Elorrio, Open Street Map proiektuan

Luistxo Fernandez & Mikel Lizarralde errebonbiloarekin
Atzo goizean Elorrion izan genituen Luistxo Fernandez eta Mikel Lizarralde, berauek buru-belarri baitabiltza Open Street Map proiektuan lanean, poliki-poliki irudikatu nahi dituzte-eta Euskal Herriko herriak mapa horretan. Trepeta gutxi baina onak ekarri zituzten: ordenagailu bana eta bi telefono, Android sistema eragilekoak, GPS eta guzti.

Kafe bat hartuta, bi taldetan abiatu ginen oinez herrian barrena: Luistxok egin zuen errepideaz bestaldekoa (industrialdea eta San Jose inguruak, gasolindegiraino); Mikelek eta biok, berriz, erdigune ingurukoa. Ondoren, autoa hartu eta inguruko bideetan aritu ginen, GPSa piztuta, Gazeta barne.

Lanaren lehen zatia amaituta, Pinto tabernan geratu, eta txikito bana eta urdaiazpikoa eskatu genituen, etxeko espezialitatea. Amaitzeko, jasotako datuak, ordenagailuan sartu genituen. Horrekin batera, sortu zidaten kontu bat Open Street Mapen, eta erakutsi zidaten zelan egin jasotako datuak mapan sartzeko. Informazio lartxo niretzat, ganoraz barneratzeko. Hala ere, nire bataioa izan zen geolokalizazioan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Kooperatibak, besteek ikusita

Krisi garaiak bultzatuta, seguruenik, mundua gero eta arreta handiagorekin ari da begiratzen Euskal Herriko kooperatiba mugimenduari. Oraindik orain liburu bat irten da AEBetan, The End of Money and the Future of Civilization, Thomas Grecok idatzia, eta bertan Mondragon taldeko kooperatibak aipatzen dira:

  • Mondragon sistema da historia modernoan seguruenik dagoen gizarte ekonomia kooperatiborik arrakastatsu eta aurrerakoienaren gurpegia.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Google Maps Navigation

Gaur bertan aurkeztu da Google Maps
Navigation,
GPS sistema bat ahotsaren aginduei erantzuten diena eta
Android sistema eragilean ibiliko dena. Google Maps Navigation
aplikazioak eskaintzen ditu Tom Tom edo geolokalizazioa eskaintzen
duten beste enpresa batzuen zerbitzu berdintsuak, baina erabat doan.
Kontuan hartuta Tom Tom AEBetan, adibidez, 900 dolar ere kosta
daitekeela, ez da harritzekoa enpresa horren akzioak %17 jaitsi izana
burtsan, Googlek bere aplikazioa iragarri bezain laster.

Oraingoz,
Android sistema eragilean erabiliko da Google Maps Navigation
–Motorola enpresaren Droid telefono adimendunak izango du primizia–,
baina dagoeneko iragarri dute laster erabili ahal izango dela beste
telefono adimendunetan ere.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Chicago News kooperatiba

Azarotik aurrera, kazetariz osaturiko kooperatiba bat arduratuko da New York Times egunkariaren edukiez Txikagoko edizioan. Kooperatibaren izena da Chicago News Cooperative, eta berorretan parte hartzen dute Chicago Tribune egunkariko zenbait editore ohik. Astean birritan, kooperatiba sortu berriak bi orrialde beteko ditu NYT egunkariaren Txikagoko edizioan.

AEBetan prentsak bizi duen gainbehera ikusita, aipatu kazetariek hobetsi dute kooperatiba bat sortzea krisiari aurre egiteko. NYT egunkaria izango da kooperatibaren lehen bezeroa, baina 2010ean Chicago Scoop izeneko webgune bat sortuko dute, non informazioa landuko baitute Txikagoko inguruari buruz. Horrezaz gain, tratutan ari dira hainbat telebista eta hedabiderekin, denei kalitatezko edukiak saltzeko asmoz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Telefonoa ez da hitz egiteko bakarrik

Eskuko telefonoak agertu zirenetik, eta batez ere telefono adimendunak, hitz egin ez ezik, telefonoan gauza asko egin daiteke: mezuak bidali eta jaso, posta elektronikoa kudeatu, twitteatu, mapak kontsultatu, GPSa erabili, musika entzun, argazkiak atera, bideoak grabatu, egutegia kudeatu, egunkaria irakurri, Interneten nabigatu, etab., etab.

HTCk iragarki bat egin berri du, You, eta hor erakusten digu, oso modu bizian, zelan erabiltzen dugun gaur egun telefonoa. Gustatu zait iragarkia. Hala ere, harrigarria egin zait zelan plazaratu duen bideoa justu Yahook izen bereko beste bat kaleratu duenean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Agur del.icio.us, baina ez betiko

Diigo aurkitu dut, sareko aplikazio bat nire gogoko irakurketak bertan gorde, etiketatu eta partekatzeko; del.icio.us moduko bat, baina osoagoa. Zer du, bada, Diigok del.icio.us-ek ez duena?

  • Aukera ematen du gorde beharreko testu zatiak koloreztatzeko.
  • Posible egiten du oharrak egiteko gordetako dokumentuari, post it moduan.
  • Bai koloreztatutako testu zatiak eta oharrak partekatu egin daitezke lagunekin, kasu honetan bezala.
  • Irakurgaia ez ezik, gorde nahi den orriaren pantaila-irudi bat ere gorde dezake Diigok. Horri esker, jatorrizko web orria desagertzen bada, haren irudia gordeta geratuko da.
  • Nahi izatera, aukera ematen du bertan gordetako irakurgai guztiak aldi berean del.icio.us-en gordetzeko, era automatikoan.

Orain dela gutxi aurkitu dut Diigo, eta dagoeneko sortu dut kontu bat bertan, probatu nahi dut-eta zelan dabilen. Uste baino errazago, gainera, inportatu egin ditut bertara del.icio.us-en nituen irakurgai guztiak.

Hala ere, ez dut asmorik, oraingoz behintzat, del.icio.us alde batera uzteko, bertan daukat-eta beste kontu bat, Huheziko, non partekatzen baitut irakurgai asko, 800etik gora, nire departamenduko lankideekin. Larunbata ezkero, Diigon gordetzen ditudan irakurgaiak automatikoki gordetzen dira Huheziko kontuan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

EITB, eztabaidagai

Atzo Berria egunkarian irakurri genuen ETBko albistegiek NO-DOaren bertsio berritua diruditela. Gaur, berriz, El Correok diosku gutxi batzuk ari direla sua piztu guran EITBn, ez baitute onartzen zuzendaritza berria. ¿Qué será, será…?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Iruzkin 1

Iparraldeko auzapez euskaldunak

Etxera iritsi, eta telebistaren aurrean jarri naiz mokadu bat egin bitartean —ogia eta txokolatea, txikitan bezala. Telebegian, Iparraldearen orena. Kale agerraldia Lastertasun Handiko Trenaren aurka. Alkate piloa, zerrenda banarekin enborrean, Frantziako koloreekin.

Halako batean, alkateak hitz egiten hasi dira telebistarako, eta denak euskara ederrean. Ni, harri eta zur, ez bainago ohituta bi elementu horiek batera ikusten: euskara eta bandera frantsesa. Han, berriz, badirudi nik uste baino ohikoagoa dela, denak ere eroso asko agertzen dira-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Twitter, zaborrontzia?

Horixe esaten entzun nion aurreko batean
irakasle bati, Twitter-en zaborra besterik ez dagoela. Jakintzari buruz
ari ginen hitz egiten, berau zelan kudeatu sarean, eta orduan jaulki
zituen hitzok. Erantzun nuenean nik, berriz, gero eta gauza
interesgarriagoak aurkitzen ditudala Twitter-en, irakasleak aldatu egin
zuen bere diskurtsoaren tonua: “beharbada bizkorregi hitz egin dut,
zeren, egia esan, nik ez baitut erabiltzen Twitter…”.

Orduan
esan nuen, eta orain berriro esango dut: zarata askoren artean –hori
bai–, gero eta mezu interesgarriagoak aurkitzen ditut Twitter-en. Hiru
adibide:

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin